Iragarkia
55. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 21a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
19E/2019 FORU AGINDUA, otsailaren 27koa, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak emana. Honen bidez, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren deialdi bat onesten da Nafarroako Foru Komunitatean jarduera duten enpresei eta irabazi-asmorik gabeko erakundeei dirulaguntzak emateko 2019an, emakumeen eta gizonen arteko Berdintasun Planak ezartzeko. DDBN identifikazioa: 441915.
Nafarroako Berdintasunerako Institutuak, bere estatutuak onesten dituen irailaren 30eko 240/2015 Foru Dekretuarekin bat etorriz, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzea du helburuetako bat, Nafarroako bizitza politiko, ekonomiko, kultural eta sozialaren esparru guztietan lortu ere, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari laguntzen dioten baldintzak sustatuz.
Zehazkiago, sustapen ekonomikoan, enpleguan eta prestakuntzan berdintasuna lortzeko helburuetako bat da, ezinbestez, enpresen eta beste erakunde batzuen (hala nola irabazi-asmorik gabeko erakundeak) parte-hartze aktiboa izatea. Horretarako, Nafarroako enpresen eta erakundeen konpromisoari bultzada eta sostengua eman nahi zaio, berdintasun planak egin ditzaten.
Bestalde, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak, Aukera berdinekin lan egiteko eskubideari buruzko IV. tituluan, “Enpresetako eta erakundeetako berdintasun planak eta berdintasuna sustatzeko beste neurri batzuk” izeneko III. kapituluan, berdintasun planak egin eta aplikatzeko arauak ematen ditu.
Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren iritziz berdintasun planen eta haien garapenaren kalitatea bermatu beharra dago, genero berdintasuna modu egokian txertatzeko enpresen eta irabazi-asmorik gabeko erakundeen kudeaketa prozesu guztietan, eta horregatik erabaki du lan-ildo hori bultzatzea 2019an, Nafarroan jarduera duten enpresetan eta erakundeetan berdintasun plan berriak egitea bultzatuz.
Horrenbestez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuari lotuta, emandako eskudantziak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren deialdi bat onestea, Nafarroako Foru Komunitatean jarduera duten enpresei eta irabazi-asmorik gabeko erakundeei dirulaguntzak emateko 2019an gizonen eta emakumeen arteko Berdintasun Planak ezartzeko; baita foru agindu honen eranskinean ageri diren oinarri arautzaileak onestea ere.
2. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, ondotik adierazten diren aurrekontuko kredituak baimendu dira:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
B40001-B4100-4709-232200: Erakundeen berdintasun planetarako transferentziak | 2019 | 75.000,00 |
3. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-baseari jakinaraztea.
Iruñean, 2019ko otsailaren 27an.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.
ERANSKINA
Oinarri arautzaileak
1. oinarria. Xedea eta helburua.
Deialdi honek honako hau du helburu: Nafarroako Berdintasunerako Institutuak 2109an enpresei edo irabazi-asmorik gabeko erakundeei dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea entitate horietan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko asmoz, horretarako emakumeen eta gizonen arteko Berdintasunerako lehen Planak eginez, bai barne-antolamenduari dagokionez, bai zerbitzuak edo produktuak emateari dagokionez.
2. oinarria. Onuradunak.
Nafarroako Foru Komunitatean jarduera duten eta oinarri arautzaile hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten enpresek eta irabazi-asmorik gabeko erakundeek hartzen ahal dute parte deialdi honetan.
3. oinarria. Betebeharrak.
3.1 Dirulaguntzen onuradun izateko, enpresek eta irabazi-asmorik gabeko erakundeek hurrengo baldintzak bete beharko dituzte eskaera aurkezteko unean, eta haiek betetzen jarraitu beharko dute diruz lagundutako jarduera gauzatzen den bitartean eta hura justifikatu arte:
3.1.1. Legez eratua izatea eta dagokion erregistroan inskribaturik egotea.
3.1.2. 10 eta 250 langile bitartean dituen lantoki bat izatea Nafarroako Foru Komunitatean.
3.1.3. Berdintasunerako Plana izatera legez beharturik ez egotea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak ezarritakoaren arabera.
3.1.4. Deialdi hau argitaratu aurreko bi urtean eskatzaileak eta haren legezko ordezkariek zehapenik jaso ez izana hartutako erabakiengatik, sexua edo orientazio sexuala dela-eta edo sexu jazarpenak eraginda zuzeneko edo zeharkako bereizkeria egiteagatik.
3.1.5. Ebazpen irmo baten bidez zehapenik jaso ez izana, laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan falta oso astun bat edo bi falta astun baino gehiago egiteagatik, deialdia argitaratu aurreko bi urteetan.
