56. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

70/2019 EBAZPENA, urtarrilaren 24koa, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako oinarrizko sareko siloak erabiltzeko deialdia eta haren oinarriak onesten dituena.

Abenduaren 18ko 2654/1985 Errege Dekretuaren bidez Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatu ziren nekazaritza, abeltzaintza eta mendi arloetako zerbitzuak.

Gero, abuztuaren 1eko 1327/1997 Errege Dekretuaren bidez, Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatutako nekazaritza arloko zerbitzuei atxikitako bitartekoak osatu eta handitu ziren (Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsa, NBEF). Aipatutako errege dekretuaren eranskineko 3. atalarekin bat, Estatuko Administrazio Orokorrari dagokio eta berak gauzatuko du produktuen eta laguntzen kudeaketa, baldin eta horien helburua bada beren izaeragatik Estatuaren esku-hartzea behar duten nekazaritza eta abeltzaintza merkatuetan esku hartzea edo horiek arautzea. Halaber, esportazioaren itzulketak eta Europar Batasunarekiko harreman eginkizunak dagozkio.

Aipatutako errege dekretuaren eranskineko 5. atalarekin bat, Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatu ziren Nafarroako oinarrizko sareko siloak.

Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtseko Zuzendaritza Nagusiaren 1997ko irailaren 12ko Ebazpenak agindu zuen Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzea merkatuetan esku hartzeko eta horiek arautzeko jarduketen kudeaketa Nafarroako Foru Komunitateari esleitzen dion hitzarmena (1997ko 234. Espainiako Aldizkari Ofiziala, irailaren 30ekoa).

Hitzarmen horren zazpigarren klausulan ezarri zen Nafarroako Foru Komunitateak, zerealen biltegiratzea eta erosketa kudeatzeari begira, 50.150 tona gordetzeko edukiera izanen duela bere lurralde eremuan. Biltegi horiek eskualdatzearen akordioan identifikatutako oinarrizko sareko siloak kokatzen diren udalerrietan izanen dira.

Ondoren, Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsaren 2006ko irailaren 11ko Ebazpenaren bidez, xedatu zen Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko lankidetza-hitzarmen bat argitaratzea, zeinaren bidez nekazaritza merkatuetan esku hartzeko oinarrizko biltegiratze sarea aldatu eta sare berri bat ezarri baitzen (2006ko 230. Estatuko Aldizkari Ofiziala, irailaren 26koa).

Aldaketa horren ondorioz, Iruña, Tafalla, Caparroso eta Leringo siloek osatzen dute Nafarroako oinarrizko biltegiratze sarea, eta 7.500, 15.000, 3.800 eta 4.800 tonako edukiera dute, hurrenez hurren. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari atxikirik daude higiezin horiek, abenduaren 15eko 378/1997 Foru Dekretuaren arabera. Dena dela, Leringo siloko instalazioen egoera dela eta, egokitzat hartu da hura deialdi honetatik kanpo uztea.

Silo horien sarearen helburua da araubide bat lortzea zerealen merkatuarentzat, prezioa atalase batetik behera erortzen denean esku hartuz.

Merkatuetan esku hartzeko eragiketak gero eta bakanagoak dira, eta, egungo egoera ikusita, etorkizunean esku hartzeko aurreikuspenak ere hutsaren hurrengoak dira, nekazaritzaren bilakaerarengatik eta gero eta zorrotzagoak diren arauengatik.

Krisi egoerak edo merkatuaren nahaste larriak gertatzen direnean beharrezkoa bada Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak presaz esku hartzea, bermaturik egon behar da biltegiratze unitate horiek berehala eskuragarri izatea. Gainera, behin presazko esku-hartzeak bermaturik, komeni da siloei ahalik eta etekin handiena ateratzea eta sektoreari haiek erabiltzeko baimena ematea, betiere ondasun horien helburua galarazten ez bada.

Ahalik eta erabilera zabalena izateko, egoki jotzen da zereal arloko nekazaritza elkarteei lehentasuna ematea biltegi horiek erabiltzeko.

Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legeak (jabari publikoko ondasun eta eskubideak ukitzen dituzten baimenei begira aplikazio ordeztailea duena, arau berezirik ez badago edo arau horiek aski ez badira, 83. eta 88. artikuluetan zehazten den moduan) xedatzen duenez, ondasunak zein departamenturi atxiki, departamentu horrek emanen ditu baimenak, eta berari dagokio baimena emateko baldintzak ezartzea.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako oinarrizko sarearen barruko Iruñeko, Tafallako eta Caparrosoko siloak erabiltzeko deialdia eta haren oinarriak onestea. Silo horiek erabiltzeko oinarriak I. eranskinean bildu dira.

