56. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

23E/2019 EBAZPENA, otsailaren 8koa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak emana, Recuperaciones Industriales Urbieta SL enpresak Uharteko udal-mugartean jabetzan duen hondakinak kudeatzeko instalazioaren ingurumen baimen integratua ofizioz aldatzea ebazten duena, ebazpen honen eranskinean zehaztutako aldaketei jarraikiz; horren ondorioz, instalazioak eta jarduerak berak instalazio horren ingurumen baimen integratua emateko lehendik tramitatutako espedienteetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinean jasotako baldintzak eta neurriak ere bai.

Instalazio horrek ingurumen baimen integratua du, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren maiatzaren 5eko 489E/2016 Ebazpenaren bidez emana.

2018ko ekainaren 5ean, instalazioan kudeatu beharreko hondakin baimenduen zerrendan beste zenbait hondakin sartzeko eskatu zuen instalazioaren titularrak.

Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, onargarria dela ondorioztatu du; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta eskura dauden teknika onenen aplikazioarekin.

Kasu honetan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direla ikusi da eta, horrenbestez, bidezko da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat, eta ez da bidezkotzat jo aldaketa espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hogeita hamar egunez, eta ez du hark proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak urriaren 4an emandako 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenbizikoa.–Ofizioz aldatzea Recuperaciones Industriales Urbieta SL enpresak Uharteko udal-mugartean jabetzan duen hondakinak kudeatzeko instalazioaren ingurumen baimen integratua, ebazpen honen eranskinean zehaztutako aldaketei jarraikiz. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak instalazioari ingurumen baimen integratua emateko lehendik tramitatutako administrazio-espedienteetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak eta neurriak ere bai.

Bigarrena.–Suteen aurkako segurtasuna dela eta (abenduaren 3ko 2267/2004 Errege Dekretua), instalazioan biltegiratutako hondakin kopuruak ez du handitu behar ingurumen baimen integratua ematen duen espedientearen dokumentazio teknikoan kalkulatutako arrisku intrintsekoaren maila.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak bete ezean, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotako ingurumen arloko diziplina-neurriak hartuko dira, deusetan galarazi gabe sektoreko legedian ezarritakoa, hori ere aplikatuko baita.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Seigarrena.–Ebazpen hau Recuperaciones Industriales Urbieta SL enpresari igortzea, Uharteko Udalari eta Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko otsailaren 8an.–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendaria, César Pérez Martín.

Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, bai eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan ere: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F1902005