61. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

107/2019 EBAZPENA, martxoaren 5ekoa, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emana. Honen bidez, 2019-2020 ikasturtetik aurrera Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Hezkuntza Bereziko eta Oinarrizko Lanbide Heziketako mailetan eta Lanbide Heziketako erdi eta goi mailetako heziketa zikloetan hezkuntza itunen araubidea aplikatzeko arauak ematen dira, honako oinarri hauei jarraikiz.

Martxoaren 23ko 133/2015 Ebazpenaren bidez (2015eko 63. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 1ekoa) onetsiriko deialdiaren babesean sinatu ziren eta maiatzaren 22ko 232/2015 Ebazpenaren bidez (117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 18koa) onetsi ziren Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako, Hezkuntza Berezirako, Oinarrizko Lanbide Heziketarako eta Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako heziketa zikloetarako hezkuntza itunen indarraldia bukatu da; izan ere, lau urterako sinatu ziren, hots, 2015-2016 ikasturtearen hasieratik 2018-2019 ikasturtea bukatu arte.

Hori dela eta, 2019-2020 ikasturtetik aurrera Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Hezkuntza Bereziko eta Oinarrizko Lanbide Heziketako mailetan eta Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako heziketa zikloetan hezkuntza itunak lehen aldiz sinatzea edo lehendik daudenak berritzea zuzenduko duten prozedura arauak onetsi behar dira, baita hurrengo lau ikasturteetan itunetan gertatzen ahal diren aldaketak ere.

Horiek horrela, eta abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 3. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2019-2020 ikasturtetik aurrera Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Hezkuntza Bereziko eta Oinarrizko Lanbide Heziketako mailetan eta Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako heziketa zikloetan hezkuntza itunen araubidea aplikatzeko arauak onestea. I. eranskinean jasotako oinarriekin bat.

2. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Hezkuntza Zuzendaritza Nagusira, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusira, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren, Berdintasunaren eta Bizikidetzaren Zerbitzura, Hezkuntzako Teknologien eta Informazio Sistemen Zerbitzura, Eskolatzearen Batzorde Nagusiko buruari eta Ikastetxeen, Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Atalari, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2019ko martxoaren 5ean.–Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia, Nekane Oroz Bretón.

I. ERANSKINA

2019-2020 ikasturtetik aurrera Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Hezkuntza Bereziko eta Oinarrizko Lanbide Heziketako mailetan eta Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako heziketa zikloetan hezkuntza itunen araubidea aplikatzeko arauak

1. Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoari eta Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamendua onesten duen abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuari jarraikiz, ikastetxe pribatuek Hezkuntza Departamentuari eskabidea aurkezten ahalko diote hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik aurrera, honako helburu hauetarako:

a) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Hezkuntza Bereziko eta Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasketetarako eta Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako heziketa zikloetarako hezkuntza ituna berritzea.

b) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Hezkuntza Bereziko eta Oinarrizko Lanbide Heziketako mailetan eta Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako heziketa zikloetan hezkuntza ituna sinatzea lehenbiziko aldiz.

c) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Hezkuntza Bereziko eta Oinarrizko Lanbide Heziketako mailei eta Lanbide Heziketako erdi eta goi mailetako heziketa zikloei dagozkien zenbait unitate aldi baterako baimendu zituzten xedapenen babesean sinatutako hezkuntza itunak luzatzea eta/edo aldatzea.

2. Ebazpen honen arabera berritzen edo sinatzen diren itunek lau urte iraunen dute, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 6. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Dena dela, aurreko c) atalean xedatutakoaren babesean luzatzen edo aldatzen diren hezkuntza itunak 2019-2020 ikasturterako izanen dira, eta ikasturtez ikasturte luzatzen ahalko dira, ikastetxeak lortutako aldi baterako baimena mantentzen duen bitartean.

