61. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

6E/2019 FORU AGINDUA, otsailaren 7koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdia onesten duena, gazteria arloko tokiko politika publikoak bultzatu eta babesteko 2019. urtean. DDBN identifikazioa: 438825.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuari atxikitako Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua da eskumen hauek bere gain dituen erakunde autonomoa: gazteria; gazteentzako zerbitzuen eta jardueren garapena bultzatzea, gazteek gizartean parte hartzeko eta beren egoera alderdi guztietatik hobetzeko; genero berdintasuna; ohitura osasungarrien sustapena; balioak garatzea; gazteen arteko lankidetza eta elkartasuna; eta Nafarroako gazteen eskaerei erantzuten dieten gainerako arloak.

Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legearen 7. artikuluak “Toki entitateen eskumenak” jorratzen ditu. Zehatzago, 7.2 artikuluak honako hau dio: “Nafarroako Foru Komunitateko gazteen aukera berdintasuna lortzen laguntzeko xedez, gazteriaren arloan eskuduna den departamentuak laguntza eta aholkuak emanen dizkie Nafarroako toki entitateei gazteriaren arloko politikak sustatzeko lanean, honako alderdi hauetan zehazki: gazteriaren arloko tokiko planak prestatzea, gazteentzako instalazioak sustatzea, gazteentzako zerbitzu eta jarduerak garatzea prebentzioaren arloan, informazioa, prestakuntza eta mugikortasuna, bai eta gazteen eskaerei erantzuten dieten beste arlo batzuk ere.”

Nafarroako toki entitateentzako laguntza hori gauzatzeko, Gazteriaren Legean aurreikusirik baitago, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak bidezkotzat jotzen du foru agindu berri bat onestea toki entitateei 2019an eman beharreko dirulaguntzen araubidea ezartzeko.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak laguntza publiko guztiak arautzen ditu, eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, bai eta dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko bidea ere.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak jarritako helburuak betetzearren, beharrezkotzat jotzen da, halaber, Nafarroako toki entitateei norgehiagokako araubidearen bitartez emanen zaizkien dirulaguntzen deialdia tramitatzea.

Deialdi honen xedea da toki entitate horiei laguntzea, partzialki finantzatuz Nafarroako gazteek bizitza sozialean parte-hartze aktibo hobea izan dezaten entitate horiek gauzatzen dituzten programen gastuak, 2019ko deialdiaren aldian.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak txosten bat aurkeztu du, non baloratzen baita toki entitateentzako laguntzek duten garrantzia herriko gazteen parte-hartzea gizartean ahalbidetzeko; horregatik, babesten du gazteria arloko teknikariak kontrata daitezela eta/edo mantendu daitezela, gazteria planak eta diagnostikoak egin daitezela, gazteekin foroak eta elkarrizketak proposatu eta garatu daitezela eta gazteentzako programak aurrera eraman daitezela.

Hortaz, bidezko da foru agindu bat onestea gazteentzako programak egiten dituzten toki entitateentzako dirulaguntzen araubidea ezartzeko.

Berritasun gisa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea indarrean jarri denez, deialdi honetan, bere oinarri arautzaileen arabera, prozedura administratiboaren tramitazio elektronikoan herritarrei eskubidea aitortzen zaie administrazio publikoekin baliabide elektronikoen bidez harremanetan jartzeko, eta, orobat, interesdun jakin batzuk behartuta daude bitarteko elektronikoak erabiltzera Administrazio Publikoekin harremanetan prozedura administratibo baten edozein tramite egiteko. Horren ondorioz, laguntza hauek eman eta ordaintzeko prozeduran egiten diren jarduketa guztien jakinarazpen eta komunikazioak egiteko, gaitutako helbide elektronikora eta herritarren karpetara igorriko da jakinarazpen elektronikoa.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Toki entitateei 2019. urtean gazteriaren arloko tokiko politika publikoak bultzatu eta babesteko dirulaguntzak emateko deialdia onestea. Oinarriak foru agindu honen eranskinean azaltzen dira.

2. Deialdi honi aurre egiteko, 300.000,00 (hirurehun mila) euroko gastua baimentzea. Dirua partida honen arabera egotziko zaie:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A50003-A5220-4609-232103: Toki entitateetako gazteentzako programetarako dirulaguntzak

2019

300.000,00

3. Foru agindu hau eta 1. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Gainerako eranskin eta inprimakiak www.deporteyjuventudnavarra.es web-orrian eskuratzen ahalko dira.

4. Foru agindu hau igortzea Gazteriaren Zuzendariordetzari, Administrazio eta Kudeaketa Atalari eta atal horretako Gai Ekonomiko-Administratiboak eta Prozedurak Kudeatzeko Bulegoari.

Iruñean, 2019ko otsailaren 7an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

I. ERANSKINA

Oinarriak

1. Xedea.

Deialdi honen xedea da Nafarroako toki entitateei gazteriaren arloko tokiko politika publikoak bultzatu eta babesteko emanen zaizkien dirulaguntzen araubidea ezartzea. Dirulaguntzak norgehiagokako araubidearen bidez emanen dira.

Hona hemen zertan datzan deialdi honen onura publikoa: Nafarroako tokiko entitateei laguntza emanen zaie gazteentzako neurriak gauzatzeko, gazteen garapen pertsonala helburu, eta udalerrian gazteen parte-hartzea sustatzeko, betiere aukera berdintasuneko baldintzetan Nafarroako Foru Komunitate osorako.

Arau orokor gisa, deialdi honetan dirulaguntza eskatzen ahalko dute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean arauturik egon eta oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten Nafarroako toki entitateek.

2. Helburua.

Deialdi honetako dirulaguntzen xedea da Nafarroako toki entitateei gastu hauen zati bat finantzatzea:

a) Tokiko gazteria plana, bere aurretiazko diagnostikoa edo 2020. urteko programazioa prestatzea, gazteekin foroak eta elkarrizketak proposatu eta gauzatzea, eta herriko gazteriarekin lotura duten gaien inguruko azterlan sektorialak egitea (aisialdiko lokalak, ohitura osasungarriak, kontsumoak, kirol praktika, partaidetza eta abar).

b) Gazteria arloko teknikarien kontratazio berriak egiteari eta/edo mantentzeari laguntza ematea.

c) Nafarroako gazteek, hamalau urtetik hogeita hamar urtera bitartekoek, biak barne, bizitza sozialean duten parte-hartze aktiboa hobetzeko helburua duten gazteentzako jardueren programak/proiektuak gauzatzea. Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legearen 2. artikulua betez.

