56. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

27/2019 FORU AGINDUA, otsailaren 19koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duen abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legearen 17. artikuluan aurreikusitako salbuespeneko araubidean sartzeko prozedura onesten duena.

2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duen abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legeak salbuespeneko araubidea ezartzen du ahalmen ekonomiko nahikorik ez duten entitateentzat.

Zehazki, foru lege horren 16. artikuluak ezartzen du, alternatiba gisa, inbertsioaren bideragarritasun ekonomikoak ebaluazio negatiboa jasotzen badu, toki entitateek aukera izanen dutela araubide horretara atxikitzeko eskaera egiteko, artikulu horretan bertan jasotako beste formularen bat baliatu ezin badute.

Lege testu bereko 17. artikuluak arautzen du salbuespeneko araubide hau eta, zehazki, 4. apartatuan ezartzen du salbuespeneko araubidean sartzeko prozedura eta aplikatzeko kalkuluak eta neurriak foru agindu bidez garatuko direla.

Foru legearen 4. artikuluak, Toki Inbertsioen Planaren ekarpenen banaketari buruzkoak, hau ezartzen du bere bosgarren apartatuan: Inbertsio Programen eta Toki Programazioaren ataletarako zenbateko osoaren 100eko 5, gehienez ere, gordetzen ahalko da larrialdiko eskaeraren kalifikazioa dutenei eta haien inbertsio osagarriei aurre egiteko, edo salbuespeneko araubideko finantzabidea behar duten inbertsioei aurre egiteko.

Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuaren txostena igorri da, eta bertan adierazten da zein izanen den eskaera horiei erantzuteko gehieneko erreserba.

Horrenbestez, eta 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duen abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legearen 17. artikuluko 4. apartatuak ematen didan ahalmenaz baliatuz, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren uztailaren 22ko 8/2015 Foru Dekretuarekin (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen araberako egitura eta departamentu bakoitzaren eskumen esparrua ezarri zituena) eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 12ko 59/2015 Foru Dekretuarekin loturik,

AGINDU DUT:

1.–Determinazio hauek ezartzea 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Planaren salbuespeneko araubideari eta bertan sartzeko prozedurari dagokienez:

1. Irismena.

Abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legearen 17. artikuluan zehaztutako salbuespeneko araubidea aplikatuko zaie toki entitateen jarduketei (uraren goi hornidurarako eta hiri hondakinen tratamendurako Inbertsio Programei eta Toki Programazioari dagozkienak), kontzejuek beren udalaren gelditasunaren aurrean aurkezten dituztenean izan ezik. Araubide hori aplikatuko zaie, baldin eta dagokion toki entitatearen ahalmen ekonomikoa aztertu ondoren, ikusi bada exekuzioa ez dela bideragarria eta ezin dela doikuntzarik egin inbertsioan.

Kasu horretan, jasotako ekarpena osatu eginen da, gehienez ere areagotutako inbertsioaren %100era arte, dagokion BEZarekin, baldin eta entitateak ezin badu BEZa Foru Ogasunetik berreskuratu, bat etorriz Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiko eskumeneko zerbitzuak ondorio horretarako ematen duen txostenaren edukiarekin.

2. Helburua.

Salbuespeneko araubidearen helburua da jarduketa jakin batzuk ezartzea aurreko artikuluan zehaztutako inbertsioak finantzatzeko oro har ezarritako ekarpenak areagotzeko.

Ekarpenak areagotu aurretik, toki entitateek konpromisoa hartu beharko dute beren diru-sarrera berekiak egokitzeko; hartara, aurrekoa bete ondoren, salbuespeneko ekarpenak inbertsioaren bideragarritasun ekonomikoa bermatuko du, aurrekontu oreka kaltetu gabe.

3. Salbuespeneko araubidearen zuzkidura.

Araubide hau finantzatzeko beharrezko zuzkidura ekonomikoa abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legearen 4.3 artikuluan ezarritako erreserbetatik aterako da.

4. Toki entitate onuradunak.

Finantzaketarako salbuespeneko araubidearen onuradunak izanen dira obra jakin batzuen titular diren toki entitateak, baldin eta obra horiek finantzatzeko kreditu behar teorikoetatik sortutako finantza zama handiagoa bada kalkulatutako aurrezki garbia baino. Onuradun izanen dira, halaber, indarreko araudiaren araberako zorpetze muga gainditzen duten eta, beste finantzabiderik ez dutenez, bideragarriak ez diren toki erakundeak.

