66. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

54E/2019 EBAZPENA, otsailaren 21ekoa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Burgiko ur beltzen saneamendurako kolektorearen luzapenaren proiekturako, Burgiko udal mugartean. Sustatzailea NASUVINSA da.

2018ko urriaren 15ean, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean dago sartua (Uraren goi hornidurarako eta saneamendurako hodiak, lurzoru urbanizaezinean paratzen direnean eta dekretu horren beste eranskin batean bilduta ez daudenean). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Honako hau aurreikusten du proiektatutako jarduketaren bidez luzatu nahi da saneamendurako kolektore-bulkatzailea, industrialdetik datorrena, zeharbidetik Burgiko araztegiraino luzatu ere. Duela gutxi egin da kolektore hori, herriko zeharbideko obrak aprobetxatuta, eta gaur egun herriko ur beltzen kolektore-hustubidearen putzuarekin lotuta dago, harrizko zubitik gertu. Poligonoko saneamenduaren eta herriko kolektorearen arteko nahasketak usainak eragin ditu herriko hegoaldean. Proiektu honen bitartez, arazo hori konpondu nahi da, hartara industrialdearen isuriak zuzenean araztegira eramanez. Polietilenozko hodi berri bat instalatuko da, 310 metroko luzera eta 140 mm-ko diametro izendatua izanen duena, kolektore orokorraren putzutik ibaiaz bestaldean dagoen araztegira, eta bertan urak husteko kutxatila bat jarriko da. Kolektore berria egun dagoen kolektorearekiko paraleloan paratuko da, ibaiari goiti, 3 edo 4 metrora. Lehenik, eraikinei atxikita dauden baratze txikien eremu bat gurutzatuko du, eta, ondoren Eska ibaia, hondotik 1,5 m-ra. Instalaziorako, ibilgua desbideratzeko aldi baterako elementu partzialak erabiliko dira, eta, azkenik, belardi batetik iritsiko da araztegira.

Eska ibaiko eta bere ibaiertzetako tartea Natura 2000 Sarean dago, eta, gainera, ES2200027 “Eska eta Biniés ibaiak” Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu zuen uztailaren 2ko 56/2014 Foru Dekretuak (“Eska eta Biniés ibaiak” izeneko Batasuneko Garrantzizko Lekua Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu zuena eta haren kudeaketa plana onartu zuena). Naturaguneko planak honako hauek aipatzen ditu, besteak beste, KBEko gako elementu gisa: ibaietako habitatak, loina txikia, igaraba eta desman iberiarra. Baliteke horiek guztiek obren ukipenak jasatea.

Kudeaketa planaren araudiak honako hau ezartzen du 2.3. puntuan: “Ibilguaren alterazio morfologikoa dakarten jarduketak ez dira onartuko, salbu eta tartean giza osasunari, segurtasun publikoari edo natur balioen kontserbazioari lotutako arrazoiak badaude”. Jarduketa hau salbuespenen barruan dagoela kontsideratzen ahal da, eta, gainera, proiektuak lursailaren jatorrizko morfologia eta ibilgua lehengoratzea planteatzen du obrak gauzatu eta gero. Egun dagoen ubidea estali gabe geratu da partzialki, eta horrek ibaiaren dinamika aldatzea eta eskuineko ibaiertzean gora doazen higadura arazoak eragin ditu. Gauzak horrela, arazoa hodi berriaren obrak aprobetxatuta konpontzeko aukera aztertu beharko litzateke.

Eskaren ibaiertzetan Batasunaren interesekoa den 3240 zenbakidun habitata dago “Zume hostoestuzko (Salix eleagnos) landaredi zurkara duten ibai alpetarrak”. Horren harira, ukitutako ibilguaren ertzetan eta legar hobietan Salix eleagnos espeziea (angustifolia azpiespeziekoa) eta Salix purpurea espeziea (lambertiana espeziekoa) aurkitzen ahal dira habitataren espezie adierazgarritzat.