3.1.6. Ingurumen arloan neurri zuzentzaileak eskatzen dituen zehapen irmorik jaso ez izana aurreko bi urteetan, eskaerak aurkezteko epearen azken egunetik hasita, edo zehapen organoaren txosten baten arabera neurri horiek gauzatu ez izana edo aplikatzeko egutegia bete ez izana.
3.1.7. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko adierazitako debekuetako bat bakarra ere ez urratzea.
3.1.8. Tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean izatea.
3.2 Betebeharrak egunean dituela egiaztatzeko, eskabide-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da, enpresaren edo irabazi-asmorik gabeko erakundearen ordezkariarena, eta hor baimena emanen zaio NABIri adierazitako datuak kontsultatu eta egiaztatzeko.
3.3 Ezin izanen dira dirulaguntza hauen onuradun izan:
–Administrazio publikoak eta haien erakunde autonomoak.
–Sozietate publikoak.
–Fundazio publikoak.
–Enpresak eta erakunde publiko enpresarialak.
–Unibertsitateak.
4. oinarria. Proiektu diruz lagungarriak eta horiek gauzatzeko epea.
4.1 Dirulaguntza emanen da 2019ko urtarrilaren 1etik azaroaren 15era bitarte enpresetan edo irabazi-asmorik gabeko erakundeetan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako lehen planak egin eta garatzeko, oinarritzat hartuta IGE prozeduran aurreikusitako baldintzak eta metodologia.
Proiektu guztietan jasoko da prestakuntza saio bat gutxienez diseinatu eta gauzatzea, 6 ordutik gorakoa, enpresan edo irabazi-asmorik gabeko erakundean eta lan munduan genero berdintasuna lantzeari buruzkoa, berdintasun batzordeari edo taldeari eta/edo eskatzaileen plantillari zuzendua; horrez gain, gutxienez ere hurrengo hiru urteetako jarduketa ildoak ere proposatuko dira proiektuetan.
Aurkeztutako proiektu guztietan, enpresak edo erakunde eskatzaileak Berdintasun Planaren koordinazio eta dinamizazioaren arduraduna izendatu beharko du, eta hura izanen da erreferentziako pertsona Nafarroako Berdintasunerako Institutuarentzat.
4.2 Enpresaren edo erakundearen Genero Berdintasunerako lehen Plana egiteko dirulaguntza jasotzen ahal duten proiektu diruz lagungarriek, barnean, fase hauek bilduko dituzte, nahitaez, eta garapen osoan hizkera ez-sexista erabiliko dute:
a) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko diagnostikoa, bai barne antolakuntzari bai ematen dituen zerbitzu edo produktuei dagokienez. Diagnostikoan zehaztuko da, halaber, enpresak edo irabazi-asmorik gabeko erakundeak genero berdintasunaren arloan izan duen ibilbidea, baldin badu, eta ibilbide hori enpresaren edo erakundearen kalitatea kudeatzeko planetan eta/edo prozeduretan txertatu ote den.
b) Enpresaren edo irabazi-asmorik gabeko erakundearen barne antolakuntzan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean aurrera egiteko eta zerbitzuak eta produktuak ematean genero ikuspegia txertatzeko aukera ematen duten helburuak, jarduketak, ekintzak, eta abar diseinatzea.
Berdintasun planaren neurriak diseinatzean kontuan hartuko dira genero, etnia, arraza, desgaitasuna eta abar direla-eta bereizkeria anizkoitza pairatzen duten emakumeen premia berariazkoak.
c) Plana ezarri eta haren jarraipena egiteko kronograma.
Planak, gutxienez, hiru urteko plangintza izan behar du, gauzatzean izaten diren emaitzen arabera gaurkotu edo aldatu beharko balitz ere.
d) Planaren jarraipena eta ebaluazioa egiteko sistema.
Atal honetan, Planaren jarraipena egiteko sistema aurreikusiko da, barne hartuta, gutxienez, Berdintasun Batzordeak edo Taldeak bilera bat egitea sei hilean behin, planaren gauzatzea baloratzeko eta aldaketak edo hobekuntzak egiteko.
4.3 Proiektu diruz lagungarrien kopurua:
Enpresa edo irabazi-asmorik gabeko erakunde bakoitzak proiektu bakar bat aurkezten ahal du. Enpresa edo erakunde batek proiektu baterako baino gehiagotarako dirulaguntza eskatzen badu, ez da eskaera bat bera ere onartuko, non ez duen adierazten zer proiektu zehatzetarako eskatzen duen dirulaguntza, kudeaketa organoak hala eskatuta.