3. Honako hauek izanen dira Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari, Hezkuntza Bereziari, Oinarrizko Lanbide Heziketari eta Lanbide Heziketako erdi eta goi mailetako heziketa zikloei buruz ikastetxe bakoitzean itundutako unitate kopurua kalkulatzeko kontuan hartuko diren irizpideak, 2019-2020 ikasturtetik 2023-2024 ikarturtera, biak barne:

Oro har, gela bakoitzeko gehieneko ikasle kopuruari dagokionez, Haur eta Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasketak ematen dituzten ikastetxeen gutxieneko baldintzak ezartzen dituen otsailaren 12ko 132/2010 Errege Dekretuaren 16. artikuluan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako ageri den kopurua errespetatuko da. Halaber, aintzat hartuko dira Hezkuntzaren esparruan gastu publikoa arrazionalizatzeko presako neurriei buruzko apirilaren 20ko 14/2012 Errege Lege Dekretuaren 2. artikulua, Hezkuntza sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 46.6 artikulua, eta Oinarrizko Lanbide Heziketako berariazko alderdiak arautzen dituen otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuaren 22. artikulua.

Eskola unitate itundu bakoitzeko gutxieneko ikasle kopurua, batez bestekoa, honako hau izanen da:

3.1. Oro har, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari buruz itundutako eskola unitate bakoitzeko ikasleen gehieneko kopurua 30 izanen da, itunen deialdi honi heltzen dioten ikastetxeetarako (132/2010 Errege Dekretuaren 16. artikulua).

Iruñean eta Iruñerrian (Antsoain, Aranguren Ibarra, Atarrabia, Barañain, Beriain, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Eguesibar, Elortzibar, Galar Zendea, Orkoien, Uharte, Zizur Nagusia eta Zizur Zendea) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari buruz itundutako unitateek 25 ikasleko batez besteko ratioa izanen dute, gutxienez, itundutako eskola unitate bakoitzeko (416/1992 Foru Dekretuaren 16. artikulua).

Nafarroako Foru Komunitateko gainerako tokietan, hezkuntza maila bererako gutxieneko batez besteko ratioa 23 ikaslekoa izanen da eskola unitate bakoitzeko.

Lanbide Heziketari buruz itundutako unitateen batez besteko ratioa honako hau izanen da:

20 ikasle, erdi edo goi mailako heziketa zikloetako eskola unitate itundu bakoitzeko.

13 ikasle, Oinarrizko Lanbide Heziketako heziketa zikloetako eskola unitate itundu bakoitzeko.

3.2. Itun eta Dirulaguntzen Batzordearen iritziz, gizarte eta demografia edo eskola ezaugarri bereziak dituzten populazioei erantzuten dieten ikastetxe pribatuetako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Hezkuntza Bereziko, Oinarrizko Lanbide Heziketako eta Lanbide Heziketako erdi eta goi mailetako heziketa zikloko unitateak salbuesten ahalko dira unitate bakoitzeko oro har adierazitako ikasleen ratioa errespetatu beharretik, edo adin edo maila ezberdinetako ikasleekin unitateak ituntzen ahalko dira, erabilgarri dauden aurrekontu-izendapenekin bat badatoz.

3.3. Bai Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako, Hezkuntza Berezirako, Oinarrizko Lanbide Heziketarako eta Lanbide Heziketako erdi eta goi mailetako heziketa zikloetarako, delako maila edo gradua osatzen duten kurtsoetako bakoitzerako unitate bat baino gehiago duten ikastetxeetan, ikasturte berean matrikulatuta dauden ikasleen kopurua eskola unitatearen gehieneko edukiera baino handiagoa bada, ikastetxeak baimenduta dituen ikaspostuen arabera, talde hori bitan banatzen ahalko da, baina ikasketa maila edo graduan ikastetxeak baimenduta dituen ikaspostu eta unitateen edukiera inoiz ere gainditu gabe.

3.4. Eskolatze Batzorde Nagusiak eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak atal honetan xedatutakoa betetzen den begiratuko dute.

4. Sinatzen edo berritzen diren hezkuntza itunak hurrengo lau urteetan aldatzen ahalko dira Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 46. artikuluan aurreikusitako kasuetan. Itunaren aldaketa ofizioz edo parte batek eskatuta eginen da. Lehenbiziko kasuan, interesdunari entzutea eman beharko zaio.

