66. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

19/2019 FORU AGINDUA, otsailaren 12koa, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak emana, 910 eredua, “Saltoki handien gaineko zerga. Autolikidazioa”, onesten duena.

Hainbat zerga eta tributu-neurriak aldatzen dituen abenduaren 27ko 30/2018 Foru Legearen bidez, behin haren inguruan zegoen ziurtasun juridikorik eza argituta, berriz ezartzen da Foru Komunitatean saltoki handien gaineko zerga.

Zerga hau arautzen duen araudia, indargabetu zuteneko unean zegoenaren aldean, hein batean diferentea da, baina bere garaian adierazi ziren oinarri berberak aintzat hartzen ditu: xedea izanen da azalera handiko saltokien eta merkataritza-establezimenduen ahalmen ekonomikoa kargatzea, kanpo-ondorio negatiboak sortzen baitituzte, beren gain ez hartzeagatik bizitza kolektiboan eragina duten kostu ekonomiko eta sozialak, batez ere, hiriguneen ehunean eta jardueretan, lurraldearen antolamenduan, ingurumenean eta azpiegituretan eragiten dutenak.

Alderik handiena nabarmentzekotan, aipatzekoa litzateke zerga berriaren zerga-egitateak barnean hartzen dituela merkataritza-establezimendu handi indibidualak eta kolektiboak; horrenbestez, araubide berriak inguruabar hori aintzat hartu du, subjektu pasiboaren eta zerga-oinarriaren zehaztapenari dagokionez.

Zergaldia urte naturala izanen da eta, aurreko araudian ez bezala, urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean izanen du sortzapena. Tributuari dagokion kuota zergaren sortzapenaren hurrengo azaroaren 1etik 20ra bitartean ordainduko da. Kasu horretan bakarrik izanen da aukera tributuari dagokion kuota banku-helbideratze baten bidez ordaintzeko.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa hala izanik ere, zergaldia bukatu baino lehen, eta zerga kitatzeko epe arrunta iraganik, merkataritza-establezimenduren baten itxierarik gertatuz gero, edo bestelako aldaketarik tributu-kuota kalkulatzeko oinarritako erabiltzen diren elementuetan, itxiera edo aldaketa gertatu ondorengo urteko urtarrilaren 1etik 31ra bitartean ordaindutako kuota erregularizatzeko epe berezia ezartzen da.

Era berean, zergaldia amaitu baino lehen, eta Foru Agindu honen 3. artikuluan ezarritako zerga kitatzeko epe arrunta iraganik, merkataritza-establezimendu handi baten irekiera gertatuz gero, haren kitapena eginen da, 30/2018 Foru Legearen 10. atalean ezarritakoaren arabera, eta haren sarrera ere aurreko paragrafoan jasotzen den epe berezian eginen da.

30/2018 Foru Legearen 11. artikuluaren 13. atalak ezartzen duenaren arabera, subjektu pasiboak beharturik egonen dira zerga honen aitorpena aurkeztera, zerga-zorra zehaztera eta zerga hori Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren titularrak foru agindu baten bidez ezarriko dituen tokian, moduan eta epean ordaintzera ere bai.

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 7. xedapen gehigarrian baimena ematen zaio Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariari foru agindu baten bidez arautu dezan zergadunek eta entitateek zein kasu eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez, aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak edo tributuen arloko araudiak eskatutako beste agiri guztiak.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. artikulua. 910 eredua onestea.

“Saltoki handien gaineko zerga. Autolikidazioa” izeneko 910 eredua onetsi da. Nafarroako Zerga Ogasunaren web-orrian eskura daiteke eredua, helbide honetan: http://www.hacienda.navarra.es.

910 eredua bide telematiko bitartez aurkeztuko da, 5. eta 6. artikuluetan ezarritako baldintzei eta prozedurari jarraikiz.

Eredu hori formatu elektronikoan baizik ezin da eskuratu.

2. artikulua. 910 eredua aurkeztera behartuak daudenak.

910 eredua aurkeztera behartuak daude, saltoki handien gaineko zerga arautzen duen abenduaren 27ko 30/2018 Foru Legearen 11. artikuluko 6. atalean ezarritakoaren arabera, zerga horren subjektu pasibo direnak. Lege horrek hainbat zerga eta beste hainbat tributu-neurri aldatzen ditu.

Zerga arautzen duen araudian ezarritako ezaugarriak betetzen dituzten saltoki handi baten baino gehiagoren titularrak diren subjektu pasiboek, zergaldi berean, autolikidazio bana aurkeztu beharko dute saltoki bakoitzeko.

3. artikulua. 910 eredua aurkezteko epe arrunta.