4.4 Gastu diruz lagungarriak:
dirulaguntzak honako gastu kontzeptu hauek finantzatzeko izanen dira bakar-bakarrik:
a) Laguntza teknikoa (enpresatik edo erakundetik kanpoko enpresak eta profesionalak kontratatzea). Proiektua edo proiektuaren fase bat garatzeko enpresa bat edo profesionalak kontratatzen badira, frogatu beharko da laguntza ematen duenak gutxienez ere 120 orduko prestakuntza duela emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan, erakunde publikoek edo unibertsitateek (publiko nahiz pribatuek) emana, edo enpresetan genero berdintasuna txertatzeko (IGE) prozeduraren arloko prestakuntza duela. Prestakuntza duten langileek egin beharko dute eskatutako lana.
Prestakuntza dutela frogatzeko, kontratatutako laguntza ematen duen enpresak edo profesionalak erantzukizunpeko adierazpena egin beharko du, ereduaren araberakoa.
Diruz lagundutako proiektuaren %100 arte azpikontratatzen ahal da.
Gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 12.000 eurotik goitikoa bada, frogatu beharko da, eskabidearen ereduan erantsita dagoen moduan, hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina enpresarik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen. Onuradunaren txosten baten bidez frogatuko da.
b) Proiektua edo proiektuaren fase bat egitea enpresak edo irabazi-asmorik gabeko erakundeak berak hartzen badu bere gain, proiektua egiten duen eta enpresaren edo erakundearen parte den pertsonaren lan gastuak.
Kasu honetan, proiektua egiteko izendatutako pertsonak plana koordinatu eta dinamizatzeko lanak ere hartuko ditu bere gain. Eginkizun horietarako gastua ez da diruz lagungarria izanen.
Eskaera ereduan berean adierazi behar da zein langilek egin behar duen proiektua eta lanaldiaren zer portzentaje eman behar duen horretan (eredua erantsita dago).
Izendatutako pertsonaren dedikazioa frogatzean zehaztuko da zein den egiazko dedikazioa, egindako jarduerak eta horretan emandako lanaldiaren portzentajea ere adierazita.
Proiekturako izendatutako pertsonak frogatu beharko du gutxienez ere 120 orduko prestakuntza duela emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan, erakunde publikoek edo unibertsitateek (publiko nahiz pribatuek) emana, edo enpresetan genero berdintasuna txertatzeko (IGE) prozeduraren arloko prestakuntza egin duela.
Prestakuntza frogatzeko, proiektua egin behar duenak erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar du (eredua erantsita dago).
c) Hizlariek sortutako zerbitzu-sariak, bai eta eman behar den prestakuntzaren ondoriozko joan-etorrietako eta ostatuko dietak ere.
d) Berdintasun Planaren komunikazio eta zabalkunderako ekintzak garatzeko gastuak (publizitatea, materialak argitaratu eta/edo inprimatzea, etab.).
4.5. Proiektu eta gastu hauek ez dira diruz lagungarriak:
Proiektu edo gastu kontzeptu hauek deialdi honetatik kanpo daude:
a) Enpresan edo irabazi-asmorik gabeko erakundean kontratatuta edo plantillan dauden langileen nominak, salbu eta 4.4.b) oinarrian adierazitakoa.
b) Balio erantsiaren gaineko zergaren (BEZa) zenbatekoa kenduko da, enpresak edo irabazi-asmorik gabeko erakundeak hura berreskuratu edo konpentsatzen ahal badu.
5. oinarria. Dirulaguntzaren zenbatekoa.
5.1. Dirulaguntzak honako irizpide ekonomiko hauei jarraituz emanen dira:
5.1.1. Emanen den gehienezko zenbatekoa Nafarroako Foru Komunitateko lantokian dituen langileen kopuruaren araberakoa izanen da, honako honi jarraituz:
–10 langiletik 50 langilera bitartean: 6.000 euro gehienez ere.
–51 langiletik 100 langilera bitartean: 8.000 euro gehienez ere.
–101 langiletik 250 langilera bitartean: 10.000 euro gehienez ere.
5.1.2. 1. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuz, dirulaguntza ehuneko hauek adinakoa izanen da, betiere aurreko atalean adierazitako gehieneko diru muga gainditu gabe:
91tik 100 puntura bitarte lortzen dituzten proiektuetarako, eskatutako zenbatekoaren %80.
81etik 90 puntura bitarte lortzen dituzten proiektuetarako, eskatutako zenbatekoaren %70.
71tik 80 puntura bitarte lortzen dituzten proiektuetarako, eskatutako zenbatekoaren %60.
60tik 70 puntura bitarte lortzen dituzten proiektuetarako, eskatutako zenbatekoaren %50.
Gutxienez ere 60 puntu lortzen ez dituzten proiektuak ez dira diruz lagunduko.
5.2. Gaitutako aurrekontuko diru izendapena agortu arte emanen dira dirulaguntzak. Horretarako, onuradun bakoitzari dagokion dirulaguntzaren ehunekoa emateko, 1. eranskinean adierazitako balorazio irizpideen arabera lortutako puntuazioa hartuko da aintzat.
