1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
2168/2018 EBAZPENA, azaroaren 19koa, Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako zuzendari nagusiak emana. Honen bidez, etxebizitza-errentamenduko kontratu berriei 2019an aplikatzekoak zaizkien gehieneko errenta-prezioak ezartzen dira etxebizitza mota hauetarako: araubide bereziko babes ofizialekoak, 10/2010 Foru Legearen arabera kalifikaturiko babes ofizialekoak eta jabe partikularrek errentan emandako mota guztietako etxebizitza babestu jabetza-araubidekotzat kalifikatuak.
Nafarroan etxebizitza izateko eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legea Etxebizitzaren alorrean herritarrentzako laguntza-neurriak ezartzen dituen abenduaren 21eko 22/2016 Foru Legearen bidez aldatua izan ondoren, etxebizitza babestuen gehieneko errenta-prezioaren kalkulua aldatu da, dagoeneko ez baitago moduluaren balioaren menpe.
Horrela, aipatu 10/2010 Foru Legearen 10.2 artikuluaren arabera, etxebizitza hauei aplikatzekoa zaien gehieneko errenta-prezioa zehaztu zen:
–Araubide bereziko babes ofizialeko etxebizitzak.
–Aipatu Foru Legearen babesean kalifikaturiko babes ofizialeko etxebizitzak.
–Jabe partikularrek errentan emandako mota guztietako etxebizitza babestuak, jabetza-araubidekotzat kalifikatuak.
2017. urterako, hain zuzen, prezio hauek finkatu ziren: 5,40 edo 5,10 euro etxebizitzaren metro erabilgarriko, gehienez 60 euro garajeko eta 2 euro trastelekuaren edo beste eranskinen metro erabilgarriko.
Urteroko eguneraketei dagokienez, 10. artikuluko c) letrak ezartzen du indarreko prezioari aplikatuko zaiola aurreko hamabi hilabeteetako Kontsumoko Prezioen Indizeen Sistemako Indize Orokor Nazionalaren portzentajezko aldaketa, urte bakoitzeko azaroaren 30ean ezagunak diren azken datuak harturik.
Formula horri jarraikiz, Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako zuzendari nagusiak abenduaren 18an emandako 2562/2017 Ebazpenaren bidez, gehieneko errenta-prezioak onetsi ziren 2018rako:
2019. urterako, 2018ko azaroaren 30ean ezagutzen zen azken datua, Estatistikako Institutu Nazionalak argitaratzen dituen Kontsumorako Prezioen Indize Orokorren artean, 2018ko urriari zegokiona zen (2016ko oinarrizko indize orokorra), eta urri horretan KPIren urteko aldaketa-tasa %2,3koa zen (datu horiek azaroaren 14an argitaratu ziren). Nafarroan, berriz, KPI orokorraren urteko aldaketa-tasa %2,5ekoa izan zen, baina Etxebizitza taldekoa %5,9koa (Espainiako indizea talde horretan: %4koa).
Aipatu balioa (%2,3) Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako zuzendari nagusiak abenduaren 18an emandako 2562/2017 Ebazpenak ezarritako aurreko prezioetara aplikatuz, etxebizitza-errentamenduko kontratu berriei 2019an aplikatzekoak diren gehieneko prezioak zehazten dira etxebizitza mota hauetarako: araubide bereziko babes ofizialekoak (ABBOE), 10/2010 Foru Legearen arabera kalifikaturiko babes ofizialekoak (BOE), eta jabe partikularrek errentan emandako mota guztietako etxebizitza babestu jabetza-araubidekotzat kalifikatuak.
2019rako prezio horiek, metro erabilgarriko/hileko gehieneko prezioetan eta, garajearen kasuan, hileko gehieneko zenbatekoan (garaje osoarengatik eta haren azalera edozein dela ere) adieraziak, hauek dira:
Iruñerrian, Tuteran, Lizarran eta Tafallan dauden etxebizitzak:
| ALOKAIRUA, HILABETE ETA m² BAKOITZEKO |
Etxebizitza | 5,61 euro |
Garajea (hileko zenbatekoa garaje osoarengatik) | 62,36 euro |
Trastelekuak eta beste eranskin batzuk | 2,08 euro |
Nafarroako gainerako udalerrietan dauden etxebizitzak:
| ALOKAIRUA, HILABETE ETA m² BAKOITZEKO |
Etxebizitza | 5,30 euro |
Garajea (hileko zenbatekoa garaje osoarengatik) | 62,36 euro |
Trastelekuak eta beste eranskin batzuk | 2,08 euro |
Horrenbestez, ikusirik Etxebizitza Zerbitzuko zuzendariaren proposamen-txostena, eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 12ko 52/2015 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. %2,3ko portzentajezko aldaketa aplikatzea araubide bereziko babes ofizialeko etxebizitzen, 10/2010 Foru Legearen arabera kalifikaturiko babes ofizialeko etxebizitzen, eta jabe partikularrek errentan emandako mota guztietako etxebizitza babestu jabetza-araubidekotzat kalifikatuak direnen kontratu berrien gehieneko errenta-prezioak 2019rako zehazteko. Aipatu aldaketa Kontsumorako Prezioen Indize (KPI) orokorraren (2016ko oinarrizkoa, 2018ko urriari dagokiona) urteko tasari dagokio, Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 10.2 artikuluan xedatuta dagoen bezala.
2. Araubide bereziko babes ofizialeko etxebizitzen, 10/2010 Foru Legearen arabera kalifikaturiko babes ofizialeko etxebizitzen, eta jabe partikularrek errentan emandako mota guztietako etxebizitza babestu jabetza-araubidekotzat kalifikatuak diren etxebizitzen kontratu berrien gehieneko errenta-prezioak (2019an indarrean egonen direnak) ezartzea:
Iruñerrian, Tuteran, Lizarran eta Tafallan dauden etxebizitzak:
| ALOKAIRUA, HILABETE ETA m² BAKOITZEKO |
Etxebizitza | 5,61 euro |
Garajea (hileko zenbatekoa garaje osoarengatik) | 62,36 euro |
Trastelekuak eta beste eranskin batzuk | 2,08 euro |
Nafarroako gainerako udalerrietan dauden etxebizitzak:
| ALOKAIRUA, HILABETE ETA m² BAKOITZEKO |
Etxebizitza | 5,30 euro |
Garajea (hileko zenbatekoa garaje osoarengatik) | 62,36 euro |
Trastelekuak eta beste eranskin batzuk | 2,08 euro |
3. Ebazpen hau igortzea babes ofizialeko etxebizitzak alokatzen dituzten enpresa edo entitate guztiei, Nafarroako Etxebizitza Kontseiluko kideei, Etxebizitza Zerbitzuari eta Administrazio Aferetarako Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.
4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita etxebizitzaren arloko argibideak ematen dituen webgunean ere (www.vivienda.navarra.es), behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2018ko azaroaren 19an.–Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako zuzendari nagusia, Gema Mañú Echaide.
Iragarkiaren kodea: F1815610