56. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

51E/2019 EBAZPENA, otsailaren 13koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Sareak eta zoladura eraberritzeko lanak egiteko proiekturako, Ledeako udal-mugartean. Sustatzailea Ledeako Udala da.

2018ko irailaren 25ean, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean sartzen da (Uraren goi hornidurarako eta saneamendurako eroanbideak, lurzoru urbanizaezinean paratzen direnak eta dekretu horren beraren beste eranskin batek jasotzen ez dituenak). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektuko jarduketaren funtsa da hornidura- eta saneamendu-sareak eraberritzea, zerbitzuen kanalizazioak egitea eta Ledeako hiriguneko Los Mártires karrikako zoladura eraberritzeko lanak egitea. Jarduketa Tokiko Azpiegituren 2017-2019 Planean jasoa dago eta departamentuaren finantzaketa jasoko du. Egungo saneamendu-sarea 1949koa da, unitarioa da eta horniduraren sareak zuntz-zementuzko hoditeria du.

Saneamendu-sare bereiztu berriak egitea aurreikusten da, euri-urak eta ur beltzak bereizteko, hondakin urak araztegi berrira eramateko eta euri-urak isurtzeko La Nava izeneko arroilara, hirigunearen ekialdera, eta hortik Irati ibaira. Euri-uren sare bereiztu berria karrikan beheiti joanen da ur-beltzen parean eta, N-240 errepidea gurutzatu ondoren, lur urbaniaezinean barna doa, Errota Zaharreko bidetik eta Ledeako herri-lurren 3. poligonoko 443. lurzatian barna. Atxikitako irudian ikus daitekeenez, 443. lurzatia Natura 2000 Sareko “Irati, Urrobi eta Erro ibaien ibai-sistema” izeneko ES2200025 Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) delakoaren barnean dago, eta ur-bazterreko landarediak betetzen du zati batean. Azken zatian, 80ren bat metro lur urbanizaezinean, euri-uren eroanbidea lur azpian sartuko da, PVCko 630 mm-ko diametroko hodi batez eta kontrol-putzu bat eginez izkinan, hormigoiez egina eta 100 cm-ko diametrokoa oinarrian. Lur urbanizaezinean kokatzen den azken zati honi bakarrik dagokio ebazpen hau.

Espedientean Ledeako Udalaren 2018ko irailaren 24ko hirigintzako txostena dago eta hark adierazten du jarduketa bateragarria dela indarra duen planeamenduaren determinazioekin. 2019ko otsailaren 4an Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak proiektuaren aldeko txostena eman zuen zenbait determinazio ezarriz, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onetsi duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalaren txostenak dio ez dela ingurune naturalaren ukipen nabarmenik hautematen, eroanbidea hirigunearen ondoko bide edo lekuetatik igarotzen baita, eta horiek dagoeneko eraldatuta baitaude beste jarduera batzuengatik. Kontserbazio bereziko eremuan dagoen arroilaren ertzeetan, hondakin-guneetako ohiko landaredia aurkitzen dugu, baita zume-ondoren bat (Salix eleagnos), lizarrak (Fraxinus angustifolia) eta zume zuria (Salix alba) ere. Ez da aurreikusten landare-mozketarik, salbu eta inausketa edo garbiketa lanen bat arroilan, euri-uren irteera errazteko. Kontserbazio bereziko eremuaren osotasunerako eta Irati ibaiko uren kalitaterako saneamendu sare berezitua egiteak ondorio ona izanen du haien ingurumeneko balioak zaintzeko.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz, honako hau

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Ledeako sareak eta zoladura eraberritzeko proiekturako, Ledeako udal-mugartean. Sustatzailea Ledeako Udala da.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Bidea zeharkatu ondoren, La Navako errekan isuriko dira euri-urak, bidetik hurbilena den puntuan, ahalik eta gehien saihestuz kontserbazio bereziko eremua ukitzea. ES2200025.

–Arroilako isurtze-puntuaren ondoko zume-ondoak (Salix eleagnos) errespetatu beharko dira, ez baldin bada eskuzko inausketa egiteko, arroilaren emari-gaitasuna hobetzeko.

–Obrak egitean, zuhaitz eta/edo zuhaixkak moztu, inausi edo kendu behar badira, horren berri eman eta baimena eskatu behar zaio aldez aurretik Basozaintzari, bat etorriz Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean zehaztutakoarekin (otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legeak eta hori garatzen duen erregelamenduak aldatua).

–Lanek adarretan eta enborretan eragindako ebakiak eta urradurak errepasatu eginen dira lanak bukatutakoan eta, hala, mozketa garbiak eta inausketa ongi eginak geldituko dira, zuhaitzek ez dezaten osasun problemarik izan.

–Ingurua lehengoratzeko lanak egitean, makinek pasatzean zapalduta utzi dituzten lurrak harrotu beharko dira.

–Lanak bukatuta, garbitzeko kanpaina bat eginen da, proiektuaren jarduketa eremuan gelditzen diren hondar eta zabor guztiak kentzeko.

–Hondeatze lanetatik sobran gelditzen diren lurrak eta gainerako eraikitze eta eraiste hondakinak hondakinen kudeatzaile baimendu batek kudeatu beharko ditu.

–Obrak hasi baino lehen, sustatzaileak Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Ondare Historikoaren Zerbitzuaren aldeko txostena izan beharko du, balio arkeologikoen eta ondare kulturalaren gainean egin litezkeen ukipenei dagokienez.

–Obrak irauten duen bitartean aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, ondare historiko eta arkeologikoaren arloan eskumena duen departamentuari horren berri emanen zaio, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. eta 63. artikuluei jarraikiz.

–Baldin inguruabarren bat dela-eta (obra hasiera, landaredia naturala ukitzea, elementu bereziak aurkitu direla, eta abar) abisua eman behar bazaio Basozaintzari, Tafalla-Zangozako Basozaintzari emanen zaio, 10. Barrutia (tel.: 948703671; ogfotafa10@cfnavarra.es).

Hirigintzako kontuetarako, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117. artikuluaren ondorioen arabera,

–Baimen honek proiektuko euri-uren sareko zati bat, lur urbanizaezina zeharkatzen duena, besterik ez du babesten, aurkeztutako dokumentazioaren arabera eta ebazpen honetan ezartzen diren determinazioei jarraikiz.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, instalazioaren edo azpiegituraren elementuek 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko ertzetik neurtuta.

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu nahi diren jardueren saneamendu-sarerako hargunerik edo loturarik egitea.

–Egin nahi diren lanek ukitzen ahal dituzten edo lanen trabagarri izaten ahal diren azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoengandik. Era berezian, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren txostena beharko du, Irati ibaiko polizia-eremuaren barnean egonik.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen. Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, Udalak sustatzaileari eskatuko dio ezen aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, lurzorua lehengoratzeko bost urteko epean gehienez.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea bukatzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren aurrean, hilabete bateko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Ledeako Udalari, Basozaintzari (Tafalla-Zangoza barrutia) eta interesdunari.

Iruñean, 2019ko otsailaren 13an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1902468