5. Kalkulurako prozedura.

1. Kreditu behar teorikoak.

Toki entitateen kreditu behar teorikoak zehazteko, erregulazio honen xede diren entitate onuradunaren obren zenbatekoaren (BEZa barne) eta toki entitateek Nafarroako tributuetan duten Parte-hartzearen Funtsaren kargura eginiko ekarpenen arteko aldea kalkulatuko da, hauek gehituta: ondare-besterentzeak, gastu orokorretarako diruzaintzako gerakin likidoa, beste aurrekontu zuzkidura batzuk (urte anitzekoak barne) eta beste funts batzuk.

2. Kreditu behar teorikoen finantza zama:

Kreditu behar teorikoetatik eratorritako finantza zama kalkulatzeko, metodo frantsesa erabiliko da, finantza zuhurtziari buruzko indarreko araudi xedapenek ezarritako urteko interes tasa %0,5 areagotuta eta 20 urterako amortizazioarekin.

3. Lortutako aurrezki gordina.

a) Toki entitatearen aurrezki gordina kalkulatzeko oinarria azken ekitaldiko kontuen espedientea izanen da, zeina Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen arabera aurkeztua beharko baitu Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusian; edo, bestela, ekitaldi horretako bereko aurrekontuaren likidazio espedientea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 227.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Toki entitate bakoitzaren aurrezki gordin hori zehazteko, 1.tik 5.era arteko kapitulu ekonomikoei dagozkien diru-sarrera arrunt likidatuen eta aurrekontuko 1., 2. eta 4. kapitulu ekonomikoei dagozkien aitortutako funtzionamendu gastuen arteko aldea kalkulatuko da, irailaren 23ko 234/2015 Foru Dekretuan ezarritako egiturari jarraikiz.

b) Artikulu honetako aurreko letran zehaztutako aurrezki gordinaren zenbatekoa areagotu edo murriztu eginen da, kasuan-kasuan, hurrengo ekitaldietan ziur sortuko diren edo gehiago sortuko ez diren diru-sarreren edo gastuen arabera.

c) Kalkulua egiteko prozedura finkoa izanen da toki entitateentzat eta horien erakunde autonomoentzat.

4. Udalen diru-sarrera berekiek izaten ahal dituzten gorakaden kalkulua.

Lur ondasunen gaineko kontribuzioari dagozkion diru-sarreren ahalmen potentziala aztertuko da; horretarako, dagokion zerga-tasa aplikatuko zaio likidazio-oinarriari, honako honen arabera:

a) Lur ondasunen gaineko kontribuzioaren likidazio-oinarria: Zergaren azken likidaziorako erabilitakoa aplikatuko da, baldin eta oinarri horrek eguneratze irizpideak betetzen baditu, indarreko araudiarekin bat.

Hala izan ezean, likidazio-oinarria merkatuko balioetara doitzeko koefizientearekin biderkatuko da, azken 5 urteetan balorazio txostena egokitu duten udalerrien batez besteko merkatuko balioaren indizearekin haztatuta. Datu horiek Nafarroako Gobernuko Lur-ondasunen eta Ondarearen gaineko Tributuen Zerbitzuak emanen ditu.

b) Zerga-tasarentzat, urtero %0,20ko zerga-tasaren gorakada hartuko da aintzat, gutxienez, une honetan indarrean dagoenaren gainean; sortzen den tasak ezin izanen du %0,30 baino txikiagoa edo %0,50 baino handiagoa izan.

Zerga bilketa autonomoak izaten ahal duen gorakada kalkulatzeko, azaldutako prozeduraren bidez kalkulatutako ahalmen potentzialari kendu eginen zaio Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 227.2 artikuluaren arabera eginiko aurrekontu likidazioaren azken espedientean aipatutako kontzeptuengatik eginiko likidazioa.

