56. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

SAN ADRIÁN

Deialdia izangaien zerrenda bat eratzeko, aldi baterako kontratazio bidez kultur teknikari lanpostuan aritzeko (B maila), San Adriango Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren

47/2019 Ebazpena, alkate udalburuak martxoaren 7an emana, zeinaren bidez deialdia eta oinarria onesten baitira izangaien zerrenda bat eratzeko, hautaproben bidez, kultur teknikari lanpostuan aritzeko (B maila), San Adriango Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren.

Hona hemen deialdiko

OINARRIAK

Lehenbizikoa.–Deialdia.

Deialdia egiten da kultur teknikari lanpostuan (B mailakoa) aritzeko izangaien zerrenda hautaproben bidez osatzeko, San Adriango Udalean sortzen diren aldi baterako beharrei erantzutearren.

Deialdi hau arautzen dute Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuak eta Aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduak eta haiekin bat datorren gainerako araudiak.

Egin beharreko lanak kultur teknikari lanpostua betetzeko mailari eta kategoriari dagozkienak izango dira eta lanaldia uneoro egokituko da zerbitzuaren beharretara. Biak deskribatuko dira dagokion kontratuan, San Adriango Udalean sortzen diren beharren arabera.

Bigarrena.–Betebeharrak.

2.1. Parte hartu nahi dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Parte har dezakete, era berean, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko gehieneko adina ez gainditzea.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, unibertsitateko diplomadun, ingeniari tekniko edo arkitekto tekniko titulua edo horien titulu baliokidea izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

2.2. 2.1.c) atalean eskatzen den titulazio betebeharra agiri bidez frogatu beharko da, deialdi honen 5.3 arauan ezarritakoarekin bat.

2.3. Deialdi honetako 2.1 oinarrian ezarritako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, bai eta hautapen prozedurak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

2.4. Espainiako nazionalitatea ez duten parte-hartzaileek beren identitatea eta nazionalitatea frogatzen dituzten agirien fotokopia aurkeztu beharko dute, eta, hala badagokio, 2.1.a) oinarrian nazionalitateari eta ahaidetasunari buruz eskatzen diren baldintzena. Halaber, zinpeko aitorpenaren bidez edo promesaren bidez adierazi beharko dute ez daudela beren jatorrizko herrialdean funtzio publikoan aritzea eragozten dien diziplina zehapen edo kondena penal baten menpe.

Hirugarrena.–Hautaproben bilakaera eta balorazioa.

Hautapen prozesua ebazpen honetan xedatutakoarekin bat eginen da.

Laugarrena.–Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hamar egun naturalekoa izanen da, ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bosgarrena.–Eskabideak.

5.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak San Adriango Udalaren bulegoan aurkeztu beharko dira, Nafarroako etorbideko 7.ean, edo Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeko 16.4 artikuluan aipatzen diren aukeretako edozein erabiliz.

5.2. Eskabideak II. eranskineko ereduaren arabera bete beharko dira. San Adriango Udaleko bulegoan eskura daiteke (Nafarroako etorbidea, 7) edo Nafarroako Aldizkari Ofizialetik bertatik hartuta.

Parte hartzeko eskabidean izangaiek adierazi behar dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek Nortasun Agiri Nazionala ere aurkeztu beharko dute.

5.3. Kultur teknikari lanpostu batean aritzeko deia jasotzen duten izangaiek, ez bestek, aurkeztu beharko dituzte deialdi honetan eskatutako titulazio betebeharra frogatzen duten agiriak, kontratua gauzatzen denean.

5.4. Desgaitasun aitorturen bat duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, egoera horren frogagiria aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, azterketak egiteko denboraren edo baliabideen egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskabidean behar den tokian adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean, nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten.

Seigarrena.–Izangaien onarpena.

6.1. Behin-behineko zerrendak. Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, jendaurrean paratuko da izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, San Adriango Udalaren ediktu-taulan (Nafarroako etorbidea, 7) eta udalaren webgunean.

Taulan agertzen denetik hasita, izangaiek hiru egun balioduneko epea izango dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko.

6.2. Behin betiko zerrendak. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta, halakorik izan bada, haiek ebatzi ondoan, San Adriango Udaleko alkateak ebazpena emango du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko; hura San Adriango Udalaren iragarki-taulan eta Udalaren web-orrian jarriko da jendaurrean, deialdi honetako zazpigarren oinarrian aipatzen diren hautaprobak egiteko eguna eta tokia adierazita.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Izangaiek kontratazioa egiteko deia egiten zaielarik aurkeztu behar duten dokumentazioa aztertutakoan baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdi honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

6.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Zazpigarrena.–Probak.

7.1. Hautapen prozesua proba baten bidez eginen da, egun berean eginen diren bi ariketa hauek izanen dituena:

–Lehenengo ariketa: ariketa teorikoa: hainbat galderari erantzun beharko zaie idatziz, I. eranskineko gai-zerrendari buruz.

Ariketa honek, gehienez ere, 50 puntuko kalifikazioa izanen du.

–Bigarren ariketa: ariketa praktikoa: epaimahaiak eranskineko gaiei buruz planteatutako kasu praktiko bat ebatzi beharko da, idatziz.

Ariketa honek, gehienez ere, 50 puntuko kalifikazioa izanen du.

