56. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

49E/2019 EBAZPENA, otsailaren 13koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena ura Etxalarko bazkaleku batera eramateko eroanbidea egiteko proiekturako, Etxalar eta Berako udal-mugarteetan. Sustatzailea José Juan Bereau Elizalde da.

2018ko irailaren 24an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean dago sartua (Uraren goi hornidurarako eta saneamendurako eroanbideak, lurzoru urbanizaezinean paratzen direnak eta dekretu horren beste eranskin batean bilduta ez daudenak). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Aurrera eraman nahi den jarduketa da Labeaga-Lepoaundi eta Harri Ikatza sorburuetako uraren deribazioa egitea, hurrenez hurren Berako eta Etxalarko udal-mugarteetako 28C/16 eta 41A/8 lurzatietan kokatuta dauden sorburu horietatik, Etxalarko 8. poligonoko 33. lurzatian kokatua dagoen Errandoneko borda baserriaren ondoko abeltzaintza-ustiategira eramateko. Espedientean dagoen Kantaurialdeko Konfederazio Hidrografikoaren txostenak dioenez, aurreikusitako ur-bilketak ES017MSBT017-001 “Mendigune paleozoikoak” “Bidasoa” Ustiapen Sistemaren barneko lur azpiko ur-masaren gainean kokatzen dira.

Proposatutako eroanbideak ura grabitatearen indarrez bideratzen du, ur-bilketaren lekuan erdi lurperatutako 1.000 litroko bi ontzietatik, lurpetik doan polietilenozko hazbeteko diametroko hoditeria batean barna, herri-lurrak zeharkatuz, Lizarietako parajeraino. Han, bertan dagoen hoditeriari lotuko zaio, eta handik bideratuko da ura baserriaren inguruko bazkalekuetan dauden urasketara. Eroanbideak osotara 2,5 km izanen ditu eta bi kutxeta izanen ditu, batek hustubideko balbula izanen du punturik baxuenean, eta besteak hutsaren aurkako balbula, punturik gorenean. Sustatzaileak azaldu duenez, sare berri hau beharrezkoa da aziendek hazteko ur aski izan dezaten, izan ere, orain arte Saran (Frantzia), Lizarietan kokatutako ur-biltegi batetik ekarri izan da, baina bertan behera utzi dute hornidura, ur-eskari handiagoa baitute orain, lehen borda bat zena landetxe bihurtu ondoren.

Espedientean dago Etxalarko Udalaren ziurtagiria, eta bertan azaltzen du udalbatzak aho batez onartu zuela ur-hornidura bermatzeko lan hauek egiteko proiektua. Sustatzailearen eskaerarekin batera, Kantaurialdeko Konfederazio Hidrografikoaren txostena aurkeztu da, arroko Plan Hidrologikoarekin bateragarria den aztertzen duena, eta hark ez du baimena emateko eragozpenik aurkitu, baina zenbait baldintza jarri ditu, besteak beste deribazioaren emaria mugatzea, urteko 999 m³-ra eta segundoko 0,032 litrotara.

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak txostena egin du, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onetsi duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat, proiektuaren aldeko iritzia emanez, zenbait determinazio ezarririk.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak txostena egin du esanez eroanbideak basoberritutako alertze basoak zeharkatzen dituela, gehien bat, eta gaztaina-haritz zati batzuk eta larre-sasitza zati batzuk ere bai, Soroaundi, Arzabala eta Lizarieta inguruetan, zati anitzetan han diren pistetan barna. Proiektu honek ukitzen duen eremutik hurbil dago EN1 Labiaga Erreserba Naturala, garrantzitsua ikatz-kareharrizko fosilen interes geologikoagatik, baina aurreikusten diren jarduketek ez dute ukituko. Inguru hartan kartografiatuta daude Europar Batasunaren intereseko 6230* lehentasuneko habitata “Nardusekiko belar formazioak, espezie anitzekin, mendi eremuetako substratu silizeoen gainean” (larre azidofilo kantauriarrak) eta Batasunaren intereseko 4030 habitata “Txilardi lehor europarrak”, eroanbideak zeharkatzen dituenak zati txikietan, Soroaundi, Arzabala eta Lizarieta inguruetan.