5. Ebazpen honen arauak hezkuntza itunak aldatzeko prozedurei aplikatuko zaizkie.

6. II., III., IV., V. eta VI. eranskinetan agertzen diren ereduei jarraikiz formalizatuko dira ebazpen honen babesean sinatzen diren hezkuntza itunak. Eredu horietan alderdi bakoitzaren eskubide eta betebeharrak finkatzen dira, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Ituna sinatzen dutenek formalizazio dokumentuan jasotzen diren eskubide eta betebeharrak izanen dituzte, Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen Lege Organikoaren IV. tituluan eta Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduan xedatutakoari jarraikiz.

Hezkuntza Administrazioa beharturik dago ikastetxe itundua sostengatzeko funts publikoak esleitzera, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 12. eta 13. artikuluetan eta, bestela, laugarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz. Aipatu funts horien zenbatekoa Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legean aurreikusitakoaren arabera zehaztuko da.

7. Hezkuntza itunak berritzea edo sinatzea eskatzen ahalko dute behin betiko baimen edo sailkapena duten Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Hezkuntza Bereziko, Oinarrizko Lanbide Heziketako eta Lanbide Heziketako erdi eta goi mailetako heziketa zikloetako ikastetxeetako titularrek.

8. Aurreko atalean xedatutakoa hala izanda ere, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren lehenengo xedapen gehigarrian aurreikusitakoarekin bat, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren zikloko, Hezkuntza Bereziko, Oinarrizko Lanbide Heziketako eta Lanbide Heziketako erdi eta goi mailetako heziketa zikloetako unitateren baterako aldi baterako baimena duten ikastetxeen titularrek beren ituna berritzeko eskatzen ahalko dute, baldintza hauek betez:

a) Ituna 2019-2020 ikasturterako luzatuko da, ikastetxeak irtenbidea eman behar badie bestela konpondu ez daitezkeen eskolatze premiei.

b) Ituna 2019-2020 ikasturterako luzatuko da, baldin eta ikastetxeak aldi baterako baimenari eusten badio edo behin betiko kalifikazioa edo baimena lortzen badu, edo itun horren luzapena arrazoitu zuten eskolatze beharrek bere horretan segitzen badute.

9. Hezkuntza ituna berritu edo sinatzean, unitate kopurua 2018-2019 ikasturtean ikastetxeak itunduta zuen bera izan daiteke, baita txikiagoa eta handiagoa ere, ebazpen honen hamabigarren eta hamalaugarren atalek aipatzen duten ebaluazioaren ondorioen arabera. Itundutako unitate kopurua ez da izanen behin ere ikastetxearen titularrak eskatutakoa baino handiagoa, ez eta baimendutako unitate kopurua baino handiagoa ere.

Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 7. artikuluari jarraikiz, itundutako hezkuntza mailaren unitate guztiak ukituko ditu itunak.

Ikastetxearen titularrak erabakiko du zenbat unitate dagozkion maila bakoitzari, eta, edonola ere, eskolatutako ikasleek bertan segituko dutela bermatuko da.

Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduak bere 44. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, hezkuntza itun bat berritzeko onespena eman ezean, Administrazioa ados jar daiteke ikastetxearen titularrarekin ituna urtebetez bakarrik luzatzeko.

10. Ebazpen honen VII., VIII., IX., X. eta XI. eranskin gisa agertzen diren ereduen arabera, hezkuntza itunak sinatzeko, berritzeko, luzatzeko edo aldatzeko eskabideak Hezkuntza Departamentuaren Erregistroan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan zehaztutako lekuetan aurkeztuko dira. Eskabide horiek Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuari zuzenduko zaizkio.

Behar denean, egoki den hezkuntza proiektua aurkeztuko da, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 84.3 artikuluan xedatutakoa betetzen dela frogatzeko.

Hezkuntza itunak sinatu, berritu, luzatu edo aldatzeko eskabideak Ikastetxeen Erregistro Berezian ikastetxe bakoitzaren titular gisa ageri direnek sinatuko dituzte. Titularra pertsona juridiko bat baldin bada, haren legezko ordezkaritza duenak sinatu beharko du eskabidea. Ordezkaritza frogatzeko notario-ahalorde askietsia, horren fotokopia konpultsatua edo “apud acta” ahalorde-agiria erantsi beharko da.