Obrak aldi beterako desbideratze elementuekin egitea dago aurreikusita. Ibilguko materialaz eginak egonen dira eta ibilguaren zati batean ibaia konektatzea ahalbidetuko dute. Proiektuaren ingurumen ukipenei buruzko azterketan proposatutako babes neurriek ibaiertzeko landaredia ahal beste errespetatzea planteatzen dute (zentzu horretan, ibilguaren legar hobietan dauden zuhaixka formako sahatsen oinak ukitzea saihestu beharko da), baita isurpenak saihestea, makineria ibilgutik ahalik eta gutxien ibiltzea, obrak agorraldi garaian (ekainetik azarora) egitea salmonidoen eta beste espezie batzuen errute eta ugalketa aldian eraginik ez izateko, eta ingurumena bere jatorrizko egoerara lehengoratzeko neurriak aplikatzea ere.

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak 2018ko otsailaren 7an egindako txostena jaso da espedientean. Txostena jarduketaren aldekoa da, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onetsi zuen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak 117. artikuluan ezarritako ondorioetarako, baina baimentzeko zenbait baldintza xedatzen ditu.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak proiektuaren aldeko txostena egin du, proiektuan eta ebazpen honen ebazpen zatiko baldintzetan biltzen diren prebentzio eta zuzenketa neurri guztiak betetzen baititu.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz, honako hau

EBATZI DUT:

1. Burgiko udal mugartean, NASUVINSA enpresak sustatutako “Burgiko ur beltzen saneamendurako kolektorearen luzapena” proiektuari ingurumen ukipenetarako baimena ematea.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Okupatu beharreko eremua ahalik eta gehien murriztuko da. Lanak hasi baino lehen, lanerako kalearen zabalera eta trazadura zehaztu eta mugatuko dira, baita materialak metatzeko puntuak, makinak tarte desberdinetara sartzeko bideak eta makinak aparkatzeko tokiak ere. Saihestu beharko da ibilguaren legar hobietan dauden zuhaixka formako sahatsen oinak ukitzea.

–Ez dago baimendurik obrako materialak pilatzea, ezta makinak izateko lekua ingurumenaren aldetik sentikorrak diren tokietan kokatzea ere (naturgune babestuak edo Natura 2000 Sarea, arboladi naturalak eta ibai bazterrak).

–Puntu honetan, obrak agorraldi garaian eginen dira, salmonidoen eta beste espezie batzuen errute eta ugalketa alditik kanpo; alegia, ekainetik azarora bitartean, biak barne. Uztailaren 2ko 56/2014 Foru Dekretuaren bidez onartutako KBEaren Kudeaketa Planean xedatutakoari jarraituko zaio.

–Obrak hasi eta ibilgua desbideratzeko elementuak jarri baino berrogeita zortzi ordu lehenago, harremanetan jarri beharko da Erronkari-Zaraitzu barrutiko Basozaintzarekin (telefonoa: 948 89 05 18 edo 699 307 698; gmaroncal@navarra.es) eta Basozaintzaren Erronda Zentralarekin (telefonoa: 948 18 84 95; gmacentral@navarra.es), ukitutako zatian arrantza elektrikoa egin eta ukitzen ahal den fauna atera behar bada ere.

–Ur ibilguaren oheko kota ez da aldatuko hasierakoaren aldean, eta goiko 100 zentimetroetan, gutxienez, hasieran zegoen materiala jarriko da berriro, ibaiaren ekosistema zatitzea eragozteko asmoz. Ohearen granulometria naturala errespetatuko da eta jatorrizko ezpondak lehengoratu eginen dira. Aztertu eginen da egun dagoen ubidea partzialki estalita ez egoteari konponbidea emateko aukera.

