62. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 1a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

MALERREKAKO ZERBITZU OROKORREN MANKOMUNITATEA

Euskara teknikari izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketaren bidez eta lan-kontratu finkoarekin betetzeko deialdiaren oinarriak aldatzea

Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateko Asanbladak 2019ko martxoaren 20an egindako bileran honako erabaki hau hartu zuen:

“2018ko abenduaren 13an, Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateko Asanbladak, aho batez, erabaki zuen Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateko euskara teknikari lanpostu finkoa oposizio lehiaketa bidez kontratatzeko deialdia eta bere oinarriak onartzea. Deialdi hori 2019ko 26. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 7an.

Deialdiko 4. oinarrian aurreikusitako eskaerak aurkezteko epea amaitu da eta ez da onartu eta argitaratu onartu eta baztertuen zerrendarik.

Ikusirik deialdiaren oinarriek ez dutela ekainaren 5eko 133/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoetako sarrera arautzeko Erregelamenduaren 19. artikuluan xedatutakoa errespetatzen.

Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateko estatutuen 27.7 artikuluak Mankomunitateko Asanbladari esleitutako eskuduntzak erabiliz, aho batez, erabaki da:

1.–2018ko abenduaren 13an Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateko Asanbladak onartu zuen Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitatearen zerbitzuko euskara teknikari izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketaren bidez eta lan-kontratu finkoarekin betetzeko deialdiaren oinarriak aldatzea.

2.–Deialdiaren oinarri berriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, eta eskaerak aurkezteko hogeita hamar egun naturaleko epe berri bat irekitzea, hura Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Deialdi honetan parte hartzeko eskaera aurkeztu duten izangaiek ez dute eskaera berririk aurkeztu beharko. Hala ere, epealdi berrian deialdiko 4.2.e). oinarrian aipaturiko dokumentazioa aurkeztu beharko dute.”

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Malerrekako Mankomunitatearen zerbitzuko euskara teknikari izateko lanaldi osoko lanpostu bat oposizio-lehiaketaren bidez betetzea da deialdi honen xedea.

1.2. Deialdi honen ondorioz kontratatzen den izangaia Malerrekako Mankomunitateko lan-kontratudun finkoa izanen da eta Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatu eta hartan alta emanen zaio.

1.3. Lanpostuak B mailako lansariak izanen ditu, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta gainerako xedapen aplikagarrietan erabakitakoaren arabera. Goragoko titulazioa duen izangairen bat kontratatzen bada, lanposturako eskatzen den titulazioari dagokiona izanen da ordainsaria.

1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunak noiznahi aldatzen ahalko du.

2.–Betebeharrak.

Oro har, honako hauek izanen dira, Malerrekako Mankomunitatean eta hura osatzen duten udaletan, hala dagokionean:

2.1. Euskara normalizatzeko eta sustatzeko plan orokor nahiz sektorialen prestakuntza, kudeaketa, jarraipena eta kontrola Malerrekako Mankomunitatean.

2.2. Mankomunitatean hartutako erabaki guztiak betetzen direla zaintzea, baita haiei kontrola egin eta jarraitzea ere.

2.3. Malerrekako Mankomunitateko atalei zein zerbitzuei babesa eta laguntza teknikoa ematea euskararekin ikusteko duten jarduera guztietan.

2.4. Malerrekako Mankomunitateko taldeei eta gainerako gizarte eragileei laguntzea soziolinguistikari buruzko gaietan.

2.5. Malerrekako Mankomunitatearen Euskara zerbitzuaren bilerak koordinatzea eta haietan parte hartzea.

2.6. Harremanak bulkatzea eta koordinatzea bertze udal, mankomunitate eta euskara zerbitzuekin eta foru erakundeekin.

2.7. Harremanak bulkatzea eta koordinatzea euskararen normalizazioan eta sustapenean lanean ari diren elkarte eta taldeekin, herrikoak izan ala kanpokoak izan.

