61. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

55/2019 FORU AGINDUA, martxoaren 14koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana. Honen bidez kudeaketa irizpideak onesten dira Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan.

Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen osoa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, hala ezarrita baitago Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluan.

Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuak 4. artikuluan ezartzen du Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroa (aurrerakoan NNUE) zerbitzu administratibo bat dela, non laguntza publikoen hartzaileak zehazteko erabiltzen den nekazaritzako ustiategien informazioa biltzen baita. Nekazaritzako Ustiategien Modernizazioari buruzko uztailaren 4ko 19/1995 Legearekin koordinatzen da Nafarroako legeria, hark oinarrizko izaerako zenbait artikulu baititu.

Uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuaren 13. artikuluak nekazaritzako ustiategiak aipatzen ditu, nekazari gazteei dagokienez. Foru agindu honek aplikazio baldintzak arautzen ditu.

Bestaldetik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak martxoaren 20an eman 111/2015 Foru Aginduak arautu zuen Nekazaritzako Ekoizpenaren Erregistro Orokorraren eta Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroaren arteko koordinazioa eta ezarri zituen Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatutako nekazaritzako ustiategien kalifikaziorako irizpideak; haren 7. artikuluak aipatzen du ezen urtero, azaroaren 1a baino lehen, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak ebatziko dituela katalogazioak, eta onesten direnetik hurrengo urtekoak onetsi arte izanen direla baliozkoak.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua.–Xedea.

Foru agindu honen xedea da kudeaketa irizpideak onestea, Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuari dagokionez.

2. artikulua.–Urteko katalogazioaren ondotik NNUEan inskribatzen diren ustiategien katalogazioa.

1. Urteko katalogazioaren ondotik NNUEan inskribatu eta katalogazioa eskuratu nahi duten ustiategi berriek, nekazaritzako zein abeltzaintzakoek, Nekazaritzako Erregistroen Atalean aurkeztu beharko dute inskripzio eta katalogaziorako eskabidea. Urteko katalogazio hori Nekazaritzako Ekoizpenaren Erregistro Orokorraren eta Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroaren arteko koordinazioa arautu eta Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatutako nekazaritzako ustiategien kalifikaziorako irizpideak ezartzen dituen Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren martxoaren 20ko 111/2015 Foru Aginduaren 7. artikuluan finkatzen da.

2. Eskaera horien kasuan, banako katalogazioa eginen da, urteko azken katalogazioan guztirako errentarako eta erreferentzia-errentarako erabilitako erreferentzia berak aintzat hartuz.

3. artikulua.–Aldaketak dagoeneko katalogatutako ustiapenetan.

1. Martxoaren 20ko 111/2015 Foru Aginduaren 7. artikuluan ezarritako urteko katalogazioa egin ondoren ustiapenaren edo titularren datuak aldatzen badira, ustiategiak edo pertsonak katalogazio berria eskatzen ahalko du. Titular batek katalogazioa aldatzeko eskaera bakarra aurkezten ahalko du denboraldi bakoitzean, eta ez da onartuko urteko katalogazio indardunaren aurretik egindako katalogazio bat aldatzeko eskaerarik.

2. Katalogazio berria egiteko, interesdunak egin behar du eskaera, eta frogatu onetsitako katalogazioaren datuak aldatu direla. Katalogazio berriak urteko hurrengo katalogazioaren egunera arte izanen du indarra, martxoaren 20ko 111/2015 Foru Aginduaren 7. artikuluarekin bat.

3. Eskatzaileak aldaketen frogagiriak aurkeztu beharko ditu. Ustiategian azalera berriak gehitzen badira, azalera horien titulartasuna frogatu beharko da, katastroko titulartasuna, errentamendu-kontratuak edo herri-lurren esleipena aurkeztuz.

4. artikulua.–Katalogazioen balio-denbora.

Martxoaren 20ko 111/2015 Foru Aginduaren 7. artikuluan finkatutako katalogazioa egiten denean, aurreko katalogazio guztiak baliorik gabe geldituko dira, eta, horien ordez, katalogazio berriak hartuko du indarra ustiategi eta bazkide bakoitzerako.

5. artikulua.–Kontuan hartu beharreko kanpainak, guztirako errenta kalkulatzeko.