Aurrekontuetako partida agortzen bada puntuazio bera duten bi eskaera edo gehiagorekin, berdinketa ebazteko, c) atalaren balorazioan lortutako puntuazioa soilik hartuko da kontuan (1. eranskina).
5.3. Honela banatuko da aurrekontuko diru izendapena:
55.000 euro enpresetan planak ezartzeko proiektuetarako.
20.000 euro irabazi-asmorik gabeko entitateetan planak ezartzeko proiektuetarako.
Onuradun mota bakoitzerako dagoen kreditua agortzen ez bada, gainerako dirua beste onuradun motaren zenbatekoari gehituko zaio.
6. oinarria. Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.
6.1. Dirulaguntza eskatzen duten enpresek edo irabazi-asmorik gabeko erakundeek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
a) Eskaera eta eranskin guztiak behar bezala beteta aurkeztuko dira, eskatutako zenbatekoa, proiektuaren aurrekontua eta jardueren araberako banakatzea zehaztuta, eta Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.navarra.es) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.
Dirulaguntzen eskaerak Eskaera Ereduan aurkeztuko dira nahitaez. Hori Nafarroako Gobernuaren Atariko Zerbitzuen Katalogoko laguntza fitxan eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren (NABI) webgunean eskuratu ahal izanen da: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Igualdad+de+genero/Politicas+de+igualdad. Harremanetarako helbide elektroniko bat adierazi beharko da, nahitaez, Administrazioarekin komunikatzeko bide gisa.
Proiektuaren azalpenean balorazioaren xede diren atalak zehaztu eta deskribatuko dira, oinarri hauen eranskinean adierazitako irizpideekin bat etorriz, bakoitzari dagokion puntuazioa emateko.
b) Eskatzailearen ordezkaritza daukan pertsonak egindako erantzukizunpeko adierazpena, enpresaren edo irabazi-asmorik gabeko erakundearen puntu hauek baieztatzen dituena:
I. Legez eratuta eta dagokion erregistroan inskribatuta dagoela, erregistro hori zein den adierazita.
II. Nafarroan kokatutako lantoki bat duela, eta han 10 langiletik 250 langilera bitarteko plantilla.
III. Ez dagoela legez beharturik Berdintasunerako plana egitera, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera.
IV. Deialdi hau argitaratu aurreko bi urtean ez duela zehapenik jaso enpresak edo erakundeak hartutako erabakiengatik, sexua edo orientazio sexuala dela-eta edo sexu jazarpenak eragindako zuzeneko edo zeharkako bereizkeria egiteagatik.
V. Ez duela ebazpen irmo baten bidez zehapenik jaso, laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan falta oso larri bat edo bi falta larri baino gehiago egiteagatik, deialdia argitaratu aurreko bi urteetan.
VI. Ez duela jaso ingurumen arloan neurri zuzentzaileak eskatzen dituen zehapen irmorik aurreko bi urteetan, eskaerak aurkezteko epearen azken egunetik hasita, baldin eta zehapen organoaren txosten baten bidez egiaztatzen bada neurri horiek gauzatu ez direla edo aplikatzeko egutegia ez dela bete.
VII. Enpresak edo irabazi-asmorik gabeko erakundeak eta haren ordezkariek ez dutela urratzen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko adierazitako debekuetako bat bakarra ere.
VIII. Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela.
c) Laguntza teknikoa emanen duen enpresa edo profesionala identifikatzea, edo enpresa edo irabazi-asmorik gabeko erakunde barruan proiektua egiteko ardura duen pertsona identifikatzea, eta, horrekin batera, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuneko prestakuntza frogatzen duen erantzukizunpeko adierazpena eranstea, 4.4 oinarriko a) eta b) letretan xedatzen den bezala.
d) Ordainketa transferentzia bidez egiteko eskabidea, aldez aurretik aurkeztu ez bada.
e) Enpresak edo irabazi-asmorik gabeko erakundeak aurkeztutako proiekturako bestelako laguntzarik edo dirulaguntzarik eskatu eta/edo jaso ote duen adierazten duen adierazpena. Hala bada, eskatutako eta jasotako zenbatekoak eta nondik jaso dituen zehatz-mehatz adieraziko da.
f) Azken hiru zerga ekitaldietan jaso dituen de minimis laguntzei buruzko adierazpena.
6.2. Betebehar horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar dituztenean edo datuak administrazio horren esku daudenean, ez da eskatuko dokumentazio hori aurkezteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikuluan xedatu bezala. Azken kasu horretan, agiria zein espedientetan jasotzen den zehaztu beharko da, eta hala egin dadila eskatzen ahalko da. Orobat, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan xedatutakoa hartuko da kontuan.
6.3. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada, eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzala; halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaera ezetsi, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
Proiektua deskribatzeko eta haren aurrekontua zehazteko dokumentazioa ezin da zuzendu.
