57. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Bide publikoan kioskoak instalatzea arautzen duen ordenantzaren aldaketa. Hasiera bateko onespena

Udaleko Osoko Bilkurak, legezko quoruma edukita, honako erabaki hau hartu zuen 2019ko martxoaren 7an:

Ikusirik espedientean jasotako agiriak eta Tokiko Gobernu Batzarrak 2019ko otsailaren 19an hartutako erabakia –haren bidez onetsi baitzen Bide publikoan kioskoak instalatzea arautzen duen udal-ordenantzaren proiektua–, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legean eta Nafarroako Toki Administrazioko 6/1990 Foru Legean ezarritakoarekin bat, honako hau

ERABAKITZEN DA:

1.–Hizkuntza inklusiboarekin zerikusia duten aldaketak onestea. Beharrezko aldaketak egin dira testuan zehar inor ez dadin diskriminaturik edo bazterturik sentitu ordenantza honetan.

2.–Aldaketak onestea zioen azalpenean, artikuluetan eta xedapen gehigarri, iragankor eta indargabetzailean, honako xehekapen honekin bat:

2.1.–Aldaketa zioen azalpenean, honako testu honekin bat:

“Bide publikoan prentsa- eta ostalaritza-kioskoak instalatzeari buruzko jarduna erregulatzea dauka xede Bide publikoan kioskoak instalatzea arautzen duen Ordenantzak, zeina 2015eko 95. Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 19koan, argitara eman baitzen.

Jardun hau berriki arautu bada ere, errealitateak egiaztatu du ezinezkoa dela aipatu testuaren xedapen gehigarria eta iragankorra betetzea, eta, horrez gain, Alor eskudunak agerian utzi ditu instalatu beharreko kioskoak zedarritzeko eta homologatzeko dauden zailtasunak.

Kontuan hartuta beharrezkotzat jotzen dela jardun honen praktikaren modernizazioa sustatzea eta Iruñeko herritarrei ematen zaien zerbitzua hobetzea, egun indarrean den testuan aldaketak egin behar dira, honako hauei buruz: instalazioen homologazio-prozedura, lizitazio-prozedura, hirian diren hiru kioskoen egoeraren erregularizazioa, eta, baita ere, testua berdintasun-araudiaren arabera egokitzea hizkuntza inklusiboa txertaturik.

Ordenantzak xede dauka merkataritza biziberritzea eta erakargarriagoak bilakatzea hiriko erabilera publikoko guneak. Hala, prentsa-kioskoak paratzeak aldizkako argitalpenak eskuratzea erraztuko die herritarrei, beste hainbat hiritan gertatzen den bezala, eta, halakoak dauden guneetara jende gehiago etorrita, lagungarria izanen da gune horien merkataritza-birgaikuntzarako. Bestetik, ostalaritza-kioskoak erabilera publikoko guneen osagarri gisara bakarrik proposatzen dira, gune horiek erakargarriagoak bilakatzen ahal dituzten heinean. Beraz, prentsa-kioskoak hiriko merkataritzaren arloko ohiko jardueratzat jotzen dira, gainerakoak bezalakoak –betiere xedapen-testuan ezarritako mugekin bat–, eta ostalaritza-kioskoek, berriz, helburua dute klase horretako behar beste saltokirik ez duten parke, plaza eta antzeko guneak erakargarriagoak egitea, haietan halako saltokiak paratzeak balio erantsia ekartzen ahal diolakoan gune publikoari.

Horrekin guztiarekin bat, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak abenduaren 12an emandako Barne Merkatuko Zerbitzuei buruzko 2006/123/EE Zuzentarauak eta horren transposizioak Estatuko eta Erkidegoetako legeetara agindu bat jasotzen dute non tokiko ordenantzak berraztertzera behartzen baita, baldin eta aipatu araudiak ezarritako parametroekin bateraezinak diren baimen-araubide bereziak edo betekizunak biltzen badituzte.”

2.2.–4. artikulua aldatzea, honako testu honekin bat:

4. artikulua. “Kiosko-mota homologatua.

1. Kiosko iraunkor guztiek bat etorri beharko dute Iruñeko Udalak homologatutako ereduetako batekin.

Homologazioa eginen da behin organo eskudunak onetsitako kokapen bakoitzerako lizitazioan parte hartzeko interesa aurkeztu duten eskaera guztiak jaso eta gero.