1. Ustiategiaren titularraren guztirako errenta izanen da titularrak azken zerga-ekitaldian halakotzat deklaratutakoa, ondare gehitze eta gutxitzeak kenduta.

2. Aurrekoa gorabehera, ustiategiaren titularraren guztirako errenta ebaluatzeko, titularrak azken bost urteetako (azkenekoa barne) hiru zerga-ekitalditan halakotzat deklaratutako errenten batezbestekoa erabil daiteke, ondare gehitze eta gutxitzeak kenduta.

6. artikulua.–Nekazaritzako errenta eta guztirako errenta dagoeneko katalogatutako ustiapenetan.

Ogibide nagusiz nekazari, nekazari profesional edo nekazaritzako profesional katalogatzeko (martxoaren 20ko 111/2015 Foru Aginduaren 7. artikulua), aurreko urteko diru-sarrerei dagokien Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan bildutako informaziotik eskuratuko dira nekazaritzako errentaren eta guztirako errentaren datuak. Ustiategien edo titularren datuak aldatzeagatik egiten diren banako katalogazioetan, urteko katalogazioan erabilitako errenta kanpainaren datuak hartuko dira kontuan.

7. artikulua.–Nafarroatik kanpo deklaratzen duten nekazarien datu fiskalak.

1. Ogibide nagusiz nekazari, nekazari profesional edo nekazaritzako profesional katalogatzeko, nekazaritzako errentaren eta guztirako errentaren datuak Nafarroako Gobernuak dituenak izanen dira, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena Nafarroan egin bada.

2. NNUEan inskribatutako batek deklarazioa Nafarroatik kanpo egiten badu, urriaren 2a baino lehen aurkeztu beharko du azken zerga-ekitaldiari dagokion Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena Nekazaritzako Erregistroen Atalean.

3. Datu horiek aurkezten ez badira, nekazaritzako sarreren atalean “0 euro” jarriko da titularraren eta ustiategiaren kalifikazioa egitean.

8. artikulua.–Abeltzaintzako ustiategiak.

1. Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan “Ekoizpena eta ugalketa” kategorian inskribatutako abeltzaintzako ustiategiak NNUEan inskribatuta egonen balira bezala hartuko dira, merkataritza xedea ez duten ustiategiak izan ezik.

2. Halaber, NNUEan ez dira inskribatuko Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroaren arabera autokontsumorako diren ustiategi edo azpiustiategiak.

9. artikulua.–Lehen instalazioaren data.

1. Lehentasunezko ustiategiak izateko (150/2002 Foru Dekretuaren 13.1.a) artikulua), interesdunek berariazko eskabidea aurkeztu beharko dute, Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan, eta frogatu laguntzen araudian ezarritako baldintzak betetzen dituztela.

2. Aipatu eskabidea “Nekazari gazteak beren gain jartzea” laguntzak ematen direnetik aukez daiteke, betiere eskatzaileak baldintzak betetzen baditu, onuradunak instalazio prozesua bukatu behar duen urteko irailaren 1era arte.

3. Lehentasunezko ustiategiak izateko (150/2002 Foru Dekretuaren 13.1.b) artikulua), interesdunek berariazko eskabidea aurkeztu beharko dute Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan.

4. Ustiategi baten titular diren pertsona fisikoek aurkez dezakete eskabidea, betiere baldintzak betetzen badituzte. Ustiategia lehenago erregistratuta egon bazen, eta 12 hilabete baino gehiago iragan badira 0,1tik gorako NLU zehazten duen katalogazio batetik, eskabidea ez da onartuko.

5. Artikulu honen arabera egindako katalogazioen kasuan, katalogatzeko eskabidea aurkezten denetik aurrera izanen dute indarra.

10. artikulua.–Erreferentzia-errenta erabiltzea katalogazioan.

Martxoaren 20ko 111/2015 Foru Aginduaren 7. artikuluan ezarritako urteko katalogazioan, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak katalogazioaren urterako argitaratzen duen erreferentzia-errenta erabiliko da.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2019ko martxoaren 14an.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Isabel Elizalde Arretxea.

Iragarkiaren kodea: F1903930