Proiektuak 2018ko abenduaren 1etik urriaren 30a bitarte gauzatu beharko dira.

3. Aurrekontuko kreditua.

Deialdi honetarako aurrekontua 300.000,00 eurokoa (hirurehun mila eurokoa) da osotara, Nafarroako 2019ko Aurrekontu Orokorretako “Toki entitateek gazteentzako programak egiteko dirulaguntzak” izeneko A50003-A5220-4609-232103 partida ekonomikoaren kargura.

4. Entitate onuradunek bete beharrekoak.

Onuradunek hauek bete beharko dituzte:

–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen babesean eratuak izatea.

–Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

–Dirulaguntzen onuraduna izateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetatik kanpo egotea.

–Adingabeen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13. artikuluko 5. apartatuak –uztailaren 28ko 26/2015 Legeak aldatuak–, honako hau ezartzen du: “adingabeekin ohiko harremana duten lanbide, ogibide eta jardueretan lanean hasi eta aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasun eta sexu ukigabetasunaren kontrako delitu batengatik, eta horren barnean sartzen dira sexu eraso eta abusua, sexu jazarpena, exhibizionismoa eta sexu probokazioa, prostituzioa eta sexu esplotazioa, adingabeak galbideratzea, eta gizakien salerosketa. Hartara, lanbide, ogibide edo jarduera horietan hasi nahi dutenek Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko dute, inguruabar hori frogatzeko.

–Horretarako, deialdi honi heltzen dion toki entitateak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu behar du, esaten duena ohiko jarduerak zuzentzen dituzten eta adingabeekin ohiko harremana duten langileek ziurtagiri hori badutela.

5. Honako hauetarako dirulaguntza: Tokiko Gazteria Plana, bere aurretiazko diagnostikoak edo 2020. urteko programazioa prestatzea, gazteekin foroak eta elkarrizketak proposatu eta gauzatzea, eta herriko gazteriarekin lotura duten gaien inguruko azterlan sektorialak egitea.

5.1. Atal honen xedea da dirulaguntza emateko oinarriak ezartzea, honako hauetarako: Tokiko Gazteria Plana eta gazteriaren diagnostikoak (planaren aurretik halakorik egiten bada) prestatzea, gazteentzako jarduerak programatzea 2020. urterako, eta gazteekin foroak eta elkarrizketak proposatu eta gauzatzea.

Toki entitateek laguntza ekonomikoa eskatzen ahalko dute tokiko gazteria planak, aurretiazko diagnostikoak eta 2020. urteko jarduera programak egiteko kanpoko kontratazioak sortzen dituen gastuetarako. Kontratazioak 2018ko abenduaren 1etik 2019ko urriaren 30era bitarte egina izan beharko du.

Tokiko Gazteria Plana deitzen zaio udalerrian proposaturiko gazteriaren arloko politikak gauzatu daitezen epe jakin batean beharrezkoak izanen diren gidalerro, neurri, ekintza eta baliabideak modu estrategikoan biltzen dituen agiriari. Gazteria Plana egin aurreko pausua da gazteriaren diagnostikoa egitea. Oro har, diagnostikoa ekitaldi ekonomiko batean eginen da, eta Plana hurrengoan.

Gazteria Plana egiteko aurreko deialdietan dirulaguntza jaso duten udalek ezin izanen dute beste dirulaguntzarik jaso horretarako plan horrek indarrean dirauen bitartean (plan horiek 3 urteko indarraldia dute).

Diagnostikoa deitzen zaio aldez aurretik egiten den eta beharrezkoa den azterketari, gazteria arloko eskaera eta beharrei buruzko datuak eta informazioa jasotzen dituenari, gerora Tokiko Gazteria Plana egiteko.

Urteko programazioa deitzen zaio herri batean gazteria arloan urtebetean egin beharreko jarduera planifikatuen multzoari.

Gazteen arteko solaserako guneak hartzen dira gazteen foro eta elkarrizketatzat. Gazteriaren arloko kargu politikoek eta teknikariek ere parte har dezakete, komunikazioa hobetzeko entzute aktibo eta enpatikoa sustatuz; prestakuntza eskuratzeko eta pentsamendu kritikoa dakarten tresnak bereganatzeko; egoeren eta errealitateen diagnostikoak egiteko; eta konponbide proposamenak garatzearren kudeaketa tresnak lortzeko. Gazteriaren arloan eskudunak diren toki entitateei igorriko zaizkie ondorioak.

Azterlan sektorialak dira herriko gazteen bizimodua islatzen dutenak, non gazteen iritziak (beren intereseko gaiei buruz) jasotzen baitira.

5.2. Tokiko Gazteria Plana edo aurretiazko diagnostikoa egiteko laguntza eskatzen ahalko dute baldintza hauek betetzen dituzten Nafarroako toki entitateek:

a) Udala bada, 1.500 biztanle edo gehiago izatea, eta oinarrizko gizarte zerbitzuen mankomunitatea bada, 3.000 biztanle baino gehiago biltzea, 2018ko urtarrilaren 1eko populazio datuen arabera.

b) Beren egitura organikoan Gazteriaren Zinegotzigoa, gazteriaren arloa edo gazteriaren arloko egitura izatea, eta arlo horretarako aurrekontuko partidak edo esleipenak izatea.

Bestalde, Nafarroako toki entitate guztiek eskatzen ahalko dute 2019rako jardueren urteko programazioa prestatzeko laguntza eta gazteekin foroak eta elkarrizketak egin daitezela proposatu eta horiek garatzeko laguntza.

