63. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

34/2019 FORU DEKRETUA, martxoaren 27koa, Nafarroako LGTBI+ Kontseilua sortu eta haren eginkizunak, osaera eta funtzionamendu araubidea arautzen dituena.

LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzko ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legearen 8. eta 9. artikuluetan ezartzen da Nafarroako LGTBI+ Kontseilua sortu beharko dela LGTBI+ pertsonen eskubide eta betebeharren gaietan herritarrek parte hartzeko duten organo goren gisa, eta, halaber, arlo horretan eragiten duten nafar administrazioen kontsulta-organoa izateko. Era berean, kontseilu hori LGTBI+ berdintasunerako koordinazio organoaren barnean eratuko dela ezartzen du.

Horrenbestez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2019ko martxoaren 27an egindako bilkuran harturiko Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen bidez, Nafarroako LGTBI+ Kontseilua sortu eta haren eginkizunak, osaera eta funtzionamendu araubidea arautzen dira.

2. artikulua. Izaera eta atxikipena.

1. Nafarroako LGTBI+ Kontseilua kide anitzeko organo aholku-emaile bat da, LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialaren arloan eskuduna den erakundeari atxikia.

2. Organo horrek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren funtzionamenduan Nafarroako LGTBI+ mugimenduaren parte-hartzea bideratzen du, eta lankidetza hori zehazten da LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialeko politika publikoen plangintza, gauzatze, jarraipen eta ebaluazioaren bitartez.

3. artikulua. Eginkizunak.

1. Nafarroako LGTBI+ Kontseiluak eginkizun hauek ditu:

a) LGTBI+ pertsonen berdintasunarekin lotura zuzena duten arau, plan eta programei buruzko irizpenak edo txostenak ematea. Txosten horiek aginduzkoak izanen dira, baldin eta prozedurak tramitatzean LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialaren arloan eskuduna den erakundea arduradun izendatu bada, eta aukerakoak gainerako kasuetan. Edonola ere, ez dira lotesleak izanen.

b) Ordezkaritza izatea Nafarroako Gobernuak ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legearen eremuen barruan ezartzen dituen gobernuaren parte-hartze organoetan.

c) Hobetzeko proposamenak egitea Nafarroako administrazio publikoetako zerbitzuen jarduketan, zerbitzu publiko bat gauzatzen duten enpresa edo entitateetan, eta ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legearen xede diren gainerako eremuetan.

d) Komenigarriak iruditzen zaizkion neurriak proposatzea LGTBI+ pertsonen berdintasun soziala eta LGTBI+ pertsonek bizitza politiko, kultural, akademiko, ekonomiko eta sozialean izan beharreko parte-hartzea sustatzeko.

e) Sexu orientazio, genero espresio eta sexu edo genero identitateagatiko bereizkeria egoeren edo tratu eta aukera berdintasunaren printzipioa hausten dutenen berri izanez gero, horiek organo eskudunei helaraztea.

f) Beste administrazio publiko batzuetan antzeko helburuak dituzten entitate eta organoekin komunikazioa sustatzea eta harremanak eta trukea ezartzea.

g) Nafarroako Gobernuak egindako txostena urtero jasotzea, ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legean aurreikusitako zehapen araubidearen arabera sexu orientazio, genero espresio eta sexu edo genero identitatearen aniztasunari kontra egiten dion tratamendu baten testuinguruan atzeman diren ekintzak biltzen dituena.

h) Kontseiluan ordezkaritzarik ez duten baina haren eskumenen esparruarekin zerikusia duten pertsonek eta antolakundeek igorritako ekimenak direla-eta, horiek aztertu eta, hala behar denean, bidezkoak diren neurriak sustatzea.

i) Informazioa jasotzea ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legea eta horri lotutako ekintza planak garatzeko jarduketei buruz.

j) Legeek edo Nafarroako Gobernuak arlo horretan esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak.

2. Bere eginkizunak betetzeko, kontseiluak sexu orientazio, genero espresio eta sexu edo genero identitatearen arloko beharrezko informazioa eskatzen ahalko die Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Nafarroako zerbitzu publikoei.

4. artikulua. Nafarroako LGTBI+ Kontseiluaren osaera.

1. Nafarroako LGTBI+ Kontseiluak kide hauek izanen ditu: kontseiluburua, bi buruorde, kontseilukideak eta idazkaria.

2. Kontseiluburua LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialeko politiketan eskuduna den departamentuko titularra izanen da, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore Publiko Instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 21. artikuluan ezarritako eginkizunak izanen ditu.