Proba bakoitzaren gehieneko iraupena epaimahaiak zehaztuko du, proba egiteko unean.

7.2. Proba egiteko ez da inolako testurik edo hiztegirik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik ere.

7.3. Probako bi ariketak plika sistemaren bidez eginen dira. Bi probak egin ondoren, jakinaraziko da zer egunetan eta zer ordutan eginen den ariketen plikak irekitzeko ekitaldi publikoa. Ekitaldia burutu ondoren, Udalaren webgunean eta iragarki-taulan argitaratuko da haien kalifikazioa. Izangaiaren kopurua oso altua ez bada, plikak irekitzeko ekitaldi publikoa proba bakoitzaren egun berean eginen da.

7.4. Probak 100 puntuko kalifikazioa izanen du gehienez, eta bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazio horren %30 gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

7.5. Probarako dei bakarra eginen da. Parte-hartzaileek Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat aldean dutela agertu beharko dute proba egitera. Agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertuta geldituko dira.

7.6. Hautaproba egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

Zortzigarrena.–Epaimahaia.

8.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Emilio Cigudosa García, San Adriango Udaleko alkate udalburua.

–Ordezkoa: Concepción Ruiz López, San Adriango Udaleko zinegotzia.

–Epaimahaikidea: Carlos Sobrevilla Torrecilla, San Adriango Udaleko langileen ordezkaria.

–Ordezkoa: Yolanda del Rincón Sáenz, San Adriango Udaleko langileen ordezkaria.

–Epaimahaikidea: Carmen Oroz Iribarren, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria.

–Ordezkoa: Estefanía Munárriz, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria.

–Epaimahaikidea: Elena Pérez Burgos, San Adriango Udaleko kontu-hartzailea.

–Epaimahaikide-idazkaria: Natividad Azcona Comas, San Adriango Udaleko idazkaria.

8.2. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta deialdia egin duen organoari hala jakinarazi, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen direnean.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, epaimahaikideek beraiek uko egiteko edo haiek errekusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, aditzera emango da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

8.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertaratzen ez bada.

Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute.

8.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

8.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake probarako. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan oinarriturik bakarrik emango diote laguntza epaimahaiari.

8.6. Berdinketak kalifikazio epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez erabakiko dira. Berdindutako izangai guztien artean, bat ausaz hautatuko da. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoaren arabera deseginen dira, zozketa horretan hautatzen den izangaiaren abizenak eta izena abiapuntu harturik. Zozketaren emaitzak Nafarroako Gobernuaren web-orrian eta iragarki-taulan jarriko dira jendaurrean.

Bederatzigarrena.–Emaitzak.

9.1. Idatzizko probaren kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak San Adriango Udalaren iragarki-taulan, web-orrian eta proba egin den lekuan jarriko du probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda, guztira lortzen duten puntuazioaren ordenaren arabera.

9.2. Zerrendan agertzen diren izangaiei sortzen diren premien arabera dei egiten ahalko zaie, deialdi honetako oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

9.3. Kontratudunak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta bertan kidetuko dira; beraz, haien kontu izango dira dagokien kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, behar diren kopuruetan.

Hamargarrena.–Aldi baterako kontrataziorako dei egitea.

10.1. Izangaiei dei egin eta, hala bada, kontratatzerakoan, arau hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta hurrengoak; deialdi honen oinarriak; aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Agindua (2011ko 31. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 15ekoa) eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

10.2. Deia jasotzen dutenek kasuan kasuko deialdian eskatutako titulazio betebeharrak betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte; horretarako, tituluaren edo horren baliokidearen fotokopia aurkeztu beharko dute, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, betiere eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen eskuratua.

Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak hautapen prozesutik baztertuko dira, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

Hamaikagarrena.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

San Adrianen, 2019ko martxoaren 7an.–Alkate udalburua, Emilio Cigudosa García.

I. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. Nafarroako toki entitateak. Toki entitate motak. Udalen funtzionamenduaren araubidea. Udal egintzak eta erabakiak aurkaratzeko araubidea.

2.–Kontratu Publikoei buruzko Foru Legea. Kontratu motak eta kontratazio prozedurak.

3.–11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Diru-laguntzei buruzkoa.

4.–Kultur kudeaketako profesionalak. Lanbide heziketa. Enpatia lanbide trebetasun gisa. Harremana beste kultur eragileekin eta artistekin. Hartzaileekiko harremana.

5.–Kultur ekintzaren komunikazio eta hedapen estrategiak. Hartzaileen fidelizazioa eta heziketa.

6.–Kulturaren finantzaketa. Administrazio publikoen aurrekontuak. Autofinantzaketa. Mezenasgoa. Babesa eta publizitatea.

7.–Kultura proiektuen diseinua. Egitura, faseak eta edukia. Helburuak eta ekintzak. Proiektua garatzeko baliabideak. Aurrekontua. Jarraipena eta kontrola. Ebaluazioa.

8.–Kultur ekipamenduaren kontzeptua. Bilakaera historian zehar eta egungo egoera. Kultur ekipamenduen motak eta horiek esku-hartze kulturalean duten berariazko balioa.

Oharra: gai guztiak deialdi hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen diren egunean indarra duen legediaren arabera eskatuko dira.

II. ERANSKINA

Eskabide-orria (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L1903753