61. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

25/2019 FORU DEKRETUA, martxoaren 13koa, zeinaren bidez Jesús Cía Asensio jaunari ematen baitzaio Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea.

Jesús Cía Asensio Iruñean jaio zen 1959an, eta Josenea fundatu zuen 2003an, Bordablanca izeneko finkan, Irunberrin. Josenea irabazi-asmorik gabeko elkarte soziolaboral bat da, Espainiako ekoizpen ekologikoko erreferenteetako bat bihurtu dena.

Laneratze eta gizarteratze zentro bat da, eta helburu du gizarte bazterketako egoeran dauden pertsonak lan munduan sartzea, proiektu enpresarial txikiak sortuz. Egiten diren jarduerek gizarte eta ingurumen balio handia dute, eta hori argi ikus daiteke bertako produktuen kalitatean, langileen duintze prozesuan eta jasangarritasun ekonomikoan.

Josenea belar aromatikoen eta sendabelarren 60 bat espezie lantzen hasi zen, modu organikoan eta energetikoki bere burua hornitzen zuen ingurune batean. Horien artean, nabarmentzekoak dira osinak, salbia, txortaloa, urkia, menda eta ezkaia. Urte hauetan guztietan, ordea, bere zerbitzuen eskaintza osatuz joan da Josenea.

Elkarteak berebiziko garrantzia izan du gizarte bazterketako egoeran dauden gizon eta emakumeentzat, eta ondoz ondo lan egin du Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekin eta Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuarekin. Gaur egun 33 langile ditu, eta horietatik 17 lanpostu gordeta daude bazterketa egoeran daudenak gizarteratzeko eta laneratzeko. 2003az geroztik, Joseneatik 120 lagun igaro dira (2017ra bitarte), eta horietatik %85ek lortu du lana egonkortzea; Espainiako laneratze tasa handiena, hain zuzen.

2018ko abenduan, Josenea foru intereseko inbertsio deklaratu zen, zehazki hondakin organikoen bioekonomia zirkularrean tokiko eskalan garatutako proiektu pilotuagatik (Zangozako eskualdean). Hain zuzen, aurreikusten da zuzeneko 3 eta 15 lanpostu bitarte sortuko direla, eta horrek eragina izanen du landa eremuan bai gizarteari dagokionez bai prestakuntzari dagokionez.

Gisa honetan, Jesús Cía gogotik jardun da ekonomia jasangarria eta ingurumena errespetatzen duena lantzen, eta ekarpen handia egin dio bere langileen gizarteratze eta laneratze prozesuari.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuak bidezkotzat jo du Jesús Cía Asensio jauna saritzea Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanez; izan ere, horretarako sortu zen kondekorazio hau apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaren bidez: Foru Komunitatea garatu, ezagutarazi eta hari ospea ematen –nor bere jardueraren esparruan– nabarmendu diren entitateek eta pertsonek egindako lana eskertzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak bi mila eta hemeretziko martxoaren hamahiruan egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. Jesús Cía Asensio jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea.

3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2019ko martxoaren 13an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

Iragarkiaren kodea: F1903736