61. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

33/2019 EBAZPENA, otsailaren 8koa, Barneko zuzendari nagusiak emana, dirulaguntzetarako deialdi bat onesten duena, 2019rako, suhiltzaile boluntarioen udal elkartea duten eta, haren funtzionamenduan laguntzeko, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuarekin lankidetzarako esparru-hitzarmena sinatu duten Nafarroako udalentzat. DDBN identifikazioa: 439227.

Irailaren 9ko 198/2015 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera, Barne Zuzendaritza Nagusiari dagokio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak babes zibilaren eta larrialdien arloetan dituen zerbitzuak kudeatzea.

Bestalde, udalak dira larrialdi egoera bati aurre egiteko oinarrizko eta lehen instantzia. Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko 8/2005 Foru Legearen 27. artikuluak udalei aitortzen die babes zibilaren udal egitura bat sortzeko ahalmena.

2016ko maiatzaren 18an lankidetzarako esparru-hitzarmen bat sinatu zen Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren eta Agoitz, Bera, Goizueta, Izaba, Leitza, Lesaka eta Luzaideko udalen artean suhiltzaile boluntarioen elkarteentzat, babes zibilaren arloan. Horren bidez, larrialdiak kudeatzeko sistema publikoan sartu ziren eta ahalbidetu zen babes zibilaren eta larrialdietako arretaren eremuan mobilizatzea, eta ekintza koordinatu baterako jarraibideak ezarri ziren. Horretan oinarriturik, Nafarroako Gobernuak, Barne Zuzendaritza Nagusiaren bidez, konpromisoa hartzen du parkeen jardueretarako diru-laguntzak emateko.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarrita dago. Artikulu horrek xedatzen du ezen, dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko dituela. Horrela, dirulaguntza jasotzeko moduan daudenek eskuragai izanen dituzte, eta segurtatuko dira publizitatearen, gardentasunaren, konkurrentziaren, objektibotasunaren, berdintasunaren, bereizkeriarik ezaren eta kontrolaren printzipioak.

Horrenbestez, ikusirik espedientean dauden txostenak, eta Ogasun Departamentuaren kontu-hartzaile delegatuaren aldeko txostena dagoenez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 198/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Suhiltzaile boluntarioen udal elkartea duten Nafarroako udalentzako dirulaguntzetarako deialdia onestea, 2019. urtean haren funtzionamenduan laguntzeko. Deialdiaren oinarriak ebazpen honen eranskinean ageri dira.

2. Guztira 205.000,00 euroko gastua baimentzea, honelaxe banaturik:

• 159.000,00 euro, 2019ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Udalentzako dirulaguntza, suhiltzaile boluntarioentzat” izeneko 050006 02800 4609 134200 partidaren kargura, suhiltzaile boluntarioen parkeetako gastu arruntetarako.

• 46.000,00 euro, 2019ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Udalentzako dirulaguntza, suhiltzaile boluntarioentzat” izeneko 050006 02800 7609 134200 partidaren kargura, suhiltzaile boluntarioen parkeetako inbertsioen gastuetarako.

3. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Oinarri arautzaile hauen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek –ez administrazio publikoek–, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari zuzendua, araudia argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute administrazio publikoek, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, deusetan galarazi gabe aurretik errekerimendua egin ahal izatea Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

5. Ebazpen hau igortzea Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuari, Babes Zibilerako Zerbitzuko Boluntarioen Bulegoari, Suhiltzaileen eta Babes Zibilaren arloetako Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegoari, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak departamentu honetan duen kontu-hartzailetza delegatuari eta Nafarroako Aldizkari Ofizialari.

Iruñean, 2019ko otsailaren 8an.–Barneko zuzendari nagusia, Agustín Gastaminza Oiz.

OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Xedea eta helburua.

Deialdiaren xedea da 2019. urtean suhiltzaile boluntarioen udal elkarteen funtzionamenduan laguntzeko Barne Zuzendaritza Nagusiak emanen dituen laguntza ekonomikoak arautzea, alderdiek 2016ko maiatzaren 18ko esparru-hitzarmenean adostutakoaren arabera.

Diruz laguntzen den jarduerak onura publiko eta soziala du; izan ere, babes zibilarekin lotutako zerbitzu emate guztiak zerbitzu publiko gisa hartu behar dira, zalantzarik gabe, eta administrazio publikoekin batera jarduteko libreki eta beren borondatez elkartzen diren boluntarioen sustapena ere gisa horretara hartu behar da.

