57. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

59/2019 EBAZPENA, otsailaren 6koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, jarraibideak ematen dituena Gizartean, Hezkuntzan eta Lan Munduan Txertatzeko Programa (PISEP), Nafarroako Foru Komunitatean bakarrik dauden adingabe atzerritarrei zuzendua, nola antolatuko den eta nola funtzionatuko duen modu esperimentalean arautzeko.

Azken urteetan bakarrik dauden gero eta adingabe atzerritar gehiago ari dira iristen Komunitatera, haiek zainduko dituzten erreferentziazko heldurik gabe. Horrenbestez, beharrezkoa da esku-hartze eredu berriak ezartzea, Nafarroan bakarrik dauden adingabe atzerritarren ezaugarri eta beharrei erantzunen dietenak.

Bakarrik dauden adingabe atzerritarrei buruz hitz egitean, oinarritzat hartuko dugu Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak estatu kideei bakarrik dauden adingabe atzerritarren aldeko proiektuei buruz eginiko CM/Rec(2007)9 gomendioan, 2007ko uztailaren 12koan, erabilitako definizioa: “bi gurasoengandik eta beste senide batzuengandik bereizita dauden adingabeak eta legez edo ohituraz beren zaintzaz arduratu behar duen heldurik gabe daudenak”. Bakarrik dauden adingabe atzerritarrak gure herrialdera iristen ari dira egungo immigrazio fenomenoaren testuinguruan, eta gazte horien ezaugarriak direla eta (atzerritarrak eta zainduko dituzten heldurik gabe), behar espezifiko jakin batzuk sortu dira. Behar horiek erronka berria dira administrazio publikoentzat, eta arrakastaz erantzunen zaie soilik administrazioek koordinatuta lan egiten badute. Esku-hartze eredu berri horren zati garrantzitsu bat da helburu bikoitza (soziolaborala eta langileak gaitzekoa) duten programak sortzea, azken batean adingabeari helduarorako trantsizioan laguntzeko bere harrerako lurraldean.

Hauek dira erronka horri arrakastaz aurre egiteko funtsezko elementuetako bi: prestakuntza eta lan munduan txertatzea. Gazte horien adina eta espektatibak kontuan hartuta, enplegurako prestakuntza da esku-hartzeetan lehenetsi beharreko alderdietako bat. Prestakuntza jarduerez gain, lan orientaziora bideratutako jarduketak sustatu behar dira. Gazte horiek ezjakintasun handia izaten dute, eta espektatiba oker ugari prestakuntzari eta enpleguari dagokionez dituzten aukeren inguruan. Bestetik, enplegua lortzeko zailtasunak dituzte, beren kualifikazio berdina duten beste gazte askori gertatzen zaien moduan. Horrek nahasmendu handiak sortzen dizkie gazteei; izan ere, beren migrazio proiektuak porrot egin duela sentitzen ahal dute, eta oztopo izaten ahal da lanerako baimena lortzeko eta, beraz, adinez nagusi bihurtu ondoren gure herrialdean legalki geratzeko. Era berean, gizarte eta kultura integraziorako beste faktore bat harrerako herrialdeko hizkuntza eta kultura ezagutzea da. Bestetik, azpimarratu behar da lan handia egiten dela gizarte trebetasunak eta autonomia har ditzaten, baita arazo psikologikoak artatzeko ere.

Horrenbestez, berriro diogu oso garrantzitsua dela Nafarroako administrazio publikoek ongi koordinatuta lan egitea, alderdi hori funtsezkoa baita herritar horiekin esku hartzeko eta erronka handi horri erantzun integratua emateko. Horretarako, funtsezkoa da gazte horien herritartasun osorako sarbidea sustatzea, prestakuntza eta laguntza pertsonalizatuko prozesuen bidez eta beren beharretara egokitutako egituren bidez, lan munduan sartzen lagundu diezaieten.

Bakarrik dauden adingabe atzerritarrak gizarteratzea nahitaez bete beharreko kontua da nor den gizarte batean, alegia, baztertzen, gutxiesten eta pobretzen ez duen gizarte batean. Herritartasuna komunitate bateko parte izatea da, duintasunean oinarritutako berdintasun estatus bat, eskubide zibilak, politikoak eta sozialak baliatzeko berme formalak ematen dituena.

