66. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

23/2019 FORU AGINDUA, otsailaren 25ekoa, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak emana, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren uztailaren 28ko 235/2014 Foru Agindua aldatzen duena. Horren bidez, 309 eredua onetsi zen, “Balio Erantsiaren gaineko Zerga. Ez-aldizkako aitorpen-likidazioa” izenekoa.

Aldaketa honen bidez, 309 eredua erabiltzeko betebeharra dakarten kasuak gehitzen dira, honako hauek ere nahitaez erabili beharko baitute: nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta arrantzaren araubide bereziaren nahiz baliokidetasun-errekarguaren araubide bereziaren mende dauden subjektu pasiboek, Nafarroako Zerga Ogasunari kreditua zor diotenean, osorik edo zati batean ordaindu gabe dauden eragiketen zerga-oinarria aldatzearen ondorioz, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 28.5.5 artikuluan ezarritakoaren arabera. Kasu hori 2. artikuluaren 11. apartatuan jasotzen da, eta 11. apartatuaren egungo edukia 12. apartatura pasako da.

Horrenbestez, eta martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 62.8 artikuluarekin bat,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra. Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren uztailaren 28ko 235/2014 Foru Agindua aldatzea. Horren bidez onetsi zen 309 eredua, “Balio Erantsiaren gaineko Zerga. Ez-aldizkako aitorpen-likidazioa” izenekoa. Foru agindu horren 2. artikuluaren 11. apartatua aldatzen da, eta 12. apartatu bat gehitzen da, zeinak jasoko baitu orain arte 11. apartatua zenaren edukia.

“11. Nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta arrantzaren araubide bereziaren nahiz baliokidetasun-errekarguaren araubide bereziaren mende dauden subjektu pasiboek, Nafarroako Zerga Ogasunari kreditua zor diotenean, osorik edo zati batean ordaindu gabe dauden eragiketen zerga-oinarria aldatzearen ondorioz, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 28.5.5 artikuluan ezarritakoaren arabera.

12. Balio Erantsiaren gaineko Zergaren subjektu pasiboek, haientzat hala xedatu bada.”

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2019ko otsailaren 25ean.–Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.

Iragarkiaren kodea: F1902744