2.8. Mankomunitateko organoek manatzen dioten beste edozein eginkizun, betiere lanpostuarekin ikusteko badu.

Malerrekako Mankomunitateko euskara teknikariak ondoko eginkizun hauek izanen ditu modu zehatzagoan:

–Plangintza Zerbitzua:

  • Malerrekako Mankomunitatearen Euskara zerbitzuaren urteko plangintzaren proposamena egitea.
  • Euskara zerbitzuak landu beharreko programa eta jarduerak diseinatu eta planifikatuko ditu, baita haiek antolatu eta abian jarri ere, hartutako erabaki eta irizpideei jarraikiz.
  • Malerrekako Mankomunitatearen zerbitzuko langileei euskara ikasteko ikastaroak, euskarari buruzko ikastaro teknikoak etab. proposatzea.
  • Mankomunitatearen plantilla organikoari atxikitako lanpostuen hizkuntza eskakizunak ezartzeko proposamenak egitea.
  • Mankomunitatearen Euskara zerbitzuaren aurrekontu aurreikuspenak egiten laguntzea, ezarritako behar, helburu eta programen arabera, eta ondoko kontrola eta jarraipena egitea.

–Koordinazio zerbitzua:

  • Euskararen zerbitzuak koordinatzea euskara sustatzeko programa eta kanpainetan eta euskara zein euskal kultura sustatzea eta bultzatzea.
  • Malerrekako Mankomunitatearen Euskara Zerbitzuak prestatutako jarduera guztiak koordinatzea Nafarroako Gobernuko Euskarabidea institutuaren jarduerekin, azken horrek Nafarroako Euskararen Planerako ezarritako helburuak bete daitezen eta haiekin bat egin dezaten.

–Sustapen zerbitzua:

  • Herritarrak dinamizatu, informatu eta orientatzea, haren lan eremuaren berezko aferetan.
  • Malerrekan euskara sustatzeko kanpainak egitea, hainbat talderi zuzenduak: eskolako ikasleen gurasoak, gazteak, helduak...
  • Euskarazko jardueren eskaintza handitzea eta euskararen erabilera sustatzea eskolaz kanpoko jardueretan.
  • Zerbitzuaren barruan gauzatutako jarduera eta programak zabaldu eta haiei buruzko publizitatea egitea.
  • Euskararen erabilera bultzatzea Administrazioak prestatutako jakinarazpenetan.
  • Malerrekan berezko diren euskararen ezaugarriak ezagutarazteko ekimenak eta jarduerak garatzea.

–Jarraipen zerbitzua:

  • Herritarrek Mankomunitatearen bidez aurkeztutako eskaerak kudeatzea.
  • Programako jarduerei jarraipena egitea eta haiek ebaluatzea.
  • Mankomunitateko zerbitzuek edo kanpoko zerbitzu kontratatuek prestatzen dituzten euskarazko jarduerei jarraipena egitea eta haiek ebaluatzea.

–Informazio zerbitzua:

  • Haren eskumen esparruko aferekin zerikusia duten jarduerei buruzko informazio oro bildu, atera eta artxibatzea.
  • Bere eginkizunak betetzeko behar diren harremanak ezarri eta garatzea beste erakunde, entitate profesional eta abarrekin.

–Hezkuntza zerbitzua:

  • Euskara zerbitzuan eginen diren jardueretarako, ikasleen, gazteen eta helduen eskaerak eta matrikulazioak tramitatzea.
  • Jardueretan parte hartuko dutenei gerta daitezkeen aldaketa edo ustekabeen berri ematea, baita jarduera horiei jarraipena egitea eta haietan parte hartuko dutenekin harremanetan egotea ere.

–Alderdi orokorrak:

  • Euskara zerbitzuaren funtzionamendua hobetzea eta hartan laguntzea eta, hartara, hobekuntzarako lagungarri izan daitezkeen ekintza eta aldaketak proposatzea.

–Itzulpen zerbitzua:

  • Mankomunitatearen zerbitzuei, Osoko Bilkurari eta informazio batzordeei laguntza teknikoa ematea hala eskatzen zaionean; alorretan egiten diren testuak itzultzea. Itzulitako testuak zuzentzea.
  • Barneko eta kanpoko errotulazioa: hizkuntzaren paisaia kontrolatzea. Elementuen errolda. Testuak nola paratu behar diren zehaztea.

3.–Izangaien betebeharrak.