5.3. Tokiko Gazteria Plana, aurretiazko diagnostikoak eta urteko programazioa prestatzeko eta gazteekin foroak eta elkarrizketak egin daitezela proposatu eta horiek garatzeko dirulaguntza jasotzeko baldintzak.

a) Tokiko Gazteria Planaren azken agiriak informazio hau edukiko du gutxienez: udalerriko gazteriaren egoeraren diagnostikoa eta jarduketen plangintza hiru urterako, gutxienez. Plangintza horrek honako hauek izanen ditu: helburuak, ildo estrategikoak, arloak, ekintzak, aplikaziorako aurrekontu ekonomikoa, ebaluazioa eta arlokako adierazleak.

Tokiko Gazteria Planak gazteen parte-hartzea izanen du.

b) Tokiko Gazteria Planaren aurretik eginen diren gazteriaren diagnostikoek informazio hauek bilduko dituzte gutxienez: helburuak, metodologia, azterketa soziodemografikoa, gazteen eskari eta beharren identifikazioa, gazteek udalerrian duten parte-hartzea, politiken balorazioa eta egokitzapena, egungo zerbitzu eta programak, eta jarduketa ildoen definizioa.

c) 2020. urterako programazioak informazio hauek bilduko ditu, gutxienez: helburuak, hartzaileak, jarduerak, lortu beharreko emaitzak, jarraipenerako adierazleak eta aurrekontua. Gazteriaren arloko teknikaria duten toki entitateek ez dute urteko programazioa egiteko laguntzarik jasoko.

d) Gazteekin foroak eta elkarrizketak egiteko proposamenak eta garapenak honako informazio hau izanen dute gutxienez: topaketak, helburuak, eragile sozialak, hartzaileak.

e) Azterlan sektorialak honako informazio hauek jasoko ditu gutxienez: herriko gazteen inguruko azterlanaren helburuak, metodologia eta analisia.

Atal honetako lanak 2. oinarrian adierazitako epean gauzatu behar dira, hots, diruz lagungarria den epean.

5.4. Tokiko Gazteria Planetarako, aurretiazko diagnostikoetarako eta jardueraren urteko programaziorako dirulaguntzaren zenbatekoa:

a) Tokiko Gazteria Plana prestatzeko dirulaguntza %50 izaten ahalko da gehienez:

a.1) Diagnostikoa prestatzeko gastuaren %50, 3.000 euroko mugarekin.

a.2) Tokiko plana prestatzeko gastuaren %50, 3.000 euroko mugarekin.

b) Urteko programazioa egiteko dirulaguntza gehienez ere %50 izanen da 2019rako, 1.500,00 euroko mugarekin toki entitate bakoitzeko.

c) Gazteekin foroak eta elkarrizketak egin daitezela proposatzeko eta garatzeko dirulaguntza %75ekoa izanen da, 1.500,00 euroko mugarekin toki entitate bakoitzeko.

d) Azterlan sektorialak egiteko dirulaguntza %50ekoa izanen da, 3.000,00 euroko mugarekin toki entitate bakoitzeko.

5.5. Eskaerak aurkezteko dokumentazioa.

Tokiko gazteria planak, aurretiazko diagnostikoak edo urteko programazioa prestatzeko, gazteekin foroak eta elkarrizketak proposatu eta gauzatzeko eta azterlan sektorialak egiteko dirulaguntza eskatzen duten entitateek ondoko dokumentazioa aurkeztu beharko dute toki entitateko alkate-udalburuak sinatutako eskabide orokorrarekin batera, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari zuzendua, II. eranskinean dagoen ereduaren arabera prestatua.

a) Alkate udalburuak edo Gazteria arloko zinegotziak sinaturiko eskabidea, horretarako egin den II. eranskina-1. fitxaren araberakoa. Eredua Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuan, Internet bidez (http://www.deporteyjuventudnavarra.es) eta Nafarroako Gobernuko Atariko Zerbitzuen Katalogoan eskuratzen ahalko da.

b) Toki entitateko Idazkaritzaren edo ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, entitatea dirulaguntzak jasotzeko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku egoera batean ez dagoela azaltzen duena.

c) Tokiko Gazteria Plana prestatzeko proiektua. Bertan zehatz azalduko dira helburuak, metodologia, faseak eta aurrekontua, eta dirulaguntzaren xede den tokiko plana zein entitate edo enpresak eginen duen adieraziko da.

d) Tokiko Gazteria Planaren aurreko diagnostikoa egiteko proiektua. Bertan zehatz azalduko dira helburuak, metodologia, azterketa eremuak, epeak eta aurrekontua, eta dirulaguntzaren xede den tokiko planaren aurreko diagnostikoa zein entitate edo enpresak eginen duen adieraziko da.

e) Udalaren Osoko Bilkurak, Gobernu Batzordeak edo organo eskudunak Tokiko Gazteria Plana edo planaren aurretiazko diagnostikoa prestatu, gazteekin foroa eta elkarrizketa gauzatu edo azterlan sektoriala egitea onesteko hartutako erabakia.

5.6. Atal honetako behar ekonomikoei aurre egiteko 30.000,00 euro gordetzen dira deialdirako ezarritako diru-kopuru osotik, eta horiek ez badira guztiz agortzen, soberakina gazteentzako programen garapenerako atalera sartuko da. Nolanahi ere, aurrekontuan dagoen kreditua ahituz gero, dagoena dirulaguntzaren entitate onuradunen artean hainbanatuko da, portzentaje berean.

6. Gazteriaren arloko teknikarien kontratazio berriak egiteari eta/edo mantentzeari laguntza emateko dirulaguntza.

6.1. Atal honen xedea da gazteria arloko udal teknikarien kontratazio berriak egiteko, hobetzeko eta/edo mantentzeko dirulaguntzaren oinarriak ezartzea 2019. urterako.

6.2. Gazteria arloko teknikariak kontratatzeko eta/edo mantentzeko dirulaguntza eskatzen ahalko dute baldintza hauek betetzen dituzten Nafarroako toki entitateek:

a) Udala bada, 1.200 biztanle edo gehiago izatea, eta mankomunitatea bada, 5.000 biztanle baino gehiago biltzea, 2018ko urtarrilaren 1eko zentsuko datuen arabera.

b) Beren egitura organikoan Gazteriaren Zinegotzigoa, gazteriaren arloa edo gazteriaren arloko egitura izatea, eta arlo horretarako aurrekontuko partidak edo esleipenak izatea.

c) Konpromisoa hartzea gazteria arloko teknikariek parte har dezaten Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak gazteen arloan antolatutako etengabeko prestakuntza programetan.

