62. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

14/2019 FORU LEGEA, martxoaren 22koa, Nafarroako Foru Komunitateak Club Atlético Osasunaren aldeko abal bat ematea baimentzen duena.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAK CLUB ATLÉTICO OSASUNAREN ALDEKO ABAL BAT EMATEA BAIMENTZEN DUENA.

ATARIKOA

Abenduaren 2ko 26/2014 Foru Legearen bidez Club Atlético Osasunak Nafarroako Foru Komunitatearekin duen zorraren berregituratzea onetsi zen.

Horren indarrez, besteak beste, baimena eman zen Klubak Nafarroako Zerga Ogasunarekin zeukan tributu-zorra suntsiarazteko, Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatuz Klubaren jabetzakoak ziren erregistro-finkak; finka horien artean zeuden Sadar futbol-zelaia eta Taxoareko kirol instalazioak. Gainera, baimena eman zen Club Atlético Osasunari Taxoareko instalazio horiek errentan emateko eta Sadar futbol-zelaiaren erabilera hari lagatzeko, biak ere 30 urtez. Bestetik, baimena eman zen 4 milioi euroko abala emateko, bere jarduera finantzatzeko kreditu- edo mailegu-operazioak egin ahal izatea bermatze aldera.

Sadar futbol-zelaiaren erabilera-lagapenari buruzko aipamen zehatza eginez, foru lege horren 3.4 artikuluak xedatu zuen Club Atlético Osasunak bere gain hartuko zituela mantentze- eta kontserbatze-gastu guztiak. Halaber, Aurrekontuaren zuzendari nagusiaren ekainaren 16ko 205/2015 Ebazpenaren bidez, Sadar futbol-zelaiaren doako erabilera-lagapenerako baldintzak ezarri ziren; besteak beste, lagapen-hartzaileak bere kostura egitea unean-unean beharrezko diren obrak, instalazioak UEFAk edo beste edozein erakunde nazional nahiz nazioartekoak ezarritako betekizunei egokitzeko, bai eta Klubaren ekimenez, instalazioak kontserbatu, mantendu eta hobetzeko egin nahi diren gainerakoak ere.

Gaur egun, Club Atlético Osasunaren asmoa da futbol-zelaiaren erabateko erreforma egitea, 1967an eraiki baitzen, hainbat baldintza bete beharra tarteko dela: segurtasunaren eta irisgarritasunaren arloko legezko zehaztapenak betetzea; Futbol Profesionalaren Ligaren betekizunak betetzea telebista bidezko emankizunetarako argiztapenari dagokionez; jarduera-lizentzia eskuratzea, eta, azken batean, instalazioak hobetzea, bazkideentzat eta publiko orokorrarentzat zaharkituta geratu baitira.

Erreforma hori ordaindu ahal izateko –16 milioi euro kalkulatu dira–, Club Atlético Osasunak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio, futbol-zelaiaren jabea baita, abal bat eman diezaiola, obra finantzatzeko banku-entitateei eskatu beharreko mailegu edo kredituak bermatze aldera; halaber, eskatzen dio klubak ordaintzeko duen zorra –7 milioi euro– amortizatzeko. Hartara, alde batetik, hobekuntza garrantzitsu batzuk egiten dira Foru Komunitatearen jabetzakoa den higiezin batean, haren edukiera eta, horrenbestez, diru-sarrerak sortzeko gaitasuna, nabarmen handituz; eta, bestetik, Klubak ordaintzeko zeukan zorra amortizatzen du, bi kredituak kreditu bakar batean batuz.

Club Atlético Osasunak, aipatutako 26/2014 Foru Legeak indarra hartu zuenetik, zorrotz bete ditu Nafarroako Zerga Ogasunarekin zeuzkan tributu-betebeharrak. Kontrol Ekonomikorako Batzordeak, zeina foru lege horren 5. artikuluaren babesean sortu baitzen eta, horrenbestez, Klubaren Estatutuen 56. artikuluan jasota baitago, eta bere kideen artean Nafarroako Zerga Ogasunaren beraren ordezkari bat izan baitu, betetze hori egiaztatzen du, eta etenik gabe zaintzen du Klubaren kaudimena. Gogorarazi beharra dago, gainera, ezen 2014-15 denboralditik, Klubak behin eta berriz etekinak izan dituela.