Aurrekoa gorabehera, NABIk uste badu proiektua iluna edo zehaztugabea dela, azalpen osagarriak eskatzen ahalko ditu, betiere dirulaguntzarako eskaera egin dutenen berdintasun printzipioa errespetatuz, aurkeztutako proiektua aldatzeko aukerarik gabe. Erantzuteko epea gehienez ere bost egun baliodunekoa izanen da.
7. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.
7.1. Eskaerak eta dokumentazio erantsia telematika bidez aurkeztu beharko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.navarra.es) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.
Eskaerak aurkezteko epea 30 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Eskaeran adierazi beharko da jakinarazpenak bide telematikoak erabiliz jaso nahi direla, eta, horretarako, gaitutako helbide elektronikoa (GHE) eduki beharko da, zeina 9. oinarrian ezarritako moduan lortzen ahal den.
Eskaera aurrez aurre aurkezten bada, pertsona interesdunari eskatuko zaio zuzentzeko, baliabide elektronikoen bidez aurkeztuz. Ondorio horietarako, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna zuzenketaren eguna dela.
Dokumentazioa eskaneaturik aurkeztuko da, dokumentu bereizitan, nork bere izena behar bezala dakarrela.
8. oinarria. Balorazioa eta dirulaguntza emateko prozedura.
8.1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Plangintzaren eta Programen Zuzendariordetzari dagokio dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.
8.2. Eskaerak baloratzeko, instrukzio organoak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko teknikarien laguntza izaten ahal du, eta egokiak iruditzen zaizkion jarduketak egiten ahal ditu, ebazpen proposamenaren oinarri izanen diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.
8.3. Eskaerak 1. eranskinean zehazten diren irizpideei jarraikiz baloratuko dira, eta eskabidearekin batera aurkeztutako agiriak baizik ez dira kontuan hartuko.
8.4. Gaitutako aurrekontuko diru izendapena agortu arte emanen dira dirulaguntzak. Horretarako, onuradun bakoitzari dagokion dirulaguntzaren ehunekoa emateko, balorazioan lortutako puntuazioa hartuko da aintzat, eta horixe izanen da lehentasun irizpidea. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsi eginen dira, 10.4 oinarrian xedatutakoa eragotzi gabe.
8.5. Plangintzaren eta Programen Zuzendariordetzak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio ebazpen proposamena. Proposamenari txosten bat gehituko zaio, balorazioen ondorioz ateratako puntuazioekin; txostenean, halaber, onuradunek dirulaguntzak jasotzeko betebehar guztiak betetzen dituztela adieraziko da, eta proiektuen balorazioa jasoko da.
9. oinarria. Bitarteko elektronikoen bidezko komunikazioak.
Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematikoki eginen dira onuradunek beren eskaeran adierazitako helbide elektroniko gaituaren bidez.
http://notificaciones.060.es helbidean eskuratzen ahal da gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da. Gaitutako helbide elektronikoa eskuratzen den helbide berean egiten da harpidetza.
10. oinarria. Ebazpena.
10.1. Dirulaguntzei buruzko ebazpena Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta 3 hilabeteko epean, gehienez ere. Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, dirulaguntza honen fitxan. Epe hori bukatuta ebazpen espresik eman eta jakinarazi gabe, ulertuko da eskaera ezetsi egin dela, behar den errekurtsoa aurkeztu ahal izateko.
10.2. Dirulaguntzak emateari buruzko ebazpenean, onuradunen zerrenda eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoak adieraziko dira, eta, hala badagokio, zein eskaerari uko egin zaien. Gainera, irizpide orokorrak aplikatuz, puntuazioaren arabera ordenatutako zerrenda bat agertuko da, ordezko beste eskatzaileekin, onuradunen batek dirulaguntzari uko eginen balio. Erakunde horiei dagokienez, ordezkoen ordenaren arabera zerrendatuta, diruz lagunduko liratekeen proiektuak identifikatuko dira, eta adieraziko da ukoren bat izanez gero dirulaguntza gehienez ere zenbatekoa izanen litzakeen.
Nafarroako Berdintasunerako Institutuak http://www.navarra.es/home_es/Temas/Igualdad+de+genero/Politicas+de+igualdad web-orriaren bidez eta dirulaguntzari dagokion fitxaren bidez jarriko ditu jendaurrean emandako dirulaguntzak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritako baldintzetan. Orobat, legez ezarritako informazioaren berri emanen dio Nafarroako Gobernuko Dirulaguntzen Datu-baseari, publizitaterako edo/eta informaziorako.
10.3. Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean onuradunek gardentasunaren adierazpena aurkeztu beharko dute, behar bezala beteta, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz (dekretu horrek arautzen ditu Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak). Onuradunak gardentasunaren betebeharra bete behar ez badu, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita.