Suhiltzaile boluntarioen elkarteak zein bere udal esparruan eta ondoko ingurune geografikoan aritzen dira, eta, elkarrekin adostuta, beste eremu batzuetan aritzeko ere ematen ahal zaie abisua.

2. Aurrekontu egozpena eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

Dirulaguntzaren zenbatekoa honako hau izanen da (2019ko aurrekontuko partiden arabera):

• 159.000,00 euro, gastu arruntetarako, “Udalentzako dirulaguntzak (gastu arruntak), suhiltzaile boluntarioentzat” izeneko 050006 02800 4609 134200 partidaren kargura.

• 46.000,00 euro, inbertsioetarako, “Udalentzako dirulaguntzak (inbertsioak), suhiltzaile boluntarioentzat” izeneko 050006 02800 7609 134200 partidaren kargura.

3. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Suhiltzaile boluntarioen udal elkarte bat duten eta babes zibilaren arloan Nafarroako Gobernuarekin lankidetzarako esparru-hitzarmen bat sinatu duten Nafarroako udalak izaten ahal dira laguntza hauen onuradunak.

Orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

4. Eskabideak eta nahitaezko agiriak aurkeztea.

Alkateak edo tokiko korporazioko idazkari lanetan ari denak sinatuta aurkeztuko dira eskaerak, oinarri hauen I. eranskinean jasotako eskabide ereduari jarraituz; eranskin horretan adierazitako dokumentazioa gehituko da nahitaez.

Laguntzen eskaerak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, orrialde honetatik abiatuta: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/4537/Registro-General-Electronico1 Edo, bestela, Nafarroako Gobernuaren Atariko Tramiteen Katalogoan deialdi honen fitxan dagoen estekatik abiatuta.

Eskaerak Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzura, Boluntarioen Bulegora, igorri beharko dira.

Dirulaguntzarako eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66. artikuluan ezarritako baldintzetakoren bat betetzen ez bada, interesdunari errekerimendua eginen zaio, errekerimendua egin eta hamar egun balioduneko epean okerra zuzentzeko, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Interesdunen batek bertaratuta aurkezten badu eskaera, elektronika bidez aurkeztuz zuzen dezala eskatuko zaio. Ondorio horietarako, eskaeraren aurkezpen eguna zuzenketaren eguna dela ulertuko da.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

5. Gastu diruz lagungarria.

Suhiltzaile boluntarioen udal elkarteen funtzionamendurako eta haien parke, ekipamendu eta ibilgailuen mantentze-lanetarako behar diren gastuak izanen dira lagungarriak, eta zehazki:

–Funtzionamenduko gastu arruntak:

  • Suhiltzaile boluntarioen udal elkarteko pertsonen eta ibilgailuen aseguruak.
  • Ibilgailu bereziak gidatzeko baimenak lortzeko gastuak.
  • Langileen ekipamendua.
  • Suteen aurkako ordezko material xehea.
  • Ura eta hondakinak, argindarra, gasa.
  • Telefonia mugikorra, telefonia finkoa, Internet.
  • Material xehea, osasun arloko materiala.
  • Esku hartzeko ibilgailuen eta beste ekipamendu batzuen erregaia, ordezko piezak, konponketak eta IATak.
  • Beste ekipamendu batzuen eta instalazioen konponketa.
  • Eraikinen konponketa.
  • Bulegoko material suntsigarria.
  • Esku-hartzeetarako material suntsigarria: apar-hautsa, sepiolita, koipegabetzailea eta abar.
  • Langile boluntarioen prestakuntza.
  • Maniobra eta esku-hartzeetan sortutako gastuak.
  • Esku hartzeko ibilgailuen eta ekipamenduen alokairua (bere modalitate guztietan).

–Herritarrei ematen dizkieten zerbitzuak gauzatzeko beharrezkoak diren inbertsioak:

  • Parkeko eraikinetako obrak, hura aldatzen dutenak, fatxadak barne, proiektu teknikoa behar dutenak.
  • Material inbentariagarria erostea larrialdietarako eta suhiltzaile boluntarioen elkartearen funtzionamendurako.
  • Ibilgailuak, motorrak, itsasontziak eta motoponpak eta bestelako ekipamendua erostea, larrialdietan esku hartzeko.