2. Nafarroako biltegiratze publikorako oinarrizko sareko siloak erabiltzeko hitzarmena onestea, II. eranskinean jasotakoari jarraikiz.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea.

4. Ebazpen hau Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Laguntza Teknikoaren Atalera eta Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko Ondare Zerbitzura igortzea.

5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, argitalpen egunetik hasi eta hilabeteko epean.

Iruñean, 2019ko urtarrilaren 24an.–Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA

Nafarroako oinarrizko sareko siloak erabiltzeko oinarriak

Lehena.–Xedea.

1. Oinarri hauen xedea da prozedura bat finkatzea Nafarroako oinarrizko sarearen barruan dauden silo hauetako bat edo gehiago erabili nahi duten erabiltzaileak izendatzeko, norgehiagokako araubidearen bidez. Hauek dira eskaintzen diren siloak:

–Tafallako 27. poligonoko 29. lurzatian dagoen siloa.

–Caparrosoko 3. poligonoko 447. lurzatian dagoen siloa.

–Iruñeko 4. poligonoko 2691. lurzatian dagoen siloa.

2. Gelatxo bertikalak baizik ezin dira erabili, erabilera administratiborako guneak kenduta.

3. Aurreko atalean xedatutakoa gorabehera, Nafarroako oinarrizko sareko siloak izanik, bermatu behar da, baldin eta krisi egoerak edo merkatuaren nahaste larriak gertatzen badira eta beharrezkoa bada Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak presaz esku hartzea, berehalakoan eskura egonen direla.

Bigarrena.–Eskatzaileek bete beharrekoak.

Lehenengo oinarrian adierazitako silo bat edo gehiago erabili nahi duten entitateak izanen dira eskatzaileak, betiere beren helburu sozialen artean zereal jarduerarekin lotutako jarduerak badaude.

Hirugarrena.–Parte hartzeko eskaerak.

1. Eskaeretan zein silo erabili nahi d(ir)en adierazi beharko da, eta Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan aurkeztu beharko dira, edo Erregistro Orokor Elektronikoan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluarekin bat, 15 eguneko epean, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatuta.

2. Eskaerarekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Indarra duten estatutuen kopia, erakundearen helburu soziala adierazita.

b) Eskaera egin aurreko urteko jardueren memoria laburra, zereal sektoreari dagokiona. Merkaturatutako edo manufakturatutako zereal kantitatea adierazi beharko da.

c) Erabilgarri dituen giza baliabideak.

d) Nafarroako Foru Komunitateko Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren ziurtagiria, entitate eskatzaileak Nafarroako Foru Ogasunarekin zerga arloko betebeharrak eguneraturik dituela frogatzen duena, eskaera aurkezteko epea bukatu baino gehienez hiru hilabete lehenago emana. Kasua bada, eskaeran adierazten ahalko da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari baimena ematen zaiola baldintza hori betetzen duen egiaztatzeko.

e) Gizarte Segurantzaren ziurtagiria, entitate eskatzaileak indarreko xedapenen arabera Gizarte Segurantzarekin dituen betebeharrak eguneraturik dituela frogatzen duena, eskaera aurkezteko epea bukatu baino gehienez sei hilabete lehenago emana. Kasua bada, eskaeran adierazten ahalko da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari baimena ematen zaiola baldintza hori betetzen duen egiaztatzeko.

3. Aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago edo akatsen bat baldin badu, interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsa zuzen dezala edo eskatutako dokumentuak erants ditzala. Hori egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko da.

Laugarrena.–Siloen erabilera kudeatuko duten entitateak izendatzea.

1. Nekazaritza Zerbitzuak aztertuko ditu bigarren oinarrian adierazitako baldintzak betetzen dituzten eskaerak. Eskaerak baloratzeko orduan, lehentasuna emanen zaie egoitza soziala Nafarroan duten kooperatibei, eta, horien artean, zereal gehien merkaturatzen dutenei.

2. Eskaerak ebaluatu ondoren, Nekazaritza Zerbitzuak ebazpen proposamena igorriko dio Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiari, eta horrek izendatuko du siloak erabiltzeko bidezkotzat hartzen den entitatea.

