61. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

29/2019 FORU DEKRETUA, martxoaren 13koa, zeinaren bidez Jesús Sarasa Murugarren jaunari ematen baitzaio Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea.

Jesús Sarasa Murugarren (Andosilla, 1951) nekazaritzako ingeniaria da. Madrilgo Nekazaritzako Ingeniarien Eskolan egin zituen ikasketak, Nekazaritzako ekonomia espezialitatean. 1988tik 2018ra bitarte Grupo AN-ko zuzendari nagusia izan da, egoitza Taxoaren duen Espainiako kooperatibarik handienetarikoa.

Grupo AN kooperatibak 37 milioi fakturatu zituen 1979an, 60 langile eta funts propio negatiboak zituelarik, eta 2017an, berriz, 872 milioiko negozio zifra eskuratzera iritsi zen. Une honetan, taldeak 1.603 langile ditu eta 108 milioiko funts propioak, eta horiek dezente gainditzen dituzte ibilgetuaren 104 milioiak.

Patente bidez babestutako berrikuntzan oinarritzen den arrakastaren adibide bat da kooperatiba hau. Taldeak 168 patente-familia ditu; horietatik 24 ekoizten dira gaur egun. Ikerketa, garapen eta berrikuntzaren aldeko apostua ezinbestekoa dela sinetsirik, kooperatibak bere negozio zifren %15 bideratzen du I+G+Bra. Emaitzak berrinbertitu ditu bere ibilbidean, eta fakturaren %80 datorkio 70 herrialde baino gehiagora egiten duen esportaziotik.

Nafarroa, Andaluzia, Aragoi, Gaztela eta Leon, Gaztela-Mantxa, Extremadura, Errioxa eta Euskal Autonomia Erkidegoko 155 kooperatiba biltzen ditu, eta 30.000 nekazari eta abeltzain baino gehiagoren ekoizpena merkaturatzen du.

Jesús Sarasa Murugarrenek bere bizitza guztian konpromiso sendoa izan du nekazaritzaren eta abeltzaintzaren garapenarekin, berrikuntzaren alde apustu egin du, eta nabarmentzekoa da nekazaritzan kooperatibismotik jarduerak garatzeko izan duen ahalmena. 2018ko maiatzean, Nekazaritza eta Arrantza, Elikadura eta Ingurumeneko ministroak Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Ordenako Nekazaritzako Ohore-domina eman zion.

Gaur egun “Sociedad de Desarrollo de Navarra SL” elkarteko kontseilaria da eta CaixaBankeko Nafarroako aholku kontseiluko kidea.

Beraz, Jesús Sarasak irmo bultzatu du Nafarroan lehen sektorearen garapen ekonomiko eta teknologikoa.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuak bidezkotzat jo du Jesús Sarasa Murugarren jauna saritzea Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanez; izan ere, horretarako sortu zen kondekorazio hau apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaren bidez: Foru Komunitatea garatu, ezagutarazi eta hari ospea ematen –nor bere jardueraren esparruan– nabarmendu diren pertsonek eta entitateek egindako lana eskertzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak bi mila eta hemeretziko martxoaren hamahiruan egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. Jesús Sarasa Murugarren jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea.

3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2019ko martxoaren 13an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

Iragarkiaren kodea: F1903740