66. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

84/2019 EBAZPENA, martxoaren 1ekoa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez 10 egun naturaleko epea irekitzen baita, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera, enpresa eta entitate publikoetan gizarte-erantzukizuna “InnovaRSE” metodologiaren arabera ezartzeko aholkulariak akredita daitezela eskatzeko.

Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiak (S3) 14. erronka du bere baitan (“Enpresa kudeaketarako kultura berria”), hots: enpresa kultura ireki eta gardena garatzea, partaidetza bidezko lidergoaren eta kudeaketa-bikaintasunaren bitartez, halako lan harremanen esparru bat sortzeko zeina oinarrituko baita enpresen eta enpresak osatzen dituzten pertsonen dimentsio sozialean, zeinak berekin ekarriko baititu balioa, konfiantza eta elkarrengananko konpromisoa.

Nafarroako Gobernuak, 2008. urtetik, halako kudeaketa sistema bat garatu du non jaso baita, besteak beste, Nafarroako enpresen kudeaketan gizarte-erantzukizuna ezartzeko metodologia (InnovaRSE) baten aplikazioa. Ekintza hau 2009. urtetik lagundu da diruz.

2018an metodologia horren bi egokitzapen egin dira: bata lan autonomorako eta mikroETE-etarako, eta bestea sektore publikorako.

Nafarroako Gobernuak gizarte-erantzukizuna sustatzen du, eta horretarako enpresentzako laguntzak deitzen ditu, beren estrategietan gizarte-erantzukizuna sar dezatela errazteko.

Nafarroako Gobernuak, 2019ko urtarrilaren 23an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zuen dirulaguntza hauek banakako ebaluazioko araubidean tramita zitezen, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedaturikoarekin bat.

Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak honako eskumen hau du, besteak beste: “enpresaren gizarte-erantzukizuna sustatzea eta koordinatzea [... ]”, Garapen Ekonomikorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2017 Foru Dekretuaren 8.y) artikuluan ezarritakoaren arabera.

Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak 2019ko ekitaldirako daukan aurrekontuko zuzkiduraren barnean, 810012-81500-4709-494112 partida dago, “Gizarte-erantzukizuna sustatzeko programa” izenekoa, 72.000,00 euroko gastuarekin.

Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren apirilaren 27ko 22E/2018 Ebazpenaren bidez (2018ko 64. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, apirilaren 4koan), gizarte-erantzukizuna bultzatzeko 2018ko dirulaguntzen deialdia argitaratu zen. Deialdiaren eranskinean, oinarri arautzaileak agertzen ziren, Nafarroako enpresetan gizarte-erantzukizuna “InnovaRSE” metodologiaren arabera ezartzea bultzatzeko xedea zutenak. Horien arabera, jarduketa diruz lagungarriak akreditaturik zeuden pertsonek garatu behar zituzten. Eranskin horren 4. oinarrian “jarduketa diruz lagungarriak egiteko aholkulariak akreditatzea” aipatzen zen. Akreditaturik egoteko, baldintza hauek bete behar zituzten: enpresentzako kontsulta edo aholku lanetan edo enpresa kudeaketan hiru urteko esperientzia izatea; kontsulta eta aholku lanetara emana den enpresa edo entitate batean jardutea, enpresak helbidea Nafarroan izanik; eta Lan Zerbitzuak ematen zuen prestakuntzan parte hartzea.

Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusian tramitatzen ari da 2019ko laguntzen deialdia, lehen ere aipatu dugun 2018ko deialdia egin zen termino berdinetan. Eta akreditatu beharreko pertsonei honako hauek eskatzen zaizkie:

–Curriculuma.

–Hiru urteko esperientzia izatea enpresentzako eta/edo entitate publikoentzako kontsulta edo aholku lanetan.

–Jarduera profesionalaren zati handiena Nafarroan garatzea.

–Lan Zerbitzuak eman duen prestakuntzan parte hartu izana.

InnovaRSE metodologiaren jarduketak gauzatzeko aholkulari gisa akreditatutako pertsonen zerrenda osatzeko asmoz, akreditazio epe bat irekiko da.

Akreditatu beharreko pertsonak eskabide eredua aurkeztu beharko du, eta bertan erantzukizunpeko adierazpena agertu beharko da enpresentzako eta/edo entitate publikoentzako kontsulta edo aholku lanetan hiru urteko esperientzia izateari buruz eta jarduera profesionala gehienbat Nafarroan garatzeari buruz. Eskaerarekin batera curriculum eguneratua aurkeztuko da.

Akreditatzeko eskaera eta dokumentazioa 10 egun naturaleko epean aurkeztuko dira, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) izapideen katalogoko zerbitzu-fitxa honen bidez: “InnovaRSE eta Berdintasun eta Laneko eta familiako bizitza bateragarri egiteko Proiektuetarako kanpoko aholkularitza zerbitzuen akreditazioa”. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Aurretik aipatutako lehenengo hiru betekizunak betetzen dituzten eskatzaileen zerrenda prestatu ondoren, horiei dei eginen zaie behar den prestakuntza egin dezaten.

Prestakuntza egin eta gero, InnovaRSE metodologia ezartzeko akreditatutako pertsonen zerrenda argitaratuko da aurretik aipatutako zerbitzu-fitxan.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 10 egun naturaleko epea irekitzea, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera, enpresa eta entitate publikoetan gizarte-erantzukizuna “InnovaRSE” metodologiaren arabera ezartzeko aholkulariak akredita daitezela eskatzeko.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2019ko martxoaren 1ean.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

Iragarkiaren kodea: F1902941