2. Prentsa-kioskoak lau motatakoak izaten ahalko dira, eta haien oinplanoen neurriak hauek izanen dira:

a) I. mota: gehieneko azalera, 6 m².

b) II. mota: gehieneko azalera, 8 m².

c) III. mota: gehieneko azalera, 10 m².

d) IV. mota: gehieneko azalera, 12 m².

Ostalaritza-kioskoak hiru motatakoak izaten ahalko dira, eta haien oinplanoen neurriak hauek izanen dira:

a) I. mota: gehieneko azalera, 6 m².

b) II. mota: gehieneko azalera, 12 m².

c) III. mota: gehieneko azalera, 30 m².

Neurri horiek handiagotu egiten ahalko dira, komunak jarri behar badira.”

2.3.–10. artikulua aldatzea, honako testu honekin bat:

10. artikulua. “Harguneak.

Kasuan kasuko administrazio-emakidaren titularraren kontura joanen dira kioskoen hoditeriak eta harguneak, hala nola argindar-, telefono- eta ur-hornidurakoak, saneamendukoak eta beharrezkoak izan daitezkeen bestelakoak, eta, edonola ere, lurpean.

Harguneetako zerbitzu-kontratuak –saneamendukoak, argindar-, telefono- eta ur-hornidurakoak edo antzeko beste batzuk– ere administrazio-emakidaren titularraren kontura joanen dira, eta zerbitzuen hornitzaileak diren konpainiekin egin behar dira.”

2.4.–12. artikuluaren 6. zenbakiaren lehen puntua aldatzea, honako testu honekin bat:

–“Pertsona titularraren datuak.”

2.5.–16. artikulua aldatzea, honako testu honekin bat:

16. artikulua. “Lizitazioa.

1. Gonbidapena parte hartzera.

Behin betiko kokapenen zerrenda ikusirik, deialdian zehaztu beharreko epe bat irekiko da, interesdunek eskaera bat aurkez dezaten geroko lizitazioan parte hartzeko interesa agertuta, non zehaztuko baitute kioskoa zehazki zein kokapenetan jarri nahi duten.

2. Behin lizitazio-prozeduran parte hartzeko interesa agertu duten eskaerak jasota, Udalak kioskoen homologazioa onetsiko du gutxienez eskaera bat jaso duten kokapen orotarako, eta argitara emanen du kokapenak esleitzeko lizitazioa Nafarroako Kontratazioaren Atarian.

Inguruabar hori, halaber, geroko lizitazioan parte hartzeko interesa agertuta eskaera aurkeztu duten pertsonei jakinaraziko zaie.

3. Behin kokapenak esleituta eta hori gauzatu denetik aurrera, esleipendunek hiru hilabeteko epea edukiko dute jasotako emakida gauzatzeko, hau da, kioskoa paratzeko eta irekitzeko.

Baldin eta epe hori iragaten bada betebehar horri heldu gabe, administrazio-emakida atzera botatzen ahalko da –betiere, interesdunari entzun eta gero–, eta beste lizitatzaile bati esleitzen ahalko zaio, baldintza-agirian xedatutakoarekin bat”.

2.6.–18. artikulua aldatzea, honako testu honekin bat:

18. artikulua. “Ofiziozko lekualdaketak.

Lekualdaketak egitea erabakitzen ahalko da, gerora sortutako interes publikoko inguruabarrak direla medio eta hirigintza-gaietan eskuduna den alorrak aurrez txostena emanda. Halako lekualdaketak dagokion Zinegotzitzak edo, behar izatera, organo eskudunak aginduko ditu, ebazpen baten bidez, lekualdaketa behin-behinekoa edo behin betikoa den erabakita. Udalaren kontura joanen dira halako lekualdaketek eragindako gastuak.”

2.7.–21. artikuluaren lehen puntua aldatzea, honako testu honekin bat:

21. artikulua. “Emakidadunek eskatutako lekualdaketak.

1. Salbuespen gisara, administrazio-emakida baten titularrak egindako lekualdatzeko eskaerak baimentzen ahalko dira, aurrez hirigintza-gaietan eskuduna den alorrak txostena emanda.”

2.8.–25. artikulua aldatzea, honako testu honekin bat:

25. artikulua. “Arauz kanpoko instalazioak.