3. Hori izendatzeko prozedura ebazteko gehieneko epea hilabetekoa izanen da, ebazpen proposamena egiten denetik.

Bosgarrena.–Hitzarmena formalizatzea.

Izendatutako entitateak hitzarmen bat formalizatu beharko du Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuarekin, II. eranskinean agertzen den ereduaren arabera. Horretarako, bost eguneko epea izanen du, siloak erabiltzeko aukeratutako entitatea bera dela ezartzen duen ebazpena jakinarazten zaionetik.

II. ERANSKINA

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren eta Nafarroako oinarrizko sareko siloak erabiltzeko izendatutako entitatearen arteko hitzarmenaren eredua

BILDU DIRA:

Iruñean, ............(e)ko .................aren ..........(e)an.

Alde batetik, Isabel Elizalde Arretxea andrea, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilaria.

Bestetik, .................................................................................... jauna/andrea, ............................... IFK duena, aipatutako entitatearen ........................................... gisa. Nafarroako biltegiratze publikoaren oinarrizko sarearen barruan dauden honako silo hauek erabiltzeko izendatutako entitatearen ordezkari gisa aritzen da:

Bi aldeek hitzarmen hau sinatzeko behar besteko gaitasun juridikoa aitortu diote elkarri eta, hala,

ADIERAZTEN DUTE:

Lehena.–Abenduaren 18ko 2654/1985 Errege Dekretuaren bidez Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatu ziren nekazaritza, abeltzaintza eta mendi arloetako zerbitzuak.

Abuztuaren 1eko 1327/1997 Errege Dekretuaren bidez Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatutako nekazaritza arloko zerbitzuei atxikitako bitartekoak osatu eta handitu ziren (Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsa, NBEUF). Aipatutako errege dekretuaren eranskineko 3. atalarekin bat, Estatuko Administrazio Orokorrari dagokio eta berak gauzatuko du produktuen eta laguntzen kudeaketa, baldin eta horien helburua bada beren izaeragatik Estatuaren esku-hartzea behar duten nekazaritza eta abeltzaintza merkatuetan esku hartzea edo horiek arautzea. Hari dagozkio, orobat, esportazioaren itzulketak eta Europar Batasunarekiko harreman eginkizunak. Eranskin horretako 5. atalarekin bat, ondasun higiezin batzuk Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatu ziren; besteak beste, hainbat silo: batzuk Nafarroako oinarrizko sarearen parte zirenak, eta beste batzuk, saretik kanpokoak.

Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtseko Zuzendaritza Nagusiaren 1997ko irailaren 12ko Ebazpenaren bidez xedatu zen Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratzea merkatuetan esku hartzeko eta horiek arautzeko jarduketen kudeaketa Nafarroako Foru Komunitateari esleitzen dion hitzarmena (1997ko 234. Espainiako Aldizkari Ofiziala, irailaren 30ekoa). Hitzarmen horren zazpigarren klausulan ezarri zen Nafarroako Foru Komunitateak, zerealen biltegiratzea eta erosketa kudeatzeari begira, 50.150 tona gordetzeko edukiera izanen duela bere lurralde eremuan. Biltegi horiek eskualdatzearen akordioan identifikatutako oinarrizko sareko siloak kokatzen diren udalerrietan izanen dira.

Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsaren 2006ko irailaren 11ko Ebazpenaren bidez, xedatu zen Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko lankidetza-hitzarmen bat argitaratzea, zeinaren bidez nekazaritza merkatuetan esku hartzeko oinarrizko biltegiratze sarea aldatu eta sare berri bat ezarri baitzen (2006ko 230. Estatuko Aldizkari Ofiziala, irailaren 26koa). Aldaketa horren arabera, Caparrosoko, Leringo, Iruñeko eta Tafallako siloek osatzen dute Nafarroako oinarrizko biltegiratze sarea; guztira, 31.100 tonako edukiera dute.

Bigarrena.–Kontuan hartuta Nafarroako Foru Komunitatean badela biltegiratze publikorako oinarrizko sare bat, hainbat silo dituena, guztira, 31.100 tona gordetzeko modukoa.

Hirugarrena.–Kontuan hartuta, merkatuaren gaur egungo egoera eta Nekazaritzako Politika Erkideak ezarritako baldintzak direla medio, aipatutako siloak gaur egun ez direla erabiltzen nekazaritza-merkatuak erregulatzeko edo horietan esku hartzeko, eta haiek berehala erabiltzeko aurreikuspenik ez dagoela.