Club Atlético Osasunak diruzaintzako fluxuen proiektu bat aurkeztu du, inbertsioa finantzatzeko mailegu edo kredituen bizitza-urteen araberakoa, zuhurtasuneko agertoki bat maneiatuz aurreikusitako diru-sarrerei dagokienez; informazio horretatik ondorioztatu da bazkideen eta leihatilen bidezko diru-sarreratik heldutako baliabide arruntekin behar den finantzaketaren amortizazioari aurre egiteko gaitasunik badagoela.

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 78. artikuluan ezarritakoari jarraituz, Nafarroako Gobernuak abalaren onuradunari exigitu ahalko dio behar adina berme jar ditzala abal horri erantzuteko. Horrenbestez, onuradunari bermea exigitzea nahitaezkoa ez den arren, egokitzat jo da arriskua mugatzeko mekanismoren bat ezartzea. Kontuan hartuz ezen, 26/2014 Foru Legean jasotako zehaztapenen babesean, Club Atlético Osasunak Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatu ziola bere erregistro-finken titulartasuna orduan zeukan zorrari aurre egiteko, berme horiek eta arriskua mugatzeko mekanismo horiek telebista bidezko emankizunen diru-sarreretan zentratu beharko dira, bai eta jokalarien eskualdatzeen bidez lortutako diru-sarreren zati batean ere, ahaztu gabe ezen, Lehen Mailara igoz gero, diru-sarrerak nabarmen handituko direla eta haien zenbateko handi bat abalatutako maileguak aldez aurretik amortizatzera bideratu beharko dela.

Foru lege honetan xedatutakoaren betetzea egiaztatzeko neurri gehigarri gisa, bidezkotzat jotzen da Klubaren Kontrol Ekonomikorako Batzordean mantentzea Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko titularrak izendatutako kide bat, abalaren baldintzen exekuzioa zainduko duena.

1. artikulua. Abala baimentzea.

Baimena ematen zaio Nafarroako Gobernuari Nafarroako Foru Komunitatearen abal bat eman dezan Club Atlético Osasunaren alde, gehienez ere 23 milioi eurokoa, Sadar futbol-zelaiaren erreforma-obrak finantzatzeko behar duen kreditu- edo mailegu-operazioen printzipala bermatze aldera eta gaur egun ordaintzeko duen zorra amortizatze aldera.

2. artikulua. Abalaren zertarakoa.

Abala honako honetara bideratuko da:

  • 7 milioi euro, bai Arangurengo 3. poligonoko 153. lurzatiaren gainean –Nafarroako Gobernuarenak diren Taxoareko instalazioetako 11.039 erregistro-finka– eratutako hipoteka-bermedun mailegua kitatzeko, bai Nafarroako Foru Gobernuak, otsailaren 14ko 1/2003 Foru Legean xedatutakoaren arabera emandako abalaren bidez bermatutako kredituak kitatzeko.
  • 16 milioi euro bitarte, Nafarroako Gobernuaren jabetzakoa den Sadar futbol-zelaian erreforma- eta handitze-lanak egiteko behar diren inbertsioetarako. Inbertsio horiek 2020ko abenduaren 31 baino lehen gauzaturik egon beharko dute, eta 2017an eratutako Inbertsio Erreserba Bereziari atxikitako inbertsioak egiteko epea data horretara arte atzeratzen da.

3. artikulua. Baldintzak.

1. Baimentzen den abalak entitate hartzekodunari bermatuko dio itundutako kreditu- edo mailegu-operazioek une bakoitzean duten saldo zordunaren guztizkoa ordaintzeko betebeharra beteko dela, horretatik kanpo utzita sor daitezkeen era guztietako interesak.

2. Nafarroako Foru Komunitateak abal solidarioa ematen die bermatutako kreditu- edo mailegu-operazioengatik Club Atlético Osasunak hartutako betebeharrei.

4. artikulua. Epea.

Abalak gehienez ere 16 urteko eta sei hilabeteko epea izanen du, horren barne dela, kasua bada, gabealdia. Entitate abalatuak jasotako dirua entitate hartzekodunei osorik itzultzean bukatuko dira horren eragin guztiak.

Abala zein mailegu- edo kreditu-operazioren gainean eratzen den, operazio horiek 2019ko aurrekontu-ekitaldian formalizatu beharko dira.

5. artikulua. Bermeak eta abalaren exekuzioaren arriskua mugatzeko mekanismoak.

