61. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

89/2019 EBAZPENA, otsailaren 22koa, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emana. Honen bidez onesten dira “Nafarroako unibertsitateen katedrek egindako proiektuetarako dirulaguntzak. 2019. urtea” izeneko deialdia eta haren oinarriak. DDBN identifikazioa: 442140.

Unibertsitateen Zerbitzuko zuzendariak txosten bat aurkeztu du, eta bertan proposatu Nafarroako unibertsitateen katedren proiektuetarako dirulaguntzen 2019ko deialdia onets eta argitara dadila.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. “Nafarroako unibertsitateen katedrek egindako proiektuetarako dirulaguntzak. 2019. urtea” izeneko deialdia eta haren oinarriak onestea.

2. Gehienez, 175.000 euroko gastua baimentzea, 2019ko aurrekontuko “Nafarroako unibertsitateendako laguntzak katedrak garatzeko” izeneko 411001 41210 4812 322303 partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea.

4. Ebazpen hau eta bere eranskina jakinaraztea Nafarroako Unibertsitate Publikoari, Nafarroako Unibertsitateari eta Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak Iruñean eta Tuteran dituen zentro elkartuei.

5. Ebazpen hau eta bere eranskina igortzea Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiari, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaileari, Unibertsitateen Zerbitzuari, Unibertsitateen Atalari, Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2019ko otsailaren 22an.–Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia, Nekane Oroz Bretón.

ERANSKINA

Nafarroako unibertsitateen katedrek egindako
proiektuetarako dirulaguntzen deialdia. 2019. urtea

OINARRIAK

1. artikulua. Xedea.

Deialdi honen xedea da Nafarroako unibertsitateen katedrek garatutako proiektuak finantzatzea, helburu hauek indartzen laguntzen badute: unibertsitateen eta haien ingurune sozialaren arteko harremana, ezagutzaren eta prestakuntzaren hedapena edo gizartearen sentsibilizazioa eremu hauetan:

1.–Zientzia dibulgazioa.

2.–Politika ekonomikoak. Enplegua. Gizarte kohesioa. Gizarte politikak krisi garaietan.

3.–Haurrei zuzendutako gizarte lana. Gizarte hezkuntza. Gazteen emigrazioa krisi garaietan. Elkartegintza. Herritarren mugimenduak. Desberdinkeria eta gizarte-bazterketa. Esku-hartze sozialaren ikastetxeetako metodoen eta tekniken azterketa.

4.–Zahartze aktiboa. Adinekoentzako ingurune atseginak: gizartean parte hartzea, gizarte zerbitzuak (garraioak, etxebizitza eta abar).

5.–Genero azterlanak diziplinarteko ikuspegi batetik (alderdi juridikoak, psikosozialak, historikoak, kulturalak, hezkuntzakoak). STEM eta emakumezkoen bokazio zientifikoak.

6.–Immigrazioari buruzko politikak Europan. Errefuxiatuak hartzeko politikak. Immigrazioaren alderdi juridiko eta sozialak. Bertakotze kulturala. Gutxiengo etnikoak.

7.–Nafarroako ondasun kulturalak. Arte eta monumentu ondarea.

8.–Ukipen-hizkuntzak Nafarroan (gaztelania eta euskara). Azterlan soziolinguistikoak. Euskal hizkuntza eta literatura. Ikerketa etnografikoa eta etnolinguistikoa. Ondare ez-materiala.

9.–Profesionalen eginkizuna osasuna sustatzeko. Bizimodu osasungarriak. Erizaintza eta zainketa medikoak. Prestakuntza eta ikerketa.

10.–Kalitate sistemak politika publikoetan.

11.–Ekologia. Hirigintza eta eraikuntza jasangarriak.

12.–Osasuna. Arriskuen prebentzioa. Osasunaren sustapena. Bihotzerako osasungarriak diren ohiturak. Gatazkak konpontzeko bitartekaritza. Eskola osasuna.

13.–Hezkuntza inklusiboa eta emaitza akademikoen hobekuntza. Metodologia inklusiboak. Ikaskuntza taldeak.

14.–Estetika eta arte garaikidea. Tradizioa eta egungo errealitatea.

15.–Ikasketa eta zerbitzua.

16.–Ekintzailetza.

2. artikulua. Parte-hartzaileak.

Nafarroan egoitza duten unibertsitateek parte hartzen ahal dute deialdi honetan: Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Nafarroako Unibertsitateak eta Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak Iruñean eta Tuteran dituen zentroek.