PISEP sortu zen Eskubide Sozialen Departamentuak Hezkuntza Departamentuari eskatu zionean arreta hobea emateko adingabeen kolektibo horri, zeina Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren eskumenen esparruan baitago. Agentzia horren ardurak dira, besteak beste, haurrak eta nerabeak sustatzeko, artatzeko eta babesteko politikak bultzatzea eta zailtasunak eta gatazka sozialak dituzten adingabeei arreta emateko programak egitea eta betearaztea.

PISEP izeneko programaren xedeak dira adingabeek funtsezko gaitasunak eskuratzea, prestakuntza jasotzea, lanerako gaitasunak eguneratzea, lankidetzaren eta elkartasunaren balioak garatzea, eta lanerako gaikuntza eta esperientzia arrakastatsuak lortzea; izan ere, adingabe horiek potentzial handia dute, beren enplegagarritasuna eta gaitasun pertsonala garatzeko testuinguru ez oso egokietan gizarteratu badira ere eta oztopo ugari izan badituzte ere.

Horregatik, beharrezkoa da Hezkuntza Departamentuak programa honetan esku hartzea, garatu beharreko neurrietako baten helburua izan dadin pertsona horiek gizartean eta lan munduan txertatzen lagunduko dieten gaitasunez hornitzea. Eskubide Sozialen Departamentuak finantzatuko ditu gastu guztiak.

Gizarteratzeko ardatz nagusietako bat gizartean eta lan munduan txertatzea da. Izan ere, hori hazkuntza pertsonaleko prozesua da, eta hori lortzeko gazte bakoitzak bere autonomia lortu behar du, bere proiektu profesionala barne. Horretarako, nahitaezkoa da norberaren garapen osorako lagungarri izanen den lanbidea gauzatzeko behar diren gaitasun egokiak eskuratzea. Gizartean eta lan munduan txertatzeak eta horrek berekin dakartzan prozesuek ondorio garrantzitsuak dituzte gazteentzat, hein batean beren garapen pertsonalerako, ibilbide profesionalerako eta ongizate psikologikorako aukerak erabakitzen dituztelako. Horrenbestez, prozesu hori gure gizarteak duen erronka garrantzitsuenetako bat da.

Gaur egungo estatu mailako araudi esparruak aukera ematen digu proposatutako programa gauzatzeko. Alde batetik, Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak bere 12. artikuluan ezartzen du lan munduan sartzeko zailtasun bereziak dituzten taldeei prestakuntza eskaintzak egiteko aukera. Eskaintza horiek Lanbide Heziketako ikastetxeetan egiten ahal dira, Lanbide Heziketako tituluetan sartutako moduluetatik eta Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean jaso gabeko beste prestakuntza batzuetatik abiatuta.

Bestetik, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak atarikoan ezartzen du aniztasunari arreta ematea dela oinarrizko hezkuntza guztia gidatu behar duen printzipioa. Horrela, beren ezaugarriei eta beharrei egokitutako hezkuntza emanen zaie ikasleei. Eta II. tituluko I. kapituluan (Hezkuntza laguntzaren berariazko premia duten ikasleak) ezartzen du hezkuntza administrazioek berariazko programak eginen dituztela hizkuntzaren aldetik edo oinarrizko gaitasunen aldetik gabezia larriak dituzten ikasleentzat, errazago gizarteratu daitezen.

Nafarroan, lege hori garatzen du Hezkuntza kontseilariaren ekainaren 13ko 93/2008 Foru Aginduak, ikastetxeetan aniztasunari nola erantzun arautzen duenak. Zehazki, 31. artikuluan ezartzen du gizarte eta hezkuntza integraziorako programak ezartzeko aukera. Horrez gain, Hezkuntza kontseilariaren ekainaren 6ko 66/2016 Foru Aginduak, Nafarroako Oinarrizko Lanbide Heziketaren antolaketa eta garapena arautzen duenak, gizartean eta hezkuntzan esku hartzeko estrategiak sustatzen ditu, gizarte eta hezkuntza proiektura egokitutako antolamendu ereduen bidez.

Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du jarraibideak onesteko Gizartean, Hezkuntzan eta Lan Munduan Txertatzeko Programa (PISEP), Nafarroako Foru Komunitatean bakarrik dauden adingabe atzerritarrei zuzendua, nola antolatuko den eta nola funtzionatzuko duen arautu beharrez Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan eta onesteko Programari dagokion gastua, Eskubide Sozialen Departamentuak finantzatuko duena.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Jarraibideak onestea Gizartean, Hezkuntzan eta Lan Munduan Txertatzeko Programa (PISEP), bakarrik dauden adingabe atzerritarrei zuzendua, nola antolatuko den eta nola funtzionatuko duen arautzeko. 1. eta 2. eranskinetan jasota daude.

2. Onestea Programa horri lotutako gastua, guztira 166.394,65 euro egiten baitu, 2019ko gastuen aurrekontuko partida hauen kargura: 400000 41000 1220 322000, Aldi baterako lan-kontratudunen ordainsariak: 124.920,91 euro.

400000 41000 1600 322000, Gizarte Segurantza. 41.473,74 euro.

3. Ebazpen hau eta eranskinak honako hauei igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan: Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusia, Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusia, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua, Lanbide Heziketaren Zerbitzua, Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzua, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzua, Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren eta Bizikidetzaren Zerbitzua, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzua, Baliabide Ekonomikoen Zerbitzua, Giza Baliabideen Zerbitzua, Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzua, Hezkuntzako Teknologien eta Informazio Sistemen Zerbitzua eta Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atala.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

Iruñean, 2019ko otsailaren 6an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

1. ERANSKINA

Gizartean, Hezkuntzan eta Lan Munduan Txertatzeko
Programaren (PISEP) ezaugarri nagusiak

1. Gizartean, Hezkuntzan eta Lan Munduan Txertatzeko Programaren helburua.

Programaren helburua da Nafarroan harreran hartutako adingabe atzerritarren ezaugarri eta beharrei erantzuna ematea esparru soziolinguistikoari (funtsezko gaitasunei lotuta), lanbide orientazioari eta lanbide kualifikazioari dagokienez.

Horrez gain, ikasle horiek oinarrizko gaitasunak garatzea ahalbidetuko da, ikasle bakoitzari dagokion Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako mailako helburu orokorrak bete ditzaten.

2. Helburu orokorrak.

Hauek dira ikasle horiei eman beharreko arretaren helburu orokorrak:

a) Hezkuntza prestakuntza ematea, asaldurak eta frustrazioak murrizteko eta, hala, etorkizunean hezkuntza testuinguru arautuago batera egokitzeko.

b) Lan arloko orientazioarekin lotutako prestakuntza espezifiko eta egokitua ematea, adingabeei erabakiak hartzen laguntzeko.

c) Lehen mailako lanbide kualifikazioa ematea.

d) Gaztelania irakastea, hizkuntza ongi jakitea funtsezko mekanismoa baita gizartean eta kulturan integratzeko.

e) Harrerako kultura ezagutaraztea, eskolaz kanpoko jarduera jakin batzuk programatuta.

f) Gizarterako eta autonomiarako trebetasunekin lotutako gaitasun espezifikoa ematea.

g) Sortzen ahal diren arazo psikologikoak berariaz zaintzea, ikastetxeko orientazio taldeko profesionalen bitartez.

3. Ikasleen profila.

Programa hau zuzendua dago Nafarroan harrera egin zaien eta 18 urte baino gutxiago dituzten adingabe atzerritarrei.

4. Programan sartzea. Onartua izateko irizpideak.

Hezkuntza Departamentuak, Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuaren bidez, hezkuntza balorazio bat eginen du ikasle bakoitza dagokion DBHko mailan sartzeko. Horri esker, etorkizunean oinarrizko LHko ziklo batean edo Lanbide Lantegi batean sartzeko aukera izanen dute eta, hala, hezkuntza sisteman aurrera egitekoa.