Laugarrena.–Kontuan hartuta, merkatuetan esku hartzeko eragiketak berriro abian jartzea beharrezkoa izanez gero, egoki izan litekeela eta, neurri egokiak hartuta, erabilera hori bateragarria izan daitekeela zerealaren sektoreko entitateek egindako erabilerarekin.

Bosgarrena.–Kontuan hartuta biltegiratze sare bat mantentzea garestia dela eta, biltegiak erabiltzeko aurreikuspen argirik ezean, justifikatzeko zaila ere; eta instalazioak ez erabiltzeak azkarrago hondatzen dituela.

Seigarrena.–Kontuan hartuta autonomia erkidego batzuek, NBEFek eta zereal-ekoizleak ordezkatzen dituzten elkarteek zenbait lankidetza-hitzarmen sinatu dituztela erkidego horietako biltegiratze publikorako oinarrizko sareen erabilera arautzeko.

Zazpigarrena.–Ikusirik Nafarroako Foru Komunitateak koordinazio modu bat ezar lezakeela Nafarroako zerealaren sektoreko nekazaritza-entitateekin, batez ere, kooperatibekin, eta horren bitartez entitate horiek aipatutako sarea erabil lezaketela eta, horrela, merkatuen erregulazioari eta biltegiratze sarea mantentzeari lotutako arazoak konpontzen lagunduko luketela.

Hori helburu, parte hartzaileek adostu dute hitzarmen hau egitea. Hona hitzarmenaren

KLAUSULAK:

Lehena.–Xedea.

Hitzarmen honen xedea da Nafarroako biltegiratze publikoaren oinarrizko sarearen barruan dauden Iruñeko, Tafallako eta Caparrosoko siloen erabilera arautzea, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren eta izendatzen den entitatearen artean.

Bigarrena.–Alderdien betebeharrak.

Hitzarmen hau sinatzearekin, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak konpromiso hauek hartzen ditu:

a) Izendatzen den entitateari baimena ematea lehen klausulan adierazitako siloak erabiltzeko.

Hitzarmen hau sinatzearekin, lehen klausulan adierazitako siloak erabiltzeko izendatzen den entitateak konpromiso hauek hartzen ditu:

a) Instalazioak behar bezala mantentzen direla egiaztatzea, eta haien erabilera hitzarmen honen eranskinean agertzen den moduan gauzatzen dela.

b) Behar diren egokitzapen obrak egitea, bere kontura, siloak instalazioei buruzko lege- eta erregelamendu-araudi osoa bete dezan eta nahi den helbururako erabili ahal izan dadin.

c) Zerga, tasa eta gainerako tributuen ordainketa bere gain hartzea, bai eta erabilera-kudeaketaren kontserbatzeak eta mantentzeak dakartzaten gastuak ere, hauek besteak beste: igogailuak mantendu eta ikuskatzekoak, transformazio-zentroak mantentzekoak, tximistorratzak mantentzekoak, baskulak aztertzekoak, arratoiak hiltzekoak, su-itzalgailuak aztertzekoak eta bestelako funtzionamendu-gastuak.

d) Ondasuna erabiltzeko edo horren gaineko ekintzak gauzatzeko behar diren lizentzia eta baimenak eskuratu eta ordaintzea.

e) Erabilerarekin lotutako eragiketek hirugarrenei sorturiko kalte-galeren ordainak ematea.

f) Hornidura kontratuek (hala nola, telefonoa, elektrizitatea, ura) sorturiko gastuak ordaintzea.

Hitzarmen honetan adierazitako siloak erabiltzeko izendatzen den entitateak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari ordaindu beharko dizkio erabilera-aldian sortutako gastuak, ordainketa-gutun baten bidez.

g) Instalazioei eragin dakizkiekeen kalteak eta aurreko letran ezarritako kalte-ordainak estaltzen dituen aseguru poliza formalizatzea, kaudimen nahikoa duela erakutsi duen edozein entitaterekin. Poliza horren kopia bat Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari igorri beharko dio.

h) Debekatua dago erabilera edozein pertsona fisiko edo juridikori lagatzea.

i) Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak izendatutako teknikariek instalazioak ikuskatzeko egin behar dituzten lanak erraztea.

j) Lan, gizarte segurantza eta laneko segurtasun eta osasunari buruzko indarreko xedapenak betetzea, bai eta kontratuaren xede den ustiapena egiteko behar diren baimen eta lizentziei buruzkoak ere.