6.3. Diruz lagundu beharreko kontratazioaren araubidea.

Toki entitateek laguntza eskatzen ahalko dute gazteriaren arloko teknikari bat kontratatzeko 2018ko abenduaren 1etik 2019ko urriaren 30era bitartean, betiere irizpide hauei jarraituz:

a) Toki entitateak kontratatzen duen lehenbiziko aldia bada, lehenbizikoz entitatearen plantilla organikoan agertzen den lanpostua izatea edo administrazio edo lan araubideko kontratu berri bat izatea.

b) Lanpostua B mailakoa eta lanaldi erdikoa izatea gutxienez.

c) Bete beharreko eginkizunak hauek izatea: gazteriaren arloko tokiko politiken diseinua, kudeaketa eta ebaluazioa, gazteentzako programak eta/edo jarduerak asmatu eta antolatzea, gazteek parte hartzeko espazioak sustatzea, eta udalerrian gazteen garapena erraztuko duten beste batzuk.

d) Gazteriaren arloko teknikaria hautatzean administrazio publikoan kontratazioari buruz indarra duten arauak betetzea, eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko aholkularitza teknikoarekin egitea.

6.4. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Gazteriaren arloko teknikariak kontratatzeko eta/edo mantentzeko dirulaguntza honako irizpide ekonomiko hauei jarraituz emanen da:

–Erreferentziatzat hartuko da Nafarroako administrazio publikoetako B mailako langileen hasierako soldata, 2019an dutena, egoki diren soldata osagarriekin, eta enpresak Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kuota.

–Dirulaguntzen deialdi honen ondorioetarako, kontuan hartuko den kontratazioaldia 2018ko abenduaren 1etik 2019ko urriaren 30era bitartekoa izanen da, edo kontratua hasten denetik 2019ko urriaren 30erainokoa.

–Dirulaguntzen xede diren gastuetatik kanpo gelditzen dira kontratatutako pertsonak kontratua amaitzeagatik edo beste arrazoi batzuengatik jaso ditzakeen kalte-ordainak.

6.5. Eskaerak aurkezteko dokumentazioa.

Dirulaguntza eskatzen duten entitateek ondoko dokumentazioa aurkeztu beharko dute toki entitateko alkate-udalburuak sinatutako eskabide orokorrarekin batera, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari zuzendua, II. eranskinean dagoen ereduaren arabera prestatua.

a) Alkate udalburuak edo Gazteria arloko zinegotziak sinaturiko eskabidea, horretarako egin den II. eranskina-2. fitxaren araberakoa. Eredua Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuan, Internet bidez (http://www.deporteyjuventudnavarra.es) eta Nafarroako Gobernuko Atariko Zerbitzuen Katalogoan eskuratzen ahalko da.

b) Toki entitateko Idazkaritzaren edo ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, entitatea dirulaguntzak jasotzeko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku egoera batean ez dagoela azaltzen duena.

c) Toki entitateko idazkaritzaren ziurtagiria, edo hura ordezkatzen duenarena, 6.2 oinarrian eskatutako baldintzak betetzen direla ziurtatzen duena.

d) Entitatearen eta gazteriako teknikari lanetan aritzeko kontratatutako pertsonaren arteko 2019ko kontratuaren fotokopia konpultsatua. Eskaera aurkezteko epea bukatzen den egunerako dokumentu hori aurkezterik ez badago, entitateak formalizatu bezain laster bidaliko dio Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari.

Betebehar horiek Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar dituztenean edo administrazio horren esku dauden agiriak direnean, ez da beharrezkoa izanen agiri horiek aurkeztea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikuluan xedatu bezala.

6.6. Atal honetako behar ekonomikoei aurre egiteko 150.000,00 euro gordetzen dira deialdirako ezarritako diru-kopuru osotik, eta horiek ez badira guztiz agortzen, soberakina jarduera-programen garapenerako atalera sartuko da.

7. Gazteentzako programak egiteko 2019ko dirulaguntza.

Dirulaguntzaren xede dira herriak berak antolatutako edo bultzatutako ekintzak, gazteei zuzenduak eta haien inplikazioa eta erantzukizuna sustatzen dutenak, biltzen dituzten programak:

7.1. Gazteen integrazioa eta parte-hartzea sustatzen dituztenak.

7.1.1. Gazteei, ikuspegi integral batetik, bizitza sozialean parte-hartze aktiboa izateko bitartekoak eta tresnak ematen dizkieten ekintzak.

7.1.2. Gazteen bizi-ibilbidea hobetzen duten ekintzak, haien beharrak aintzat hartuta.

7.1.3. Belaunaldien arteko harremanak sustatzen dituzten ekintzak, gazteen eta zaharragoen arteko interakzioa errazteko, tradizioa eta teknologia berriak uztartuz.

7.1.4. Gazteen parte-hartze solidarioa bultzatzen duten ekintzak, boluntariotzaren, hezkuntzaren eta garapenerako lankidetzaren bidez.

7.1.5. Elkarrizketa egituratuari lotutako ekintzak, gazteriaren arloko erabakiak hartzeko ardura dutenen eta gazteen arteko debateak.

7.1.6. Gazteen adimen emozionala garatzen duten ekintzak.

7.1.7. Toki entitateak gazteen garapena eta udalerrian duten parte-hartzea hobetzearren antolatzen ahal dituen beste jarduera batzuk.

7.2. Gazteen prestakuntza hobetzen dutenak.

7.2.1. Gazteek prestakuntza eta enplegua izan dezaten laguntzen duten jarduketak.

7.2.2. Osasun-hezkuntzako ekintzak.

7.2.3. Gazteriaren Asteari lotutako jarduerak, balio demokratikoak sustatzen dituztenak.

7.2.4. Indarkeria, arrazakeria, xenofobia, sexismoa, homofobia eta intolerantzia prebenitzen duten ekintzak.

7.2.5. Emakumeen eta gizonen aukera berdintasunaren aldeko ekintzak.

7.3. Gazteen aisia eta astialdi osasungarria bultzatzen dituztenak.

7.3.1. Aisialdiko eta jostetako jarduerak. Aisia eta jostetako jardueratzat hartuko dira lokaletan nahiz eremu irekietan egiten direnak eta jolasa, josteta edo hezkuntza ez formala helburu dutenak, betiere deialdiaren 9. oinarrian zehaztutako salbuespenak salbuespen.