3.1. Oposizioan onartuak izateko, izangaiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako ondoko baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa; espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek parte hartu ahalko dute ere, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.

c) Euskarazko hizkuntza gaitasuna egiaztatzen duen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailako titulua edo baliokideren bat izatea.

d) Unibertsitateko Diplomatu edo Graduatuko, Ingeniari Teknikoko, Arkitekto Teknikoko edo horien baliokidea den titulu bat edukitzea eskabideak aurkezteko mugaegunean, edo halakoak erdiesteko maneran egotea.

e) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

f) Eginkizun publikoak betetzeko gabetua edo desgaitua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik berezia ez izatea.

g) Ibilgailuak gidatzeko B mailako baimena izatea.

4.–Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak Malerrekako Mankomunitatearen Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira, hogeita hamar egun naturaleko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina eta azken eguneko arratsaldeko ordu bata arte, eta egun hori baliogabea bada, balioduna den hurrengora arte. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten ziurtatu aurretik. Gainera, Malerrekako Mankomunitateari jakinarazi beharko zaio posta elektronikoz (mancomunidad@malerreka.infolocal.org); betiere, aurkezteko epearen egun eta orduen barrenean.

4.2. Eskabideak deialdian argitaratzen den ereduari lotuko zaizkio eta dokumentazio hau erantsiko zaie:

a) Nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia konpultsatua.

b) Eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua.

c) B motako gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

d) Hizkuntza maila egiaztatzeko eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua.

e) Lehiaketaldiaren baremoaren irizpideei jarraikiz, baloratuko diren merezimenduen gaineko agiriak. Epaimahaiak ez ditu aintzat hartuko jatorrizko agiriekin edo fotokopia konpultsatuekin egiaztaturik ez dauden merezimenduak.

5.–Izangaien onarpena eta prozedura.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, lehendakariak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

5.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiei erantzun ondotik, lehendakariak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

6.–Epaimahaia.

6.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

1.–Mahaiburua: Marga Erdozain Azpilikueta, Malerrekako Mankomunitateko Euskara Batzordeko burua.

–Ordezkoa: Jon Telletxea Juanenea, Malerrekako Mankomunitateko lehendakaria.

2.–Mahaikidea: Elvira Lizeaga Urdanpilleta, Nafarroako Euskara Teknikarien Lanbide Elkarteak izendatutako euskara teknikaria.

–Ordezkoa: Koldo Colomo Castro, Nafarroako Euskara Teknikarien Lanbide Elkarteak izendatutako euskara teknikaria.

3.–Mahaikidea: Izaskun Uriarte Etxeberria, Nafarroako Euskara Teknikarien Lanbide Elkarteak izendatutako euskara teknikaria.

–Ordezkoa: Koldo Ibañez de Elejalde, Nafarroako Euskara Teknikarien Lanbide Elkarteak izendatutako euskara teknikaria.

4.–Mahaikidea: Amaia Sagastibeltza Azpiroz, Malerrekako Mankomunitateko langileen ordezkariek izendatua.

–Ordezkoa: Gema Mutuberria Vergara, Malerrekako Mankomunitateko langileen ordezkariek izendatua.

5.–Mahaikide-Idazkaria: Jon Etxague Goia, Malerrekako Mankomunitateko idazkaria. Hitza izango du, baina ez boto eskubidea.

–Ordezkoa: María Soledad Sanchez Hernandorena, Sunbillako Udaleko idazkaria.

6.2. Mahaiburuak deituta, probak hasi baino lehenago eratuko da epaimahaia.

6.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu dei honetako oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruko arazo guztiak.

6.5. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hori jakinarazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen badira.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errefusatzea, aipatu egoera horiek gertatzen badira.

6.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan, epaimahaiak hala erabakiz gero. Aholkularitza horiek beren espezialitate teknikoetan aritzera mugatuko dira eta haietan soilik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7.–Lehiaketaldiaren garapena.

7.1. Epaimahaiak III. eranskinean ematen den baremoari jarraikiz baloratuko ditu merezimenduak. Horiek, eskabideak aurkeztearekin alegatu eta agiri bidez egiaztatu beharko dituzte izangaiek. Horretarako, jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuta aurkeztu beharko dira.

Gehienez ere 25 puntu emanen dira.

Epaimahaiak ezin izanen du, inola ere, aurkeztu gabeko edo agirien bidez egiaztatu gabeko merezimendurik kontuan hartu.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahal ditu izangaiek alegatutako merezimenduen gainean.