Erosketaren gastua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

–Dirulaguntzaren xedetik propio baztertzen dira gastu hauek:

  • Parkeko beharrei ez dagozkienak.
  • Zehaztugabeko gastuak.
  • Maniobra eta esku-hartzeetatik kanpoko otorduak.

6. Balorazio irizpideak.

Eskaerak baloratzeko, aurrekontu zenbatetsiak aurkeztu beharko dira, honela banatuta:

1. Ohiko gastu arruntak:

  • Boluntarioen eta ibilgailuen aseguruak.
  • Ibilgailuen azterketa teknikoko gastuak eta ibilgailuen zergak.
  • Anoa-hornidurako gastuak praktiketan, maniobretan eta esku-hartzeetan, eta prestakuntza gastuak.
  • Erregai gastuak eta ibilgailuen mantentze-lanen gastuak.
  • Ohiko beste gastu arrunt batzuk, esku-hartzeetarako berariazkoak
  • Ohikoak diren beste gastu arrunt batzuk, berariazkoak ez direnak (telefonia, Internet, argindarra, gasa, bulegoko materiala eta abar).

Aurkezten diren aurrekontuek erabat errealistak eta zehatzak izan behar dute, eta, hala, aurreko urtean egindako eta justifikatutako zenbatekoen zentzuzko %10 ez da gaindituko, ez bada behar bezala frogatzen eta arrazoitzen.

2. Gastu arruntak, ohiz kanpokoak:

  • Larrialdietako eta suhiltzaileen ibilgailuak gidatzeko berariazko baimenak lortzea.
  • Arropak, ekipamendu pertsonala eta berariazko materiala esku-hartzeetarako.
  • Esku hartzeko ibilgailuen eta ekipamenduen alokairua (modalitate guztietan).
  • Ohikoak ez diren beste gastu arrunt batzuk.

3. Inbertsioak:

  • Eraikinetako obrak.
  • Suhiltzaile boluntarioen elkartearen segurtasunerako eta funtzionamendu egokirako ezinbestekoak diren elementu inbentariagarriak erostea.
  • Ibilgailuak, motorrak, motoponpak eta bestelako ekipamendu inbentariagarriak erostea, larrialdietan esku hartzeko.
  • Bestelako inbertsioak.

–Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak honako irizpide hauen arabera emanen dira, eta honako ordena honetan (partidetako zenbatekoak zer ordenatan emanen diren zehazten du, eta haietan zer gelditzen den, horren banaketa):

  • Pertsona eta ibilgailuen istripu aseguruak: %100eko diru-laguntza izanen dute, ezinbestekoak direlako boluntarioen segurtasunerako, betiere aurreko urtean justifikatutako zenbatekoen %10 gainditzen ez bada, non ez dagoen behar bezala justifikatutako arrazoirik.
  • Ohiz kanpoko gastu arruntak: eskatutakoen artean, %100eko dirulaguntza emanen da, baldin eta 7. oinarrian ageri den batzorde teknikoak ezinbestekotzat jotzen baditu segurtasun arrazoiengatik, edo beharrezkotzat, parkearen funtzionamendua edo haren ekintza arriskuan ez jartzeko.
  • Ohikoak diren gainerako gastu arruntak (aseguruak izan ezik) eta ohiz kanpoko gainerako gastu arruntak (%100eko dirulaguntza dutenak izan ezik): gastu arrunten partidan gelditzen den zenbatekoaren arabera emanen da dirulaguntza, kontzeptu horietarako aurkeztutako aurrekontuen proportzioan.
  • Inbertsioak: eskaerei %100eko dirulaguntza emanen zaie, baldin eta 7. oinarrian ageri den batzorde teknikoak ezinbestekotzat jotzen baditu segurtasun arrazoiengatik, edo beharrezkotzat parkearen funtzionamendu edo ekintzarako.
  • Eskatzen diren gainerako inbertsioen kasuan, inbertsioen partidan gelditzen den zenbatekoaren arabera emanen da dirulaguntza. Suhiltzaile boluntarioen elkartearen jarduerarako lehentasunezkotzat jotzen diren inbertsioen kasuan, osorik diruz lagunduko dira. Gainerako erosketen kasuan, aurkezten eta arrazoitzen diren eskaeren proportzioan diruz lagunduko dira.

