61. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

26/2019 FORU DEKRETUA, martxoaren 13koa, zeinaren bidez Fátima Djarra Sani andreari ematen baitzaio Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea.

Fátima Djarra Sani (Bisau, 1968) goi teknikaria da Eraikuntza Zibilean eta Gizarteratze arloan. Horrez gain, ikasketak osatu zituen Bruselan, Reuters Garraio eta Logistika Institutuan. Ondoren, Bilbon ezarri zen, eta kulturarteko bitartekaritzako ikastaroak egin zituen han. Gero, 2008an, Nafarroako Munduko Medikuak elkartean sartu zen.

Emakumeen ablazioaren aurkako aktibismoaren erreferente bat da; berari ere egin zioten ablazioa bere herrialdean, lau urte zituenean. Horrek Fátima kikildu beharrean, ordea, ablazioaren ondorio fisiko eta psikologikoek borrokatzeko grina aseezina piztu zuten berarengan, bere herrialdean emakumeen eskubideak urratzen dituzten tradizioak desagerrarazteko.

2008az geroztik proiektu batean egiten du lan sexu eta ugalketa osasuna lantzen eta emakumeen genitalen mutilazioa prebenitzen. Protokolo bat idazten ere parte hartu zuen emakumeen genitalen mutilazioa prebenitzeko eta horren aurrean jarduteko. 2013an onartu zen protokolo hori. Lanean dihardu Nafarroako gizarteak kontzientzia har dezan praktika horrek larriki urratzen dituela emakumeen eta neskatoen eskubideak, eta gizartea jabetu dadin genero indarkeria mota bat dela, jende askoren sinesmenetan errotuta dagoena, arrazoi sozial, kultural, estetiko eta abarretan oinarrituta. Arrazoi horiek, ordea, giza eskubideekin guztiz bateraezinak dira.

2015ean “Indomable. De la mutilación a la vida” liburua argitaratu zuen Península Realidad argitaletxearekin, eta han kontatzen du bere historia eta horrek bere bizitzan izan duen eragina. Salatzen du informazio eta heziketa faltak jarduera horiek babesten dituela, eta horrenbestez, Fátimak erabaki du bere bizitza horretan ematea.

Horrela, Fátima Djarra Sanik lan handia egin du, bere borroka, ausardia eta indarrari esker, ablazioaren praktika salatzen, larria baino larriagoa den genero indarkeria modu bat dena. Ablazioa errotik desagerraraztea da bere helburua, bai eta emakumearen eta gizonaren arteko rola aldatzea ere emakumearen eskubideei zuzenean erasotzen dien tradizio horretan.

Horregatik, Nafarroako Gobernuak bidezkotzat jotzen du Fátima Djarra Sani andrea saritzea Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanez; izan ere, horretarako sortu zen kondekorazio hau apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaren bidez: Foru Komunitatea garatu, ezagutarazi eta hari ospea ematen –nor bere jardueraren esparruan– nabarmendu diren pertsonek eta entitateek egindako lana eskertzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak bi mila eta hemeretziko martxoaren hamahiruan egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. Fátima Djarra Sani andreari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea.

3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2019ko martxoaren 13an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

Iragarkiaren kodea: F1903737