61. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

11E/2019 FORU AGINDUA, otsailaren 7koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baitira Nafarroako Gazteen Entitateen Erroldan inskribaturik dauden gazte elkarteei eta Nafarroako gazteen beste entitate batzuei gazteriaren arloko programetarako eta gazte elkarteentzako ekipamendua erosteko dirulaguntzak emateko 2019ko deialdiaren oinarriak. DDBN identifikazioa: 438849.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua arlo horretako erakunde eskuduna da, Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legearen 34. artikuluan (“Gazte elkarteak eta gazteen beste entitate batzuk”) ezarritakoaren arabera. Kultura, Kirol eta Gazteriako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak sendotu egiten du eskumen hori, bai eta haren estatutuek ere, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren estatutuak onesten dituen abuztuaren 28ko 133/2015 Foru Dekretuan onesten baitira, gazteriaren esparruari berariaz heltzeko. Haren xede orokorra da herritar gazteen eskubideak babestea, gazteek garapen politikoan, sozialean, ekonomikoan eta kulturalean askatasunez eta eraginkortasunez parte hartuz eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko erakundeetan zeharka jardunez.

Bere eskumenak garatzeko, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari dagokio programak eta dirulaguntzak zuzendu eta kudeatzea, besteak beste. Eginkizun hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoaren babesean gauzatuko da; izan ere, haren xedea da Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra arautzea.

Halaber, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak dituen helburuen artean gazteen elkartegintza sustatzea dago, gazteak gizarte-bizitzan integratu eta parte hartzeko modua den aldetik. Horretarako, erraztasunak eman nahi dira elkarte horiek gazteentzako programak egin ditzaten, eta, horretarako, laguntza eman nahi zaie elkarte horiei gazteentzako programak presta ditzaten eta beren egoitza eta jardueretarako ekipamendua eros dezaten.

Berritasun gisa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea indarrean jarri denez, deialdi honetan, bere oinarri arautzaileen arabera, prozedura administratiboaren tramitazio elektronikoan herritarrei eskubidea aitortzen zaie administrazio publikoekin baliabide elektronikoen bidez harremanetan jartzeko, eta, orobat, interesdun jakin batzuk behartuta daude bitarteko elektronikoak erabiltzera Administrazio Publikoekin harremanetan prozedura administratibo baten edozein tramite egiteko. Horren ondorioz, laguntza hauek eman eta ordaintzeko prozeduran egiten diren jarduketa guztien jakinarazpen eta komunikazioak egiteko, gaitutako helbide elektronikora eta herritarren karpetara igorriko da jakinarazpen elektronikoa.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Gazteen Entitateen Erroldan inskribaturik dauden gazte elkarteei eta Nafarroako gazteen beste entitate batzuei gazteriaren arloko programetarako eta ekipamendua erosteko dirulaguntzak emateko 2019ko deialdiaren oinarriak onestea. Oinarriak foru agindu honen eranskinean azaltzen dira.

2. Deialdi honi aurre egiteko, 140.000,00 (ehun eta berrogei mila) euroko gastua baimentzea. Dirua partida hauei egotziko zaie:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A50003-A5220-4819-232100: Gazte elkarteen programetarako dirulaguntzak

2019

130.000,00

A50003-A5220-7819-232105: (E) Gazte elkarteen ekipamenduetarako dirulaguntza

2019

10.000,00

3. Foru agindu hau eta I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Gainerako eranskin eta inprimakiak www.deporteyjuventudnavarra.es/eu webgunean eskuratzen ahalko dira.

4. Foru agindu hau igortzea Gazteriaren Zuzendariordetzari, Administrazio eta Kudeaketa Atalari eta atal horretako Gai Ekonomiko-Administratiboak eta Prozedurak Kudeatzeko Bulegoari.

Iruñean, 2019ko otsailaren 7an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

I. ERANSKINA

Oinarriak

1. Xedea.

Deialdi honen xedea da Nafarroako Gazteen Entitateen Erroldan inskribaturik dauden gazte elkarteei eta Nafarroako gazteen beste entitate batzuei gazteriaren arloko programetarako eta ekipamendua erosteko 2019ko dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea.

Deialdiak onura publikoa dakar, gazteen elkartegintza sustatzea interesgarria delako gizartearentzat eta bide bat sortzen duelako gazteentzat beren bizi-kalitatea hobetuko duten proiektuetan parte hartzeko.

Deialdi honetan proiektuen atalerako 130.000 euro izanen dira, “Gazte elkarteen programetarako dirulaguntzak” izeneko A50003-A5220-4819-232100 partidaren kargura, eta 10.000,00 euro ekipamendua erosteko atalerako, “Gazte elkarteen ekipamenduetarako dirulaguntza” izeneko A50003-A5220-7819-232105 partidaren kargura. 2019ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretakoak dira bi partida horiek.