5. Kontzejuen diru-sarrera berekiek izaten ahal dituzten gorakaden kalkulua.

Diru-sarrerek izaten ahal dituzten gorakadak kalkulatzeko, %0,30eko zerga-tasa aplikatuko zaio lur ondasunen gaineko kontribuzioaren likidazio-oinarriari, jarraian zehaztutakoaren arabera:

a) Lur ondasunen gaineko kontribuzioaren likidazio-oinarria: Kontzejua barne hartzen duen udalak zergaren azken likidaziorako erabilitakoa aplikatuko da, baldin eta oinarri horrek eguneratze irizpideak betetzen baditu, indarreko araudiarekin bat.

Hala izan ezean, likidazio-oinarria merkatuko balioetara doitzeko koefizientearekin biderkatuko da, azken 5 urteetan balorazio txostena egokitu duten udalerrien batez besteko merkatuko balioaren indizearekin haztatuta. Datu horiek Nafarroako Gobernuko Lur-ondasunen eta Ondarearen gaineko Tributuen Zerbitzuak emanen ditu.

b) Zerga-tasa kalkulatzeko, urtean %0,30eko tasa hartuko da aintzat.

Zerga bilketak izaten ahal duen gorakada kalkulatzeko, azaldutako prozeduraren bidez kalkulatutako ahalmen potentzialari kendu eginen zaio Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 227.2 artikuluaren arabera eginiko aurrekontu likidazioaren azken espedientean aipatutako kontzeptuengatik udalak eginiko likidazioa.

Ondoren, udalerriko biztanle bakoitzeko zerga bilketak izaten ahal duen gorakada kalkulatuko da, eta emaitza kontzejuko biztanle kopuruarekin biderkatuko da.

Kontzejua barne hartzen duen udal-mugarteko udalak %0,30 baino gehiagoko zerga-tasa badu, diru-sarrera berekiek izaten ahal duten gorakada nulua izanen da, eta portzentaje horren azpitik badago, aurreko paragrafoetan zehaztutakoari jarraikiz kalkulatuko da.

6. Diruzaintzako gerakin negatiboaren finantzaketa.

Diruzaintzako gerakina kalkulatzeko, aurrekontuari eta gastu publikoari buruzko irailaren 21eko 270/1998 Foru Dekretuaren V. kapituluko hirugarren apartatuan ezarritakoari jarraituko zaio.

Foru Dekretu horren 103. artikuluko 1. apartatuan ezarritako epe luzerako kreditu eragiketei dagokienez, urteko kuota konstante bat aplikatuko da finantza zama kalkulatzeko, 20 urtekoa. Legealdiko kreditu eragiketei dagokienez, Foru Dekretu bereko 103. artikuluko 2. apartatuarekin bat etorriz, legealdia bukatzeko falta diren urteetarako urteko kuota konstante bat aplikatuko da finantza zama kalkulatzeko. Bi kasuetan, finantza zuhurtziarako ezarritakotik ateratzen den urteko interesaren portzentajea aplikatuko da, %0,5 areagotuta.

7. Kalkulatutako aurrezki garbia.

Kalkulatutako aurrezki garbia da lortutako aurrezki gordina, baina foru agindu honetan zehaztutako diru-sarrera berekietan izaten ahal diren gorakadak gehituta eta onetsitako azkeneko kontuen espedienteko finantza pasiboen finantza zama kenduta, baita hauek ere: kontuak onetsi ondoren hitzartutako kreditu poliza berria, diruzaintzako gerakin negatiboari aurre egiteko kalkulatutako zenbatekoa eta hitzartu beharreko mailegu berriak sortzen duen finantza zama. Kalkulu horretan ez dira kontuan hartuko diruzaintzako gerakinarekin finantzatu diren toki entitateen amortizazio aurreratuak.

6. Funtsak salbuespeneko araubideari egin beharreko ekarpenaren zehaztapena.

Aurrekontu orekarako eta finantza jasangarritasunerako araudian ezarritako muga gainditzen duten entitateak bi egoera hauetako batean egoten ahal dira:

a) Mailegu bat hitzartu ezin badute, muga hori gainditzen dutelako, zenbateko osoa jasoko dute kreditu behar teorikoei erantzuteko.

b) Mailegu bat hitzartzen ahal badute, baina ez beren kreditu behar teorikoei erantzuteko adinakoa, kreditu behar teorikoen eta muga gainditu gabe hitzartzen ahal duten mailegu eragiketaren zenbatekoaren arteko aldearen baliokidea jasoko dute.