11. Derrigorrezkoa ez den irakaskuntzarako ituna lehenengo aldiz sinatu nahi duten ikastetxeek hurrengo dokumentuak erantsiko dizkiote beren eskabideari:

11.1. Azalpen txosten bat, honako hau zehazten duena:

Ikastetxeak nola asetzen dituen eskolatze beharrak, bera dagoen eskualdean, udalerrian edo, hala denean, barrutian dagoen eskariaren arabera.

Ikastetxeko ikasleen baldintza sozioekonomikoen balorazioa.

Hala denean, ikastetxean gauzatzen diren esperientzia pedagogikoen ezaugarriak eta horiek irakaskuntzaren kalitaterako eta hezkuntza sistemarako duten interesa.

Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legean eta hura garatzeko xedapenetan jasotzen diren aurreikuspenen aplikazioaren ondoriozko beharrak.

Ikastetxearen jarduera baloratzea ahalbidetzen duen beste edozein informazio (eskola jarduera osagarriak, eskolaz kanpoko jarduerak, eskola zerbitzuak eta bestelako zirkunstantziak).

11.2. Gizarte Segurantzaren Lurralde Administrazioak eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak edo Zerga Bilketarako Ordezkaritzak luzaturiko ziurtagiri eguneratuak ere aurkeztu beharko dira (edo horren baliokide den beste edozein agiri), ikastetxearen titularra zerga betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan egunean dagoela frogatzeko.

11.3. Ikastetxearen titularra kooperatiba bat bada, hori gidatzen duten estatutuen kopia erantsi beharko da. Ez da beharrezkoa izanen dokumentu hori gehitzea ikastetxea aurretik itundua badago eta kooperatibaren estatutuak aldatu ez badira itunak azkenekoz berritu zirenetik.

Aurretik aipatu diren dokumentuak aurkeztu ezean, hezkuntza itunak ez dira berrituko.

12. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako, Hezkuntza Berezirako, Oinarrizko Lanbide Heziketarako eta Lanbide Heziketako erdi eta goi mailetako heziketa zikloetarako ituna berritu edo aldatu nahi duten ikastetxeek honako hauek aurkeztuko dituzte: ebazpen honen hamargarren atalean jasotzen den eskabidea; titularraren aitorpena, frogatzeko ituna eta haren aldaketak onestea ekarri zuten baldintzak betetzen jarraitzen duela ikastetxeak; zerga betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan egunean dagoela adierazteko ziurtagiriak; eta, kasua bada,11.3 atalean aipatutako estatutuen kopia; eta, kasua bada, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 84.3 artikuluan xedatutakoa betetzen dela frogatzen duen agiria.

Aurretik aipatu diren dokumentuak aurkeztu ezean, hezkuntza itunak ez dira berrituko.

13. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak eskaera egiten duen ikastetxe bakoitzari buruzko txostena prestatuko du, eta bertan hau agertuko da:

a) Ikastetxearen identifikazio-datuak.

b) Zer hezkuntza eskualdetan dagoen, hari buruzko datuak.

c) Izandako esperientzia pedagogikoak.

d) Ikastetxeko eskola jarduera osagarriak, zerbitzuak eta instalazioak.

e) Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legean eta hura garatzeko xedapenetan jasotzen diren aurreikuspenen aplikazioa.

f) Eskabidea egokiro baloratzeko balio duen beste edozein argibide.

g) Txosteneko itun eskabideari buruzko proposamena.

Hori guztia eginen da Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 21. artikuluan ezarritako ondorioetarako.

Txosten horiek Baliabide Ekonomikoen Zerbitzura igorriko dira, eskabideak jaso eta hamabost egun balioduneko epean.

14. Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuak biltzen dituen datu guztiak igorriko dizkio Itun eta Dirulaguntzen Batzordeari, Batzorde horrek baloratu eta behar den proposamena egin dezan, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 23. artikuluak xedatzen duenaren arabera.