10.4. Onuradunen batek emandako dirulaguntzari uko egiten badio, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Zuzendari Kudeatzaileak beste deialdi bat egin beharrik gabe adostuko du uko egiten duenaren hurrengo eskatzaileari/eskatzaileei ematea dirulaguntza, baldin eta ukoaren ondorioz behar adina diru gelditzen bada gutxienez ezetsitako eskaera bati erantzuteko.
NABIk aukera horren berri emanen die interesdunei, dirulaguntzaren proposamena eskura dezaten hamar eguneko gehieneko epean. Proposamena onartutakoan, dirulaguntza emateko ebazpena emanen da eta jakinarazpena bidaliko.
11. oinarria. Proiektuak gauzatzean gertatzen diren gorabeherak.
11.1. Proiektuak deialdian ezarritako epeetan gauzatu beharko dira, eta eskaeran eta dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako moduan. Hala ere, proiektuan aurreikusitako exekuzioa aldatzen duten inguruabarrak gertatzen direnean, aldaketa hauek egiten ahalko dira:
a.–Proiektuaren fase bakoitzean egin beharreko ekintzen aldaketak.
b.–Proiektuan egin beharreko ekintzen arteko berrantolaketa ekonomikoa.
11.2. Proiektuan egin beharreko ekintzak aldatzeko, aldez aurretik baimena eskatu behar zaio organo kudeatzaileari. Interesdunak proiektuan ez dagoen beste jarduera bat, dirulaguntzaren helburua kontuan hartuta egokitzat jotzen dena, egitea proposatzen ahalko dio Nafarroako Berdintasunerako Institutuari.
Proposatutako aldaketak behar bezala arrazoitu eta aurkeztu beharko dira, aurreikusitako jarduera egin baino gutxienez 10 egun lehenago.
Balorazioa egiteko, oinarriotan ezarritako irizpideei jarraituko zaie, eta epe eta baldintza beretan justifikatu beharko dira.
Instrukzio organoak baloratuko du salbuespenekoak ote diren aldaketak eta horietarako ematen diren arrazoiak, haiek onartu edo ukatzeko.
Balorazioa eginda, aipatutako aldaketa berariaz baimendu edo ukatuko du Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak, eta, behar izatera, egokiak diren doikuntza ekonomikoak eginen dira.
11.3. Ez da aldez aurretik baimenik eskatu beharko aldaketaren xedea denean proiektuaren derrigorrezko faseetako jardueraren bat ez egitea, betiere dirulaguntza ematea ekarri zuen xedea aldatzen ez bada. Onuradunak behar bezala azaldu beharko ditu aldaketa horiek frogagirietan.
12. oinarria. Proiektuak gauzatzeko baldintzak.
Proiektua behar bezala gauzatzeko asmoz, berdintasun lantaldeko edo batzordeko kideen zenbait ordezkarik parte hartuko dute Nafarroako Berdintasunerako Institutuak antolatuko duen bilera batean, eta horietako bat, nahitaez, enpresak edo irabazi-asmorik gabeko erakundeak Berdintasun Plana koordinatu eta dinamizatzeko izendatutako pertsona izanen da. Aipatutako bilera hori, bi ordukoa, Nafarroako Gobernuaren politika publikoetan enpresek edo irabazi-asmorik gabeko erakundeek betetzen duten lanari buruzkoa izanen da. Nafarroako Berdintasunerako Institutuak antolatutako bilera horretara ez joateak emandako dirulaguntza %10 murriztea ekarriko du.
13. oinarria. Dirulaguntzen ordainketa eta justifikazioa.
13.1. Emandako dirulaguntza diruz lagundu beharreko jarduerak bukatutakoan ordainduko da, justifikatze dokumentazioa aurkeztu eta gero, eta honako hauek xedatutakoaren arabera gardentasun obligazioak beteta: ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legea, Gardentasunari eta gobernu irekiari buruzkoa; maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa, eta irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretua, gardentasun betebeharrak arautzen dituena.
13.2. Dirulaguntzaren xede diren jarduketak egin ondoren, onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute 2019ko azaroaren 15a baino lehen, dirulaguntzaren fitxa telematikoaren bidez:
–Dirulaguntzaren xede den jardueraren memoria, horretarako diseinatutako ereduaren araberakoa. Eredu hori dirulaguntzaren fitxan lortzen ahal da, helbide hauetan: www.navarra.es eta http://www.navarra.es/home_es/Temas/Igualdad+de+genero/Politicas+de+igualdad. Memoria horretan, egindako Berdintasun Plana ere jasoko da.
Memoriarekin batera, egindako ekintzen egiaztagiriak aurkeztuko dira, bai eta haiek gauzatu edo zabaltzearen ondoriozko produktuak ere.
–Diruz lagundutako proiektuaren gastu osoaren justifikazioa, faseen arabera xehakatua. Horretarako, fakturak eta ordainketa benetan egin dela frogatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira.