7. oinarrian aurreikusitako batzorde teknikoak eginen duen beharren balorazioa errazteko, erosketa edo obra eskaera bakoitza egoki argudiatu, frogatu eta azaldu behar da.

7. Tramitazio eta ebaluazio organoak.

Barne Zuzendaritza Nagusia izanen da laguntzak emateko prozedura instruituko duen organo eskuduna.

Kide hauek osatutako batzorde teknikoak baloratuko ditu eskaerak:

–Epaimahaiburua: Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko zuzendaria.

–Epaimahaikidea: Babes Zibilerako Zerbitzuko zuzendaria.

–Idazkaria: Boluntarioen Bulegoko burua.

Batzordeak beharrezkotzat jotzen dituen egiaztapenak edo informazio eskariak egiten ahalko ditu, aurkeztutako eskaera bakoitza zehatz-mehatz baloratu ahal izateko.

Batzorde horrek eskaerak ebaluatuko ditu, eta haren irizpena loteslea izanen da. Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko zuzendariak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdia ebazteko proposamena eginen dio Barneko zuzendari nagusiari.

6. oinarriko irizpideen arabera proposatzen diren zenbatekoek zehaztuko dute zenbatekoa den dirulaguntza osoa udal bakoitzaren gastu arrunt eta inbertsioetarako. Zenbateko horiek egotzi eta gauzatuko dira aipatu oinarrian ezarritako lehentasunaren arabera (lehenik %100eko dirulaguntza dutenak, eta gero besteak), kontuan hartuta aurrekontutik desbideratzeak egon litezkeela azken gastuan. Lehentasun irizpidea lehenetsiko da, aurrekontuaren irizpidearen aurretik.

8. Dirulaguntza emateko ebazpena.

Barneko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez emanen dira dirulaguntzak, eta hartan dirulaguntzak hartzen dituzten entitate eskatzaileak, dirulaguntzen helburua eta zenbatekoa agertuko dira, baita ezesten diren gainerako eskaerak ere, halakorik bada, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala.

Interesdunek ebazpen horren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

9. Onuradunen betebeharrak.

I.–Dirulaguntza jasotzen duten udalek honako betebehar hauek izanen dituzte:

–Dirulaguntzak ematen dituen ebazpen proposamena egiten den unean, zerga betebeharrak egunean izatea.

–Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egitean, betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteak izatea.

–Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainontzeko dokumentuak behar bezala auditatuta izatea, legeriak eskatutako moduan.

–Deialdi honen barreneko xede eta helburuetarako erabiltzea laguntza, ez beste edozertarako.

–Organo emaileari frogatzea egoki egin direla diruz lagundutako jarduerak, eta egoki gauzatu gastuak.

–Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izaten ahal diren bitartean.

–Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.

–Jarduera Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin egin dela aipatzea edozein eratako iragarkietan edo publizitatean.

–11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren kasuetan, hartutako funtsak itzultzea.

–Lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

–Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta handik hilabeteko epean, dirulaguntzen entitate onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztea, V. eranskineko ereduaren araberakoa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretua betetzearren, dekretu horrek arautzen baititu Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak. Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

II.–Orobat, laguntzaren xedeari buruz, Udalak betebehar hauek ditu:

–Boluntarioak aseguratuta izan beharko ditu.

–Elkartearen jardueretan erabiltzen diren ibilgailu guztiak aseguratuta izan beharko ditu.

–Diruz laguntzen den jarduera esparru-hitzarmenean adierazitako moduan gauzatu beharko du.

–Organo emaileari komunikatu beharko dio diruz lagundutako jardueren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den une berean, baldin eta jarduerak aldatzea ekartzen badu. Edozein aldaketa egiteko, Babes Zibilerako Zerbitzuaren adostasuna beharko da; hori ofizioz emanen da baldin eta aldaketak onetsitako laguntza funtsean aldatzen ez badu, ebaluazio batzordearen ustean.

–2019ko urriaren 31 baino lehen egitea eraikinetako obrak edo erostea ibilgailuak eta material inbentariagarria, 6. oinarriaren arabera “%100eko dirulaguntza” izan badezakete.