7.3.2. Gazteen artea sustatzen duten ekintzak. Gazteengan arte zaletasuna sustatu eta gazte talentudunei bultzada ematen dieten jarduerak dira. Hala, eman daiteke dirulaguntza Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren “Nafarroako artista gazteen topaketak” programako pertsona eta taldeak protagonista dituzten ikuskizunak kontratatzeko.

7.3.3. Irtenaldiak. Herritik kanpora egiten diren irteerak, hala nola, kanpalekuak, aterpetxeetara joatea, txangoak.

7.3.4. Gazteen aisialdiko eta astialdiko proiektuak, non baztertzeko arriskuan dauden gazteek eta/edo desgaitasuna duten gazteek parte hartzen baitute.

8. 2019an jarduera-programak egiteko gastu diruz lagungarriak.

8.1. Deialdi honetan gastu diruz lagungarriak dira jarduerak gauzatzearekin zuzeneko lotura dutenak, hala nola:

–Garraioko gastuak; halakotzat joko dira garraio kolektiboak, publikoak nahiz pribatuak, erabiltzearen ondorioz sortutakoak.

–Mantenu eta ostatu gastuak, gaua kanpoan ematea barne hartzen duten irtenaldietan.

–Dirulaguntzaren xedeko jarduera egiteko beharrezkoak diren material suntsigarrien gastuak.

–Gazteentzako programetan jasotako jarduerak antolatu eta garatzeko profesionalak kontratatzetik etorritako gastuak.

–Jarduerarekin zerikusia duten argitalpen edota material didaktikoak, gazteei zuzenduak, argitaratzeko gastuak.

–Gazteen teknikari eta informatzaileak Gazteriaren Zuzendariordetzarekin koordinatzeko egin beharreko bilerek sortutako joan-etorrien gastuak.

Gastu diruz lagungarriak dira, bakar-bakarrik, gastu arruntak, betiere diruz laguntzen den jardueraren izaerari zuzenean eta zalantzarik gabe lotuak badaude eta diruz lagundutako jarduerak egiteko ezarri den epe berari baldin badagozkio.

8.2. Diruz lagungarriak diren gastuetarako gehieneko muga hauek ezarri dira:

a) Joan-etorrietako gehieneko gastua 1.500 eurokoa izanen da, joan-etorri bakoitzeko. Banakako txartelen bidezko garraio gastuetarako, tarifa arrunt merkeenaren prezioa ordainduko da (turista maila).

b) Herritik kanpora egiten diren jardueretan, gaua kanpoan ematea beharrezkoa denean, ostatu eta mantenu gastu gehienekoak 28 eurokoak izanen dira, parte-hartzaile eta egun bakoitzeko.

8.3. Atal honetako behar ekonomikoei aurre egiteko 120.000,00 euro jarriko dira, edo horiei 5. eta 6. oinarrietako soberakinak gehituta ateratzen den diru-kopurua, soberakinik izanez gero.

9. 2019ko jardueren programak egiteko dirulaguntzatik kanpo geratzen diren esparrua eta gastuak.

Deialdi honetako dirulaguntzatik kanpo daude:

a) Irakaskuntzako jarduerak, indarra duten ikasketa planetan aurreikusitakoak, edo hezkuntza formalaren xedea edo edukiak dituztenak.

b) Kirol kluben jarduerak.

c) Inauteriak, dantzaldiak, kontzertuak, tokian tokiko jaiak, gazteria festak, desfileak eta unean uneko beste festa batzuk, gazteentzako berariazko proiektu batean garbi egokitzen ez direnak.

d) Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren aurretiazko baimenik izan gabe 14 urtetik beherako haurrentzat antolatzen diren programa edota jarduerak.

e) Toki entitateen dirulaguntzekin beste entitate edo talde batzuek egiten dituzten jarduerak.

f) Nafarroako Gobernuaren beste departamentu batzuen eskumeneko gaiei buruzko programak, diruz lagunduak badira.

g) Gazteentzako azpiegituren funtzionamendu eta/edo mantentze gastuak.

h) Gazteentzako informazio zerbitzuen kudeaketa eta funtzionamendu gastuak.

i) Material inbentariagarria erostea.

j) Bazkari, hamaiketako, askari eta horrelakoen gastuak, irtenaldietako mantenu gastuak izan ezik.

k) Aldizkari, egunkari, telebista-kanal eta abarren harpidetzak.

l) Sariak, oparitxoak.

m) Eta jarduerarekin zuzeneko loturarik ez duten beste gastu batzuk.

10. 2019ko jarduera-programak egiteko eskaerak eta hasierako agiriak.

Gazteentzako programak garatzeko dirulaguntza eskatzen duten entitateek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

10.1 Dirulaguntzarako eskaerek II. eranskineko ereduari jarraituko diote. Eredua Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuan, Internet bidez (http://www.deporteyjuventudnavarra.es) eta Nafarroako Gobernuko Atariko Zerbitzuen Katalogoan eskuratzen ahalko da.

10.2. Behar bezala prestatutako eta ekonomikoki baloratutako proiektua. Proiektu horiek, gutxienez, eduki hau izanen dute: helburuak, hartzaileak, metodologia, jardueren deskribapena, gauzatu beharreko ekintzen banaketa geografikoa, jardueren egutegia eta aurrekontu zehaztua, bai eta diru-sarreren aurreikuspena ere; hala jasotzen da II. eranskineko 3.-5. fitxen araberako eskaera ereduan, toki entitateko idazkariak izenpetu beharrekoan. Eredu horiek eskura egonen dira Nafarroako Gazteriaren eta Kirolaren Institutuaren bulegoetan, http://www.deporteyjuventudnavarra.es webgunean, eta Nafarroako Atariko Zerbitzuen Katalogoan.

10.3. Eskaerak hobeki ebaluatzen laguntzeko, eskatzaileei aurkeztutako proiektuetako informazioa argitzeko eskatzen ahalko die Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak.

