62. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 1a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

MALERREKAKO ZERBITZU OROKORREN MANKOMUNITATEA

Kudeaketa-esleipena, gizarte hezitzaileak aldi baterako kontratatzeko hautapen prozesuaren kudeaketa dela eta

Iragarki honen bidez, aditzera ematen da, Baztango Udaleko Tokiko Gobernu Batzordearen 2019ko urtarrilaren 18ko akordioaren bidez, erabaki dela kudeaketa-esleipen hitzarmena onartzea, gizarte hezitzaileak aldi baterako kontratatzeko hautapen prozesuaren kudeaketa dela eta.

Orobat, aditzera ematen da, Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateko Asanbladak, 2019ko otsailaren 21ean hartutako erabakiaren bidez, onartu egin zela aipatu hitzarpena, eta hura 2019ko otsailaren 22an sinatu zela.

Donezteben, 2019ko martxoaren 11n.–Lehendakaria, Jon Telletxea Juanenea.

KUDEAKETA-ESLEIPEN HITZARMENA, GIZARTE HEZITZAILEAK ALDI BATERAKO KONTRATATZEKO HAUTAPEN PROZESUAREN KUDEAKETA DELA ETA, MALERREKAKO ZERBITZU OROKORREN MANKOMUNITATEAREN ETA BAZTANGO UDALAREN ARTEKOA

Donezteben, 2019ko otsailaren 22an.

Bildurik:

Alde batetik, Jon Telletxea Juanenea jauna, Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateko Lehendakaria (I.F.Z P314XXXX), eta

Bestetik, Joseba Otondo Bikondoa, Baztango Udaleko Alkatea (I.F.Z P310XXXX).

Erabaki hau hartzeko ahalmen eta ordezkapen aski izanik.

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenbizi.–Hitzarmen hau sinatzen duten toki entitateei interesgarri iruditzen zaiela gizarte hezitzaile lanpostuak aldi baterako betetzeko eta gisa horretako kontratazioak egiteko izangaien zerrenda bat osatu eta kudeatzea, gisa horretara ez baitute hautapen prozesu bat gauzatu beharko lanpostu bat hutsik gelditzen den aldiro.

Bigarrenik.–Hautapen sistema hau aurreikusia dago Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamenduaren 42. atikuluan.

Hirugarrenik.–Hitzarmen hau sinatzen duten bi toki entitateetan lanpostu hauen eginkizun eta egitekoak antzekoak direnez, interesgarria da behar diren hautapen proben bidez izangaien zerrenda bakarra eratzea, gisa horretara aukera izanen bailitzateke bi entitateetako gizarte hezitzaile lanpostuak aldi baterako betetzeko, bakoitzerako zerrenda bat eratu beharrean.

Laugarrenik.–Horretarako sinatzen da lankidetza hitzarmen hau. Kontuan harturik Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitatea gaituena dela, eskura dituen langile eta baliabideak direla eta, hitzarmenaren bitartez arestian aipatu entitateek mandatua egiten diote aipatu Mankomunitateari behar den hautapen prozesuaren bidez izangaien zerrenda eratzeko eta gero kudeatzeko, klausula hauei jarraikiz:

Xedapenak

Lehenbizikoa.–Araudia.

Hitzarmen hau egin da Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 70.1 artikulua eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluan aurreikusten denaren babespean.

Bigarrena.–Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen ondorioz, Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateak hautapen probak eginen ditu, hitzarmen hau sinatzen duten toki entitateetako gizarte hezitzaile lanpostuetan hutsik gelditzen direnak aldi baterako betetzeko eta, gisa hartara, proba horiek gainditzen dituztenekin aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda osatu beharrez.

Hirugarrena.–Prozedura.

Horretarako, Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateak hautapen proben deialdia eginen du, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen gaineko araudian eta hitzarmen honen eranskinean agertzen diren gizarte hezitzaile kontratazio zerrenda sortzeko deialdiko oinarrietan ezarritakoari jarraikiz.

Deialdiaren ondoriozko gastuak (iragarkien argitalpena eta epaimahaiko kideei ordaintzen zaizkien zenbatekoak) hitzarmen hau sinatzen duten toki entitate guztien artean ordaindu beharko dira, hainbertzena eginda.