–Ondasun inbentariagarriak erosi, eraiki, birgaitu eta hobetuz gero, onuradunek ondasunak dirulaguntzaren helbururako erabili beharko dituzte, horien balio-bizitzan, Sozietateen gaineko zergaren erregelamenduan adierazitako amortizaziorako gehieneko epeen taula ofizialen arabera (Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamendua onesten duen abenduaren 20ko 114/2017 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori). Erregistro publikoan inskribatzen ahal diren ondasunak izanez gero, eskrituran adierazi beharko da inguruabar hori, bai eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa ere; halaber, erregistro publikoko inskripzioan zehaztasun horiek jasoko dira. Ondasunen xedeari buruz ezarri den baldintza betetzen ez bada, eta, betiere, ondasuna besterentzen bada edo kargaren bat ezartzen bazaio, dirulaguntza itzuli egin beharko da, 11/2005 Foru Legearen 24. artikuluko 4. eta 5. apartatuetan ezarritako moduan.

–Gidabaimen berezia lortzeko dirulaguntza eman zaion boluntarioari eskatzea sina dezala udalarekin 4 urtez, gutxienez, irauteko konpromisoa eta taldeko jardueretan parte hartzekoa.

Oinarri hauetan propio jasotakoez gain, 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako guztiak Udalaren betebeharrak dira.

10. Ordainketa, eta justifikatzeko epea eta modua.

Babes Zibilerako Zerbitzuko zuzendariak txostena egin ondoren ordainduko da dirulaguntza, baldin eta ordaintzeko eskaera 2019ko azaroaren 8an edo lehenago aurkezten bada. Eskaera Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez aurkeztuko da, honako agiri hauekin batera:

a. Ordaintzeko eskatzen den unera arte egindako jarduerei buruzko memoria teknikoa. Azaldu beharko dira egin diren jarduerak, zerbitzuarekin lotura zuzena dutenak, prestakuntza ekintzak, entrenamenduak eta maniobrak, baita esku-hartze operatiboak ere. Azaldu beharrekoak dira, orobat, material eta ekipamenduen erosketak eta kontratatutako hornidurak eta zerbitzuak, gastu arruntetan ez daudenak, hala nola aparteko konponketak, gidabaimen bereziak lortzea, etab. Dokumentua Word formatuan aurkeztuko da.

b. Zer gastu egin diren eta gastu horiek egindako jarduerekin eta dirulaguntzaren xedearekin bat datozela azaltzeko txostena edo deklarazioa, idazkariak/kontu-hartzaileak sinatua eta alkatearen ikus-onespena duela, eta, horrekin batera, fakturen zerrenda eta azalpen taula bat, Barne Zuzendaritza Nagusiak emandako formatuan, lagungarria izanen baita ezarritako baldintzak bete direla egiaztatzeko, laguntza behar bezala justifikatzeko eta kontabilitatearen jarraipena egiteko.

c. Fakturak, ordainketen frogagiriekin batera. Aurreko b) puntuan adierazitako zerrenden ordena berean aurkeztuko dira.

Udal idazkariak, fede-emaile publikoa den aldetik, ahalmena izanen du fakturen eta ordainketen frogagirien ordez idazkariaren ziurtagiri bat aurkezteko, toki entitateko alkate udalburuak ikus-onetsia, b) puntuko fakturen zerrendekin batera, fede emanez egiaztatu duela zerrendetan aipatzen diren datu guztien egiazkotasuna. Datu hauek azaldu beharko dira, gutxienez, kontabilitateko dokumentu bakoitzeko:

  • Hornitzailea.
  • Fakturaren edo ordainagiriaren zenbakia.
  • Zenbatekoa.
  • Ordainketaren data.
  • Kontzeptua. Behar bezain zehatza eta osoa izan beharko du, gastuak dirulaguntza izan dezakeen egiaztatu ahal izateko.

Aipatutako ordena eta blokeak mantendu beharko dituzte zerrendek, baita batuketa partzialak ere, eta Excel formatuan aurkeztuko dira.

Kudeaketa unitateak agertzen duen edozein zalantza argitu eta zehazteko beharrezkoa den informazio guztia eman beharko du idazkariak.

d. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideei buruzko erantzukizunpeko adierazpena, VI. eranskinaren arabera.

e. Egindako gastuaren erabilera eraginkorra bermatzeko, gidabaimen berezia lortzeko dirulaguntza eman zaion boluntarioari eskatuko zaio sina dezala udalarekin 4 urtez, gutxienez, irauteko konpromisoa eta taldeko jardueretan parte hartzekoa; konpromiso hori gastuen justifikazioan sartuko da.