Ez da beste ukipen handirik sumatzen honako hauei dagokienez: Natura 2000 sarea, naturgune babestuen sarea, fauna eta floraren babes eta intereseko eremuak, sare hidrologikoa, altxonbideak eta intereseko beste ibilbideak, ondare historikoa eta Donejakue bidea.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak proiektuaren aldeko txostena egin du, baina proiektuan eta ebazpen honen ebazpen zatiko baldintzetan biltzen diren prebentzioko eta zuzenketako neurri guztiak bete beharko dira.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz, honako hau

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Etxalarko bazkaleku batera ura eramateko eroanbidea egiteko proiekturako, Etxalar eta Berako udal-mugarteetan. Sustatzailea José Juan Bereau Elizalde da.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Erdi lurperatutako ur-biltegiak ez dira jarriko intereseko landaredia duten eremuetan eta kamuflatu beharko dira zuhaixka, txilar edo antzekoez egindako landare-hesi batez.

–Ur-bilketaren inguruko landaredia naturala, tartean sahats ilunak (Salix atrocinerea) goroldioa eta iratzeak direla, ez da ukituko.

–Eroanbidea egiten den bitartean saihestuko da bazkaleku naturaleko eremuetako belar-estalkia erabat kentzea, eta zotaletan erauziko da, ondoren berriz jartzeko.

–Kutxetak lurpean geratuko dira, zoruaren jatorrizko mailatik goiti agertu gabe.

–Hondeatze-lanen lur-soberakinak eta gainerako eraikitze- eta eraiste-lanen hondakinak hondakinen kudeatzaile baimendu batek kudeatu beharko ditu.

–Obrak irauten duen bitartean aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, ondare historiko eta arkeologikoaren arloan eskumena duen departamentuari horren berri emanen zaio, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. eta 63. artikuluei jarraikiz.

–Baldin inguruabarren bat dela-eta (obra hasiera, landaredia naturala ukitzea, elementu bereziak aurkitu direla, eta abar) abisua eman behar bazaio basozaintzari, Bidasoako 1 barrutiko Basozaintzari emanen zaio (telefonoa: 948 45 00 96; ogfobida1@navarra.es).

Hirigintzako kontuetarako, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117. artikuluaren ondorioei dagokienez,

–Baimen honek ur-hornidurako eroanbidea Labeaga (Bera) eta Harri Ikatza (Etxalar) parajeetan kokatutako ur-bilketako puntuetatik Lizarietako parajeraino egiteko lanak eta han Etxalarko 8. poligonoko 33. lurzatiko uraskak hornitzen dituen hodiarekin lotzeko lanak, besterik ez du baimentzen. Lurzati hori Errandoneko borda baserriaren ondoko abeltzaintza-ustiategiarekin lotua dago (Etxalarko 8. poligonoko 31. lurzatia).

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduerak hornidurako sarera lotzea.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, instalazioaren edo azpiegituraren elementuek 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko ertzetik neurtuta.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.

–Egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari. Era berezian, 2018ko urriaren 16an emandako herri-lurrei buruzko txostenak ezartzen duenari jarraituko zaio: “Herri-lurren erabilera pribatibo bati buruz ari garelarik, bai Berako Udalak bai Etxalarko Udalak herri-lurren okupazioko espedientea tramitatu beharko dute, bakoitzak bere udal-mugartean okupatutako ondasunei buruzkoa, Nafarroako Toki Administrazioko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan eta urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 215. artikuluan ezartzen denaren arabera. Foru Dekretu horrek Nafarroako Tokiko Entitateen Ondasunen Erregelamendua onartu zuen”.

–Onura Publikoko Mendien ukipenari dagokionez, indarra duen legeriak eta gaian eskumena duen organoak ezartzen dutenari jarraituko zaio.

–Egin nahi diren lanek ukitzen ahal dituzten edo lanen trabagarri izaten ahal diren azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoengandik. Hain zuzen ere, ura hartu ahal izateko, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren baimena beharko du.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen. Jarduera uzteak jardueraren titularra behartuko du ukitutako lurrak lehengoratzera, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsi eta/edo kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, Udalak sustatzaileari eskatuko dio ezen aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, lurzorua lehengoratzeko bost urteko epean gehienez.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea bukatzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren aurrean, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Berako eta Etxalarko Udalei, Basozaintzari (Bidasoako 1 barrutia) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko otsailaren 13an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1902467