61. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

22/2019 FORU DEKRETUA, martxoaren 13koa, zeinaren bidez Santa María La Real Etxekoandreen, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Elkarteari ematen baitzaio Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea.

Santa María La Real Etxekoandreen Elkartea 1967. urtean eratu zen, Iruñean. Gisa horretako Espainiako lehenengo elkartea izan zen, eta 001 zenbakiarekin inskribatuta dago, hain zuzen, Kontsumoko Institutu Nazionalean. Aurrerago izena aldatu, eta Santa María La Real Nafarroako Etxekoandreen, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Elkartea bihurtu zen. Izenean beti mantendu da “etxekoandre” terminoa, harekin sortu baitzen emakumea sustatzeko eta kontsumitzailea babesteko abiatutako bide luzea, noiz eta emakumeen elkarteak antolatzen hasi ziren garaian, eta lehen hazia izan zen, halaber, gerora emakumeak parte hartzen hasteko bizitza sozial, ekonomiko eta politikoaren esparru ezberdinetan.

Lan handia egin du elkarteak kontsumitzaileei eta erabiltzaileei laguntzen, aholkatzen eta informazioa eta prestakuntza ematen, benetako gaitasuna izan dezaten aukeratzeko eta erabakitzeko.

Elkartearen helburu izan da, horrez gain, botere publikoengan interesa piztea Gizarte Segurantzako araubide berezi bat ezar dezaten etxean lan egiten duten emakumeentzat, laguntza jaso dezaten bai zahartzaroan bai gaixotasun edo ezbeharren bat izanez gero. Elkartearen helburu izan da, bestalde, botere publikoen aurrean sustatzea seme-alaben eta amen babes sozial, ekonomiko eta juridikoa, edozein dela ere amaren egoera zibila, haien eskubideak zaintzeko nazioarteko akordioak guztiz errespeta daitezen.

Horregatik, nabarmentzekoa da elkarteak egindako lana emakumeen elkarteen eta administrazio publikoen, gizarte entitateen eta, oro har, herritarren arteko hartu-emanean; izan ere, emakumeen elkarteen lana optimizatu eta dinamizatzen du, bai eta haien programen, zerbitzuen eta jarduketen kalitatea eta gardentasuna ere, beste aukerarik ez zegoen garaian emakume askok familian eta etxean egindako lana sustatzeko eta gizartean normalizatzeko tresna diren aldetik.

2019an, Iruñeko ordezkaritzak dohaintzan eman dio Etxebizitza Sozialerako Nafarroako Funtsari Estafeta kaleko pisua, orain arte bere egoitza zuena; eta egun Erriberrin du egoitza.

Horrela, Santa María La Real Etxekoandreen, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Elkarteak ekarpen handia egin du emakumeen eskubideak defendatzen eta emakumea gizartean duintzen eta emakumeek gizartean izan beharreko parte-hartzea aldarrikatzen.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuak bidezkotzat jo du Santa María La Real Etxekoandreen, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Elkartea saritzea Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanez; izan ere, horretarako sortu zen kondekorazio hau apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaren bidez: Foru Komunitatea garatu, ezagutarazi eta hari ospea ematen –nor bere jardueraren esparruan– nabarmendu diren pertsonek eta entitateek egindako lana eskertzeko.

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuak 2019ko martxoaren 13an egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. Santa María La Real Etxekoandreen, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Elkarteari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea.

3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2019ko martxoaren 13an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

Iragarkiaren kodea: F1903733