Enpresak edo irabazi-asmorik gabeko erakundeak proiektu osoa edo zati bat barnean eginez gero, proiektua egiten ari den pertsonaren nominak aurkeztea, eta enpresak edo erakundeak izendatutako pertsonak egindako lana justifikatzea. Hor zehaztuko da zein den egiazko dedikazioa, egindako jarduerak eta horretan emandako lanaldiaren portzentajea ere adierazita.
Egindako gastutzat joko da, oro har, justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena. Aurrekoa gorabehera, ez da eskatuko frogagiriak aurkezteko data baino lehen ordaindu ezin diren finantza eta zerga gastuak benetan ordainduta izatea, horretarako arrazoia likidatzeko borondatezko aldia irekita ez egotea denean.
–Dokumentu bidezko froga bat, erakusteko bete dela Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz lagundutako proiektuan daukaten parte hartzearen berri emateko betebeharra, egiten den publizitatean eta zabalkundean eta diruz lagundutako proiektuari buruzko dokumentazio guztian Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta honako testu hau txertatuz: “Nafarroako Berdintasunerako Institutuak lagundu du diruz”.
–Enpresak edo irabazi-asmorik gabeko erakundeak aurkeztutako proiekturako bestelako laguntzarik edo dirulaguntzarik eskatu eta/edo jaso ote duen adierazten duen berariazko aitorpena. Hala bada, jasotako zenbatekoak eta nondik jaso dituen zehatz-mehatz adieraziko da, 14. oinarria bete ahal izateko.
–Enpresak azken hiru zerga-ekitaldietan jaso dituen de minimis laguntzei buruzko adierazpena, 14. oinarria bete ahal izateko.
–Agiri bat, sexu-jazarpenaren eta sexuak eragindako jazarpenaren prebentziorako enpresak edo irabazi-asmorik gabeko erakundeak ezartzen dituen jarduketa edo protokolo neurriak jasotzen dituena, bai eta gertatzen den edozein kasutan bete beharreko jarduketak ere.
13.3. Diruz lagundutako jardueraren behin betiko kostu osoa dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartu zena baino txikiagoa bada, edo gastuaren frogagirien bidez justifikatutako zenbatekoa emandako dirulaguntzaren arabera justifikatu beharreko zenbatekoa baino txikiagoa bada, murrizketa proportzionala ezarriko zaio dirulaguntzaren zenbatekoari, hura ematean aplikatutako portzentajeak mantenduz, baldin eta diruz lagundutako proiektua bete dela frogatzen bada.
14. oinarria. Bateragarritasuna.
Deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradunek beste administrazio, enpresa eta erakunde publiko edo pribatu batzuen dirulaguntzak, laguntzak edo diru-sarrerak jasotzen ahalko dituzte, helburu edo xede bererako, haiek proiektu bakoitzaren inbertsio edo gastuaren %100 gainditzen ez badute.
15. oinarria. Onuradunen betebeharrak.
Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen dutenek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain:
a) Diruz lagundutako proiektua gauzatzea, eta deialdiaren helburua aurreikusitako epeetan betetzea.
b) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari dirulaguntzaren xede den proiektua dela-eta sortzen den edozein gorabeheraren berri ematea eta aurkeztutako proiektuaren kudeaketa nahiz garapena aldatzeko baimena eskatzea.
c) Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emandako dirulaguntzen gainean egiten dituen egiaztapen eta kontrol tekniko eta ekonomikorako lanak onartzea.
d) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskatu edo lortzen diren bestelako laguntzak, dirulaguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak.
e) Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak behar bezala erabiltzen direla bermatzeko asmoz, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak edukitzea, onuradunari aplikatu behar zaion araudian agindutako moduan.
f) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.
g) Diruz lagundutako proiektuen edozein argitalpen, publizitate edo hedapenek eta diruz lagundutako proiektuarekin lotuta sortutako edozein dokumentaziok adierazi beharko dute Nafarroako Gobernuko finantzazioa eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntza jaso dutela.
Horretarako, diruz lagundutako proiektuaren edozein dokumentutan, iragarkitan edo publizitatetan, Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko da, eta honako hau deskribatzen duen testu bat ezarri: “Diruz lagundua”, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofizialarekin batera.
Logotipoa jartzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren web orrian kontsultatzen ahal dira (https://www.navarra.es/home_es/Gobierno+de+Navarra/Simbolo+oficial), eta/edo Argitalpen Zerbitzuan.