Dirulaguntzak badu aldi bat. Ekitaldia aurreko urteko azaroaren 1ean hasten da eta aurtengo urriaren 31n bukatzen. Horregatik onartzen dira 2018ko azken bi hilabeteetako gastuak, lehenago ez badira diruz lagundu; aldiz, 2019ko azarokoak eta abendukoak hurrengo ekitaldiko deialdian aurkez daitezke.

Frogatzea eta horren ondoriozko ordainketa zatika egin daitezke, justifikazio partzialak eginez fakturen eta ordainagirien bidez, zerrendak eta deskribapen laukiak erantsiz, bai eta egindako jardueren memoria teknikoa ere, eta eskatutako gainerako agiriak, justifikatutako aldi edo jarduerari dagokienez. Azken ordainketan behar diren doikuntzak eginen dira, eta baldintza honetan eskatzen diren gainerako dokumentuak bilduko dira.

Erosketak eta obrak urriaren 31 baino lehen bukatu behar dira; horrela, azken ordainketari begira, urtea bukatu baino lehen frogak aurkeztu eta kitatu ahal daitezen.

Ibilgailuen berariazko gastuak, eskaerako zerrendan ageri diren ibilgailuen matrikularekin identifikatuta aurkeztu beharko dira. Hornitzailearen kontu orokorren kasuan, udalak egiaztatuko du ibilgailu horiei dagokien zatia. Orobat, egiaztatuko da hornidurak (telefonia, Internet, argindarra, gasa eta abar) diruz laguntzeko parkekoak direla.

Fakturak legearen arabera egin beharko dira, fakturazio betebeharrak arautzen dituen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituz. Udalaren gastuak eta zerbitzuak biltzen dituzten fakturen kasuan, boluntario unitate bakoitzari dagokion kopurua zehaztuko da.

11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa denean obra gauzatzeko kostuaren kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa aholkularitza edo laguntza enpresek egindako ekipo ondasunen horniduraren edo zerbitzu prestazioen kasuan, entitateak frogatu beharko du proiektua eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina entitaterik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen.

Kontzeptu diruz lagungarriak zehaztuta daude 6. oinarriaren arabera. Hortaz, diruz laguntzen ahal den gastu gehiagorik ez da sortuko. Urtean zehar aparteko aldaketak izan behar baditu eskaerak, udalak kontzeptuak aldatzeko edo gehitzeko eskatu beharko du arrazoitutako idazki batean, eta kudeaketa-unitatearen esku izanen da kontzeptu diruz lagungarri berri horiek edo aldaketa horiek onartzea ala ez.

11. Beste dirulaguntza batzuk jasotzea eta haiekiko bateragarritasuna.

Hitzarmen honetan jasotako laguntzak bateragarriak dira jarduera berengatik jasotzen ahal diren beste batzuekin. Nolanahi ere, dirulaguntza hauen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza batzuekin batuta, gauzatu beharreko jardueraren kostua baino handiagoa. Halakoetan, diruz lagundutako jardueraren kostuaren gaineko soberakina itzuli eginen da, eta dagokion berandutze-interesa eskatuko da.

12. Finantzaketaren publizitatea.

Egiten den edozein iragarki edo publizitate dela eta, elkartea Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin finantzatzen dela aipatuko da.

Jarduerarako ibilgailuek Nafarroako Gobernuaren logotipoa eramanen dute eta 112 zenbakia zabalduko dute larrialdiei arreta emateko zenbaki gisa.

13. Itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.

Itzulketa, arau-hauste eta zehapenen arloan, 11/2005 Foru Legearen 34. artikulutik 37.era eta 42.etik 46.era xedatutakoaren arabera jokatuko da.

14. Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri hauetan espresuki aurreikusirik ez dagoen orotan, 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa eta xedearen araberako gainerako xedapenak aplikatuko dira.

15. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek –ez administrazio publikoek–, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, araudia argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

I. ERANSKINA

Eskaera.

II. ERANSKINA

Suhiltzaile boluntarioen parkerako 2019ko aurrekontua.

III. ERANSKINA

Suhiltzaile boluntarioen udal elkartea osatzen duten pertsonen zerrenda.

IV. ERANSKINA

Suhiltzaile boluntarioen parkeak dituen ibilgailuen eta beste ekipo eta bitartekoen zerrenda.

V. ERANSKINA

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena.

VI. ERANSKINA

Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideei buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1902209