2. Helburua.

Deialdi honetako dirulaguntzen helburua da Nafarroako Gazteen Entitateen Erroldan inskribaturik dauden gazte elkarteei eta Nafarroako gazteen beste entitate batzuei laguntzea 2019an gazteriaren arloko programak gauzatzeko eta ekipamendua erosteko, gastuen finantzaketa partzialaren bitartez.

3. Entitate onuradunak.

Honako hauek aurkezten ahalko dituzte eskaerak deialdi honen babesean:

3.1. Nafarroako Gazteen Entitateen Erroldan inskribatuta dauden gazte elkarte guztiek. Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren irailaren 18ko 73/2002 Foru Aginduak arautzen du errolda hori.

3.2. Gazteriaren arloko programak garatzen dituzten Nafarroako gazteen elkarteek, legez eraturik eta, indarreko araudiak eskatuz gero, kasuan kasuko erregistroan inskribaturik badaude eskaera aurkezten dutenean, eta baldintza hauek betetzen badituzte:

3.2.1. Irabazi-asmorik ez izatea (irabazi-asmoa duten entitateak berariaz baztertzen dira) eta irabazi-asmoa duten entitate baten mende ez egotea, ekonomikoki zein instituzionalki.

3.2.2. Estatutuetan, gazteriarekin lotutako eta gazteei zuzendutako jarduerak egitea erakundearen xedea dela agertzea.

3.2.3. Egoitza soziala (edo egoitza) eta egoitza fiskala Nafarroako Foru Komunitatean izatea.

4. Kontzeptu diruz lagungarriak.

4.1. Proiektu diruz lagungarrien edukia:

A. Proiektuak hamalau eta hogeita hamar urte arteko gazteentzat izan beharko du, Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legearen 2. artikuluari jarraituz.

B. Diruz laguntzen ahal diren proiektuak batasun bat duten zenbait jardueraz osatuko dira, helburuak lortzera bideraturik plan egituratu bati jarraikiz.

C. Gazteen bizi garapenean laguntzen duten eta/edo gazteek gizartean parte-hartze aktiboa izatea sustatzen duten proiektuek jasoko dute dirulaguntza. Genero perspektiba kontuan hartu behar dute proiektuek.

Aipatu diren proiektuei dagokienez, era honetako ekintzak lagunduko dira diruz:

a) Gazteek prestakuntza eta enplegua izan dezaten laguntzen duten jarduketak.

b) Osasun-hezkuntzako jarduketak.

c) Indarkeria, arrazakeria, xenofobia, sexismoa, homofobia eta intolerantzia prebenitzen duten jarduketak.

d) Emakumeen eta gizonen aukera berdintasunaren aldeko jarduketak.

e) Gazteen parte-hartze solidarioa bultzatzen duten jarduketak, boluntariotzaren, hezkuntzaren eta garapenerako lankidetzaren bidez.

f) Gazteen aisia eta astialdi osasungarria bultzatzen dituzten jarduketak.

g) Gazte elkarteen jarduketak bultzatzen dituzten ekintzak, ingurumenaren kontserbazioan eta aisiaren kultura berri baten erabileran.

h) Gazteen arte eta kultura arloko promozioa dakarten jarduketak.

i) Gazteen parte-hartzea bultzatzen duten ekintzak, herritartasun aktiboa sustatzeko.

j) Gazteen aisialdiko eta astialdiko proiektuak, non baztertzeko arriskuan dauden gazteek eta/edo desgaitasuna duten gazteek parte hartzen baitute.

D. Deialdi honetatik kanpo daude publizitate kanpainak, dokumentalak, argitalpenak eta gidak sustatzen dituzten proiektuak, bai eta aurreikusitako jarduerak egiteko obrak egitea edo material informatikoa eskuratzea helburu dutenak ere.

E. Proiektu horiek 2018ko urriaren 1etik 2019ko irailaren 30era bitarteko epean gauzatu beharko dira.

4.2. Ekipamendu gastuak.

Foru agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten Nafarroako gazte elkarte eta entitateek lortzen ahal dituzte dirulaguntzak ekipamenduaren gastuetarako, baldin eta gazteen jardueren atalerako eskatzen badute dirulaguntza (4.1 oinarria).

Ezin izanen da ekipamendurako laguntzarik eskatu baldin ez bada Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren dirulaguntzarik jaso jardueretarako, gutxienez ere aurreko hiru deialdietako bitan.

Gazte elkarte eta entitateek eska dezakete dirulaguntza elkartearen jarduerak egiteko beharrezkoak diren ekipamendua erosteko gastuetarako, betiere 2018ko urriaren 1etik 2019ko irailaren 30era bitartekoetarako.