Kreditu eragiketa hitzartu ondoren aurrekontu orekarako eta finantza jasangarritasunerako araudian ezarritako muga gainditzen ez duten entitateak bi egoera hauetako batean egoten ahal dira:

a) Kalkulatutako aurrezki garbia urteko finantza zama teorikoa baino baxuagoa bada, salbuespeneko araubidearen bidez eginen zaien ekarpena lortuko da urteko finantza zama teorikoaren eta aurrezki garbiaren arteko aldea kapitalizatuta, finantza zuhurtzia aplikatuta ateratzen den urteko interes tasa %0,5 areagotuta, 20 urtean zehar, eta urteko kuota konstantearen bidez. Ateratzen den zenbatekoa izanen da salbuespeneko araubidearen bidez eginbeharreko ekarpena.

b) Foru agindu honen aurreko artikuluetan zehaztutako kalkuluak egin ondoren ikusten bada kalkulatutako aurrezki garbia handiagoa dela urteko finantza zama teorikoa baino, entitate horiek autofinantzatutzat joko dira eta, hortaz, ez dute zenbatekorik jasoko salbuespeneko araubidean. Alabaina, 7. artikuluan ezarritako akordioak mantentzera behartuta egonen dira, bideragarritasunari eusteko.

7. Salbuespeneko Araubidearen Funtsaren onuradun diren entitateek hartu beharreko konpromisoak.

1. Udalek hartu beharreko konpromisoak.

Funtsaren ekarpenak jasotzen dituzten udaletako udalbatzek erabaki bat hartu beharko dute, eta horren bidez konpromiso hauek hartu:

a) Salbuespeneko araubidean sartutako inbertsioak gauzatzeko epean, sartutakoez bestelako inbertsiorik ez egitea, eta kreditu edo finantza zama berririk ez hitzartzea, non ez dion Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak berariazko baimena ematen, salbuespeneko inguruabarrak daudelako edo bermatuta dagoelako etorkizunean ez duela defizitik ekarriko.

b) Baliabide berekiak salbuespeneko araubidean sartzeko aurreikusitako moduan atxikitzea.

c) Lur ondasunen gaineko kontribuzioa baloratzeko txostenaren gaurkotzea onestea araudi indardunarekin bat.

Egun indarra duen zerga-tasaren %0,20ko gutxieneko igoera onetsi eta mantentzea obraren exekuzioak irauten duen bitartean eta hura bukatu ondoko lau urteetan zehar, eta igoeraren ondoriozko tasa inola ere ez izatea %0,30 baino gutxiagokoa, ez eta %0,50 baino gehiagokoa ere.

Era berean, kalkulatutako aurrezki garbia bermatze aldera, udalek ezin izanen dute lur ondasunen gaineko kontribuzioaren zerga-oinarrian murrizketarik onetsi ezta aplikatu ere balorazio txostenak katastroko balorazioan eragindako igoeraren ondorioz.

d) Adostutako eta aurkeztutako finantzaketa formula mantendu eta errespetatzea.

Aipatutako akordioen ondorioz, entitatearen bideragarritasun plana positibotzat joko da eta gastu-konpromisoaren ebazpena emanen da, toki entitateak adostutako gehieneko ekarpen ekonomikoa eta finantzaketa formula zehaztuta.

Aipatutako akordioak hartu ezean, Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak ofizioz jardunen du, eta inbertsioa ez sartzea ebatziko du.

2. Kontzejuek hartu beharreko konpromisoak.

Funtsaren ekarpenak jasotzen dituzten kontzejuetako batzarrek erabaki bat hartu beharko dute, eta horren bidez konpromiso hauek hartu:

a) Salbuespeneko araubidean sartutako inbertsioak gauzatzeko epean, sartutakoez bestelako inbertsiorik ez egitea, eta kreditu edo finantza zama berririk ez hitzartzea, non ez dion Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak berariazko baimena ematen, salbuespeneko inguruabarrak daudelako edo bermatuta dagoelako etorkizunean ez duela defizitik ekarriko.

b) Baliabide berekiak salbuespeneko araubidean sartzeko aurreikusitako moduan atxikitzea.

c) Onestea, bidezkoa bada, entitate eskatzailearen esku jarritako kontribuzio berezi bat edo herri mailako ekarpen bat, kontzejuen diru-sarrera berekiek izaten ahal duten gorakadatik ateratako zenbatekoaren baliokidea.

d) Adostutako eta aurkeztutako finantzaketa formula mantendu eta errespetatzea.