1. Club Atlético Osasunak bermatuko du bere betebehar guztiak beteko dituela Futbol Profesionalaren Ligak kudeatutako telebista bidezko emankizunengatik lortzen dituen diru-sarrerekin, abala emateari buruzko Nafarroako Gobernuaren Erabakian zehaztutako moduan.

2. Halaber, Klubak jokalarien eskualdatze-eskubideen (federaziokoak zein ekonomikoak) kontzeptuan jasotzen duen zenbatekotik %25 abalatutako maileguen amortizazio aurreratura bideratuko du.

3. Klubak Futbol Profesionalaren Liga Nazionaleko Lehen Mailan parte hartzen duen denboraldi bakoitzeko, gutxienez ere 3 milioi euro gehiago bideratuko ditu abalatutako maileguen amortizazio aurreratura.

4. Nolanahi ere, baldin eta egungo bermeak nahikoak ez badira, abalatutako entitateak bere etorkizuneko ondasunekin erantzunen dio bere betebehar bermatuen betetzeari.

6. artikulua. Finantza-entitate hartzekodunen betebeharrak.

1. Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak kreditu-entitate mailegu-emaileei informazio xehakatua eskatu ahalko die Nafarroako Foru Komunitateak abalatutako kreditu- edo mailegu-operazioetatik heldu diren betebeharrak entitate mailegu-emaileak betetzeari buruz.

2. Entitate hartzekodunak berariaz behartuta egonen dira modu frogagarrian jakinaraztera kreditu-hartzaileak ordaintzen ez duenean, 30 egun naturaleko epean, kreditu- edo mailegu-kontratuan kapitala amortizatzeko kuotetako bakoitza ordaintzeko emandako epea muga-egunera iritsi eta biharamunetik kontatzen hasita. Betebehar hori ez betetzeak berekin ekarriko du Nafarroako Gobernua betebeharretatik salbuestea, komunikatu ez den zor ordaindu gabearen zenbatekoari dagokionez.

7. artikulua. Club Atlético Osasunak Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamenturekiko dauzkan betebeharrak.

Entitate abalatuak erraztasunak emanen ditu abalatutako kreditu- edo mailegu-kontratuaren bidez finantzatutako operazioak egiaztatze aldera Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak, haien aplikazioa eta errentagarritasuna, bai eta entitate abalatuaren kaudimena ere, egiaztatze aldera, egiten dituen ikuskatze eta kontroletarako; horretarako, egokitzat jotzen dituen dokumentuak egiaztatu ahalko ditu departamentuak.

Horretarako, entitate horrek, hiruhileko aurreratutan, ordainketa-egutegi bat igorriko du, eta hura aipatutako Departamentuak auditatu eta konformatu beharko du.

8. artikulua. Club Atlético Osasunaren kontu-gastuak.

Diruzaintzako abala baimendu eta formalizatzetik datozen gastu eta zerga guztiak entitate abalatuaren kontura izanen dira, esklusiboki.

9. artikulua. Batzordeak.

Emandako abalak ez du inolako komisiorik sortuko Nafarroako Foru Komunitatearen alde.

10. artikulua. Baimendu gabeko klausulak.

Nafarroako Foru Komunitateari betebeharrak dakarzkioten kreditu- edo mailegu-kontratuko klausulek, foru lege honetan baimenduta ez daudenek, emandako abala deuseztatzea ekarriko dute.

Lehen xedapen gehigarria.–Kontrol Ekonomikorako Batzordeko ordezkaria.

Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko titularrak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ordezkari bat izendatuko du Club Atlético Osasunaren estatutuen 56. artikuluan aurreikusita dagoen Kontrol Ekonomikorako Batzorderako, eta ordezkari horrek zainduko du foru lege honetan araututako betebeharren betetzea, abalak irauten duen bitartean.

Bigarren xedapen gehigarria.–Izaera publikoko eskubideak.

Abala exekutatzen bada, Nafarroako Gobernuaren kobratze-eskubideak, Club Atlético Osasunaren zorraren ondorioz sortutakoak, izaera publikoko eskubidetzat hartuko dira.

Azken xedapenetako lehenbizikoa.–Erregelamendu bidezko garapena.

Baimena ematen zaio Nafarroako Gobernuari foru lege hau betetzeko behar diren xedapen eta ebazpen guztiak eman ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2019ko martxoaren 22an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.

Iragarkiaren kodea: F1904077