Kasu guztietan:

10.4. Eskaerarekin batera, alkateak edo toki entitateko buruak eta idazkariak sinatutako ziurtagiri bat aurkeztu beharko da, III. eranskinean agertzen den ereduaren araberakoa (eredua eskura daiteke Nafarroako Gazteriaren eta Kirolaren Institutuaren bulegoetan, http://www.deporteyjuventudnavarra.es webgunean eta Nafarroako Atariko Zerbitzuen Katalogoan). Ziurtagiri horretan, toki entitatearen gaineko honako alderdi hauek frogatu beharko dira:

a) Toki entitatea dirulaguntzen onuradun izateko debekurik ez urratzea. Debeku horiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ageri dira.

b) 23. oinarrian ezarritakoa gertatu ezean, entitate onuradunak ez duela gardentasunaren gaineko betebeharrik, deusetan galarazi gabe deialdia kudeatzen duen unitateari egiaztapenak eta ikuskapenak egiteko esleitu zaizkion ahalmenak.

c) Aipatutako elkarteak bere publizitatean jasotzen duela Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza hartu duela.

10.5. Erantzukizunpeko adierazpena, sexu-izaerako delituen ziurtagiri negatiboari buruzkoa, gazteentzako jardueretan parte hartu ahal izateko (IV. eranskina).

11. Eskaerak aurkezteko toki eta epe orokorrak.

11.1. Dirulaguntzarako eskaerak eta hasierako dokumentazioa eta justifikazioarena Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari zuzenduko zaizkio, eta telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) izapideen katalogoan dagokion esteka erabiliz.

Eskaera Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari zuzendu beharko zaio eta horretarako ezarritako eredu ofizialaren araberakoa izanen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoarekin bat. Ez da aurkeztutzat joko telematikoki aurkezten ez den eskaera. Horrenbestez, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskaera horiek ezin izango dira zuzendu.

11.2. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 30 egun naturaleko epean aurkeztuko dira eskabideak.

11.3. Deialdi honetan eskatzen diren eranskin guztiak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren bulegoetan eta Nafarroako Gobernuaren atarian (www.nafarroa.eus) dagoen tramiteen katalogoaren berariazko fitxan jaso daitezke.

12. Dirulaguntzak emateko irizpideak:

12.1. Tokiko Gazteria Plana, bere aurretiazko diagnostikoa edo urteko programazioa prestatu, gazteekin foroak eta elkarrizketak proposatu eta gauzatu eta azterlan sektorialak egiteko laguntzarako eskaerak deialdi honen 5. oinarriari jarraikiz baloratuko dira. Horretarako, lehentasuna emanen zaie tokiko gazteria planei lehenik, aurretiazko diagnostikoei bigarrenik (krediturik balego), urteko programazioei hirugarrenik (oraindik krediturik balego), gazteekin foroak eta elkarrizketak egin daitezela proposatu eta horiek garatzeari laugarrenik (oraindik ere krediturik balego), eta azterlan sektorialak egiteari bosgarrenik (horretarako ere krediturik balego). Nolanahi ere, aurrekontuan dagoen kreditua ahituz gero, edozein aukeratarako, dagoena dirulaguntza aukera horretan eskatu duten entitateen artean hainbanatuko da, portzentaje berean.

12.2. Gazteriaren arloko teknikariak berritik kontratatzeko eta/edo mantentzeko laguntzarako eskaerak deialdi honen 6. oinarriari jarraikiz baloratuko dira. Aurrekontuan dagoen kreditua ahituz gero, dagoena dirulaguntzaren entitate onuradunen artean hainbanatuko da, portzentaje berean.

12.3. 2019ko jarduera-programak egiteko dirulaguntzen eskaerak honako irizpide hauei jarraikiz eginen dira, eta irizpideen balorazio bateratua eginen da. Nolanahi ere, aurrekontuan dagoen kreditua ahituz gero, dagoena dirulaguntzaren entitate onuradunen artean hainbanatuko da, portzentaje berean.

a) Proiektua zenbateraino egokitzen zaien deialdi honetako helburuei (45 puntu gehienez).

b) Proiektuaren kalitatea (35 puntu gehienez). Atal honetan baloratzekoak: jardueren plangintza, helburuen, ekintzen eta aurrekontuaren arteko koherentzia, proiektuaren izaera berritzailea eta emaitzen adierazleak.

c) Proiektua gauzatzeko toki entitateak jartzen dituen baliabideak (20 puntu gehienez).

70 puntu baino gutxiago lortzen dituzten proiektuek ez dute dirulaguntzarik jasoko.

13. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

a) Tokiko Gazteria Plana, bere aurretiazko diagnostikoak edo urteko programazioa prestatzea, gazteekin foroak eta elkarrizketak proposatu eta gauzatzea, eta azterlan sektorialak egitea:

a.1) Tokiko plana egiteko dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 3.000,00 eurokoa izanen da.

a.2) Diagnostikoa egiteko dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 3.000,00 eurokoa izanen da.

a.3) Urteko programazioa egiteko dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 1.500,00 eurokoa izanen da.

a.4) Gazteekin foroak eta elkarrizketak egin daitezela proposatu eta horiek garatzeko dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 1.500,00 eurokoa izanen da.

a.5) Azterlan sektorialak egiteko dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 3.000,00 eurokoa izanen da.

b) Toki entitateko gazteriaren arloko teknikarien soldatak eta gizarte segurantzako gastuak, 2018ko abenduaren 1etik 2019ko urriaren 30era.

c) Gazteentzako programak garatzea.

Herrian bertan gazteentzako egindako ekintzen finantzaketa ez da izanen ekintza bakoitzaren defizitaren erdia baino handiagoa.

Toki entitate bakoitzak 35.000,00 euro jasotzen ahalko ditu gehienez, deialdi honen atal guztien kontura.

14. Dirulaguntzak emateko prozedura.

Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokakoa izanen da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

15. Antolaketa eta instrukzioa.

15.1. Dirulaguntza hauek emateko prozedura antolatu eta tramitatzeko organo eskuduna NKGIko Gazteriaren Zuzendariordetza izanen da.