910 eredua zergaren sortzapenaren hurrengo azaroaren 1etik 20ra bitartean aurkeztu beharko da 910 eredua eta horren ondoriozko kuotaren diru-sarrera egin, 30/2018 Foru Legearen 10.atalean ezarritakoaren arabera kalkulatuta.

Nafarroako Zerga Ogasunaren edozein erakunde laguntzailetan eginen da eredu honen ondoriozko diru-sarrera, 795 ereduko ordainketa-gutunaren bidez. Gainera, Nafarroako Zerga Ogasunak horretarako gaitzen duen beste edozein ordainketa-bide erabiliz egiten ahalko da diru-sarrera. Kasu horretan bakarrik egiten ahalko da banku-helbideratze bidezko ordainketa.

4. artikulua. Zerga-kuotaren erregularizazioak egiteko epea.

3. artikuluan ezarritakoaren araberako zerga kitatu ondoren eta zergaldia amaitu aurretik, merkataritza-establezimendu handiaren itxierari gertatuz gero, edo bestelako aldaketarik zerga kitatzeko oinarriko elementuetan, subjektu pasiboak ordaindutako tributu-kuota erregularizatu beharko du, itxiera edo aldaketa gertatu den dataren hurrengo urtarrilaren 1etik 31ra bitartean.

Kuotaren erregularizazioa eginen da aurreko aitorpenaren ordezko aitorpena aurkeztuz.

5. artikulua. 910 eredua aurkezteko tokia eta epea.

Merkataritza-establezimendu handi baten irekiera gertatzen ada zergaldia amaitu baino lehen eta 3. artikuluan aipatzen den epea amaitu ondoren, orduan hurrengo urtarrilaren 1etik 31ra bitarte izanen da 910 eredua aurkezteko eta likidatzeko zergaldi horri dagokion epea.

6. artikulua. 910 ereduaren Internet bidezko aurkezpen telematikoa egiteko baldintza orokorrak.

910 ereduaren aitorpen informatiboaren aurkezpen telematikoa egiteko, baldintza hauek bete beharko dira:

1. Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia eduki beharko du (IFZ).

2. Aitortzaileak ziurtagiri elektronikoa eduki beharko du, Nafarroako Zerga Ogasunak onartua, Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen (EIT) erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuan ezarria dagoenari jarraikiz.

Ziurtapen zerbitzuen emaileak eta baimenduta dauden ziurtagiri elektronikoak dagokien atalean aipatzen dira; Interneteko http://www.hacienda.navarra.es helbidetik abiatuta iristen ahal da atal horretara.

3. Hirugarren pertsonen izenean aitorpenak telematika bidez aurkezteko kanpoko lankidetzarako ituna onesten duen ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoaren arabera, hirugarren pertsonen izenean aitorpena telematika bidez aurkezteko baimena duten pertsonek edo entitateek foru agindu honek aipatzen duen ereduari dagokionez erabiltzen ahalko dute ahalmen hori.

7. artikulua. 910 ereduaren araberako aitorpenen aurkezpen telematikoa Internet bidez egiteko prozedura.

910 ereduaren aurkezpen telematikoa Internet bidez egiteko, web inprimakia erabiliz, prozedura hau erabiliko da:

1. Ogasunarekiko tramiteen zerbitzura sartu, Interneteko helbide honen bidez: http://www.hacienda.navarra.es.

2. Egin nahi den aitorpenaren eredua hautatu, eta aitorpena aurkeztu ahal izateko datu guztiak bete.

3. Aitorpena bete ondoren, igortzeko aukera erabili. Aitorpena zuzen egina bada, sistemak balidatu eginen du. Akatsik atzemanez gero, inprimakiaren bidez emanen da horren berri, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da aitorpena aurkeztu. Aitorpena zuzen bete ondoren, sistemak komunikatuko du aurkeztutako aitorpenari esleitutako zenbakia, eta, orobat, inprimatzeko aukera eskainiko du, frogagiri gisa erabiltzeko.

Xedapen gehigarri bakarra.–Helbideratu daitezkeen ereduak.

910 eredua gehitzen zaio Ekonomiako eta Ogasuneko kontseilariaren apirilaren 23ko 80/2008 Foru Aginduaren eranskinean helbideratu daitezkeen ereduen zerrendari; foru agindu horren bidez, hein batean garatu zen Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamendua, zergen aitorpen-likidazio edo autolikidazio batzuei dagozkien ordainketak bankuan helbideratzeari dagokionez.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Abenduaren 10eko 93/2015 Foru Aginduaren indargabetzea.

2019ko urtarrilaren 1etik aurrera indargabetuta geratzen da 93/2015 Foru Agindua, abenduaren 10ekoa, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak emana, 910 eredua, “Saltoki handien gaineko zerga. Autolikidazioa”, onesten duena.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldiei aplikatuko zaie.

Iruñean, 2019ko otsailaren 12an.–Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.

Iragarkiaren kodea: F1902174