Zentro bakoitzak gehienez bost eskaera aurkez ditzake, bat katedra bakoitzeko. Eskaera bakoitzak proiektu bat edo batzuk izan ditzake.

3. artikulua. Deialdiaren aurrekontuko zuzkidura eta gehieneko laguntza, katedra bakoitzeko.

Laguntzak finantzatzeko deialdiaren gehieneko zenbatekoa 175.000 eurokoa da.

Unibertsitate bakoitzak, gehienez, hiru katedratarako jasoko du laguntza.

Katedra bakoitzerako laguntzaren gehieneko zenbatekoa 25.000 eurokoa izanen da. Gehieneko zenbateko hori proportzioan murriztuko da katedra onuradunak zazpi baino gehiago badira.

4. artikulua. Gauzatzeko epea.

Proiektuak osatzen dituzten jarduerak eta horiei dagokien gastua 2019ko aurrekontu-ekitaldiaren barnean egin beharko dira, eta betiere urte horretako azaroaren 15a baino lehen.

5. artikulua. Proiektuen betebeharrak.

Laguntzaren xedeko proiektuak dibulgazioari lotutakoak izanen dira, katedraren lan eremukoak, eta mota hauetako jarduerak izan ditzakete:

  • Dibulgazio jardunaldiak.
  • Hitzaldi zikloa, mintegiak edo ikastaroak.
  • Sentsibilizazio kanpainak.
  • Erakusketak.
  • Prestakuntza ekintzak (unibertsitateaz kanpoko irakasleentzat).
  • Zientzia, teknologia edo berrikuntza arloko bokazio eta gaitasunak garatzeko jarduerak.
  • Hezkuntza eta prestakuntza materialak sortzea unibertsitateaz kanpoko komunitaterako (argitalpen-euskarria edo ikus-entzunezkoa).

Proiektu horiek 1. artikuluan jasotzen den esklusibotasun eremuaren barnean kokatu beharko dira. Horrenbestez, unibertsitateek beste eremu batzuetan eskain dezaketen prestakuntza eskaintzako jarduerak ez dira finantzatuko (bikoiztuta egoteagatik), adibidez, kultur ikastaroak.

6. artikulua. Eskaerak.

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Katedraren unibertsitateak izanen du eskaera aurkezteko ardura.

Eskaerak 1. eranskineko ereduaren arabera aurkeztuko dira. Banakako eskaera aurkeztuko da katedra bakoitzeko, eta unibertsitate bakoitzak bost aurkez ditzake gehienez. Eskaeran laguntzaren xedeko proiektu guztiak agertuko dira.

Honako hauek aurkeztuko dira eskaerarekin batera:

1.–Proiektu bakoitzaren memoria, gehienez 10 orrialdekoa, 3.000-3.500 hitzekoa, calibri 11 letra-tipoa eta 1,5 lerroartea erabiliz. Puntu hauek izanen ditu:

–Proiektuaren testuingurua: katedraren jarduerak eta proiektuaren azalpena, egiten duen lana zabaltzeko jarduera den aldetik, eta gizartean duen eragina.

–Proposatutako jardueren deskripzio zehatza eta horien helburuak.

–Jarduerak gauzatzeko kronograma.

2.–Gastuen aurrekontua, proiektu bakoitzaren arabera xehakatua, 2. eranskineko ereduari jarraikiz.

3.–Katedra osatzen duen taldearen eta proposaturiko hizlarien curriculumaren, ikerketa-jardueraren eta argitalpenen laburpena.

4.–Katedraren webgunerako aurreikusitako diseinua, ahal bada informazio grafikoa gehituta (pantaila-argazkiak, etab.).

Laguntzaren eskaera eta eskaturiko agiriak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo Nafarroako Gobernuaren erregistro-bulegoetako edozeinetan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako edozein tokitan, edo ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan aipatutako Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoan.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatutakoaren arabera, eskabidea behar bezala aurkezten ez bada, dela eskabidea gaizki bete delako, dela erantsi beharreko dokumentazioa osorik ez dagoelako, akatsen berri emanen zaio eskatzaileari, jakinarazi eta 10 eguneko epean zuzendu ditzan. Horrela egin ezean, artxibatu eginen da espedientea, horretarako ebazpena eman ondoren.

7. artikulua. Gastu diruz lagungarriak eta proiektuen finantzaketa.

