56. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

25E/2019 EBAZPENA, otsailaren 11koa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez baimentzen baita Servicios de Montejurra SA enpresak Carcarko udal-mugartean duen etxeko hondakinen tratamendurako plantaren eta hondakin ez-arriskutsuen hondakindegiaren instalazioaren aldaketa nabarmena.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren urriaren 29ko 2125/2004 Ebazpenaren bidez emana.

2018ko uztailaren 19an, titularrak instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen, proiektuaren funtsa hondakindegiaren 1. fasea ixtea dela adieraziz. Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak 2018ko uztailaren 25ean emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori “ez funtsezkoa” da, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Horregatik, ez zen beharrezkoa ingurumen baimen integratu berri bat ematea. Baina aldaketa “nabarmena” dela zioen, aldaketa garrantzitsuak eraginen baititu instalazioaren funtzionamendu baldintzetan. Hortaz, aldaketa horiek ingurumen baimen integratuan jaso behar dira, eta, horretarako, hura aldatu egin behar da.

Aurkeztutako dokumentazioa nahikotzat jo zen ingurumen baimen integratua aldatzen duen administrazio prozedura tramitatzeko. Hori dela eta, 2018ko uztailaren 25ean, prozedura hori abiatu zen, dagokion proiektua gauzatu ahal izateko, hots, hondakindegiaren goiko aldearen estaldura egiteko.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz tramitatu da espedientea. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak urriaren 4an emandako 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenbizikoa.–Servicios de Montejurra SA enpresak Carcarko udal-mugartean duen etxeko hondakinen tratamendurako plantaren eta hondakin ez-arriskutsuen hondakindegiaren instalazioaren aldaketa nabarmena baimentzea, helburua izanik hondakindegiaren 1. fasea ixteko proiektua aurrera eraman ahal izatea; hortaz, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte, bai eta ebazpen honen I. eranskinean adierazitako baldintzak ere.

Bigarrena.–Ingurumeneko zuzendari nagusiak 2004ko urriaren 29an emandako 2125 ebazpenaren bidez formulatutako ingurumen eraginaren adierazpena aldatzea, ebazpen horretan aurreikusitako preskripzioak bete daitezen eta, halaber, ebazpen honen II. eranskinean ezarritako baldintzak.

Hirugarrena.–Isurtze-eremu horiek ixteko proiektua exekutatu ondoren, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du titularrak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan. Bertan azalduko du hondakindegiaren 1. fasea zigilatzeko jarduketak aurrera eraman direla ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak betez, eta horri erantsiko dio jarduketa horien egikaritza zuzenaren kalitate kontrola egiteko planaren ardura duen enpresak igorritako txostena eta ziurtagiria.

Laugarrena.–Era berean, erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat eginez, zigilatze-jarduketek ukitutako eremuaren jarraipena egiteko baldintzen proposamen bat aurkeztu beharko du titularrak, horren ondoren, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak dagokion itxiera-adierazpena eman dezan.

Bosgarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu izanaren erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bitartean, indarra duen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Seigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta modu subsidiarioan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zortzigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea bukatzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Bederatzigarrena.–Ebazpen hau igortzea Servicios de Montejurra SAri, Carcarko Udalari eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko otsailaren 11n.–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendaria, César Pérez Martín.

Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, bai eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan ere http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F1902043