5. Dirulaguntzetatik kanpo geratzen diren kontzeptuak eta gastuak.

5.1. Proiektuak egiteko dirulaguntza jasotzen ahal duten gastutzat jotzen dira, oro har, proiektuak gauzatzearekin zuzeneko lotura dutenak, hala nola:

–Garraioko gastuak; halakotzat joko dira garraio kolektiboak, publikoak nahiz pribatuak, erabiltzearen ondorioz sortutakoak.

–Mantenu eta ostatu gastuak irtenaldietan. Irtenalditzat joko dira egoitzatik kanpo gutxienez ere bi gaueko ostatua behar duten jarduerak.

–Dirulaguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko beharrezko material suntsigarrian egindako gastuak.

–Proiektuaren publizitatean eta hedakuntzan egindako gastua.

–Egoitzaren barnean zein kanpoan jarduerak egiteko behar diren aseguruen ordainketa (erantzukizun zibila eta istripuak).

–Zerbitzu profesionalen ordainketa, proiektuek izaeragatik beren arloan aditua den teknikari profesionala kontratatzea eskatzen dutelako.

–Askotariko gastuak, dirulaguntzaren xedeko jarduerarekin zalantzarik gabeko lotura dutenak.

5.2. Foru agindu honetan ezartzen diren baldintzak betetzen dituzten gazte elkarte eta entitateek ekipamenduaren (altzari, tresna eta material inbentariagarrien) erosketa-gastuen kontzeptuengatik eskuratzen ahalko dituzte dirulaguntzak.

Ekipamendurako gastutzat jotzen dira jarduera egiteko beharrezkoa den materiala eskuratzekoak: altzariak eta tresnak, esate baterako: mahaiak, aulkiak, apalategiak, armairuak, kanpadendak eta abar.

Halaber, material inbentariagarrien gastutzat hartuko dira ondasun ez-suntsikorrak, esate baterako: orriak josteko makinak, arbelak, plastifikagailuak, birringailuak, kanpaldi eta zeharkaldietarako materiala: etxetresna elektrikoak, su txikiak, hozkailuak, sukaldeko tresnak eta abar.

Diruz lagungarriak izateko, altzariak, tresneria eta material inbentariagarria erostearen ondoriozko gastuak 2018ko urriaren 1etik 2019ko irailaren 30era bitarte egin beharko dira.

Deialdi honen esparrutik kanpo gelditzen dira ekipamendu informatikoa erostearen ondoriozko gastu guztiak (ordenagailuak, inprimagailuak, ekipamenduen eguneratzea, softwarea, gailu mugikorrak, telefonoak, argazki eta bideo makinak, USBak eta beste gailu digital batzuk).

Gastu diruz lagungarrien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

6. Dirulaguntzetatik kanpo geratzen diren kontzeptuak eta gastuak.

Hurrengoak deialdi honen esparrutik kanpo geldituko dira:

–Irakaskuntzako jarduerak, indarra duten ikasketa planetan aurreikusitakoak, edo hezkuntza formalaren xedea edo edukiak dituztenak.

–Kirol kluben jarduerak eta, oro har, lehiaketako kirol jarduerak.

–Inauteriak, dantzaldiak, txuliaketak, antzezkizunak, kontzertuak, tokian tokiko jaiak, desfileak, lehiaketak eta gainerako jaialdiak, eta ekintza horietan sortutako gastuak.

–Ikasleen elkarteen jarduerak.

–Beste deialdi berariazkoago baten helburu diren jarduerak.

–Bazkari, hamaiketako, askari eta horrelakoen gastuak, irtenaldietako mantenu gastuak izan ezik.

–Elkartetik kanpoko monitoreen ordainsariak eta elkarteetako langileen ordainsariak, horrelakorik badago.

–Gazte elkartearen berezko jarduerak antolatzeko eta gauzatzeko zerbitzu profesionalak kontratatzea.

–Gazte elkartearen erabilera gainditzen duten funtzionamendu gastuak, garatutako jarduerei dagokienez.

–Jarduerarekin zerikusi zuzena ez duten gastuak.

–Gasolinak eta kotxeen alokairuak sortutako gastuak, kanpalekuetara edo zeharkaldietara joateko ez badira.

–Aldizkari, egunkari, telebista-kanal eta abarren harpidetzak.

–Sariak eta opariak.

–Kirol ekipamenduak, jantziak, mozorroak eta abar eskuratzeko gastuak.

–Dirulaguntzatik kanpo daude gauzatu beharreko proiektuarekin zuzenean lotu gabeko gastuak, hala nola, opariak edo zeinahi motatako eskersari edo erregaliak edozein parte-hartzaileri (erabiltzaileak, proiektuak garatzen dituztenak, hizlariak eta abar).