–Zanga egitean, landare lurra kendu eta behar den moduan bilduko da dagokion tokian, hondeaketaren gainerako materialetatik bereiz, bukaeran erabili ahal izateko zangaren goiko betelanetan eta obrek ukitutako gainazalak lehengoratzeko orduan.

–Espresuki debekatuta dago ibai-ibilguan edonolako isuriak egitea, eta arreta berezia jarriko da substantzia kutsagarriak erabiltzean, hala nola gasolioa, olioak edo hormigoia. Hormigoi freskoa ibilguan botaz gero, fauna piszikola berehala hilko da.

–Obrak egitean, zuhaitz eta/edo zuhaixkak moztu, inausi edo sasiak kendu behar badira, horren berri eman eta baimena eskatu behar zaio aldez aurretik Basozaintzari, bat etorriz Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean zehaztutakoarekin (otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legeak eta hori garatzen duen araudiak aldatua).

–Lanek adarretan eta enborretan eragindako ebakiak eta urradurak errepasatu eginen dira lanak bukatutakoan, eta, hala, mozketa garbiak eta inausketa ongi eginak geldituko dira, zuhaitzek ez dezaten osasun problemarik izan.

–Lehengoratze lanak egitean, makinak pasatzean ukitutako lurrak destrinkotu beharko dira.

–Lanak bukatuta, garbitzeko kanpaina bat eginen da, proiektuaren jarduketa eremuan gelditzen diren hondar eta zabor guztiak kentzeko.

–Proiektua exekutatu ondoren, obrek ukitutako gainazal guztiak lehengoratuko dira. Landare lurra baratzeetan, ezpondetan eta larreetan zabaldu ondoren, eremua profilatu eta lurra findu eginen da, inguruko lurrekin modu egokian bat egin arte alderdi fisiografikoari dagokionez. Ibilguaren legar hobiak lehengoratu eginen dira, beren granulometria naturala errespetatuz, betiere. Ondoren, larreak landarez beteko dira berriro, tokiko belar landareen ereitearen edo hidroereitearen bitartez.

Eska ibaiertzetako ezpondak berriz landareztatzeko, zuhaixka formako sahatsak erabiliko dira (Salix eleagnos, angustifolua azpiespeziea, eta Salix purpurea, lambertiana azpiespeziea), higadura geldiarazte aldera. Horretarako, inguru horretatik ateratako landare materiala erabiliko da.

–Hondeatze lanetatik sobran gelditzen diren lurrak eta gainerako eraikitze eta eraiste hondakinak hondakinen kudeatzaile baimendu batek kudeatu beharko ditu.

–Obrak irauten duen bitartean aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, horren berri emanen zaio ondare historiko eta arkeologikoaren arloan eskumena duen departamentuari, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. eta 63. artikuluei jarraikiz.

–Baldin inguruabarren bat dela-eta (obra hasiera, landaredia naturala ukitzea, elementu bereziak aurkitu direla, eta abar) Basozaintzari abisua eman behar izatekotan, Erronkari-Zaraitzu barrutiko Basozaintzari emanen zaio (telefonoa: 948 89 05 18 edo 699 307 698; gmaroncal@navarra.es).

Hirigintzako kontuetarako, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117. artikuluaren ondorioei jarraituko zaie.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 112.2 artikuluaren arabera, instalazioaren edo azpiegituraren elementuek 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko bazterretik neurtuta.

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduerak saneamendu sarera lotzea.

–Egin nahi diren lanek ukitzen ahal dituzten edo lanen trabagarri izaten ahal diren azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoengandik. Zehazki, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren eta Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren baimenak eskuratu behar dira.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen. Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio konpromisoa har dezala, aitorpen baten bidez, baimendutako jarduera utziz gero lurzorua lehengoratzeko bost urteko epean gehienez.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea bukatzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren aurrean, hilabete bateko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Burgiko Udalari, Basozaintzari (3. barrutia, Erronkari-Zaraitzu) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko otsailaren 21ean.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1902674