Baldin eta kioskoak edo beste elementu batzuk administrazio-emakidan ezarritako baldintzei lotu gabe badaude instalaturik, Udalak erabakia hartuko du egintza horiek berehala eteteko. Administrazio-emakidaren titularrak ekiten ez badio instalazioa erretiratzeari edo hura egokitzeari administrazio-emakidan ezarritako baldintzen arabera, agindutakoaren ordezko betetzeari ekinen zaio, kautelaz eta berehalakoan.”

2.9.–26. artikuluaren e) letra kentzea eta hurrengoen zenbakitze berria.

2.10.–28. artikulua berriz ere zenbakitzea 27. zenbakiarekin; izan ere, oker bat izan da –27. zenbakiarekin agertu beharko zen–, eta hurrengoen zenbakitze berria.

2.11.–Xedapen gehigarria aldatzea, honako testu honekin bat:

XEDAPEN GEHIGARRIA

“Ordenantza hau indarrean sartu eta, gehienez ere, sei hilabeteko epean, Iruñeko Udalak ostalaritza- eta prentsa-kioskoen kokapenak onetsiko ditu, Ordenantza honetan onetsitako baldintzak betez.”

2.12.–Xedapen iragankorra aldatzea, honako testu honekin bat:

XEDAPEN IRAGANKORRA

“Ordenantza hau indarrean sartzearekin batera, hiru hilabeteko epe luzaezina irekiko da halako izatezko egoerak erregularizatzeko non zenbait interesdun administrazio-emakidaren titular izan gabe kioskoaren titularraren eginkizunetan ari baitira. Horretarako, eskabide bat aurkeztu beharko dute, eta harekin batera, hurrengo paragrafoetan adierazitako inguruabarrak eta 17. artikuluan jasotako betekizunak egiaztatzeko behar diren agiriak. Baldin eta aipatutako pertsona interesdun horiek ez badute erregularizazioa eskatzen, instalazioa kendu beharko dute bide publikotik, errekerimenduan horretarako ezarriko den epean.

Haien egoera legalizatzen ahalko da, horretarako ezohiko administrazio-emakida emanez, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:

1. Kasuan kasuko eskatzaileak konpromisoa hartu behar du jarduera hark berak garatzeko –betiere ezertan galarazi gabe harekin beste pertsona bat aritu ahal izatea ohiko laguntzaile gisara, behar bezala baimenduta–, eta batera ez egiteko kiosko batean saltzeko jardunean eta beste irabazizko jarduera batean –dela bere kontura, dela besteren kontura–.

2. Eskatzaileak gutxienez azken sei urteetan etengabean aritu behar izan du kioskoan. Hori egiaztatzeko, ezinbestean aurkeztu beharko du Gizarte Segurantzako Langile Autonomoen Araubide Berezian alta emana duela ziurtatzen duen agiria.

Xedapen Iragankor hau oinarri hartuta erregularizatzen diren administrazio-emakidak ezohikoak, pertsonalak eta eskualdatu ezinak izanen dira, eta bakarrik izanen dute indarra titularra erretiroa hartzeko legezko adinera iritsi arte, emakidaren ezohiko izaera jakinarazten den unean zer adin dagoen indarrean eta horretara bitarte. Behin erretiroa hartzeko legezko adin hori iritsita, emakida behin betiko iraungiko da, eta eskubideak automatikoki Iruñeko Udalera itzuliko dira”.

2.13.–Xedapen indargabetzailea aldatzea, honako testu honekin bat:

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

“Ordenantza hau indarrean sartutakoan, indarrik gabe geldituko da Bide Publikoan Kioskoak Instalatzea Arautzen duen Udal Ordenantza (2015eko 95. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 19koa)”.

Indarra duten xedapenak betez, espedientea ikusgai dago Tokiko Ekonomia Jasangarriko Alorraren Ogasuneko, Gizarte Ekonomiako, Enpleguko, Merkataritzako eta Turismoko Zuzendaritzan (Udaletxe plaza, zk.g., 1. solairua; telefonoa: 948 420 206). Jendaurreko epea hogeita hamar egun baliodunekoa izanen da, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Behin epe hori iraganda erreklamazio, eragozpen-bide edo oharrik gabe, aipatutako aldaketa behin betiko onetsi dela joko da.

Hori guztia argitara ematen da jende orok jakin dezan.

Iruñean, 2019ko martxoaren 8an.–Alkate Udalburua, Joseba Asiron Saez.

Iragarkiaren kodea: L1903589