k) Instalazioak erabiliko dituzten langileak entitatearen menpe egonen dira erabat. Hortaz, entitatea enpresaburu gisa arituko da, eta bere gain hartuko ditu indarreko legediak langile horientzat ezarritako eskubide eta betebehar guztiak. Hori horrela, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentua ez da kontratistari eta haren langileei dagozkien betebeharren erantzule izanen, inola ere.

l) Siloaren erabilera zerealak edo bestelako bihiak biltegiratzera mugatzea –zereal ez diren bihien kasuan, baimen berezia eskatu beharko zaio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari-, eta gainerako instalazioak ez erabiltzea zerealaren sektoreari lotuta ez dauden jardueretarako.

m) Instalazioak eta lurrak erabilera-egoera ezin hobean kontserbatzea garbitasunari, higieneari eta apaindurari dagokienez, eta jasotzen diren egoera berean itzultzea, gutxienez. Horretarako, bere gain hartuko ditu behar diren kontserbazio eta konponketa lanak.

n) Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak izendatutako teknikariek instalazioak ikuskatzearen ondorioz emandako jarraibideak betetzea.

Hirugarrena.–Hitzarmena bertan behera uzteko arrazoiak.

Erabilera-baimena bertan behera uzteko arrazoiak honako hauek izanen dira:

a) Bigarren klausulako b) letratik f) letrara bitarte ezarritako gastuak ez ordaintzea.

b) Lagatako instalazioak urtebetez ez erabiltzea, horretarako bidezko arrazoirik izan gabe.

c) Instalazioen xedea edo helburua aldatzea, bigarren klausulako l) letran xedatutakoarekin bat.

d) Erabilera errentan utzi, laga edo eskualdatzea, bigarren klausulako h) letran aipatutakoarekin bat.

e) Bigarren klausulako g) letran eskatzen den asegurua ez egitea.

f) Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak izendatutako teknikariei instalazioetan sartzen ez erraztea, bigarren klausulako i) letran agertzen den moduan.

Laugarrena.–Atzera egitea.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak hitzarmen hau indarrik gabe uzteko eskubidea du, gerora sortutako interes publikoko arrazoiek edo krisi egoerek edo presaz esku hartzera derrigortzen duten merkatuaren nahaste larriek justifikatzen badute.

Bosgarrena.–Hitzarmenaren iraupena, aldaketa eta bertan behera uztea.

Hitzarmen honek 6 urteko iraupena izanen du, sinatzen den egunetik hasita.

Bi alderdiek, ados jarrita, hitzarmena aldatzen edo bertan behera uzten ahalko dute. Halaber, alderdi batek hitzarmena bertan behera uzten ahalko du, besteak klausularen bat bete ez izana argudiatuta, edo arrazoi bidez hala erabakita. Klausularen bat betetzen ez bada, bertan behera uzteko asmoaren berri eman beharko zaio kontratua urratu duen alderdiari, gutxienez hilabete bat lehenago, aurreabisu fede-emaile baten bidez, eta, betiere, beste alderdia entzun ondoren.

Aurrekoa gorabehera, kontratua bertan behera uzteak –arrazoia edozein izanik ere– ez du eragotziko egiten ari diren ekintzak bukatzea.

Seigarrena.–Izaera eta jurisdikzioa.

Hitzarmen honek izaera administratiboa du, eta, beraz, bere interpretazio, aplikazio eta ondorioei buruz auziak sortzen badira, errekurtso administratiboen araubidearen eta Administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren mende egonen dira, jurisdikzio hori arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeari jarraikiz.

Azaldutakoarekin adostasuna adierazteko, eta hitzartutakoa behar den bezala jasota gera dadin, aldeek hitzarmen hau sinatzen dute, hiru aletan eta orrialde guztietan, goian adierazten diren lekuan eta egunean.

LANDA GARAPENEKO, INGURUMENEKO ETA TOKI ADMINISTRAZIOKO DEPARTAMENTUKO KONTSEILARIA

SILOAK ERABILTZEKO IZENDATUTAKO ENTITATEAREN ORDEZKARIA

ISABEL ELIZALDE ARRETXEA

––––––––––––––––––––

III. ERANSKINA

Erabiltzeko arau orokorrak

1. Aldian behin berrikuspenak eginen dira instalazio guztiak (mekanikoak zein elektrikoak) zerbitzurako prest izateko, eranskin honetako mantentze-lanen protokoloarekin bat.

