57. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

309/2019 EBAZPENA, otsailaren 21ekoa, Eskubide Sozialetako Departamentuko Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako zuzendari nagusiak emana, “Nafarroa” 2019ko Elkartasunaren Nazioarteko Sariaren XVII. edizioaren deialdia egin, eta haren oinarri arautzaileak onesten dituena.

Nafarroako Gobernuak, Eskubide Sozialetako Departamentuaren bidez, eta Laboral Kutxako Nafarroako Zuzendaritzak “Nafarroa” Elkartasunaren Nazioarteko Sarirako deialdia egin dute 2001. urtetik aurrera; sari horren azken helburua izan da gizartea kontzientziatu eta sentsibilizatzea herrialde eta herri pobretuetako gizarte sektore babesgabeenen alde egiten den borondatezko elkartasun lanaren garrantziari buruz.

2019ko otsailaren 19an, “Nafarroa” Elkartasunaren Nazioarteko Sariaren XVII. ediziorako lankidetza-hitzarmena sinatu zuten Eskubide Sozialetako Departamentuak eta Laboral Kutxak.

Horrenbestez, Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. “Nafarroa” 2019ko Elkartasunaren Nazioarteko Sariaren XVII. edizioaren deialdia egitea eta haren oinarriak onestea. Ebazpen honen eranskinean heldu dira oinarri horiek.

2. Ebazpen hau eta “Nafarroa” 2019ko Elkartasunaren Nazioarteko Sariaren oinarri arautzaileak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Laboral Kutxako Nafarroako Lurraldeko Zuzendaritzari, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea agortzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

4. Ebazpen hau igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora eta Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko otsailaren 21ean.–Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako zuzendari nagusia, Gema Mañú Echaide.

I. ERANSKINA

“Nafarroa” 2019ko Elkartasunaren Nazioarteko Sariaren XVII. edizioaren oinarriak

1. Sariaren xedea eta zuzkidura:

1.1. Sari honen xedea da goraipatzea eta aitortzea instituzioek, gobernuz kanpoko erakundeek eta pertsona fisikoek egindako lana; garapenerako nazioarteko lankidetzaren edozein arlotan, eta, bereziki, garapen jasangarriaren helburuak lortzeko eginiko ekarpenengatik nabarmendu diren horiena, hain zuzen.

1.2. Saria 25.000 eurokoa da, eskudirutan. Saria jasotzeko, ezinbestekoa izanen da saritutako entitatearen arduraduna edo saritutako pertsona joatea saria emateko ekitaldira, baita saria ematearen ondorioz antolatzen diren bestelako jardueretara ere, ezinbesteko kasuetan izan ezik, horrelakoetan ordezkari bat izendatzen ahalko baitu.

1.3. Antolatzaileak bere gain hartuko ditu sariduna saria ematen den tokira joateagatik sortutako gastuak.

2. Hautagaitzak aurkezteko tokia eta epea:

2.1. Proposamenak Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusira igorriko dira (González Tablas 7; 31005 Iruña, Espainia), posta ziurtatuaren bidez, gutun-azalean adierazita “Nafarroa” Elkartasunaren Nazioarteko Sarirako dela. Mezularitza zerbitzua erabiltzen bada hautagaitza igortzeko, servcoopdes@navarra.es helbide elektronikora mezu bat bidalita jakinarazi beharko da; hautagaitzak posta elektronikoaren bidez aurkezteko, servcoopdes@navarra.es helbidera igorriko dira.

2.2. Hautagaitzak aurkezteko epea oinarri hauek argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2019ko maiatzaren 17an bukatuko.

3. Entitate proposatzaileak:

3.1. Edozein herrialdetan legez eratutako erakunde publikoek (gobernuak, ministerioak, udalak, unibertsitateak, akademiak, ikerketa zentroak, enbaxadak, kontsulatuak, etab.) aurkezten ahal dituzte hautagaitzak, baita hezkuntza, kultura eta gizarte arloetako entitateek, gobernuz kanpoko erakundeek eta abarrek ere.

Halaber, antolatzaileek gonbidatutako izen handiko pertsonek edo entitateen ordezkariek aurkezten ahalko dituzte hautagaitzak, baita epaimahaiko kideek ere, adierazitako epearen barnean betiere.

3.2. Saria norberarentzat edo norberak legez ordezkatzen dituen erakundeentzat eskatuz aurkezten diren hautagaitzak baztertu eginen dira.

3.3. Sarirako hautagaitzak aurkezteak berekin dakar oinarri hauek goitik behera onartzea, baita epaimahaiak hartzen dituen erabaki guztiak ere.

4. Eskatzen den dokumentazioa:

3. oinarrian aipatutako entitate edo pertsonek, hautagaitza aurkezten dutenean, dokumentazio hau erantsiko dute:

a) Proposatutako pertsonen datuak edo entitatearen nortasun juridikoarenak biltzen dituen agiria, II. eranskineko ereduaren araberakoa.

b) Azalpen memoria (2.000 hitz gehienez), zeinetan frogatuko baitira saria eskuratzeko egindako merezimenduak: ekintzak, programak, neurriak eta egokitzat jotzen den gainerako informazioa (memoria aurkezteko eredua III. eranskinean dago).

c) Alegatzen diren merezimenduak abalatu eta egiaztatzen dituen beste edozein dokumentazio osagarri, erakunde publikoek, entitate pribatuek edo entzute handiko pertsonek hautagaien alde emandako gutunak barne.