Hauek izanen dira PISEPen sartzeko irizpideak:

1. Adina: zenbat eta zaharragoa, orduan eta lehentasun handiagoa Programan sartzeko.

2. Ikasleen lehentasunak eskaintzen diren lanbide profilei dagokienez, hautaketa lehentasun handienetik txikienera.

Onarpena egitean kontuan hartuko dira irizpide horiek.

5. Gizartean, Hezkuntzan eta Lan Munduan Txertatzeko Programaren iraupena.

2018-2019 ikasturtean Programak 2019ko urtarriletik ekainera iraunen du.

6. Ikasle ratioa.

Oro har, gehienez 8 ikaslek osatuko dute taldea.

7. Programako irakasleak eta profesionalak, eta beren funtzioak.

Programa honek barne hartzen duen prestakuntza hiru esparrutan banatuta dago:

–Esparru soziolinguistikoa, funtsezko gaitasunei lotua.

–Lanbide prestakuntzaren esparrua, lanerako prestakuntzari eta 1. mailako gaitasun unitateei lotua.

–Lanbide orientaziorako gizarte trebetasunen eta autonomia pertsonalaren esparrua.

Programa honetako funtsezko gaitasunei lotutako esparru soziolinguistikoan irakasteko, beharrezkoa izanen da Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetan Komunikazioa eta Gizartea modulua emateko eskatzen diren baldintzak betetzea.

1. mailako gaitasun unitateei lotutako moduluetan irakasteko, beharrezkoa izanen da modulu horiek barnean hartzen dituzten oinarrizko lanbide tituluetan ezarritako modulu lotuetan irakasteko eskatzen diren baldintzak betetzea.

Lanbide orientaziorako gizarte trebetasunen eta autonomia pertsonalaren moduluaz arduratzeko, beharrezkoa izanen da gizarte integrazioko goi mailako teknikariaren titulua edo horren baliokidea izatea.

Ikasleen ezaugarriak direla eta, komeni da irakasle taldea txikia izatea, ikasleak hobeki ezagutzeko eta koordinatuta lan egiteko. Hartara, irakasleek baterako jarduketa irizpideak ezarriko dituzte eta Programako modulu desberdinen edukiak modu koherentean landuko dira.

Programako irakasle eta profesionalek zeregin hauek izanen dituzte:

–Gizarte, hezkuntza eta lan arloko esku-hartzea planifikatzea eta programatzea.

–Moduluen edukiak garatzea, ikuspegi orohartzaileak, diziplinartekoak eta ikasleen interesekoak proposatuz.

–Ikasturte bukaerako memoria egitea, hobetzeko proposamenak eginez.

–Irakaskuntza prozesua eta ikasleen ikaskuntza koordinatzea eta ebaluatzea.

Irakasle eta profesional horiek berariazko aholkularitza eta prestakuntza jasoko dute Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuaren eskutik.

Irakasleen plazak betetzeko zailak diren lanpostutzat hartuko dira.

8. Gizartean, Hezkuntzan eta Lan Munduan Txertatzeko Programaren antolamendua.

Moduluen orduak honela banatuta egonen dira astean zehar:

–Funtsezko gaitasunei lotutako modulu soziolinguistikoa: 10 ordu.

–1. mailako gaitasun unitateei lotutako moduluak: 12 ordu.

–Lanbide orientaziorako gizarte trebetasunen eta autonomia pertsonalaren modulua: 3 ordu.

9. Eskolatzea, ebaluazioa eta sustapena Gizartean, Hezkuntzan eta Lan Munduan Txertatzeko Programaren barnean.

Programa hau egiten duten ikasleak matrikulatuta egonen dira hori gauzatzen duen ikastetxe publikoan.

PISEP bat egiten duten ikasleen ebaluazioa oro har Lanbide Lantegietako eta Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleentzat ezarritakoaren berdina izanen da. Ikasturte bakoitzean azken ebaluazioko bi saio egonen dira, eta orientazio aholkua honako aukera hauetatik hartu beharko da:

EGOERA IKASTURTE BUKAERAN

HARTZEN AHAL DIREN ERABAKIAK (*)

Modulu guztiak gaindituz gero:

–Dagokion DBHko mailara igarotzea, Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuak ezartzen dituen baldintzetan.

–Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetara sartzeko proposamena, indarreko araudiari jarraikiz.

–Lanbide Lantegietara sartzeko proposamena, indarreko araudiari jarraikiz.

Beste edozein kasutan:

–Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetara sartzeko proposamena, indarreko araudiari jarraikiz.

–Lanbide Lantegietara sartzeko proposamena, indarreko araudiari jarraikiz.

(*) Taula honetan jasotzen ez den beste edozein aukera, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak, Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuak eta Lanbide Heziketaren Zerbitzuak erabaki beharko dute batera.

Gizartean, Hezkuntzan eta Lan Munduan Txertatzeko Programako tutoreak ikaslearen legezko ordezkariei idatziz emanen die, Educa kudeaketa sistematik ateratako eredua erabilita, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuen hiruhilekoko ebaluazioaren berri.

Ikaslea matrikulatuta dagoen ikastetxeak hiruhilekoko eta bukaerako ebaluazioak jasoko ditu ikaslearen espediente akademikoan. Orientazio Departamentuak eginen du ikasleak ikastetxean izan duen bilakaera integralaren segimendua.

10. Gizartean, Hezkuntzan eta Lan Munduan Txertatzeko Programa ezarriko duten ikastetxeak.

PISEP emateko baimena izanen dute ikastetxe publiko hauek:

–Burlatako LH II.

–Uharte BHI.

–Virgen del Camino IIP.

–María Ana Sanz II.

11. Gizartean, Hezkuntzan eta Lan Munduan Txertatzeko Programaren finantzaketa.

PISEP Eskubide Sozialen Departamentuaren eta Hezkuntza Departamentuaren artean finantzatuko dute:

–Hezkuntza Departamentuak Lanbide Heziketako espazioak, ekipamenduak eta instalazioak jarriko ditu, eta horien erabilerak dakartzan gastu guztiak ordainduko ditu, baita zuzendaritza taldeek eta administrazio eta zerbitzuetako langileek eginiko lanari dagozkion gastuak ere.

–Eskubide Sozialen Departamentuak bere gain hartuko ditu Programa osatzen duten moduluak garatzeko behar diren langileen gastu guztiak. Horretarako, behar duen finantzaketa emanen dio Hezkuntza Departamentuari, beharrezko langileak kontratatzeko behar diren partidak zabal ditzan:

a) Funtsezko gaitasunei lotutako modulu soziolinguistikoa: irakasleak.

b) 1. mailako gaitasun unitateei lotutako moduluak: irakasleak.

c) Lanbide orientaziorako gizarte trebetasunen eta autonomia pertsonalaren modulua: arduradunak gizarte integrazioko goi mailako teknikariaren titulua edo horren baliokidea izanen du.

2. ERANSKINA

Curriculumerako erreferentzia

1. Funtsezko gaitasunei lotutako modulurako erreferentzia.

Modulu hau garatzeko erreferentzia funtsezko gaitasunak izanen dira.

2. 1. mailako gaitasun unitateei lotutako moduluen curriculumeko erreferentzia.

Hauek dira PISEPeko lanbide profil bakoitzari lotutako erreferentziazko profesionaltasun ziurtagiriak eta gaitasun unitateak:

a) Instalazio elektrikoen PISEP. Erreferentziako lanbide kualifikazioa: Instalazio elektroteknikoak eta telekomunikazioetakoak eraikinetan muntatzeko eragiketa osagarriak, gaitasun unitate hauekin:

–UC0816_1: behe tentsioko instalazio elektrikoak eta domotikakoak eraikinetan muntatzeko zereginak egitea.

–UC0817_1: telekomunikazioetako instalazioak muntatzeko zereginak egitea.

b) Sukaldaritzako PISEP: Erreferentziako lanbide kualifikazioa: Sukaldeko oinarrizko zereginak, gaitasun unitate hauekin:

–UC0255_1: janariak bildu, aurrez prestatu eta kontserbatzeko oinarrizko zereginak.

