66. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

55E/2019 EBAZPENA, otsailaren 21ekoa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Corellako udal mugartean, 10. poligonoko 374. lurzatian, putzu-idoi bat irekitzeko proiekturako. Sustatzailea Fermín Gambarte Muruzábal da.

2019ko otsailaren 5ean, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko k) epigrafean dago sartuta, hots, “Nekazaritzarako ur baliabideak kudeatzeko proiektuak eta ureztalurrak ezarri, finkatu eta hobetzeko proiektuak, 3.B eranskinean azaltzen ez direnak, edo 3.A eranskinean agertzen direnak, baldin eta, ezarritako hautapen irizpideak aplikatuz, ez bazaie aplikatzen ingurumen eraginaren adierazpenaren tramitea” (93/2006 Foru Dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen).

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela. Horri dagokionez, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak 2019ko otsailaren 8an jakinarazi duenez, jarduerak ez du lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimenik behar, aipatu Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 110.2 f) artikuluan baimendutakoen artean dagoelako.

Hasiera batean sustatzaileak informazio teknikorik gabeko eskabide bat aurkeztu zuenez, Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak 2019ko otsailaren 6an dokumentazio errekerimendu bat egin zuen, jarraian datozen gaiei buruzkoa: 1) putzu-idoi proiektuaren definizioa: idoiaren planta eta profila, lurzatiaren mugekiko distantzia, idoiaren ezpondak zehaztuko dituen profila eta ureztatze hodiaren trazatua; 2) hondeatu beharreko lurren balantzea eta haien helmuga; 3) ukitutako larre eta zuhaixka azalerak zehaztea eta antzeko azalera baten konpentsazio proposamen posible bat aurkeztea; eta 4) Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena, ur kontzesioei buruz, eta Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren baimena, aztarnategi arkeologikoei eragin ahal zaizkien kalteei buruz, sustatzaileak halakorik balu.

2019ko otsailaren 8an, sustatzaileak errekerimenduari erantzun zion, baina ez zen argi geratu zein zen lur soberakinentzat proposatutako kokalekua (memorian “150 bat metrora” lekualdatzea proposatzen zuen); ur kontzesioari dagokionez, sustatzaileak Konfederazio Hidrografikoari egindako eskaera aurkeztu zuen, baina ez baimena.

Proiektuan jasotako jarduketaren xedea da 9,32 ha-ko azalerako olibondo sail batean tantako ureztapena ezartzea. Sail hori Corellako udal mugartean dago, El Cerrillar parajean, eta 10. poligonoko 375., 376. eta 377. lurzatiak hartzen ditu. Hartara, 10. poligonoko 374. lurzatian putzu eta idoi bat egitea aurreikusita dago (ureztatu behar diren lurzatien mugan). 35 metroko luzera, 15 metroko zabalera, 4 bat metroko sakonera eta 2.100 m³-ko hondeaketa bolumena izanen ditu, aurkeztutako memoriaren arabera. Ura ponpatzeko ekipamendua motoponpa bat da, 5 CV-ko potentzia duena 3 l/segundoko emarirako, gutxi gorabehera. Buztin substratuak estankotasun baldintza onak ematen dizkio hodiari, eta aurkeztutako memoriaren arabera, ez da bestelako iragazgaizte lanik behar.

Espedientean jaso da Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atalak 2018ko abenduaren 14an proiektuari buruz emandako txostena.

Horrez gain, Corellako Udalaren aldeko txostena ere jaso da, hirigintza bateragarritasunari buruz.

Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak 2019ko otsailaren 13an jakinarazi zuen aipatutako lurzati horiek muga egiten dutela mendebaldean Tarraco, Cesaraugusta eta Astúrica Augusta hiriak konektatzen zituen galtzada erromatarrarekin, eta kategoria goreneko ondare babesa duela (1. mailakoa). Horrenbestez, lurren mugimenduak dauden fasean jarraipen arkeologikoa egin beharko da (arkeologiako teknikariek egon beharko dute obran bertan). Gainera, aztarna arkeologikoak agertuz gero aplikatu beharreko neurriak ere zehazten ditu txostenak.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak proiektuaren aldeko txostena egin zuen 2019ko otsailaren 15ean, ebazpen honetan biltzen diren ingurumen arloko baldintzak ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz, honako hau

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea 9,32 ha-ko putzu-idoi baten proiekturako, Corellako udal mugarteko 10. poligonoko 374. lurzatian. Sustatzailea Fermín Gambarte Muruzábal da.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren 2019ko otsailaren 13ko txostena erabat bete beharko da (erantsita doa). Bereziki, beharrezkoa da obran bertan arkeologiako teknikariak egotea, lurren mugimenduak daudenean.

–Aurkeztutako memorian adierazita dagoen bezalaxe, idoiaren ezpondak buztinez eginda egonen dira, plastikoekin iragazgaiztu gabe. Gutxienez ezponda horietako batek 2Horizontala:1Bertikala malda izanen du; hau da, 22,5º-koa, ustekabean erortzen ahal den fauna basatia bertatik ateratzea ahalbidetzeko.

–Tantakako ureztatze baimena Corellako 10. poligonoko 375., 376. eta 377. lurzatiei dagokie (El Cerrilar parajea). Lurzati horien hegoaldean Corellako 10. poligonoko 373. lurzatia dago. Corellako Udalaren herri-lurra denez gero, ureztatzea ingurumen eraginen baimen honetatik kanpo geratzen da.

–Hondeaketa lanak edo betelanak egin aurretik, landare lurraren goiko aldea kendu beharko da (gutxienez 30 cm) –kontrakoa dioen irizpide arkeologikorik ez badago–, ondoren berriz integratzeko, goiko alde gisa, aldatutako azalera horietan (idoiko hodian izan ezik), horrela berriz ere guztiz landareztatu eta paisaian integratuko dela bermatzeko. Zehazki, idoiaren kanpoko ezpondetan landare lurra lehengoratuko da.

–Idoiaren hondeaketan soberan geratzen diren lurretarako (buztinak) kokapena honako hau izaten ahal da:

a) hondakindegi edo deuseztatze zentro baimendu bat edo obra edo lehengoratze proiektu baimendu bat; besteak beste, inguruan dauden legar hobi komertzialak.

b) tantakako ureztatzerako baimena duten sustatzailearen laborantzarako lurzatiak (Corellako 10. poligonoko 375., 376. eta 377. lurzatiak). Kasu horretan, gehienez ere metro 1eko lodierako geruzan hedatu beharko dira (aldez aurretik lurzoru emankorra kendu beharko da hedatu ondoren, gainean berriz jartzeko, aipatu bezala).

Lur soberakinek ezin izanen dute inola ere larreetako, gatz lautadetako edo lezkadietako landaredia ukitu.

–Lur soberakinak kudeatuko dituen enpresak Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak hondakin ez-arriskutsuen eta hondeaketako material naturalen kudeatzaile baimena izan beharko du. Bestalde, lurrak lekualdatu baino lehen jakinarazi beharko dio Hondakinen Atalari obratik baimendutako xede helmugara eginen dituen lekualdaketak, zerbitzu horrek ezarritako gidalerroen arabera.

–Obra hasi baino lehen, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena eduki beharko da, uraren kontzesioari buruzkoa.

–Azkenik, lanak bukatu eta gero, Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalari obrak hondarrean nola gelditu diren erakusten duten argazkiak aurkeztu beharko zaizkio, bereziki honako hauek: ezponden maila, lurren depositua, bidearen egoera hodia gurutzatu ostean eta Corellako 10. poligonoko 373. lurzatiaren egoera (Corellako Udalaren herri-lurra),

3. Putzu-idoia eta ureztatze sarea egiteko proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 1.000 euroko fidantza jartzea, jarduera baimenduak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek izanen ditu, orobat, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak (lurzoru urbanizaezinean jarduerak gauzatzeko baimena eskuratzeko prozedurari dagokionez); aipatutako arau horrek onetsi zuen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari, Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atalari, Basozaintzari (12. barrutia-Tutera), Corellako Udalari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko otsailaren 21ean.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1902651