Proiektuari dirulaguntza eman aurretik hari buruz egindako dokumentuetan, publizitatean eta hedapenean ez da nahitaezkoa izanen logotipoa jartzea argitaratutako material inprimatuan (eskuorriak, kartelak). Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein hedabidetan, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena egiten denetik aurrera aldatuko da, eta Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartuko, aurreko paragrafoan aipatutako baldintzei jarraituz.
h) Plantillari jakinaraztea lan proposamena, fase bakoitzaren emaitzak, egindako berdintasunerako plana, bai eta enpresan edo irabazi-asmorik gabeko erakundean hura garatzeko urteko proiektuak eta ekintzak ere. Azken memoria aurkeztean, horretarako erabilitako euskarrien kopia gehituko da.
i) Gardentasunaren adierazpena behar bezala beteta aurkeztea, dirulaguntza emateari buruzko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, informazio guztia behar bezala emanez, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz (dekretu horrek arautzen ditu Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak). Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko onetsitako dirulaguntza.
j) Nafarroako Berdintasunerako Institutuak antolatutako jardunaldian parte hartzea, proiektuak gauzatzeko baldintzei buruzko 12. oinarrian aurreikusirik dagoen bezala.
k) Sexu-jazarpenaren eta sexuak eragindako jazarpenaren prebentziorako jarduketa neurriak edo protokolo bat izatea, bai eta gertatzen den edozein kasutan bete beharreko jarduketak ere.
16. oinarria. Dirulaguntzak itzultzea.
16.1. Onuradunak deialdi honen oinarrietan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu, dirulaguntza galduko du eta jasotako dirua itzuli beharko du, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutze-interesak ere, halakorik bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eskatzen ahal diren erantzukizunak.
16.2. Diruaren itzulpena eskatzeko prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6 artikuluan xedaturikoari jarraituz arautuko da, eta irekitzen denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.
17. oinarria. Arau-hausteak eta zehapenak.
Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.
18. oinarria. ‘’De minimis” laguntzak.
Deialdi honetako dirulaguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan (2013ko 352 EBAO, abenduaren 24koa) xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.
Erregelamendu horrekin bat, enpresa edo erakunde bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako “de minimis” laguntza guztien batura ezin da izan 200.000 eurotik gorakoa. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa edo entitate bakarraren definizioa.
Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga-ekitaldian eta aurreko bi zerga-ekitaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak aitortu beharko dituzte eskabide-orrian.
19. oinarria. Errekurtsoak.
Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluari eta hurrengoei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluari jarraikiz.
20. oinarria. Arau osagarriak.
Oinarriotan ezarri gabeko orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoa den gainerako araudian xedatutakoak aginduko du.
I. ERANSKINA
Balorazio irizpideak
a) Proposamenaren kalitatea (64 puntu bitarte).
–Egindako proposamenaren kalitatea eta bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa, IGE prozeduran aurreikusitako baldintzak eta metodologia oinarritzat hartuta (45 puntu bitarte):
- Proiektuaren helburu orokorra zehazten du/ Berariazko helburuak zehazten ditu, 12 puntu bitarte.
- Ekintzak deskribatzen ditu berariazko helburuei lotuta, 12 puntu bitarte.
- Proiektuaren garapen kronologikoa, 7 puntu bitarte.
- Ekintzak gauzatzeko dauden giza baliabideak eta baliabide teknikoak, 7 puntu bitarte.
- Aurrekontua proiektuari egokitzea, 7 puntu bitarte.
–Proposamena enpresaren edo irabazi-asmorik gabeko erakundearen kudeaketa planetan eta/edo kalitatea kudeatzeko prozeduretan nola txertatzen den azaltzea (16 puntu bitarte).
- Prozesuen kudeaketan txertatzen da, 6 puntu bitarte.
- Giza baliabideen kudeaketan txertatzen da, 6 puntu bitarte.
- Ingurunearekiko erlazioan txertatzen da, 4 puntu bitarte.
–Enpresak edo irabazi-asmorik gabeko erakundeak berdintasun gaietarako urtean duen aurrekontua, proiekturako esleitutakoa alde batera utzita (3 puntu bitarte).
b) Enpresa edo irabazi-asmorik gabeko erakunde eskatzaileak berdintasunarekin duen konpromisoa (12 puntu bitarte).
–Enpresak edo erakundeak gai honetan duen ibilbidea: erakundeak lehenago berdintasun gaietan egindako ekintzak edo hartutako neurriak (6 puntu bitarte)
–Entitateko zuzendaritza-organoetan emakumezkoak egotea (6 puntu bitarte)
c) Proiektuaren jarraipena eta eragina (19 puntu bitarte).
–Prozesuaren adierazleak (6 puntu bitarte).
–Emaitzaren adierazleak (6 puntu bitarte).
–Eraginaren adierazleak (7 puntu bitarte).
d) Genero, etnia, arraza, desgaitasuna, etab. direla-eta diskriminazio anizkoitza pairatzen duten emakumeen premia berariazkoak kontuan hartzea proiektuan zehar (5 puntu bitarte).
Iragarkiaren kodea: F1902889
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