7.2. Izangaiek lehiaketaldian eskuratzen duten puntuazioa Malerrekako Mankomunitateko webgunean eta iragarki oholean argitaratuko da, oposizioko probak hasten diren egun berean.

8.–Oposizioaldia nola eginen den.

8.1. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean, probak hasteko tokia, data eta ordua zehaztuko dira.

8.2. Oposizioko probek, gehienez ere, 75 puntuko balorazioa izanen dute. Bazterturik geldituko dira proba eta ariketa bakoitzean hari esleitutako puntuazioaren erdia eskuratzen ez dutenak.

8.3. Oposizioak lau proba izanen ditu: lehenbizikoan, lanposturako euskaraz behar den hizkuntza gaitasuna baloratuko da; bigarrenean, ezagupen teorikoak; hirugarrenean, lanpostuko lan praktikoarekin ikusteko duen gaitasuna; eta laugarrenean, gaitasun psikoteknikoak. Proba bakoitzean ariketa hauek eginen dira:

a) Lehenbiziko proba. Lanpostuan aritzeko euskaraz behar den hizkuntza gaitasun berariazkoa frogatzeko. Gehienez ere 15 puntu. Hiru ariketa eginen dira:

–Lehen ariketa. Idatzizko gaitasuna. Euskaraz idatzitako testu bat zuzentzea. Puntuazioa, gehienez ere: 5 puntu (2,5 puntu eskuratu beharko dira gutxienez).

–Bigarren ariketa. Idatzizko gaitasuna. Gaztelaniaz idatzitako testu bat euskaratzea. Puntuazioa, gehienez ere: 5 puntu (2,5 puntu eskuratu beharko dira gutxienez).

–Hirugarren ariketa. Ahozko gaitasuna. Banan banakoa izanen da eta 10 minutu iraunen du. Puntuazioa, gehienez ere: 5 puntu (2,5 puntu eskuratu beharko dira gutxienez).

Lehendabiziko eta bigarren ariketak batera eginen dira, gehienez ere ordu eta erdian.

b) Bigarren proba. Ezagutza teorikoen gainekoa. Gehienez ere 20 puntu. Bi ariketa eginen dira:

–Lehen ariketa. II. Eranskineko gaiei buruzko testa: galderak ordu eta erdian erantzun behar dira. Gehienez 15 puntu eskura daitezke (hurrengo ariketara pasatzeko, gutxienez 7,5 lortu behar dira). Proba egin aurretik zehaztuko dira baloratzeko irizpideak eta akatsak nola zigortuko diren.

–Bigarren ariketa. Izangaiek II. eranskineko 5 gairi buruzko galderak erantzun beharko dituzte. Gehienez 240 hitz erabiltzen ahal dira gai bakoitzean, eta osotara 2 ordu izanen dituzte hautagaiek 5 gaiak erantzuteko. Gehienez 5 puntu eskura daitezke. Hurrengo probara pasatzeko, gutxienez 2,5 puntu lortu behar dira.

c) Hirugarren proba. Lanpostuko jarduerari buruzko ezagutza praktikoak baloratuko dira. Gehienez ere 35 puntu. Bi ariketa eginen dira:

–Lehen ariketa. Epaimahaiak hautatzen duen entitate batean euskararen sustapenarekin lotura duen ariketa praktikoa. Ariketak ordu eta laurden iraunen du gehienez. 10 puntu eskura daitezke gehienez, eta, gutxienez, 5 puntu atera behar dira.

–Bigarren ariketa. Malerrekan euskara normalizatzeko plan orokorra irakurri eta defendatzea. Bigarren proba egiten den egunean aurkeztuko da plan hori (izangaiaren izen-abizenik gabe); aurkezten ez duten izangaiak bazterturik geldituko dira. Txostena zein haren defentsa baloratuko ditu epaimahaiak. Ordu erdi bat izanen dute izangaiek defentsarako, eta beste ordu erdi bat utziko da galdera eta erantzunetarako.

Txostenean alderdi hauek garatu behar dira behintzat: euskararen egoeraren diagnostikoa, helburuak, lehentasunak finkatzeko irizpideak, eragileak eta bitartekoak, jarduera zehatzak eta ebaluatzeko tresnak.