–UC0256_1: janariak prestatzen laguntzea eta plater errazak prestatu eta aurkeztea.

c) Ibilgailuen mantentze-lanetako PISEP: Erreferentziako lanbide kualifikazioa: Ibilgailuen elektromekanikako mantentze-lanetako zeregin lagungarriak, gaitasun unitate hauekin:

–UC0620_1: oinarrizko mekanizazioko zereginak egitea.

–UC0623_1: ibilgailuko elementu mekaniko errazak desmuntatu, muntatu eta ordeztea.

–UC0624_1: ibilgailuko elementu elektriko errazak desmuntatu, muntatu eta ordeztea.

d) Biltegiko PISEP: Erreferentziako lanbide kualifikazioa: Biltegiko zeregin lagungarriak, gaitasun unitate hauekin:

–UC0432_1: zamak hartu eta uztea orga jasotzaileekin.

–UC1325_1: zamak hartzeko, beren lekuan jartzeko, horien mantentze-lanak egiteko eta igortzeko zeregin lagungarriak egin biltegian, taldean integratuta.

–UC1326_1: eskaerak modu eraginkor eta efizientean prestatu, ezarritako prozedurei jarraituz.

Gaitasun unitateei dagozkien moduluen ordu egitura ikasgelako programazioetan zehaztuko da.

Horrez gain, Programan parte hartuko duten ikasleen ezaugarriak kontuan hartuta eta ikusita ikasturteko beste momentu batzuetan pertsona gehiago sartzen ahal direla, aukera dago etorkizunean beste lanbide profil batzuk abian jartzeko, betiere Eskubide Sozialen Departamentuak finantzatzen baditu. Hala, Programaren eskaintza zabaldu eginen litzateke, baita dagozkion ziurtagiri eta gaitasun unitateak ere.

3. Gizartean eta lan munduan txertatzeko lanbide orientaziorako gizarte trebetasunen eta autonomiaren moduluaren curriculumeko erreferentzia.

Gizartean eta lan munduan txertatzeko lanbide orientaziorako gizarte trebetasunen eta autonomiaren modulua irakasteko Programarekin bat datorren curriculumeko proposamenak aukera eman behar dio ikasleari zenbait gaitasun eta ikaskuntza bereganatzeko, beharrezkoak bere garapen pertsonalerako eta, ondorioz, gizartean eta lan munduan txertatzeko.

a) Helburuak.

Curriculum proposamen honek helburu hauek ditu:

–Komunikazio gaitasunetan trebatzea, bide eraginkorrak erabiliz, informazio eta ezagutza egokiak helaraziz eta beren solaskide diren pertsonen autonomia eta gaitasuna errespetatuz.

–Autonomia pertsonal eta sozialerako trebetasunak sustatzea.

–Gizartean eta lan munduan txertatzeko estrategiak garatzea.

Plangintza horri esker, hobeki ezagutzen ahalko dira ikasleen komunikazio gaitasunak eta aldez aurretik dituzten autonomia pertsonal eta sozialerako trebetasunak, harrerako gizartean eta lan merkatuan hobeki txerta daitezen.

Horrenbestez, beharrezkoa da curriculumaren oinarrizko alderdi batzuk zehaztea, moduluaren ardura duen goi mailako teknikariak irakaskuntza eraginkor bat planifikatu eta programa dezan. Hartara, ikasleei gizarte trebetasunak eta behar duten autonomia maila eskuratzen lagunduko die, ahalik eta baldintza hoberenetan txerta daitezen gizartean eta lan munduan.

b) Helburu orokorrak.

Helburu orokorrek irakaskuntza jardunaren oinarri izanen diren alderdien multzoa identifikatzen dute:

–Ingurunearekin komunikazioa eta harreman sozialak errazteko estrategiak eta teknikak abiaraztea, adimen emozionalaren eta sozialaren printzipioekin loturik.

–Gatazkak kudeatzeko eta arazoak konpontzeko estrategiak garatzea, testuinguruaren ezaugarrien arabera bat edo beste aukeratuz.

–Autonomia pertsonal eta sozialerako trebetasunak entrenatzea.