7. Dirulaguntzen gehieneko kopuruak.

7.1. Proiektuak.

Xede honetarako gehieneko kreditua 130.000,00 eurokoa izanen da, guztira. Eskaera guztiei ezin bazaie gehieneko zenbatekoa eman, banaketa proportzionala eginen da.

7.1.1. Aurkeztu eta onartzen den aurrekontuaren %66,66koa izanen da elkarteentzako dirulaguntza, eta 8.000,00 euroko muga izanen da proiektu bakoitzeko.

7.1.2. Lehen fasean, proiektu batek bakarrik izanen du dirulaguntza elkarte bakoitzeko, 11.1.2 oinarriaren araberako gutxieneko puntuazioa lortu badu.

Kasu horretan, kreditua nahikoa ez bada aipatu puntuazioa lortzen duten guztiei aurreikusitako gehieneko kopurua emateko, hainbanaketa eginen da.

Aurreko ebaluazioa eginik, nahikoa kreditu bada proiektu gehiago diruz laguntzeko, bigarren proiektuari helduko litzaioke, eta behar adinako puntuazioa lortzen dutenean, puntuazio handienetik txikienerako ordenan onartuko dira, deialdiaren gainerako zuzkidura agortu arte.

7.1.3. Gastu diruz lagungarrietarako honako muga hauek jarri dira, 4.1) oinarrian aipatzen diren proiektuak gauzatzeari dagokionez:

a) Joan-etorrietako gehieneko gastua 1.500 eurokoa izanen da, joan-etorri bakoitzeko. Banakako txartelen bidezko garraio gastuetarako, tarifa arrunt merkeenaren prezioa ordainduko da (turista maila).

b) Egoitzatik kanpora egiten diren jardueretan, gaua kanpoan ematea beharrezkoa denean, ostatu eta mantenu gastu gehienekoak 28 eurokoak izanen dira, parte-hartzaile eta egun bakoitzeko.

c) Hala behar duten proiektuentzat, profesionalen zerbitzuak kontratatzeko gastuetan, kontratazio horretan egiten den gastua proiektuaren kostuaren %40 izanen da, gehienez ere.

7.2. Ekipamendua.

Xede honetarako gehieneko kreditua 10.000,00 eurokoa izanen da, guztira. Eskaera guztiei ezin bazaie gehieneko zenbatekoa eman, banaketa proportzionala eginen da.

7.2.1. Ekipamendua erosteko dirulaguntzaren ehunekoa aurkeztu eta onartzen den aurrekontuaren %75ekoa izanen da gehienez, eta 1.000,00 euro gehienez ere.

8. Eskaerak aurkezteko toki eta epe orokorrak.

8.1. Dirulaguntzarako eskaerak eta hasierako dokumentazioa Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari zuzenduko zaizkio, eta telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) izapideen katalogoan dagokion esteka erabiliz.

Eskaera Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari zuzendu beharko zaio eta horretarako ezarritako eredu ofizialaren araberakoa izanen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoarekin bat. Ez da aurkeztutzat joko telematikoki aurkezten ez den eskaera. Horrenbestez, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskaera horiek ezin izango dira zuzendu.

8.2. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 30 egun naturaleko epean aurkeztuko dira eskabideak.

8.3. Deialdi honetan eskatzen diren eranskin guztiak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren bulegoetan eta Nafarroako Gobernuaren atarian (www.nafarroa.eus) dagoen tramiteen katalogoaren berariazko fitxan jaso daitezke.

9. Eskaera eta dokumentazioa.

9.1. Dirulaguntzarako eskaerak, xedea edozein izanik ere, aurkezteko, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak emanen dituen ereduak erabiliko dira, edo www.deporteyjuventudnavarra.es web-orrian eta Nafarroako Gobernuko Atariko Zerbitzuen Katalogoan eskura daudenak (II. eranskina-1.-7. fitxak), entitateko buruak sinatuak, agiri hauekin batera:

a) Nafarroako Gazteen Entitateen Erroldan inskribatuta ez dauden gazteen entitateen kasuan:

1. Elkartearen edo entitatearen estatutu indardunak.

2. Elkarteak edo entitateak dagokion erregistroan inskribaturik dagoela egiaztatzeko agiria, araudi indardunaren arabera baldintza hori eskatzekoa denean.

3. Elkartearen edo entitatearen identifikazio fiskaleko agiria (IFZ).

4. Elkartearen edo entitatearen legezko ordezkariaren NANa, eskatzailea denean; bestela, eskabidea sinatzen duenaren NANa eta ordezkaritza frogatzen duen agiria.

5. Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, dirulaguntza eskatzen den lehenengo aldia baldin bada edo datuak aldatu baldin badira.

b) Eskaera guztiekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

9.1.1. Nafarroako Gobernuko Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren ziurtagiria, frogatzen duena Foru Ogasunarekiko zerga betebeharrak egunean dituela. Ziurtagiri horrek hilabeteko antzinatasuna izanen du gehienez. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada egiaztapen hori NKGIk zuzenean egiteko Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuan.

9.1.2. Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak egindako ziurtagiria, gehienez hiru hilabeteko antzinatasuna izanen duena, frogatzen duena eskatzaileak Gizarte Segurantzarekiko betebehar guztiak egunean dituela. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada egiaztapen hori NKGIk zuzenean egiteko Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrean.

9.1.3. Entitatearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, azaltzen duena entitateak ez duela urratzen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntza publikoen onuradun izateko ezarritako debekurik. II. eranskina-1. fitxa.

9.1.4. Erantzukizunpeko adierazpena, sexu-izaerako delituen ziurtagiri negatiboari buruzkoa, gazteentzako jardueretan parte hartu ahal izateko (III. eranskina).

9.1.5. Behar bezala prestatutako eta ekonomikoki baloratutako proiektua. Proiektu horiek, gutxienez ere, helburuak, hartzaileak, metodologia, jardueren deskripzioa, garatu beharreko ekintzen banaketa geografikoa, jardueren egutegia eta aurrekontu zehaztua jasoko dituzte. II. eranskina-3., 4., 5., 6. eta 7. fitxak.

9.1.6. Elkarteak proiektuak prestatzen eta/edo jarduerak eta programak planifikatzen daukan esperientzia jasotzen duten agiriak.

9.2. Ekipamendua erosteko eskaerekin batera, enpresa hornitzaileen aurrekontua(k) aurkeztuko d(ir)a, non azalduko baitira erosi nahi den materiala eta 9.1.1, 9.1.2 eta 9.1.3 oinarrietan aurreikusitako erantzukizunpeko adierazpenak.

9.3. Eskaerak hobeki ebaluatzen laguntzeko, eskatzaileei aurkeztutako proiektuetako informazioa argitzeko eskatzen ahalko die Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak.

10. Antolamendua eta instrukzioa.

10.1. Dirulaguntza hauek eman eta ordaintzeko prozedura antolatu eta tramitatzeko organo eskuduna NKGIko Gazteriaren Zuzendariordetza izanen da.

10.2. Eskaerak hobeki ebaluatu ahal izateko, aurkeztutako edo eskatutako dokumentuetako informazioa zabaltzeko edo hobetzeko eskatzen ahalko die NKGIko Gazteriaren Zuzendariordetzak eskatzaileei.

Aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago edo deialdiko betebeharrak betetzen ez badira, interesdunari errekerimendua eginen zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzendu ditzan 10 egun balioduneko epean, eta, halaber, ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, bere eskaerari uko egin diola ulertuko dela, bidezkoa den ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.

10.3. Gaitutako helbide elektronikora eta herritarren karpetara jakinarazpen elektronikoa igorriz egingo da dokumentazioa osatu edo zuzentzeko errekerimendua, aurreko paragrafoan ezarri dena.

10.4. Baztertu eginen dira epez kanpo aurkezten diren eskaera guztiak, baita datu faltsutuekin igortzen direnak ere.

11. Balorazio irizpideak.

11.1. Proiektuak.

Eskaerak baloratzeko, Ebaluazio Batzorde bat eratuko da, Gazteriaren zuzendariordea buru duela, eta honako hauek kide: Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Ataleko burua, Toki Entitateen eta Gazte Elkarteen Bulegoko burua eta Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko burua edo hark eskuordetutako kontseilukidea. Instrukzio organoak, ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen du.

Ebaluazio Batzordeak arrazoietan oinarrituz baloratuko ditu dirulaguntzak emateko eskaerak, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideei jarraikiz.

11.1.2. Proiektuak honako irizpide hauei jarraikiz eginen dira, eta denak batera baloratuko dira:

a) Proiektua zenbateraino egokitzen zaien deialdi honetako helburuei (35 puntu gehienez).

b) Proiektuaren kalitatea (35 puntu gehienez):

–Jardueren plangintza (10 puntu gehienez).

–Helburu, ekintza eta aurrekontuen arteko koherentzia (10 puntu gehienez).

–Proiektuaren izaera berritzailea (10 puntu gehienez).

–Emaitzen adierazleak (5 puntu gehienez).

c) Proiektuaren onura zenbat bazkidek jasotzen duten (10 puntu gehienez).

–Bazkideen %71 - %100: 10 puntu.

–Bazkideen %41 - %71: 7 puntu.

–Bazkideen %21 - %41: 4 puntu.