Bigarren ariketa honetan gehienez ere 25 puntu emanen dira, 20 txosten idatziari eta 5 defentsarako ariketari. Gainditzeko, gutxienez ere 12,5 puntu eskuratu beharko dira.

Ahozko azalpena eginen dute, soilik, idatzian gutxienez 10 puntu lortutako izangaiek.

Epaimahaiaren aurrean ahozko azalpena egiten ez duten izangaiak baztertuta geldituko dira.

d) Laugarren proba. Proba psikoteknikoak egitea.

Aurreko probak gainditu dituzten izangaiek proba psikoteknikoak eginen dituzte baztergarria ez den proba honetan, deialdi honetako lanbide-profilerako eta lanposturako egokiak diren ikusteko. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuak eginen ditu proba hauek eta haren emaitza loteslea izanen da epaimahaiarendako. Gehienez ere 5 puntu emanen dira proba horretan.

8.4. Oposizioko ariketa idatzietan pliken sistema erabiliko da.

8.5. Oposizioko proba guztiak euskaraz eginen dira.

8.6. Probetara ezin izanen da kontsultatzeko materialik eta sakelako telefonorik eraman.

8.7. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da eta izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, AIZ edo pasaportea aldean dutela agertu beharko dute. Baztertuak izanen dira probetarako iragarri egun, ordu eta tokietan aurkezten ez direnak eta nortasuna egiaztatzen ez dutenak, arrazoia edozein izanda.

9.–Proben balorazioa.

9.1. Epaimahaikideek kalifikazioa eginen dute, eta guztien bataz besteko aritmetikoa izanen da dagokion ariketari emanen zaion puntuazioa. Epaimahaiko kideek emandako gehieneko puntuazioaren eta gutienekoaren artean aldea baldin bada ariketarako aurreikusi den puntuazioaren %30etik gorakoa, ez da aintzat hartuko bi muturretako ezein puntuazio, eta banaz bertzeko aritmetikoa, gainerako puntuazioekin lortuko da.

9.2. Ariketa bakoitza ebaluatu ondoren, epaimahaiak ariketa gainditu duten izangaien zerrenda eta bakoitzak lortutako kalifikazioak argitaratuko ditu Mankomunitateko webgunean. Halaber, oposizioko hurrengo ariketa egiteko lekua, eguna eta ordua ezarriko ditu.

10.–Probak gainditu dituztenen zerrenda.

10.1. Azken ariketa kalifikatu ostean, epaimahaiak probak gainditu dituztenen zerrenda emanen du argitara webgunean, bakoitzaren puntuazioaren hurrenkeraren arabera egina eta puntuaziorik altuena eskuratu duen izangaiarekin hasia. Horretarako, izangai bakoitzak ariketetan lortutako kalifikazioak batuko ditu.

11.–Epai-mahaiaren proposamena eta agirien aurkezpena.

11.1. Oposizioaldia eta lehiaketaldia bukaturik, gainditu duten izangaien zerrenda argitaratuko du epaimahaiak Mankomunitateko webgunean, lortutako puntuazio-hurrenkeraren arabera, oposizioko ariketetan eta lehiaketaldian izangaiek lortutako kalifikazioak batuta.

11.2. Epaimahaiak Lehendakaritzari igorriko dio puntuazio altuena lortu duen izangaiaren aldeko kontratazio proposamena, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

11.3. Izangaiek guztira lortzen dituzten puntuetan berdinketarik gertatuko balitz, Epaimahaiak irizpide honen arabera ebatziko du: hautapen prozesuaren proba teoriko-praktikoan puntu gehien lortzen duenaren alde ebatziko da.

11.4. Kontratazio proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta 30 egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Mankomunitatearen bulegoan:

a) Deialdiaren 3.1.d) atalean eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua.

b) Osasun txostena, karguaren eginkizunetan aritzea galarazten dion eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatzen duena.

c) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez dagoela eta inongo Administrazio Publikotako zerbitzutik ez dela bereizia izan erakusten duena.

d) Zin egin edo hitz ematea, Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta Legeei men egin, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

11.5. Aipatu epearen barrenean, eta behar bezala arrazoitutako ezinbertzeko kasuetan salbu, agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta haien jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, eskabidean faltsukeria egiteagatik izan dezaketen erantzukizuna galarazi gabe.