15.2. Eskaerak hobeki ebaluatu ahal izateko, aurkeztutako edo eskatutako dokumentuetako informazioa zabaltzeko edo hobetzeko eskatzen ahalko die NKGIko Gazteriaren Zuzendariordetzak eskatzaileei.

Aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago edo deialdiko betebeharrak betetzen ez badira, interesdunari errekerimendua eginen zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzendu ditzan 10 egun balioduneko epean, eta, halaber, ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, bere eskaerari uko egin diola ulertuko dela, bidezkoa den ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.

15.3. Gaitutako helbide elektronikora eta herritarren karpetara jakinarazpen elektronikoa igorriz egingo da dokumentazioa osatu edo zuzentzeko errekerimendua, aurreko paragrafoan ezarri dena.

16. Dirulaguntza emateko ebazpena.

16.1. NKGIko zuzendari kudeatzaileak ebazpena emanen du, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 3 hilabetean, gehienez ere. Epe horretan ebazpen espresik eman eta jakinarazten ez bada, eskaera ezetsitzat jo beharko da.

16.2. Dirulaguntzen deialdi honetan egiten diren ebazpen guztiak gaitutako helbide elektronikora eta herritarren karpetara jakinarazpen elektronikoa igorriz jakinaraziko dira.

Hala ere, horiek guztiak Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoan kontsultatzen ahalko dira (www.nafarroa.eus).

16.3. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren xedeak eta zenbatekoa agertuko dira. Orobat, dirulaguntza hartuko duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da eta espresuki adieraziko da zein eskaera ezetsi diren, halakorik baldin bada.

16.4. Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntza bat emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo urteetan ere dirulaguntza eskuratzeko.

17. Frogagiriak.

Dirulaguntza ordainduko da dirulaguntzaren xede den jarduera bukatu eta frogagiriak aurkeztu ondoren (V. eranskina).

Diruz laguntzen den gastu osoa justifikatu beharko da; horretarako, 2019ko azaroaren 5a izanen da azken eguna.

Gastu diruz lagungarriaren %100 justifikatzen ez bada, burutu den gastua zenbatean murriztu den, proportzio berean gutxituko da dirulaguntza. Horretarako, onuradunak edo entitate laguntzaileak betebeharrak ia osorik bete behar ditu, eta bere konpromisoak zalantzarik gabe betetzeko jarrera frogatu (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2015 Foru Legearen 35. artikulua).

17.1. Tokiko Gazteria Plana, bere aurretiazko diagnostikoa edo 2020. urteko programazioa prestatu, gazteekin foroak eta elkarrizketak proposatu eta gauzatzea, eta azterlan sektorialak egiteko dirulaguntzaren justifikaziorako:

–Azken agiria, Tokiko Gazteria Plan, aurretiazko diagnostiko, 2020. urteko programazio, azterlan sektorial edo gazteekin egindako foro eta elkarrizketen garapenarena.

17.2. Gazteentzako 2019. urteko programetarako dirulaguntza justifikatzeko:

Egindako programak identifikatzeko datuak jasoko dituzten frogagiriak eta jarduera arrunten programa deskribatzen duen memoria, bertan jasota diruz lagundu eta bete diren jarduera guztiak. Besteak beste, honako hauek jasoko dira: jardueren izena, helburuak, zer adinetako jendearentzat diren, iraupena, non egin diren, monitoreen izenak, parte-hartzaileak eta publizitatea (V. eranskina-1. fitxa). Orobat, laburpen agiri bat aurkeztuko da, non honako hauek zehaztuko baitira: jarduera kopurua ekintzen arabera, guztirako gastua, gizon parte-hartzaileen eta emakume parte-hartzaileen kopurua (V. eranskina-2. fitxa).

17.3. Gazteriaren arloko teknikariak kontratatzeko dirulaguntza justifikatzeko:

–Gazteria arloko teknikariek 2019n zein funtzio eta jarduketatan parte hartu duten, horiek biltzen dituen memoria.

–Egindako kontratuaren fotokopia konpultsatua, baldin eta aldez aurretik Nafarroako Gazteriaren Institutura igorri ez bada. Agiri horren ordez, toki entitateko idazkariak sinatutako eta alkate-udalburuak ontzat emandako ziurtagiri bat aurkezten ahalko da, non frogatuko baita gastua edo gasturako konpromisoa badela (V. eranskina-4. fitxa).

Gaitutako helbide elektronikora eta herritarren karpetara jakinarazpen elektronikoa igorriz egingo da dokumentazioa osatu edo zuzentzeko errekerimendua, aurreko paragrafoan ezarri dena.

18. Dirulaguntza nola eta noiz ordaindu.

18.1. Frogagiriak aurkeztu ondoan emanen da ordaintzeko ebazpena, 17. oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

18.2. Ematen den dirulaguntza transferentzia bidez ordainduko da, dagokion ebazpena onetsi eta bi hilabeteko epean gehienez, justifikatu ondoren.

19. Betebeharrak.

19.1. Dirulaguntzaren onuradunek dirua nahitaez dirulaguntzaren helburuetan erabili beharko dute, eta hala egin dela justifikatu dokumentuen bidez. Gainera, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak eskatzen dituen egiaztapen guztiak onartu eta erraztu beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari jarraituz.

19.2. Egiaztatu eta kontrolatzeko lanak bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta behar bezala auditaturiko bestelako agiriak eduki beharko dituzte, indarra duten legeetan xedatu bezala.

19.3. Halaber, entitate onuradunak behartuak egonen dira diruz lagundutako jardueraren publizitate eta zabalkundean Nafarroako Gobernuak horretarako ezarriko duen marka (anagramaz eta logotipoz osatua) edo zehaztuko diren beste batzuk erabiltzera, baita jardueraren ezaugarrien arabera erabilitako beste publizitate bideetan ere, hala badagokio, betiere Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen maiatzaren 3ko 4/2016 Foru Dekretua betez.

19.4. Generoaren ikuspuntuaren tratamenduari dagokionez, hizkuntza berdinzalea erabiltzea komunikazio, argitalpen, programa eta antzeko guztietan; emakumeenganako bereizkeria islatzen duen irudi oro saihestea eta berdintasunari, aniztasunari, rolen pluraltasunari eta ardurakidetzari lotutako baloreak sustatzea.