Gastuen aurrekontua aurkeztuko da, 2. eranskineko eskabide-orriaren ereduari jarraikiz. Aurrekontuan, katedrak egiten dituen proiektuak xehakatuko dira, eta, proiektu bakoitzean, bere jarduerak.

Proiektuen araberako aurrekontuan haiei lotutako gastuak agertuko dira bakarrik, hau da, proiektua osatzen duten jardueretako bakoitzari lotutakoak. Zuzeneko gastu horiek izaeraren arabera xehakatu beharko dira (ordainsariak, materialak, eskuorriak, etab.), 2. eranskineko ereduari jarraikiz.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan xedatutakoarekin bat, gastu diruz lagungarriak dira garatu beharreko jardueraren izaerarekin zalantzarik gabe bat datozenak, deialdi honetan ezarritako epean egin eta jarduketa planean sartu badira.

Gastu diruz lagungarriak dira egindako jarduerak eragindako zuzeneko gastuak, kontzeptu hauengatik: hizlarien ordainsariak, bidaiak, ostatua eta dietak; jardueren publizitatea eta propaganda; dibulgaziorako materialen argitalpena (liburuak, entzunezko materiala...), halako materiala behar duten zabalkunde jardueretan; egindako jarduera bakoitzean erabili diren zabalkunde materialen katalogazioa eta digitalizazioa (adibidez, konferentziak eta hitzaldiak grabatzea, gero web-orrian jartzeko); eta garatu beharreko jarduerei eta zuzenean lotutako beste edozein gastu.

Kontratatzen diren langileen gastua ere diruz laguntzen ahalko da, deialdi honetan aurkezten diren proiektuetako jarduerak garatzeko kontratatzen badira, dedikazio zuzen eta esklusiboan. Gastu hori ez da izanen proiektuetako kostu diruz lagungarri guztien %15 baino gehiago.

Hitzaldien, ikastaroen eta antzekoen ordainsarien kontzeptuan, gehienez 200 euroko dirulaguntza emanen da orduko, eta barnean hartuko du prestatze lana. Hizlari batek baino gehiagok parte hartzea dakarten hitzaldi, eztabaida, mahai-inguru eta gainerako jarduera jendetsuei dagokienez, muga hori horretan parte hartzen duten hizlari guztien artean banatuko da.

5. artikuluak adierazten duen bezala, ez dira diruz lagungarriak izanen unibertsitateek beste eremu batzuetan eskain dezaketen prestakuntza eskaintzako jarduerak (bikoiztuta egoteagatik), adibidez, kultur ikastaroak.

Ez dira diruz lagunduko katedraren barneko langileria gastuak, unibertsitatearen jarduera arruntarenak, ez eta idazkaritzako, kudeaketako eta gisako gastuak ere. Zeharkako gastuak ere ez dira inola ere lagunduko, urtebetetik gorako bizitza baliagarria duten ekipamendu informatikoak edo antzekoak barne.

Unibertsitateko langileek egindako lanaren kostua diruz laguntzen ahalko da, baldin eta langile horiek hizlariak badira hitzaldi eta ikastaroetan. Horretarako, dagokion faktura egin beharko da zerbitzu horiek egiteagatik.

Jasandako BEZa justifikatu beharreko zenbatekoan sar daiteke, unibertsitate eskatzailearen jarduerei aplikatzen ahal zaien BEZeko salbuespenari dagokion zati proportzionalean. Horretarako, unibertsitate zentroek egiaztagiri fiskala aurkeztuko dute.

Diru-sarrerak dituzten jarduerengatik aurreikusitako diru-sarrerak (adibidez, parte-hartzaileen matrikulak) gastuen aurrekontuan sartu beharko dira, eta guztizko zenbatekoa txikiagotuko dute.

8. artikulua. Hautaketa irizpideak eta prozedura.

Dirulaguntza hauek norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, objektibotasun, gardentasun, berdintasun, publizitate eta diskriminaziorik ezeko printzipioekin bat.

Laguntzak emateko, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuko dira katedra bakoitzak aurkeztutako proiektuak, aurreko artikuluetan ezarritako mugak errespetatuz: gehieneko zenbatekoa katedra bakoitzeko, eta gehieneko katedra kopurua unibertsitate zentro bakoitzeko.

Prozedura instruitzeko organo eskuduna Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusia da, eta, haren barnean, Unibertsitateen Zerbitzua.

