56. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

43E/2019 EBAZPENA, otsailaren 7koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Lizarrako udal-mugartean gas naturala eta zuntz optikozko linea Agralco industriaraino hedatzeko proiekturako. Agrupación Alcoholera de Bodegas Agralco da sustatzailea.

2018ko uztailaren 27an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean (“Energiari buruzko instalazioak”) dago sartua espediente hori. Aipatutako foru dekretuak onetsi zuen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela. Hori horrela, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak aldeko txostena egin zuen 2018ko abenduaren 13an, ebazpen honetan adierazitako baldintzekin.

Jarduketaren helburua da gas naturala eta zuntz optikozko sarea Lizarrako 5. poligonoko 215. lurzatian kokatutako Agralco industriaraino hedatzea. Proiektuaren funtsa da zanga bat zabaltzea industriaraino, 653 metroko luzerakoa, gas naturalaren kanalizazioa sartzeko (polietilenozkoa, 90 mm-ko diametrokoa ia luzera guztian), eta hori bera aprobetxatuko da paraleloan instalatzeko zuntz optikozko kanalizazioa (110 mm-ko diametroko bi hodi). Obra zibila Nedgia Navarra SA Enpresak eginen du. Sustatzaileak obraren erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu du, merkataritzaren liberalizaziorako urgentziazko neurrien 12/2012 Legearen arabera.

Trazatua La Juderia izeneko aztarnategi arkeologikoaren ondotik eta hormigoizko bidetik Ordoizko alderdira doa. Ibilbide osoan Donejakue bidea eta “13. iraganbidea” izeneko abelbidea da.

Azken alderdi hauei buruz txostena eman du Ingurune Naturalaren Planifikazio Estrategikorako Atalak (Ingurune Naturalaren Zerbitzua) 2018ko azaroaren 7an. Besteak beste, adierazten du abelbidearen gainean gainezartze horren ondorioz, dagokion Okupazio Kanona kobratuko duela Nafarroako Gobernuko Ogasun Departamentuaren Ondare Zerbitzuak; tasazioen balioak eta kalte-ordainen ordainketak ere zehazten ditu txostenak. Abelbideak okupatzen duen azalerak (zorua, zorupea eta hegalkina) Nafarroako Foru Komunitatearen “Altxonbideen” titulartasuna mantenduko du. Obrak eta indusketa lanek irauten duten bitartean errespetatuko dira ager daitezkeen aurriak eta ondare historikoa, lehorrean egindako harri-hormak eta eraikinak, etab. Era berean, lanen exekuzio fasean ezin izanen da altxonbideko iraganbidea itxi, edo bestela, iraganbide alternatibo bat prestatu beharko da aziendentzat eta oinezkoentzat. Azkenik, kutxetak erabat lurraren arrasean eginen dira.

2018ko irailaren 13an txostena eskatu zaio Lizarrako Udalari eta, erantzunik izan ez denez, espedientearen tramitazioak aurrera jarraitu du.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak proiektuaren aldeko txostena egin zuen 2019ko urtarrilaren 28an, ebazpen honetan biltzen diren ingurumen arloko baldintzak ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz, honako hau

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Lizarrako udal-mugartean gas naturala eta zuntz optikozko linea Agralco industriaraino zabaltzeko proiektuari. Agrupación Alcoholera de Bodegas Cooperativas Agralco da sustatzailea.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Obra galtzadan eginen da, bazterreko natur landaredia eta harrizko hormak ukitu gabe.

–2018ko azaroaren 7an “13. iraganbidea” abelbideari eta Donejakue bideari buruz Ingurune Naturalaren Planifikazio Estrategikorako Atalak (Ingurune Naturalaren Zerbitzua) emandako txostenak dioena bete beharko da.

–Lanak gauzatzeko fasean ezin izanen da altxonbidea erabat oztopatu; bestela, abereentzako eta oinezkoentzako iraganbide alternatiboa prestatu beharko da.

–Mugitutako lurrak eta hormigoizko hondakinak zangan berean berrerabiliko dira, eta hormigoizko soberakinik izanen balitz, hondakinen kudeatzaile baimendu batek kendu beharko ditu eta eraikuntza eta eraispeneko hondakinen tratamendurako instalazio batera eraman. Bestalde, agregakinik eta zabor-legarrik eman beharko balitz, agregakin birziklatuak erabiltzea gomendatzen da, zati batean bederen.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.

Hirigintzari eta lurraldeari dagokienez:

–Baimen honek Agralco, Soc. Coop. Ltda. enpresak aurrera eramaten duen jarduerarekin lotutako gas eta zuntz optikozko kanalizazioak bakarrik babesten ditu, aurkeztutako dokumentazioaren arabera eta baimen honetan ezartzen diren zehaztapenen arabera. Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinean kokatutako jarduera zehatzak edo horren gainean kokatu nahi direnak harguneetara edo konexioetara lotzea.

–Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri Arkeologia Atalari eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikulua eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluak). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste larritzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.

–Egin nahi den jarduerak ukitzen ahal dituen edo obren trabagarri izaten ahal diren azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen eta txosten guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Zehazki, sustatzaileak dagokion Arroko Organismoaren baimena eskatu beharko du.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera baimena eman eta bi urteko epean egin edo abian jarri beharko da gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen. Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Ildo honetatik, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, Udalak sustatzaileari eskatuko dio ezen aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, lurzorua lehengoratzeko bost urteko epean gehienez.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 2.400 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek izanen ditu, orobat, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak; aipatutako arau horrek onetsi zuen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina (lurzoru urbanizaezinean jarduerak gauzatzeko baimena emateko prozedurari buruzkoa).

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren aurrean, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atalari, Lizarrako Udalari, Basozaintzari (Lizarrako iparraldeko 9. barrutia) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko otsailaren 7an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1902004