11.6. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, gainditu duten izangaien zerrendan, 11.1 oinarrian aipatzen den horretan, ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko du lanpostua, eta harekin aurreko ataletan adierazi bezala jokatuko da.

12.–Kontratazioa.

12.1. Lehendakariak, ebazpen baten bidez, aurreko oinarrian ezarritakoa bete duen izangaia kontratatzeko aginduko du, euskara teknikariaren lanpostua betetzeko. Kontratazioaren iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

12.2. Izangaiak kontratua sinatu beharko du hilabeteko epean Kontratazio agindua jakinarazten denetik. Epe horretan eta ezinbertzekoetan izan ezik, kontratua sinatzen ez badu, Malerrekako Mankomunitateko lan-kontratudun bilakatzeko eskubide guztiak galduko ditu. Horrelakorik gertatuz gero, 11.6 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

13.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau edo errekurritzen den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, organo egileari errekurritzeko asmoaren berri emanik; edo bertzenaz,

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen erakundean berean, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Malerrekako Mankomunitateko lehendakariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Donezteben, 2019ko martxoaren 21ean.–Lehendakaria, Jon Telletxea Juanenea.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

II. ERANSKINA

Ariketa teorikoen gai zerrenda

1.–Soziolinguistikako eta hizkuntza gutxituei buruzko oinarrizko kontzeptuak: hizkuntza- komunitatea, eskubideak, aniztasuna, ukipena, normalizazioa, politika eta plangintza, ekologia, ideologia, jarrerak, nortasuna, minorizazioa, diglosia, sozializazioa, alternantzia; eleaniztasuna...

2.–Hizkuntza komunitate minorizatuak munduan: egoera, estatus juridikoa, ofizialtasuna.

3.–Hizkuntza gutxiagotuak nazioartean normalizatzeko erabiltzen diren hizkuntza politikaren ereduak. Lurraldetasunaren eta eskubide pertsonalaren kontzeptuak.

4.–Hizkuntza komunitate minorizatuak: nazioarteko itun, hitzarmen eta adierazpenak.

5.–Nazioarteko soziolinguistikaren ekarpen teorikoak: Fishman, Mackey, Cooper, Aracil, Fasold...

6.–Euskal Herriko soziolinguistikaren ekarpen teorikoak eta ikerketak: Txepetx, Txillardegi, Odriozola, Zalbide, Kasares, Amorrortu...

7.–Euskararen legezko egoera. Konstituzioa, autonomia estatutuak eta lege organikoak. Euskarari buruzko foru legedia eta Nafarroako ordenantzak.

8.–Euskararen egoera demolinguistikoa. Hizkuntza gaitasunari, jarrerari eta euskararen transmisioari buruzko datuak eta ikerlanak, eta euskararen erabilpenari buruzko datuak eta estatistikak.

9.–Euskararen historia soziolinguistikoa.

10.–Hizkuntza errepertorioa: hizkuntzaren aldagaiak eta eremuak. Euskararen errepertorioa: batua, aldaera geografikoak, gazteen hizkuntza, hizkuntza administratiboa...

11.–Euskararen egoera normalizatzeko azpiegiturak. Entitate publikoak eta gizarte entitateak; normalizazio planak eta hizkuntza komunitatea indartzeko ekimenak eta programak.

12.–Euskal hiztunen dentsitatea %70etik gorakoa den Nafarroako herriak: ezaugarri demografikoak, bereizgarri soziolinguistikoak, funtzionalak eta hizkuntza normalizaziorako zerbitzu publikoak.

13.–Ikerketa soziolinguistikorako metodologiak eta teknikak. Kuantitatiboa. Kualitatiboa. Parte-hartzekoa.

14.–Planak eta proiektuak diseinatzeko metodologia.

15.–Zerbitzu elebidunaren trataera administrazioan: nahitaezkotasuna eta meritua. Europako Erreferentzia Markoa. Baliokidetzak.

16.–Nafarroako toki entitateen euskara zerbitzuak. Nafarroako Udal Euskara Teknikarien Sarea.

17.–Euskara ikastea: hezkuntza-programa motak eta hezkuntza-ereduak Nafarroan; helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko baliabideak.