Aipatutako akordioen ondorioz, entitatearen bideragarritasun plana positibotzat joko da eta gastu-konpromisoaren ebazpena emanen da, toki entitateak adostutako gehieneko ekarpen ekonomikoa eta finantzaketa formula zehaztuta.

Aipatutako akordioak hartu ezean, Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak ofizioz jardunen du, eta inbertsioa ez sartzea ebatziko du.

8. Mankomunitateen araubidea.

Mankomunitate batean bideragarritasunik ez badago inbertsio bat finantzatzeko, inbertsioa haren finantza ahalmenera egokituko da, haren organo kudeatzaileek hartutako erabaki baten bidez. Inbertsioa egokitzerik ez badago, eta entitateko kide diren udalen ekarpenarekin finantzatzea erabakitzen bada, bilatuko da ea bideragarria zaien dagokien zatia finantzatzea, eta bideragarria ez bada, salbuespeneko araubidean sartzen ahalko dira.

9. Salbuespeneko araubidean parte hartzeko eskaera aurkezteko epea.

Finantzaketarako salbuespeneko araubidean sartzeko, toki erakundeek eskaera aurkeztu behar dute Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusian. Horretarako hilabeteko epea izanen dute, beren bideragarritasun ekonomikoak ebaluazio negatiboa jaso duela jakinarazten zaienetik hasita. Kontrako ebaluazioa jasotzen badute, inbertsioa salbuespeneko araubidean ez sartzea ebatziko da.

10. Aurkeztu beharreko agiriak.

1. Agiri hauek aurkeztu beharko dira salbuespeneko araubidean sartzeko eskaera idazkiarekin batera:

a) Aurrez aurkeztu ez bada, azken ekitaldiko kontuen espedientea, zeina Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen arabera aurkeztua beharko baitu Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusian; edo, bestela, ekitaldi horretako bereko aurrekontuaren likidazio espedientea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 227.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, ekitaldi horretako abenduaren 31ko zor biziarekin batera.

Beranduago hitzartutako polizak ere aurkeztuko dira, eskaera egin den egunera artekoak, baita lehendik zeuden polizetan egon diren aldaketak ere.

b) Lur ondasunen gaineko kontribuzioaren azken balorazio txostena aplikatu zeneko urtea zehazten duen ziurtagiria, idazkariak emana.

c) Lur ondasunen gaineko kontribuzioaren onetsitako azken tasak, horien aplikazio urtea zehaztuta.

2. Bideragarritasuna aztertzeko prozesuan zehar, eta eskaerak ebatzi baino lehen, toki entitate bakoitzaren akordioak aurkeztu beharko dira. Akordio horietan jasota egonen dira salbuespeneko araubide honen garapenerako ezarritako neurriak. Horrez gain, Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak egokitzat jotzen dituen agiri guztiak eskatzen ahal ditu, inbertsio planen bideragarritasun ekonomiko eta finantzarioa zehazteko.

11. Eskaeren ebazpena eta ordainketa.

1. Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen bidez ebatziko dira eskaerak, eta gastu-konpromisoa ezarriko da.

2. Toki erakundeek Salbuespeneko Araubidearen Funtsetik jaso beharreko zenbatekoak obraren azken ordainketarekin batera ordainduko dira, hala badagokio. Dena den, zenbateko hori jasotzeko nahitaezkoa izanen da foru agindu honetan ezarritakoaren arabera hartutako konpromisoak betetzea.

12. Egiaztapenak eta eskubide ekonomikoen galera.

Finantza plana edo eskumeneko organoak ezarritako konpromisoak bete ezean, toki entitateak salbuespeneko araubidetik kanpo geldituko dira, eta jasotako zenbatekoa itzuli beharko dute, 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duen abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legearen 27.2.d) eta 27.3 artikuluetan ezarritakoari jarraikiz (18/2016 Foru Legea aldatzen duen urriaren 10eko 18/2018 Foru Legeak emandako idazketan).

2.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea Administrazio Publikoek haren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezaketela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

3.–Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2019ko otsailaren 19an.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Isabel Elizalde Arretxea.

Iragarkiaren kodea: F1902487