Laugarrena.–Zerrendaren eraketa.

Hautapen probak gainditzen dituztenak sartuko dira, puntuazioaren hurrenkerari jarraikiz, toki entitate sinatzaileetako edozeinetako gizarte hezitzaile lanpostuetan hutsik gelditzen direnak aldi baterako betetzeko eta, gisa hartara, aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendan.

Bosgarrena.–Zerrendaren kudeaketa.

Hitzarmen hau sinatu duen toki entitateren batean gizarte hezitzaile bat aldi baterako kontratatu behar denean, entitate horrek jakinarazi beharko dio Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateari, eta horrek eratutako zerrendan une horretan lehenbizikoa egiten duen izangaia jakinaraziko dio eskaera egin duen entitateari.

Bi entitateek izangai bat izendatzeko eskaera aldi berean egitea gertatuz gero, aukera eman beharko zaio zerrendan lehenbizikoa egiten duenari, horietako edozein hautatzeko.

Jakinarazpena eginda, eskaera egin duen toki entitateak aldi baterako kontratatuko du proposaturiko izangaia.

Dagokien deialdiaren ondorioz kontratua onartzen dutenei ez zaie zerrenda bereko bertze lanposturik eskainiko kontratuak indarra duen bitartean, salbu eta eskaintza berria sei hilabete edo gehiagoko kontratu bati edo bitarte baterako kontratu bati dagokionean.

Izangai izendaturen batek onartu duen lanpostuari uko eginez gero, zerrendaren hondarrera pasatuko da, kasu hauetako batean egon ezik:

–Indarra duen administrazio- edo lan-kontratua badu.

–Lanerako aldi baterako ezintasuna edo amatasun baimena badu.

–3 urte baino gutxiagoko haur bat badu bere kontu, biologikoa izan nahiz adopzio bidezkoa izan, edo pertsona adintsu ezindu edo eri hilurren bat, odolbidez nahiz ezkontzaz bigarren gradurainoko ahaidea dena.

Aitzineko lerroaldeko zerrendan agertzen diren egoeratako batean dauden izangaiek agiri bidez eta modu frogagarrian frogatu beharko dute, zazpi egun naturaleko epean, uko egiten dioten lanpostua eskaini zaien egunaz geroztik.

Horrelakoetan, ez dute galduko zerrendan dagokien postua. Halakoetan, idatziz jakinarazi beharko dute noiz dauden berriz lanerako prest, uko egitea ekarri zuen egoera bukatzen den egunetik hasita. Non eta jakinarazpen hori egiten ez den, ez zaie lanposturik eskainiko.

Honelakoren bat egiten dutenak zerrendaren hondarrera pasatuko dira:

–Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egiten diotenak.

–Sinatutako kontratuari uko egiten diotenak.

–Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua sinatzen ez dutenak.

Seigarrena.–Hitzarmenaren iraupena.

Hitzarmen honek lau urteko indarraldia izanen du, sinatzen denetik hasita.

Erranak erran, indarraldia bukatzean isilbidez luzatutzat joko da, lau urteko epeetarako, non ez duen alderdiren batek gutienez hiru hilabete lehenago amaieraren iragarpena egiten.

Zazpigarrena.–Zerrendaren indarraldia.

Horren ondorioz eraturiko izangaien zerrendak lau urteko indarraldia izanen du.

Indarraldi hori bukatuta, zerrenda iraungitzat joko da. Orobat iraungitzat joko da izangai guztiek uko egiten badiote aldi baterako kontratu eskaintzari. Batean nahiz bertzean zerrenda berria eginen da, hitzarmen honen hirugarren klausulan ezarritakoarekin bat.

Zortzigarrena.–Bertze toki entitate batzuek bat egitea.

Bertze toki entitate batzuek hitzarmen honekin bat egiten ahalko dute, entitate sinatzaileek horrela erabakitzen duten neurrian.

Hitzarmen honetako edozein klausula ez betetzeak hura suntsitzea ekarriko du.

Eta bi aldeen onespena erakutsiz, bi aldeek sinatzen dute, Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateko idazkari honen aurrean.

Iragarkiaren kodea: L1903732