57. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

31/2019 FORU AGINDUA, martxoaren 15ekoa, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak emana, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 51. artikuluan araututa dagoen Arbitraje Batzordeko kide bat izendatzen duena.

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoa onetsi zuen abenduaren 26ko 28/1990 Legearen 51. artikuluan Arbitraje Batzorde bat arautzen da, eta eginkizun hauek esleitzen zaizkio:

a) Hitzarmen hau interpretatzearen ondorioz eta bakoitzaren tributu harremanei buruzko kasu konkretuetara aplikatzearen ondorioz administrazio interesdunen artean sortzen diren gatazkak ezagutzea.

b) Estatuko Administrazioaren eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren artean edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta beste autonomia erkidego bateko administrazioaren artean auzi hauen gainean sortzen diren gatazkak konpontzea: Nafarroako Foru Komunitateak ordainarazi behar dituen tributuen lotura puntuen aplikazioa eta, sozietateen gaineko zergan edo balio erantsiaren gaineko zergan, baterako tributazioa egiten denean administrazio bakoitzari dagokion proportzioa zehaztea.

c) Zergadunen helbideratzea dela-eta sor daitezkeen desadostasunak konpontzea.

Bestalde, 51. artikulu horren 2. apartatuan ezarrita dago hiru kidek osatuko dutela Arbitraje Batzordea, Ogasuneko ministroak eta Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak (gaur egun, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria denak) izendatuko dituztenak zerga edo ogasun arloan ospe handia duten adituen artean, eta izendapena sei urterako izanen dela. Adierazten da, orobat, posturen bat hutsik geldituz gero, izendapen prozedura bera erabiliz beteko dela. Kasu horretan, ordezkatuaren agintaldia bukatzeko falta den denborarako izendatuko da kide berria.

Ildo beretik jotzen du Arbitraje Batzordearen Erregelamenduak, martxoaren 24ko 353/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zenak. Erregelamendu horren 5.1 artikuluak gaineratzen du arbitroen izendapena Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu behar dela. Era berean, erregelamendu horren 5.3 artikuluan ezartzen da arbitroek kargua utziko dutela norberak eskatuta edo legez ezarritako kausak gertatzen direnean, eta kargu-uztea ere aldizkari horietan argitaratu beharra dagoela.

Hitzarmen Ekonomikoaren 51. artikuluan ezarritako Arbitraje Batzordeko kideak azkeneko aldiz berritu ziren Ogasuneko eta Funtzio Publikoko ministroaren ekainaren 2ko HFP/514/2017 Aginduaren eta Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren ekainaren 2ko 74/2014 Foru Aginduaren bidez. Agindu horien bidez, Eugenio Simón Acosta jauna batzordeburu izendatu zen, eta Ana María Muñoz Merino eta José Antonio Asiain Ayala jaun-andreak batzordekide.

Ana María Muñoz Merinok jakinarazi du Arbitraje Batzordeko kide gisa duen kargua utzi eta ordeztua izan nahi duela. Hortaz, beharrezkoa da sortuko den kargu hutsa betetzea beste batzordekide bat izendatuz hari gelditzen zaion kargualdia bukatu bitarte.

Horrenbestez, eta Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 51. artikuluaren 2. apartatuan xedatutakoari jarraituz,

AGINDU DUT:

1. Ana Muñoz Merino andrea, Hitzarmen Ekonomikoaren 51. artikuluan araututako Arbitraje Batzordeko kidea, kargutik kentzea.

2. Ismael Jiménez Compaired jauna Arbitraje Batzorde horretako kide izendatzea.

3. Agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

4. Foru agindu hau jakinaraztea Ekonomia eta Ogasun Ministerioak Nafarroan duen ordezkaritzari, Arbitraje Batzordeko Idazkaritzari, Arauen Garapen eta Fiskalitaterako Zerbitzuari eta Hitzarmen Ekonomikoaren eta Finantza Plangintzaren Zerbitzuari.

Iruñean, 2019ko martxoaren 15ean.–Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.

Iragarkiaren kodea: F1904006