19.5. Pertsona guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko, edozein jarduera antolatzen duten toki entitateek euskararen eta gaztelaniaren presentzia bermatuko dute komunikazio guztietan: paperak, inskripzio-orriak, kartelak, zabalkunderako bitartekoak, megafonia eta publizitateko logotipoak.

19.6. Antolatzen diren jardueretan, Nafarroako 2017-2027ko Hondakinen Plana bete behar da. Plan horretan, hondakinen kudeaketa plana eta prebentzio programa aipatzen dira, eta bertan ezartzen da zein diren hartu beharreko neurri zehatzak, besteak beste hondakinen gaikako bilketa eta bereizketa sustatzea.

19.7. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, dirulaguntzen onuradunek jasotako funtsak itzuli beharko dituzte.

20. Bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzen dituzten toki entitateek beste administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribatu batzuen laguntzak eta dirulaguntzak hartzen ahalko dituzte helburu eta xede beretarako, baina haiek, guztira, ezin izanen dute proiektu bakoitzaren gastuaren %100 gainditu, barnean dela deialdi honetan oinarrituta emandako zenbatekoa.

Kontzeptu berberetarako laguntza bi erakundetatik edo gehiagotatik jasotzen duten toki entitateek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, entitateko buruak sinatua, adierazteko dirulaguntza guztien batura elkarteak egindako gastua baino baxuagoa dela. Hartan, jasoko dira dirulaguntzaren xede den jarduera egiteko lortu dituen beste dirulaguntza batzuk, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabide berekiak, eta zehaztuko dira eskatutako zenbatekoa, entitateen izena eta onartutako zenbatekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 16. artikuluarekin bat (VI. eranskina).

21. Onarpena.

Deialdi honetan parte hartzeak berekin dakar oinarri guztiak onartzea.

22. Ez-betetzeak.

22.1. Deialdi honen arauetan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du berekin, jasotako dirua itzuli beharra Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, eta aurrerantzean helburu bereko edo bertsuko dirulaguntza eskaerak ez onartzea ere izan dezake ondorio, antolamendu juridikoan ezarritako gainerako erantzukizunak galarazi gabe.

22.2. Nolanahi ere, onuradunak betebeharrak ia osorik betetzen dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

23. Gardentasun betebeharrak.

23.1. Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, entitate onuradunek gardentasun betebeharrak izanen dituzte, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren bidez arautuak (Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen foru dekretua).

Urtean 20.000 eurotik gorako dirulaguntza jasotzen duten entitate onuradunek, onetsitako laguntza beren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa bada, honako informazio hau eman beharko diote Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari:

a) Entitateen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.

d) Kargudun bakoitzak gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen duen dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Entitate onuradunen legezko ordezkariek sinatu beharko dute aipatutako informazioa.

23.2. Aurreko ataleko inguruabarrak ez gertatzeagatik entitate onuradunak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, horixe dioen aitorpena aurkeztu beharko du, deusetan galarazi gabe deialdia kudeatzeko unitateari egiaztatu eta ikuskatzeko esleitu zaizkion ahalmenak.

Aitorpen hori aurkeztuta ere, nahitaez onartu behar dira laguntza ematen duen organoaren egiaztapen lanak, eranskin honen 19. oinarrian ezarritakoak.

23.3. Atal honetan aipatzen den informazioa dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean aurkeztu beharko da. Telematika bidez aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari zuzendua.

23.4. Onuradunak informaziorako betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, atal honetan agindutako informazioa ez aurkezteak onetsitako dirulaguntza ez ordaintzea ekarriko du berekin, eta, bidezko bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharra, Dirulaguntzei buruzko Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

23.5. Nolanahi ere, entitate onuradunek dokumentuak ez aurkezteko eskubidea izanen dute baldin eta haiek dagoeneko Foru Komunitateko Administrazioaren esku badaude (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikulua).

23.6. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 11.2.a) artikuluan ezarritakoarekin bat, entitate onuradunak eman behar duen informazioan dauden datu pertsonalak jakinarazteko ez da beharrekoa izango interesdunaren baimena, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian baimentzen baita.

23.7. Entitate onuradunek ematen duten informazioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko webgunean argitaratuko da. Informazio hori urtebetez egongo da ikusgai argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

24. Azpikontratazioa.

24.1. Toki entitate onuradunek zilegi dute diruz lagundutako jarduerak azpikontratatzea, guztiz edo partez, eta ez dago horretarako portzentaje-mugarik. Nolanahi ere, onuradunak berak egiten badu dirulaguntza jasotzen duen jarduera, horretarako behar diren gastuen kontratazioa kontzeptu honetatik kanpo geldituko da.

24.2. Ez da inola ere azpikontraturik eginen, horrek diruz lagundutako jardueraren kostua garestitzen badu eta proiektuari ezer berririk eransten ez badio.

24.3. Kontratistek toki entitate onuradunaren aurrean erantzun beharko dute, bakar-bakarrik. Administrazioaren aurrean, aldiz, onuradunak du diruz lagundutako jarduera gauzatzearen erantzukizun osoa.

Toki entitate onuradunek hirugarrenekin ituntzen duten jardueran errespetatu egin beharko dira dirulaguntzari buruzko araudian ezarritako mugak, dirulaguntzaren xede izan daitezkeen gastuen izaerari eta zenbatekoari dagokienez, eta toki entitate onuradunen ardura izanen da baldintza hori betetzea. Kontratistek, berriz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 39. artikuluan ezarritako betebeharra izanen dute, hau da, lagundu egin beharko dute, behar bezala egiaztatu ahal izan dadin aipatutako muga horiek ez direla gainditzen.

24.4. Onuradunak ezin du inolaz ere hitzartu diruz lagundutako jarduera osoaren edo zati baten exekuzioa Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26.7. artikuluan adierazitako pertsonekin.

24.5. Nafarroako toki entitateak eta haien erakunde autonomoak Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen xedapenak bete beharko dituzte, Toki Administrazioaren arloko foru legeek eragindako berezitasunekin betiere.

25. Errekurtsoak.

Deialdi honen oinarrien eta aplikazio egintzen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete toki administrazioek, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, ukatu gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

26. Aplikatzekoa den legedia.

Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.

Iragarkiaren kodea: F1902808