–Bazkideen %1 - %21: 1 puntu.

–Parte hartzen duen bazkiderik ez, edo bazkideen %1etik beherako parte hartzea: 0 puntu.

d) Proiektua gauzatzeko, gazte elkarteak jartzen dituen baliabideak (20 puntu gehienez).

70 puntu baino gutxiago lortzen dituzten proiektuek ez dute dirulaguntzarik jasoko.

11.2. Ekipamendua erosteko eskaerak deialdi honen 4.2 eta 7.2.1 oinarrietan ezarritako baldintzen arabera baloratuko dira.

12. Dirulaguntza ebatzi, justifikatu eta ordaintzea.

12.1. Dirulaguntza ebaztea.

12.1.1. NKGIko zuzendari kudeatzaileak ebazpena emanen du, behin ikusita instrukzio organoaren proposamen txostena eta espedientea eta Ebaluazio Batzordearen erabakiak, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 3 hilabetean, gehienez ere. Epe horretan ebazpen espresik eman eta jakinarazten ez bada, eskaera ezetsitzat jo beharko da.

Dirulaguntza eskuratzen duten eskatzaileen zerrenda eta ezesten diren eskaeren zerrenda agertuko dira ebazpenean. Arrazoietan oinarrituz sartuko dira eskatzaileak bi zerrendetan.

12.1.2. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren xedeak eta zenbatekoa agertuko dira. Orobat, dirulaguntza hartuko duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da eta espresuki adieraziko da zein eskaera ezetsi diren, halakorik baldin bada.

12.2. Dirulaguntza justifikatu eta ordaintzea.

12.2.1. Dirulaguntza justifikatzeko agiriak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari zuzenduko zaizkio, eta telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) izapideen katalogoan dagokion esteka erabiliz.

Justifikazioa Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari zuzendu beharko zaio eta horretarako ezarritako eredu ofizialaren araberakoa izanen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoarekin bat. Ez da aurkeztutzat joko telematikoki aurkezten ez den justifikazioa. Horrenbestez, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskaera horiek ezin izango dira zuzendu.

12.2.2. Diruz lagundutako gastu guztia justifikatu beharko da. Justifikazioak aurkezteko epea 2019ko urriaren 11n bukatuko da. Epez kanpo aurkezten diren frogagiriak ez dira onartuko, ez eta datu faltsutuak dituztenak ere.

12.2.3. Deialdi honetan eskatzen diren eranskin guztiak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren bulegoetan eta Nafarroako Gobernuaren atarian (www.nafarroa.eus) dagoen tramiteen katalogoaren berariazko fitxan jaso daitezke.

Justifikatzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

12.2.4. Proiektuak.

a) Proiektuaren txosten orokorra, honako hauei buruzko informazioa zehaztuta: proiektu hori osatzen duten jardueretako bakoitzaren helburuak, iraupena, gauzatzeko tokia, parte-hartzearen kuota eta emaitzen beste adierazle batzuk (IV. eranskina-1.-7. fitxak).

b) Programaren diru-sarreren eta gastuen balantze ekonomikoa, jardueraz jarduera.

12.2.5. Ekipamendua.

a) Dirulaguntzaren xede izanik, ordaindu diren gastu guztien fakturen eta frogagirien zerrenda zehatz eta zenbakitua, 7.2 oinarrian ezarritakoari jarraikiz. Honako hauek jasoko dira: hartzekoduna, fakturaren/frogagiriaren zenbakia eta data, kontzeptua eta zenbatekoa (IV. eranskina-8. fitxa).

12.2.6. Kasu guztietan (12.3 eta 12.4 oinarriak):

a) Gastuak justifikatzeko, jarduera antolatu eta dirulaguntza eskatzen duen elkartearen aldeko fakturak aurkeztuko dira.

Fakturak indarra duen legediari jarraikiz jaulkiko dira, honako datu hauek jarrita: fakturatzen duen enpresaren izena edo sozietate-izena eta IFZ, faktura egiten deneko eguna, zenbakia, kontzeptua, zenbatekoa eta fakturatutako objektu edo kontzeptu bakoitza, zigilua, ordaintzeko modua eta aplikatu den balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa). Faktura jaulkitzen duen entitatea BEZatik salbuetsirik dagoenean, organo eskudunak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da, kasuan kasuko salbuespena egiaztatu eta horretaz fede emateko.

Faktura guztiek ordainketaren frogagiria izan beharko dute.

Honako hauek ez dira inolaz ere onartuko: ordainagiri hutsak, kutxako tiketak, albaranak, dohaintzak, emate-orriak, autofakturak eta froga-baliorik, merkataritzako trafiko juridikoan baliorik eta egindako gastua frogatzeko administrazio eraginik ez duten ziurtagiriak.

