56. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

114E/2019 EBAZPENA, otsailaren 8koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, ingurumen baimen integratua ematen duena Antsoaingo udal-mugartean hondakin arriskutsuak biltegiratzeko eta ez-arriskutsuak aurretiaz tratatzeko eta biltegiratzeko instalazio kudeatzaileari. Instalazioak eta jardueraren garapenak ingurumen baimen integratuari buruzko proiektuan eta espediente administratiboaren gainerako agirietan aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte eta, edozein kasutan, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintza eta neurriak ere bai. Instalazioaren titularra Recuperaciones Medioambientales Artica SL da.

Jardunean dagoen instalazio hori jarduera sailkatuak baimentzen dituen araubidearen menpe dago eta, aurkeztu den proiektuaren ondorioz, instalazioa ingurumen baimen integratuen gaineko araubidearen menpe egotera pasatuko da; Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 2A eranskineko 14. epigrafean sartuko da, hots, “2 B eranskinean ageri ez diren hondakin arriskutsuak kudeatzeko eragiketak” izenekoan, eta horregatik, ingurumen baimen integratuaren eta ingurumen eraginaren ebaluazioaren araubidearen menpe dago, hainbat mugaren eta irizpideren aplikazioaren arabera. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen. Ildo horretatik, erregelamendu horren 3C eranskinean jasotako irizpideak aplikatuta, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak, otsailaren 4an emandako 29E/2015 ebazpenaren bitartez, erabaki zuen proiektuak ez zuela bete behar ingurumen eraginaren ebaluazioaren prozedura.

Proiektua ez da sartzen Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen aplikazio eremuan; hori dela eta, ez zaio ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio prozedura ezarri.

Baimen honek lurgaineko uretan zeharka isurtzeko baimena dakar, Ur Jabari Publikoaren Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuta eskatzen dena.

Espedientea Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduan ezarritakoari jarraikiz tramitatu da. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Espedientea jendaurrean egon da hogeita hamar egunez, eta ez da alegazio bakarrik ere aurkeztu.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzuteko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu aipatu epean.

Horrenbestez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.g) artikuluan araututakoarekin bat,

EBATZI DUT:

Lehenbizikoa.–Ingurumen baimen integratua ematea Antsoaingo udal-mugartean hondakin arriskutsuak biltegiratzeko eta ez-arriskutsuak aurretiaz tratatzeko eta biltegiratzeko instalazio kudeatzaileari. Instalazioak eta jardueraren garapenak ingurumen baimen integratuari buruzko proiektuan eta espediente administratiboaren gainerako agirietan aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, eta, edozein kasutan, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintzak eta neurriak ere bai. Instalazioaren titularra Recuperaciones Medioambientales Artica SL da.

Bigarrena.–Hondakin Arriskutsuen Kudeatzailearen baimena ematea instalazioari, eta Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan inskribatzea, 15G02016090042015 erregistro zenbakiarekin. Halaber, Hondakin Ez-arriskutsuen Kudeatzailearen baimena ematea, eta Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan inskribatzea, 15G04016090042017 erregistro zenbakiarekin, aurretiazko tratamendurako instalazio gisa, eta 15G05016090042013 zenbakiarekin biltegiratzeko gune gisa. Kudeatzen ahal dituen hondakinak eta hondakin horiek tratatzeko egiten ahal dituen eragiketak ebazpen honen III. eranskinean ageri dira. Halaber, titularrak hondakinen kudeaketan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko dio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta automatikoki berrituko da beste horrenbeste urteko aldietarako, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 27.8 artikulua aplikatuz (Hondakinak tratatzeko eragiketen baimena). III. eranskinean adierazitako tratamenduak egiteko baimendutako entitate batek ustiatu beharko du instalazioa, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 27.2 artikuluan ezarritakoarekin bat. Baimena entitatearen egoitza soziala dagoen autonomia erkidegoan ingurumen arloan eskumena duen organoak eman behar du.

Hirugarrena.–Hondakin urak Udalaren kolektore sarean isurtzeko baimena ere eranstea, alegia, Ur Jabari Publikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 6. artikuluan xedatutakoari jarraituz. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bost urteko indarraldia du, eta, une oro eskatzen ahal diren kalitate arauak eta ingurumen helburuak betetzen diren bitartean, besterik gabe berrituko da bost urtetik bost urtera.

Laugarrena.–Baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen ahalko ditu zuzendaritza nagusi honek, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzen denean.

Bosgarrena.–Era berean, eskura dauden aurrerapen teknikoek ahalbidetzen badute emisioak nabarmen murriztea, zuzendaritza nagusi honek berrikusi eta egokitzen ahalko ditu ingurumen baimen integratuaren baldintzak.

Seigarrena.–Instalazioa edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du. Arrazoiak emanda adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 24. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Zazpigarrena.–Instalazioa funtzionamenduan hasi baino lehen, titularrak martxan jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Zortzigarrena.–Ingurumen baimen integratu honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira irekitzeko baimena eskuratu ondoren, eta, edozein kasutan, proiektatutako handitzea martxan jartzen denetik aurrera. Bitartean, jarduera sailkatuaren udal lizentzian ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Bederatzigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak bete ezean, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotzen diren ingurumen arloko diziplina-neurriak hartuko dira, deusetan galarazi gabe sektoreko legedian ezarritakoa, hori ere aplikatuko baita.

Hamargarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamaikagarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Hamabigarrena.–Ebazpen hau Recuperaciones Medioambientales Artica SLri, Antsoaingo Udalari, Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzuari eta Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko otsailaren 8an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, bai eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan ere: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F1902003