18.–Euskaraz lan egiteko tresnak: euskarazko softwarea, hiztegiak, estilo liburuak, itzulpen memoriak, aholkularitza zerbitzuak...

19.–Nafarroako toki entitateen antolaketa eta eskumenak. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea (Atariko titulua, I. II. eta III. tituluak) eta Toki araubidearen oinarriak arautzen dituen, apirilaren 2ko, 7/1985 Legea (I. II. IV. eta V. titulua).

20.–Malerreka: ezaugarri demografikoak, geografikoak eta eskualdeen arteko harremanak. Antolakuntza administratiboa eta entitateen egiturak. 0-18 urte arteko hezkuntzako erreferentziazko zentroak. Elkarte eta bestelako erakunde publiko zein pribatuak: hezkuntza ez arautua, euskararen sustapena, tokiko hedabideak, kirola, kultura, aisialdia, arlo sozioekonomikoa... Tokiko kultura adierazpen nagusiak.

21.–Hizkuntza plangintzaren hedapen esparruarekin eta komunikazioarekin erlazionaturiko oinarrizko kontzeptuak (marketina, xede taldea, produktua, harreman publikoak, publicity-a...).

III. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

Lehiaketaldiak gehienez ere 25 puntuko balorazioa izanen du, modu honetan banaturik:

1.–Lan esperientzia: 15 puntu, gehienez ere. Derrigorrezkoa izanen da entitate kontratatzailearen agiria aurkeztea entitate horretan garatutako lanak zehaztuta. Horrekin batera, Gizarte Segurantzak ematen duen hautagaiaren lan-bizitzaren agiria aurkeztu beharko da. Deialdi honetan eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egun bera izanen da lan esperientzia aintzat hartzeko azkeneko eguna.

a) Toki entitate baten zerbitzuan euskara teknikariaren lanpostuan lan egiteagatik: 3 puntu/urtea, gehienez 9 puntu. Zatiki bakoitzeko, haren ehunekoa.

b) Beste administrazio publiko batean euskara teknikariaren lanpostuan lan egiteagatik: puntu 1 urteko, eta 3 puntu gehienez ere. Zatiki bakoitzeko, haren ehunekoa.

c) Elkarte edo erakunde pribatuetan euskara normalizatzeko dinamizatzaile, koordinatzaile edo teknikari gisa lan egiteagatik: puntu 1 urteko, eta 3 puntu gehienez ere. Zatiki bakoitzeko, haren ehunekoa.

2.–Hizkuntza planifikazioko graduatu ondokoa: 4 puntu.

3.–Lanpostuarekin zerikusia duten prestakuntza ikastaroak: 4 puntu, gehienez ere.

Atal honetan kontuan hartuko dira soziolinguistikari buruzko ikastaroak eta euskara maila hobetzeko ikastaroak (C1 baino maila handiagokoak). Hizkuntzalaritza arloko ikastaroak ez dira kontuan hartuko. Puntuak honelaxe banatuko dira:

a) 10etik 30 ordura bitarteko ikastaro bakoitzagatik: 0,25 puntu.

b) 31tik 50 ordura bitarteko ikastaro bakoitzagatik: 0,50 puntu.

c) 51tik 100 ordura bitarteko ikastaro bakoitzagatik: 0,75 puntu.

d) 101 ordu baino gehiagoko ikastaro bakoitzagatik: puntu 1.

4.–Soziolinguistikari buruzko argitalpen, komunikazio, mintzaldi, ikastaro eta ikerlanengatik (epaimahaiak baloratuko du nolako kalitatea duten): 2 puntu, gehienez ere.

a) Argitaratutako liburu bakoitza: puntu 1.

b) Argitaratutako artikulu bakoitza: 0,25 puntu.

c) Komunikazio, mintzaldi ikastaro edo argitaratu gabeko ikerlan bakoitza: 0,15 puntu.

Lehiaketan aurkezten diren dokumentu guztiek jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak izan beharko dute. Aurkeztutako merezimenduak behar bezala frogatuko dira: hasiera eta amaiera datak zehaztuko dira, baita lanaldi mota, hala behar duenean, eta atal horiei dagokien puntuazioa kalkulatzeko beharrezkoa den informazio guztia ere.

Iragarkiaren kodea: L1904118