3. Lehen buruordea LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialaren arloan eskuduna den erakundeko zuzendari-kudeatzailea izanen da. Bigarren buruordea Nafarroako LGBTI+ kolektiboen ordezkari bat izanen da, kontseiluak berak bere kideen artean izendatutakoa.

Buruordeek kontseiluburua ordezkatuko dute, haien ordenari jarraikiz, kargua hutsik dagoenean, hura eri edo kanpoan dagoenean, edo beste arrazoi justifikatu batzuetan.

4. Honako hauek izanen dira kontseilukideak:

a) Osasun, hezkuntza, eskubide sozial, justizia, gazteria, barne, enplegu eta kirol arloetan eskudunak diren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuen edo erakunde autonomoen ordezkariak. Kide horiek bost izanen dira gehienez, eta departamentuek edo erakunde autonomoek beraiek izendatuko dituzte zuzendari nagusien artean, LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialaren arloan eskuduna den erakundeak proposatuta.

b) Nafarroako LGTBI+ entitateen zortzi ordezkari. Horietako bi LGTBI+ kolektiboa osatzen duten elkarteen ordezkariak izanen dira, eta horiexek proposatuko dituzte; beste seiak, berriz, LGTBI+ taldeen ordezkariak izanen dira, eta LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialaren arloan eskuduna den erakundeak proposatuko ditu; aipatutako talde horiek legez eratuta eta jardunean egonen dira, eta aniztasun afektibo-sexuala eta genero aniztasuna landuko dituzte. Asmoa LGTBI+ kolektiboaren aniztasunak ordezkaritza orekatua izatea da.

c) Nafarroako gazteriaren ordezkari bat, Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak proposatuta.

d) Adinekoen ordezkari bat, Nafarroako Adinekoen Kontseiluak izendatua.

e) Arlo pertsonalean edo lanbide mailan, LGTBI+ pertsonen eskubideen defentsan edo pertsona horientzako arretan nabarmendu den pertsona bat, LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialaren arloan eskuduna den erakundeak proposatuta.

f) Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren ordezkari bat, federazio horrek proposaturik.

g) Nafarroako Foru Komunitatean ordezkari gehien dituzten lau sindikatuen ordezkari bana. Horretarako, Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean, langileen ordezkarien, enpresa batzordeetako kideen edo administrazio publikoetako organoetako kideen %10 izan behar dute gutxienez.

Kontseilukideen izendapena proposatzeko ahalmena duten entitateek ordezkoak ere proposatu beharko dituzte.

Kontseilukideek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore Publiko Instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 23. artikuluak kide anitzeko organoetako kideei ematen dizkien ahalmenak eta eginkizunak izanen dituzte.

5. LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialaren arloan eskuduna den koordinazio organoaren ordezkari bat izanen da idazkaria, eta kontseiluburuak izendatuko du. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore Publiko Instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 22. artikuluan aurreikusitako eginkizunak izanen ditu.

5. artikulua. Kontseilukideak izendatu eta hautatzea.

1. LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialeko politiken arloan eskuduna den departamentuko titularraren foru agindu baten bidez izendatuko dira Nafarroako LGTBI+ Kontseiluko kideak.

2. Aurreko artikuluko 4. apartatuko b) letran aipatutako kideak izendatzearen ondorioetarako, hautagaitzak aurkezten ahalko dituzte honako betekizun hauek betetzen dituztela frogatzen duten entitateek:

a) Irabazi-asmorik gabeko entitate pribatua izatea, izaera sozialekoa, berezko nortasun juridikoa eta elkartearen, federazioaren edo fundazioaren figura juridikoa dituena.

b) Legez eratua izatea eta dagokion administrazio erregistroan inskribaturik egotea, haren nortasun juridikoarekin bat.

c) Jardunean egotea, eta Nafarroako Foru Komunitatean LGTBI+ kolektiboaren barneko edozein eremuren alde programak eta/edo jarduerak gauzatzen dituela frogatzea.

d) Berdintasuna eta giza eskubideak sustatzea eta/edo defendatzea xede izatea estatutuetan.

e) Sozietatearen helbidea edo haren ordezkaritza autonomoaren helbidea Nafarroako Foru Komunitatean izatea.

6. artikulua. Antolaketaren eta funtzionamenduaren araubidea.

1. Nafarroako LGTBI+ Kontseiluak urtean bitan eginen du bilkura arrunta, eta bilkura berezia, berriz, kontseiluburuak deitzen duenean, bere ekimenez edo ordezkaritza duten kideen heren batek gutxienez eskaturik. Kasu horretan, eskaera idazkariari bidaliko zaio, bilkurarako aurreikusitako data baino hogei egun lehenago gutxienez.

2. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoarekin bat, Nafarroako LGTBI+ Kontseilua bertaratuz zein urrutitik eratu daiteke, eta berdin-berdin bilkuretarako deia egin, bilerak berak egin, erabakiak hartu eta aktak egin.

3. Nafarroako LGTBI+ Kontseiluak Iruñean izanen du egoitza. Gutxienez urteko bi bilkura arruntetako bat –bertaratuz egiten den bilkura bada– haren egoitza ez dagoen Nafarroako herri batean egiten ahalko da.

4. Kontseiluaren eraketa baliozkoa izateko, bilkurak egin eta erabakiak hartzearen ondorioetarako, buruak, idazkariak eta kideen erdiak parte hartu beharko dute bertan egonda zein urrutitik.

5. Nafarroako LGTBI+ Kontseiluaren bilkuretako eguneko gai-zerrendan landu beharreko gaiak sartzeko, ordezkaritza duten kideen herenaren proposamena beharko da gutxienez. Eskaera idazkariari bidaliko zaio.

6. Erabakiak gehiengo soilez hartuko dira, eta berdinketak kontseiluburuaren botoarekin ebatziko dira. Urrutitik parte hartzen denean, erabakiak kontseiluaren egoitzan hartutzat joko dira.

7. Buruak eska dezake eguneko gai-zerrendan sartutako gaietan adituak diren pertsonek parte har dezatela bilkuretan. Horiek hitza izanen dute, baina botorik ez. Bilkuretara adituak joatea proposatzen ahalko diote kideek buruari.

8. Nafarroako LGTBI+ Kontseiluak bere dituen eginkizunak betetzeko, lan batzordeak sor litezke gai jakin batzuk aztertzeko. Kontseiluburuak, horretarako, lan batzorde bat sortzeko proposamena eginen die kideei. Bere ekimenez egin dezake, edo gutxienez kontseiluko kideen herenak eskaturik. Haien helburua, egitura eta osaera, dena dela, sortzen direnean erabakiko dira, helburuak bete daitezen bermatu nahian betiere.

9. Foru dekretu honetan ezarri ez den orotarako, kontseiluaren antolaketaren eta funtzionamenduaren araubidea honako arau hauetan kide anitzeko organoentzat ezarritakoa izanen da: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore Publiko Instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea.

7. artikulua. Kontseilukide karguaren iraupena.

1. Kontseiluburuak, lehen buruordeak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuen eta erakundeen ordezkariek, haien kargua dela-eta izendatu direnek, postu horietan egoten jarraituko dute, izendatuak izateko aintzat hartutako karguan segitzen duten bitartean.

2. Bigarren buruordea eta kontseilukideak, haien kargua edo postua dela-eta horretan aritzen direnak izan ezik, lau urterako hautatuko dira, hurrengo apartatuan xedatutakoa galarazi gabe.

3. Kontseilukide kargua betetzen duten pertsonen kargu-uztea honako kasu hauetan gertatuko da:

a) Heriotza edo sortutako desgaitasuna.

b) Agintaldia bukatzea.

c) Ordezkatzen duten erakundeak eta entitateak proposatzea.

d) Uko egitea eta kontseiluburuak onartzea.

e) Kontseiluburuak erabakitzea, kontseilukideen gehiengoak proposaturik, elkarren segidako bi bilkuratara arrazoirik gabe ez agertzeagatik edo karguaren eginkizunak ez betetzeagatik.

f) Hautatua izan zen unean partaide zen elkarte, entitate edo erakundeko kide izateari uztea.

g) Kontseiluan ordezkari aritzea eragiten duen elkartea, entitatea edo erakundea desegitea.

h) Partaide zen elkarteak baja hartzea Nafarroako Elkarteen Zentsuan.

4. Kargualdia bukatzeaz gaineko arrazoiren batengatik sortzen diren kontseilukideen hutsuneak ordezkoak beteko ditu, eta hark kargualdia bukatuko du gainerako kideek bezala.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Xedapen gehigarri bakarra.–Kontseiluaren eraketa.

Nafarroako LGTBI+ Kontseilua foru dekretu honek indarra hartu eta bi hilabeteko epean eratuko da, bidezkoak diren proposamenak egin eta kideak izendatu ondoren.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Arauak emateko gaitasuna.

Baimena ematen zaio LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialeko politiken arloan eskuduna den departamentuko titularrari, foru dekretu honetan xedatutakoa garatu eta betetzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2019ko martxoaren 27an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

Iragarkiaren kodea: F1904239