2. Hilabetean behin gutxienez ere instalazioak martxan jarri beharko dira, eta izan daitezkeen arazoak aintzat hartu eta konpondu.

3. Presazko matxurak, elektrikoak zein mekanikoak, berehalakoan konponduko dira, bai eta instalazioak mantentzeko behar direnak ere.

4. Instalazioak, oro har, garbitasun egoera egokian mantenduko dira. Horretarako, aldian behin eskobatu beharko dira, hautsa eta zikintasuna pilatu ez daitezen.

5. Izan daitezkeen izurrien kontrol egokia egin beharko da, eta horretarako enpresa espezializatu baten zerbitzuak kontratatuko dira.

Mantentze-lanen protokoloa

1. Garraiagailu, jasogailu, hautsa xurgatzeko zikloi, esklusa eta abarretako koipeztatze puntuak erregularki koipeztatzea.

2. Erreduktore, konpresore eta abarren olio mailak egiaztatzea eta, behar izanez gero, olio gehiago jartzea, eta ixte-eraztunak berrikustea eta konpontzea, olio galerarik baldin badago.

3. Motorren eta erreduktoreen arteko akoplamendu hidraulikoen olio maila eta funtzionamendua ezin hobea dela egiaztatzea, eta, behar izanez gero, olioa gehitzea.

4. Instalazioaren (motorrak, garraiagailuak, jasogailuak, etab.) errodamenduen funtzionamendua egokia dela egiaztatzea, eta horiek ordeztea baldin eta zurrunketak izan direla susmatzen bada, zarata arraroak badira edo desdoikuntzarik gertatzen bada.

5. Transmisio kateak, bankadetako tenkagailuak, garraiagailuen tenkagailuak eta jasogailuak egoera onean eta behar bezala labainduta mantentzea.

6. Motorrak eta erreduktoreak beren bankadetan ongi finkaturik daudela egiaztatzea.

7. Motorra-erreduktorea-akoplamendua-txirrika taldea behar bezala lerrokatuta dagoela egiaztatzea.

8. Transmisio kateak behar bezain tenkaturik daudela egiaztatzea.

9. Arraste-garraiagailuak eta jasogailuak behar bezala tenkatzea, eta jasogailuen putzupadak egoera onean eta ongi eutsirik daudela egiaztatzea.

10. Arrasera eta balbula guztiek, elektrikoek nahiz eskuzkoek, ongi funtzionatzen dutela egiaztatzea.

11. Erabiltzearen erabiltzeaz higatzeko joera duten hodiei, balbulei eta abarrei arreta jarriko zaie. Zerbait hautsiz gero, pieza ordeztuko da, edo konponduko da, posible bada.

12. Motor elektrikoek ongi funtzionatzen dutela (kontsumoak, potentzial-diferentzia, etab.) eta behar bezain garbi daudela egiaztatzea.

13. Aginte-koadroko elementu elektrikoek (erreleak, kontaktoreak, etengailu automatikoak eta diferentzialak, seinaleztatzeko lanparatxoak, etab.) ongi funtzionatzen dutela egiaztatzea.

14. Energia erreaktiboaren erregulagailuak eta kondentsadoreek ongi funtzionatzen dutela egiaztatzea.

15. Kaxa elektrikoak eta bere osagaiak egoera onean mantentzea.

16. Siloan ezarritako korrontearen harguneek, bai trifasikoek bai monofasikoek, ongi funtzionatzen dutela egiaztatzea.

17. Argiztapenaren instalazio elektrikoa berrikustea eta argi puntu guztiek, etengailuek, etab. ongi funtzionatzen dutela eta garbi daudela egiaztatzea.

18. Ateak egoera onean daudela egiaztatzea, kanpokoak batez ere, eta irekitzeko eta ixteko dituzten arazoak konpontzea.

19. Leihoak egoera onean daudela egiaztatzea, kanpokoak batez ere (goiko korridorekoak eta dorrekoak).

20. Kristalak berritzea.

21. Berrikuspenak eta behar diren jarduketak egitea itaxurei eta hezetasunei aurrea hartzeko edo haiek konpontzeko.

Beren ikuskaritza lanaren barnean Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren teknikariek iradokitzen dituzten berrikuspen eta mantentze lan orokor guztiak egitea.

Iragarkiaren kodea: F1901422