Balorazio batzorde batek ebaluatuko ditu eskaerak. Batzorde hori Unibertsitateen Zerbitzuko teknikariek osatuko dute, eta Nafarroako Gobernuko beste unitate batzuetako teknikarien laguntza eskatzen ahalko dute.

Eskaerak irizpide hauek kontuan hartuz ebaluatuko dira:

a) 30 puntu, gehienez, proiektuaren egokitasun, kalitate eta koherentziagatik.

b) 30 puntu, gehienez, proiektuaren berrikuntza eta eraginagatik. Bereziki baloratuko da jarduerak Nafarroako hainbat eskualde geografikotan egitea.

c) 20 puntu, gehienez, proposamenaren bideragarritasunagatik eta baliabideen eta proiektuaren arteko egokitzapenagatik.

d) 10 puntu, gehienez, proiektua garatzen duen katedraren esperientzia eta gaitasun operatiboagatik.

e) 10 puntu, gehienez, katedrarako aurreikusitako webgunearen diseinuaren kalitate eta originaltasunagatik.

Unibertsitate baten eskaerek puntuazio bera lortzen badute, lehenbiziko irizpidean puntu gehien lortu duena lehenetsiko da. Berdindurik jarraitzen badute, bigarren irizpidean puntu gehien lortu dituena lehenetsiko da. Berdindurik jarraitzen badute, hirugarren irizpidean puntu gehien lortu dituena lehenetsiko da. Berdindurik jarraitzen badute, unibertsitate zentroak erabakiko du zer katedra lehenetsi.

Gutxienez 60 puntu lortu behar dira dirulaguntza jasotzeko aukera izateko.

9. artikulua. Deialdia ebaztea eta laguntzak ematea.

Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, eta eskaerak ebaluatu ondoren, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak, hilabeteko epean, ebazpen bat emanen du laguntzak emateko. Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Hezkuntzako atarian argitaratuko da, eta interesdunei jakinaraziko zaie, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan ezarritako moduan.

Gastuen aurrekontua eta ebazpen horretan onesten den laguntza ezin izanen dira gainditu behin betiko laguntzaren justifikazioan eta ordainketan.

10. artikulua. Proiektuetako aldaketak.

Proiektu bakoitzari dagokion guztizko zenbatekoa alda daiteke proiektua gauzatzean, aurrekontuan hasieran aurreikusitako zenbatekoen +-%10 tartean. Hasieran onartutako aurrekontua ez da inola ere handituko horren ondorioz.

Proiektua gauzatzean kronograma edo aurreikusitako jarduera bat aldatu behar bada, edo proiektuen guztizko zenbatekoetan aurreko paragrafoan adierazitako %10eko tartetik gorako aldaketak badira, proiektuaren arduradunak justifikazio arrazoitua aurkeztuko du.

11. artikulua. Ordainketa eta justifikazioa.

Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du dirulaguntzaren ordainketa baimentzeko, onuradunek Hezkuntza Departamentuko Erregistroan proiektuen justifikazio-txostena aurkeztu ondoren 4. artikuluan adierazitako epearen barnean: azaroaren 15a baino lehen. Nolanahi ere, aurkezteko azken egunak bete beharko du Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak aurrekontua ixteko emanen duen arauan xedatutakoa.

Azken txostenak bi atal izanen ditu: memoria ekonomikoa eta memoria akademikoa.

A.–Justifikazio ekonomikoa - Memoria ekonomikoa.

Proiektuetako gastuen laburpena aurkeztuko da, dagozkien fakturak xehakaturik, 3. eranskineko ereduari jarraikiz.

Gastua justifikatzeko, fakturen fotokopiak eta egiaztatzeko moduko ordainagirienak aurkeztu beharko dira. Faktura elektronikoaren kasuan, haren bisualizazioaren kopia inprimatua emanen da.

Hizlariek aurkezten dituzten fakturetan zehaztu beharko da zenbat ordu egin duten zerbitzuan.

Deialdi honetan aurkezten diren proiektuetako jarduerak garatzeko asmoz dedikazio zuzen eta esklusiboarekin kontratatzen diren langileen gastuaren kasuan, kontratua aurkeztu beharko da. Horrez gain, unibertsitateko langileria arduradunak egindako ziurtagiria erantsiko da, non adieraziko baita kontratazio horren kostua; bertan zehaztu beharko da nola banatzen eta egozten den kostu hori langile horien parte-hartzea izan duten proiektuetako bakoitzean.

