61. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

27/2019 FORU DEKRETUA, martxoaren 13koa, zeinaren bidez Julio Sesma Martínez jaunari ematen baitzaio Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea.

Julio Sesma (Sartaguda, 1936), memoria historikoaren berreskurapenaren bultzatzaile izan da Nafarroan eta, 2018a arte, Alargunen Herriko Elkarteko presidente. 1936ko kolpe militarraren ondorengo errepresioaren ondorioz, bere aita fusilatu zuten eta haurtzaro eta gaztaro zailak bizi izan zituen. Txiki-txikitatik, Julio Sesmaren hiru anai-arreba eta ama nekazaritzan lan egitera behartuta egon ziren, bizirauteko. Familiaren kontrako errepresioak Julioren lau lehengusu-lehengusina ere kaltetu zituen. Umezurtz ziren, ama urte batzuk lehenago galdua eta aita ere hilda, kolpe militarraren ondorengo bortizkeriaren ondorioz. Horregatik, iloben ardura ere hartu behar zuen ama Demetriak, eta Juliok eta anai-arrebek helduen papera hartu zuten beregain, haurrak baino ez izan arren.

Francisco Franco diktadorea hil ondoren, Julio Sesmak gogotik hartu zuen parte “desobiratze goiztiar” deitutako horietan, 1978an hasi zirenak. Urte hartako abenduan, Julio Sesmak oparirik onena eman zion amari: 1936an eraildako senarraren –aitaren– gorpuzkiak ekarri zituen, modu duinean lurperatzeko.

Urte batzuk geroago, XXI. mendearen hasieran, Alargunen Herriko Elkartea sortu zen. Julio Sesma presidente izan da 2018ko hasierara arte. Izan duen bizitza eta dedikazioa direla eta, Julio Sesma lotuta dago 1936ko biktimen memoriaren berreskurapenarekin bere herrian, Sartagudan, urte horietako bortizkeriak eta errepresioak gehien zigortu zituztenetako bat.

Sartagudako Memoriaren Parkea eraikitzea erabaki zenean, bizitza aldatu zitzaion erabat: pertsona konprometitua baina zuhurra izatetik Parkea eraikitzeko parterik gogotsuena izatera. Julio Sesma eredua izan da, eta da egun, belaunaldien artean izaten den memoriaren transmisioan: memoriarekiko ardura duten hainbat herri, ikastetxe, komunikabide eta pertsonak bere testigantza entzun ahal izan dute, urte horietan gertatutakoa jakin eta Sartagudako Memoriaren Parkea eraikitzearen helburuak ezagutu. Parkeko bisitaldi gidatuetan, bisitariek bere kontaketa lasai eta barea entzun ahal izan dute, datuez, datez, izenez eta tokiz jositako kontaketa, gelditu zirenen –alargunen– maitasunez eta jakinduriaz blaitua bereziki.

Gisa horretan, Julio Sesmak urtetan lagundu du “gorrotorik eta mendekurik gabeko” elkarbizitza bultzatzen, errepresio frankista jasan zutenen memoria eta esker ona sustatzen.

Horregatik, Nafarroako Gobernuak bidezkotzat jotzen du Julio Sesma Martínez jauna saritzea Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanez; izan ere, horretarako sortu zen kondekorazio hau apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaren bidez: Foru Komunitatea garatu, ezagutarazi eta hari ospea ematen –nor bere jardueraren esparruan– nabarmendu diren pertsonek eta entitateek egindako lana eskertzeko.

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuak 2019ko martxoaren 13an egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. Julio Sesma Martínez jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea.

3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2019ko martxoaren 13an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

Iragarkiaren kodea: F1903738