56. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

48E/2019 EBAZPENA, otsailaren 13koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Artzibarko udal-mugartean “Zuntz optikoaren eta elektrizitatearen hargunea lurrazpian sartzeko zanga egiteko” proiekturako. Sustatzailea Telefonica Moviles España SA da.

2018ko azaroaren 6an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean sartzen da (komunikazio instalazioak). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektuko jarduketaren helburua da NASERTICen dorrearen eta TELXIUS/TELEFONICAren dorrearen interkonexioa egiteko kanalizazioa egitea Nagore herrian, zuntz optikoaren eta kondukzio elektrikoaren hedapena egin ahal izateko. Horretarako aurreikusten da, 98 metroko osoko trazaduran, lurpeko kanalizazio bat egiteko zanga bat irekitzea (40x100 cm), 115 diametroko hiru hodi korrugatu izanen dituena, eta hiru kutxeta egitea. Proiektuak bi telekomunikazio-dorre horien aireko linea elektrikoen eraispena aurreikusten du.

Espedienteak Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalaren txostena eta Artzibarko Udalaren txostena jasotzen ditu. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du, zenbait baldintza jarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz, honako hau

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Artzibarko udal-mugartean “Zuntz optikoaren eta elektrizitatearen hargunea lurrazpian sartzeko zanga egiteko” proiektuari. Sustatzailea Telefónica Móviles España SA da.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Kanalizazioa egitetik eta aireko linea elektrikoak eraistetik sortuko diren material soberakinak edo hondakinak egoki kudeatu beharko dira, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean eraikuntzako eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituen martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuarekin bat.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.

Hirigintza arlokoak:

–Herri-lurren Atalak 2018ko abenduaren 28an egindako txostenaren arabera, Telefonica Moviles España SAk aurrera eraman beharreko jarduketak Nagoreko Kontzejuaren jabegoko lur-eremua ukitzen duela ikusirik, jardueraren lizentzia eman baino lehen kontzejuak aipatu lurrak okupatzeko baimena lortu beharko luke, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren Herri-lurren Atalaren bidez. Horretarako, aginduzko tramiteen ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

–Espedientearen tramitazio fasean Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari eskatu zitzaion txostena jaso ondoren, sustatzaileari igorriko zaio, kontuan har dezan, behar diren ondorioetarako. Nolanahi ere, oroitarazten da ezen, ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen duela Arkeologia Atalari eman behar zaiola horren berri berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluak). Aditzera ematen da, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaion edozein ukipen arau-hauste astuntzat joko dela, aipatu foru legearen 101.h artikulua aplikatuz.

–Egin nahi diren lanek ukitzen ahal dituzten edo lanen trabagarri izaten ahal diren azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoengandik.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera bi urteko gehieneko epean egin edo martxan jarri beharko da, baimena emateko unetik hasita. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren aurrean, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Artzibarko Udalari, Basozaintzari (Agoizko barrutia) eta interesdunari, dagozkion ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko otsailaren 13an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1902466