Agiriak honela aurkeztuko dira:

Karpeta batean, justifikazioan eskatzen diren agiri guztiak, eta ekintzen fitxak, dataren arabera ordenatuak, fakturekin eta dagozkien ordainagiriekin batera. Fakturak, ordainagiriekin batera, zenbakituak (fakturak eta, hala bada, bere ordainagiriak zenbaki bera dute) eta ordenatuak (Excel orriaren arabera), aurkibide batekin, jarduera zehatz bakoitzerako.

b) Egindako gastuen zerrenda, jarduerak sortutako fakturak xehakaturik. Dokumentu hori paperean eta euskarri informatikoan (Excela) aurkeztu behar da. IV. eranskina-9. fitxa.

c) Dirulaguntzaren xede den jarduera egiteko zer beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo norberaren baliabide lortu diren, zehaztuta zer kopuru eskatu den, entitateen izena eta onartutako zenbatekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 16. artikuluarekin bat (IV. eranskina-2. fitxa).

d) Faktura guztiak ordaindu izanaren frogagiria.

12.2.7. Dirulaguntzak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez ordainduko dira, diruz lagundutako proiektu teknikoa justifikatu ondoren.

a) Gastu diruz lagungarriaren %100 justifikatzen ez bada, burutu den gastua zenbatean murriztu den, proportzio berean gutxituko da dirulaguntza. Horretarako, onuradunak edo entitate laguntzaileak betebeharrak ia osorik bete behar ditu, eta bere konpromisoak zalantzarik gabe betetzeko jarrera frogatu (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2015 Foru Legearen 35. artikulua).

b) Gastuen justifikazioan, fakturen bidez egindakoa, proiektu teknikoan aurkeztu eta onartutako jarduera guztiak adierazi beharko dira.

c) Eskaerak hobeki ebaluatu ahal izateko, aurkeztutako edo eskatutako dokumentuetako informazioa handitzeko edo hobetzeko eskatzen ahalko die Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atalak eskatzaileei.

d) Eskatutako dokumentuak Nafarroako Foru Administrazioan lehenago aurkeztu badira, haien ordez erantzukizunpeko adierazpena aurkezten ahalko da, eta bertan adieraziko, noiz eta zein organotan edo bulegotan aurkeztu edo eman ziren, eman baziren, edo zeinetan dauden jasota, betiere bost urte baino gehiago igaro ez badira dagokien prozedura bukatu zenetik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikuluan xedatutakoarekin bat.

12.7. Dirulaguntzen deialdi honetan egiten diren ebazpen guztiak gaitutako helbide elektronikora eta herritarren karpetara jakinarazpen elektronikoa igorriz jakinaraziko dira.

Hala ere, horiek guztiak Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoan kontsultatzen ahalko dira (www.nafarroa.eus).

13. Betebeharrak.

13.1. Helburua lortzea eta dirulaguntza emateko oinarri den proiektua gauzatzea.

Diruz lagundutako proiektuaren garapena edo gastua aldatzen bada, horren berri eman beharko zaio Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari, behar den denboraz, hark jakin dezan eta, bidezkoa bada, aginduzko baimena eman dezan.

13.2. Dirulaguntzaren onuradunek dirua nahitaez dirulaguntzaren helburuetan erabili beharko dute, eta hala egin dela justifikatu dokumentuen bidez. Gainera, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak eskatzen dituen egiaztapen guztiak onartu eta erraztu beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari jarraituz.

13.3. Egiaztatu eta kontrolatzeko lanak bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta behar bezala auditaturiko bestelako agiriak eduki beharko dituzte, indarra duten legeetan xedatu bezala. II. eranskina-1. fitxa.

13.4. Halaber, entitate onuradunek erantzukizunpeko adierazpen bat eginen dute azaltzeko ezen konpromisoa hartzen dutela diruz lagundutako jardueraren publizitatean Nafarroako Gobernuaren marka (anagramaz eta logotipoz osatua) edo zehaztuko diren beste batzuk erabiltzeko; Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuari jarraikiz. IV. eranskina-1. fitxa.

13.5. Erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea, non adieraziko baita hornitzaileak efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu direla, aholkularitza edo laguntza enpresek 12.000 eurotik gorako ekipamendu ondasunen horniketa egin edo zerbitzuak ematen dituztenean. II. eranskina-1. fitxa.

Kasu horietan, elkarte onuradunak helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin edo gehiagorekin kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak, eta eskaintzarik hoberena egiten duenarekin sinatuko du. Kontsulta-tramitearen gaineko dokumentazioa eta eskaintzak gorde egin beharko ditu entitate onuradunak. Kontu horiek agiri bidez frogatu beharko ditu dirulaguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratua sinatu bezain laster. Agiri horiekin batera, enpresa hautatzeko arrazoiei buruzko txosten labur bat aurkeztuko da.

