61. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

28/2019 FORU DEKRETUA, martxoaren 13koa, zeinaren bidez Pedro Blanco Ariza jaunari ematen baitzaio Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea.

Pedro Blanco Arizak (Tutera, 1974) Informazio Zientzietako lizentzia eskuratu zuen Nafarroako Unibertsitatean, ikus-entzunezko komunikazio arloan, eta irratiko kazetaritzan espezializatu zen. SER katean egin zituen lehen praktikak 1996an, eta urte gutxi ondoren arratseko 8etako albistegia editatzeko deitu zuten. “Matinal Fin de semana” irratsaioaren zuzendaria izan da, baita “Hora 20” saioarena ere, eta horren aurkezle.

Egun, “Hora 25” irratsaioko zuzendariordea da, irratiko informazioaren erreferente den horretan. Halaber, “Hoy por hoy” saioan jardun da, bost urte baino gehiagoz. Aldi berean, edukien zuzendari aritu da Madrilgo Komunitateko SER katean, eta “Hoy por hoy Madrid” irratsaioaren zuzendari eta aurkezle izan da.

Ibilbide profesionalaren gehiena irratian egin arren, bestelako komunikabideetan ere aritu da noizbait, telebistan esaterako. Localia TVn jardun da bi garaitan, debate baten eta gaurkotasun saio baten zuzendari eta aurkezle gisa. Azkenik, kazetaritza eskolak ematen ditu unibertsitatean 2012-2013ko ikasturtetik.

Ibilbide profesional koherentea eta pertsonala egin du pixkanaka Pedro Blancok, errealitatearekin eta egiazkotasunarekin gogoz konprometitua. Hori dela eta, etorkizunari begira, proiekzio handiko profesional bilakatu da irratigintzan. Horrez gain, Nafarroako Erriberaren dibulgatzailea da, garrantzitsuenetako bat, izan ere, erreferente handi bat da Tutera aldean, horren ondasunaren babesle gisa kultura, arte, turismo eta gastronomia alorretan.

Horregatik, Nafarroako Gobernuak bidezkotzat jotzen du Pedro Blanco Ariza jauna saritzea Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanez; izan ere, horretarako sortu zen kondekorazio hau apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaren bidez: Foru Komunitatea garatu, ezagutarazi eta hari ospea ematen –nor bere jardueraren esparruan– nabarmendu diren pertsonek eta entitateek egindako lana eskertzeko.

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuak 2019ko martxoaren 13an egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. Pedro Blanco Ariza jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea.

3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2019ko martxoaren 13an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

Iragarkiaren kodea: F1903739