–Eguneroko bizitzako trebetasunak eskuratzea, autonomia sustatzeko prozesuaren fase desberdinei dagozkienak.

–Gizartean eta lan munduan txertatzeko estrategiak, teknikak eta tresnak erabiltzea.

–Trebetasun sozialak eta autonomia pertsonal eta sozialerako trebetasunak bereganatzea, gizartean eta lan munduan txertatze aldera.

c) Printzipio metodologikoak.

Modulu honek komunikazio gaitasunaren alderdia lantzen du, eta prestakuntza egokia ematen du autonomia pertsonalerako, sozialerako eta laneko autonomiarako trebetasunak entrenatzeko. Horretarako, beharrezkoa da metodologia aktiboa erabiltzea. Garrantzitsua da beste pertsona batzuekin modu egokian erlazionatzeko behar diren trebetasun sozialak eskuratzea, bere jarrera horien ezaugarrietara eta testuingurura egokituz. Horretarako, prozeduran (egiten jakitea) eta jarreran (izaten jakitea) oinarritutako lana egin behar da, ikasleek beren pertsona arteko harremanetan behar izanen dituzten gaitasun sozialen funtzioari eta gatazkak kudeatzeko funtzioari erantzuna emanez, eta ikasleen autonomia pertsonal eta sozialerako trebetasunen garapena sustatuz, gizartean eta lan munduan txerta daitezen.

Hori dela eta, modulu hau esperientziala da nagusiki: edukiak (jakitea) lagungarriak dira, baina horien gainetik daude prozedurak eta jarrerak.

d) Ebaluaziorako printzipioak.

Ebaluazioari dagokionez, garrantzitsua da modulu honen helburu nagusiak betetzen lagunduko dioten zeharkako gaitasunak ebaluatzea. Horretarako, garrantzitsua da jarrerari dagozkion alderdiak ebaluatzea.

Ebaluazioak honako hauek barne hartuko ditu: hasierako ebaluazioa, ikasleen abiapuntuko gaitasunak ezagutzeko; ebaluazio jarraitua eta prestakuntzari dagokiona, prozesuan zehar egin dituzten lorpenak aztertzeko eta aurkitu dituzten zailtasunak detektatu eta zuzentzeko (aldaketak egite aldera); eta azken ebaluazioa, helburuak bete diren egiaztatzeko.

e) Edukiak-Gai multzoak.

Edukien helburua da komunikaziorako trebetasunak ikastea eta autonomia pertsonal eta soziala bereganatzea, ikasleak gizartean eta lan munduan errazago txertatzeko.

Modulua eta bere deskribatzaileak honela daude egituratuta:

–Harreman sozialerako eta komunikaziorako estrategiak eta teknikak: Komunikazioaren prozesu dinamikoa ulertzea. Komunikazioa prozesu zirkular gisa. Kanalak eta iragazkiak. / Pertsonen arteko komunikazio prozesuko oinarrizko trebetasun sozialak eskuratzea: entzute aktiboa eta erantzun enpatikoa. Adimen emozionala.

–Autonomia pertsonal eta sozialerako trebetasunak entrenatzea: Autonomia pertsonala garatzea. Autonomia, mendekotasuna eta autodeterminazioa. / Autonomiaren galerarekin lotutako gorabehera emozionalak eta jokabidearenak eta behar psikologikoak ezagutzea. / Autonomia pertsonal eta sozialerako trebetasunak eskuratzea.

–Eguneroko bizitzarako trebetasunak: Eguneroko bizitzarako trebetasunak baliatzea. / Eguneroko bizitzarako trebetasunak (autozainketarako trebetasunak eta eguneroko bizitza antolatzekoak) entrenatzeko teknikak garatzea. / Alfabetatze teknologikoa inplementatzea. / Ingurunera egokitzea.

–Gizarterako eta lanerako trebetasunak entrenatzea: Autonomia pertsonalerako trebetasunak garatzea, gizartean eta lan munduan txertatzeko. / Lanpostuko jarrerarekin lotutako funtsezko trebetasunak eskuratzea. / Enplegu bilaketa aktiboa entrenatzea.

Iragarkiaren kodea: F1901920