Ez da beharrezkoa izanen enpresa bati baino gehiagori kontsulta egitea, gastu diruz lagungarrien ezaugarrien berezitasunagatik, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori ematen duten enpresak behar adina ez direnean.

13.6. Generoaren ikuspuntuaren tratamenduari dagokionez, hizkuntza berdinzalea erabiltzea komunikazio, argitalpen, programa eta antzeko guztietan; emakumeenganako bereizkeria islatzen duen irudi oro saihestea eta berdintasunari, aniztasunari, rolen pluraltasunari eta ardurakidetzari lotutako baloreak sustatzea.

13.7. Antolatzen diren jardueretan, Nafarroako 2017-2027ko Hondakinen Plana bete behar da. Plan horretan, hondakinen kudeaketa plana eta prebentzio programa aipatzen dira, eta bertan ezartzen da zein diren hartu beharreko neurri zehatzak, besteak beste hondakinen gaikako bilketa eta bereizketa sustatzea.

13.8. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, dirulaguntzen onuradunek jasotako funtsak itzuli beharko dituzte.

14. Bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzen dituzten entitateek beste administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribatu batzuen laguntzak eta dirulaguntzak hartzen ahalko dituzte helburu eta xede beretarako, baina haiek, guztira, ezin izanen dute proiektu bakoitzaren gastuaren %100 gainditu, barnean dela deialdi honetan oinarrituta emandako zenbatekoa.

Kontzeptu berberetarako laguntza bi erakundetatik edo gehiagotatik jasotzen duten gazte elkarteek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, elkarteko buruak sinatua, dirulaguntza guztien batura elkarteak egindako gastua baino baxuagoa dela adierazteko. IV. eranskina-2. fitxa.

15. Oinarriak onartzea.

Deialdi honetan parte hartzeak berekin dakar oinarri guztiak onartzea.

16. Ez-betetzeak.

Deialdi honen oinarrietan ezarritakoa ez betetzeak, eman zen xederako ez erabiltzeak, laguntzak zertan erabili diren ezarritako modu eta epeetan ez justifikatzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea eta jasotako dirua itzuli beharra ekarriko dute, baita ordainketaren dataz geroztikako berandutze-interesa ordaintzea ere, hala badagokio, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 18. artikuluan finkatutakoari jarraikiz kalkulatuta, ezertan galarazi gabe Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluaren arabera eskatzen ahal diren gainontzeko erantzukizunak.

Orobat, onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

17. Gardentasun betebeharrak.

17.1. Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, entitate onuradunek gardentasun betebeharrak izanen dituzte, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren bidez arautuak (Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen foru dekretua).

Urtean 20.000 eurotik gorako dirulaguntza jasotzen duten entitate onuradunek, onetsitako laguntza beren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa bada, honako informazio hau eman beharko diote Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari:

a) Entitateen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.

d) Kargudun bakoitzak gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen duen dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Entitate onuradunen legezko ordezkariek sinatu beharko dute aipatutako informazioa.

17.2. Aurreko ataleko inguruabarrak ez gertatzeagatik entitate onuradunak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, horixe dioen aitorpena aurkeztu beharko du, deusetan galarazi gabe deialdia kudeatzeko unitateari egiaztatu eta ikuskatzeko esleitu zaizkion ahalmenak.

Aitorpen hori aurkeztuta ere, nahitaez onartu behar dira laguntza ematen duen organoaren egiaztapen lanak, eranskin honen 13. oinarrian ezarritakoak.

17.3. Atal honetan aipatzen den informazioa dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean aurkeztu beharko da. Telematika bidez aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari zuzendua.

17.4. Onuradunak informaziorako betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, atal honetan agindutako informazioa ez aurkezteak onetsitako dirulaguntza ez ordaintzea ekarriko du berekin, eta, bidezko bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharra, Dirulaguntzei buruzko Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

17.5. Nolanahi ere, entitate onuradunek dokumentuak ez aurkezteko eskubidea izanen dute baldin eta haiek dagoeneko Foru Komunitateko Administrazioaren esku badaude (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikulua).

17.6. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 11.2.a) artikuluan ezarritakoarekin bat, entitate onuradunak eman behar duen informazioan dauden datu pertsonalak jakinarazteko ez da beharrekoa izango interesdunaren baimena, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian baimentzen baita.

17.7. Entitate onuradunek ematen duten informazioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko webgunean argitaratuko da. Informazio hori urtebetez egongo da ikusgai argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

18. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, honako hauei jarraikiz: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikulua.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

19. Aplikatu beharreko legeria.

Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: F1902805