15. Honako hauek osatuko dute Itun eta Dirulaguntzen Batzordea, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 23.3 artikuluaren arabera:

–Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia, batzordeburua izanen dena. Berdinketarik gertatuz gero, kalitateko botoa izanen du.

–Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuko zuzendaria.

–Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria.

–Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendaria.

–Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendaria.

–Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendaria.

–Hezkuntzako Teknologien eta Informazio Sistemen Zerbitzuko zuzendaria.

–Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren, Berdintasunaren eta Bizikidetzaren Zerbitzuko zuzendaria.

–Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak hautaturiko ordezkari bat.

–Gizarte ekimeneko ikastetxeetan ordezkapen handiena duten enpresaburuen elkarteetako hiru ordezkari.

–Gizarte ekimeneko ikastetxeetan ordezkari kopururik handiena duten sindikatuetako bi ordezkari.

–Nafarroako gizarte ekimeneko ikastetxeetan ordezkapen handiena duten ikasleen gurasoen erakundeetako bi ordezkari.

–Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiaren ordezkari bat, batzordeko idazkaria izanen dena, hitza duela baina botorik ez.

Batzorde horren proposamena bat etorri beharko da aurrekontu-izendapenekin, eta, horren ondorioz, ez du gaindituko aurrekontuko unitateen kopurua.

16. Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuak, ikusirik Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren eta Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuaren txostenak, bai eta Itun eta Dirulaguntzen Batzordearen proposamena ere, hezkuntza itunei buruzko ebazpen proposamena emanen du. Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Ezezkoa baldin bada, arrazoiak eman beharko dira.

17. Ikastetxe itunduei finantza kontrola eginen zaie; indarreko xedapenei jarraikiz, Nafarroako Gobernuko Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko Kontu-hartzailetzari dagokio kontrol hori egitea, edo, kasua bada, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari.

II., III., IV., V., VI., VII., VIII., IX., X., XI. ERANSKINAK

II. eranskina.–Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe itundu batekin lau urterako hezkuntza ituna formalizatzeko administrazio agiria.

III. eranskina.–Hezkuntza Bereziko ikastetxe itundu batekin, edo Hezkuntza Bereziko unitateak dituzten ikastetxe arruntekin, lau urterako hezkuntza ituna formalizatzeko administrazio agiria.

IV. eranskina.–Oinarrizko Lanbide Heziketa ematen duen ikastetxe itundu batekin araubide bereziko hezkuntza itun osoa lau urterako formalizatzeko administrazio agiria.

V. eranskina.–Erdi Mailako Lanbide Heziketa ematen duen ikastetxe itundu batekin araubide bereziko hezkuntza itun osoa lau urterako formalizatzeko administrazio agiria.

VI. eranskina.–Goi Mailako Lanbide Heziketa ematen duen ikastetxe itundu batekin araubide bereziko hezkuntza itun partziala lau urterako formalizatzeko administrazio agiria.

VII. eranskina.–Eskabide eredua (Nafarroako Irakaskuntza Pribatuan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ematen duten ikastetxeekin itunak hitzartzeko deialdia. 2019-2020 ikasturtea).

VIII. eranskina.–Eskabide eredua (Nafarroako Irakaskuntza Pribatuan Hezkuntza Berezia ematen duten ikastetxeekin itunak hitzartzeko deialdia. 2019-2020 ikasturtea).

IX. eranskina.–Eskabide eredua (Nafarroako Irakaskuntza Pribatuan Oinarrizko Lanbide Heziketako heziketa zikloak ematen dituzten ikastetxeekin itunak hitzartzeko deialdia. 2019-2020 ikasturtea).

X. eranskina.–Eskabide eredua (Nafarroako Irakaskuntza Pribatuan erdi mailako heziketa zikloak ematen dituzten ikastetxeekin itunak hitzartzeko deialdia. 2019-2020 ikasturtea).

XI. eranskina.–Eskabide eredua (Nafarroako Irakaskuntza Pribatuan goi mailako heziketa zikloak ematen dituzten ikastetxeekin itunak hitzartzeko deialdia. 2019-2020 ikasturtea).

Iragarkiaren kodea: F1903420