Aurreko deialdietan hautagai bat proposatu duten entitateek, aurtengoan hori bera proposatu nahi badute berriro, honako hauek aurkeztu beharko dituzte: datuak emateko agiri eguneratua (II. eranskina); azalpen memoria eguneratua (III. eranskina); hautagaiaren aldeko gutun eguneratuak (halakorik badago edo beste batzuk erantsi nahi badituzte); eta agiri sinatu bat, non adieraziko baita zein urte eta ediziotan aurkeztu zen hautagaia, eta orduan aurkeztutako gainerako agiriak orain ere baliodunak direla (informazio osagarria edo bestelako materialak, hala nola DVDak, liburuak...).

5. Tramitazioa:

5.1. Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiak eta Laboral Kutxak hasiera bateko hautaketa ez loteslea egiten ahalko dute, saria erabakiko duen epaimahaiari igortzeko. Horretarako, finalisten proposamenarekin batera, aurkeztutako gainerako hautagaien zerrenda ere igorriko diote.

5.2. Hasierako hautaketa horretan honako alderdi hauek hartuko dira kontuan, epaimahaiarentzat orientagarriak izanen baitira:

a) Elkartasun lana zein testuingurutan egiten den, haren analisia.

b) Garapen jasangarriaren helburuak lortzeko eta giza garapena sustatzeko egindako ekarpena, eskubideen ikuspegitik eta generoaren perspektibatik.

c) Edukiaren izaera berritzailea.

d) Iraupena: esku-hartzearen xedeko komunitatean edo arloan duen errotze maila.

e) Lana zenbateraino dagoen zuzenduta kolektibo kalteberen alde.

f) Lankidetza eta/edo koordinazioa antzeko erakunde edo sareekin.

g) Saria emateak herritarrengan, erakundean edo esku-hartzearen xedeko eremuan dituen onurak eta/edo ondorio positiboak.

h) Hautagai diren entitateen ahalmen instituzionala edo proposatutako pertsonen ibilbide profesionala.

5.3. Sari honi buruzko edozein informazio jasotzeko, Nafarroako Gobernura jotzen ahalko da (Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzua), +34848425043 telefonoaren bidez eta servcoopdes@navarra.es helbidean.

5.4. Deialdia egiten duten entitateen eskumena da, ez beste inorena, sariaren inguruan sortu edo planteatzen diren arazo guztiak ebaztea.

6. Epaimahaia, erabakia eta saria ematea:

6.1. Zazpi kidek osatuko dute epaimahaia (mahaiburua eta sei mahaikide), elkartasunaren arloan izen handia eta sentiberatasun berezia duten pertsona eta profesionalen artetik hautatuta.

6.2. Epaimahaiak aho batez proposatuko du nori eman saria, edo, guztien adostasuna lortzen ez bada, kideen gehiengo soilaren bidez.

6.3. Erabakia prentsaurreko batean jakinaraziko zaie hedabideei; aditzera emanen da zein entitatek edo pertsonak irabazi duen saria, edo, kasua bada, eman gabe gelditu dela.

6.4. Saria jendaurrean emanen da, horretarako ekitaldi bat antolatuta, entitate deitzaileek garaiz jakinaraziko duten egunean.

6.5. Egonaldia bitartean, sarituak edo saritutako entitatearen ordezkariek prestasun osoa izanen dute antolakuntzak sariaren inguruan proposatzen ahal dituen ekitaldi eta jardueretan parte hartzeko.

II. ERANSKINA

Proposatutako pertsonen datuak edo entitatearen nortasun juridikoari buruzkoak (PDFa).

III. ERANSKINA

Azalpen txostena, honako alderdi hauek jasotzen dituena 2.000 hitzetan, gehienez ere:

–Hautagai den pertsonaren edo entitatearen ibilbide profesionala.

–Elkartasun lanaren xede den eskualdeko testuinguru soziala, ekonomikoa...

–Zenbateraino dagoen errotua lanaren xede den eskualdean edo komunitatean.

–Zer talderekin egiten den lan, eta zenbat diren onuradunak, gutxi gorabehera.

–Egiten diren jardueren eta jarduketen deskripzioa.

–Garapen jasangarriaren helburuak lortzeko eta giza garapena sustatzeko egindako ekarpena, eskubideen ikuspegitik eta generoaren perspektibatik.

–Koordinazioa eta/edo lankidetza beste entitate edo sare batzuekin.

–Esku-hartzearen xedeko herritarrek edo eskualdeek lortzen ahal dituzten alboko/zeharkako onurak, sariaren diruaren eta aitortzaren ondorioz.

–Aurkeztu nahi diren beste datu interesgarri batzuk.

Iragarkiaren kodea: F1902730