Laguntza horien zenbatekoa laguntzaren xedeko proiektuak egitean zuzenean sortzen diren gastuei aplikatzen ahal zaie soilik, deialdi honen 7. artikuluan zehaztutakoa kontuan harturik. Gastuen ordainagirien eguna, hots, fakturena, 2019. urtekoa izanen da. 4. artikuluan ezarritako justifikazio epea bukatu aurretik egiazki ordaindu diren gastuak soilik izanen dira diruz lagungarriak. Justifikazioa aurkeztean ordaintzeko epea indarrean duten gastuen kasuan, ordaintzeko epe gehigarri bat izanen da, 2019ko abenduaren 13ra artekoa, ordainagiriak aurkezteko.

Diru-sarrerak izan dituzten jardueren kasuan, diru-sarrera horiek zenbatu eta justifikatu beharko dira (adibidez, parte-hartzaileen matrikulak). Diru-sarrera horiek jardueren gastuetatik kenduko dira jarduera horietan diruz lagundu daitekeen kostua kalkulatzean.

B.–Justifikazio akademikoa - Memoria akademikoa, edo jardueren memoria.

Jardueren urteko memoria erantsi beharko zaio egindako gastuaren justifikazio ekonomikoari. Memoria horretan, urtean egindako proiektu eta jarduerak zehatz-mehatz azalduko dira, deialdi honen kargura finantzatu badira.

Unibertsitateen Zerbitzuari agiri hauek aurkeztuko zaizkio, ahal dela, euskarri digitalean:

–Antolatutako jardueren material didaktikoa, formatu digitalekoa: zabaldutako materialaren dokumentazioa (diapositibak, idazkiak eta abar), jendaurreko hitzaldi edo jardunaldien grabazioak, eta katedra bakoitzak erabilitako gainerako materiala (jardueren justifikazioan aurkeztu beharrekoa, eta haien web-orrietan jendaurrean jarri beharrekoa).

–Antolatutako jardueren gaineko publizitatea komunikabideetan, eta prentsan edo komunikabideetan jarduera horiek aipatzen dituzten artikuluak.

–Triptikoak edo informazio agiriak, jarduerak ezagutarazteko xedez prestatuak.

–Beste edozein bitarteko, jarduerak egiazki egin direla justifikatzeko.

12. artikulua. Onuradunek bete beharrekoak.

a) Hautatutako proiektua gauzatzea aurkezturiko proposamenean aurreikusi zen gisan.

b) Proiektuaren aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egin daitezkeen bitartean.

c) Proiektuak 2019ko azaroaren 15a baino lehen amaitzea.

d) Proiektuaren azken txostena 2019ko azaroaren 15a baino lehen aurkeztea. Jardueren memoria eta memoria ekonomikoa izanen ditu. Memoria horiek laguntzen ordainketa justifikatzeko erabiliko dira.

e) Web-orri bat konfiguratzea, non egindako jarduerak jasoko baitira, Hezkuntza Departamentuaren ekarpena adierazita.

f) Programen zabalkundea egiteko jarduera, web-orri eta inprimaki guztietan, Nafarroako Gobernuak emandako laguntza aipatzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

g) Argitaratzen diren funts bibliografikoak behar bezala banatzen direla bermatzea.

13. artikulua. Laguntzen bateragarritasuna.

Laguntza hauek aurkeztutako proiektuen gastu justifikatu guztiak finantzatzen dituztenez, 2. artikuluan aipatzen den muga kontuan hartuta, bateraezinak izanen dira katedrek proiektu horietarako jasotzen dituzten beste edozein laguntzarekin edo kanpoko finantzaketarekin. Horretarako, onuradun bakoitzak, bai eskaera egitean, bai azken justifikazio ekonomikoa aurkeztean, ziurtagiri bat aurkeztu beharko du, adierazteko deialdi honetan aurkeztutako proiektuek ez dutela jaso beste laguntza edo kanpoko finantzaketarik.

14. artikulua. Laguntzen araubide juridikoa.

Oinarri hauetan xedatuta ez dagoen orotan, arau-hausteen eta zehapenen araubidea barne, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarririkoa izanen da.

15. artikulua. Errekurtsoak.

Oinarrien eta horiek aplikatzeko ematen diren egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

1. ERANSKINA

Eskabide-orria.

2. ERANSKINA

Gastuen aurrekontua.

3. ERANSKINA

Gastuen justifikazioa.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1902936