Iragarkia
55. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 21a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
MIRANDA ARGA
Zerga kontrolerako 2019tik 2021era bitarteko plana
Miranda Argako Udalak, 2019ko urtarrilaren 30ean egin osoko bilkuran, Zerga kontrolerako plana onetsi zuen 2019tik 2021era bitarteko ekitaldietarako, Nafarroako Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorrean eta 152/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Foru Komunitateko Zerga Ikuskapenaren Erregelamenduan zehaztutako norainokoa eta edukia izanik.
Nafarroako Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 137. artikuluan xedatuari jarraikiz, argitara ematen da aipatutako planaren testu osoa, behar diren ondorioak izan ditzan.
Miranda Argan, 2019ko urtarrilaren 30ean.–Alkate udalburua, Jesús Luis Andión Ripa.
MIRANDA ARGAKO UDALEKO ZERGA KONTROLERAKO UDAL PLANA, 2019TIK 2021ERA BITARTEKO EKITALDIETARAKO
Sarrera
Lehenbizikoa.
Miranda Argako Udaleko zergak kudeatzeko eta ikuskatzeko zerbitzuentzat beharrezkoa da zerga kontrolerako udal plana egitea, 2019tik 2021era bitarteko ekitaldietarako.
Zerga kontrolerako udal plana funtsezko tresna da udal administrazioak urtero egin behar dituen egiaztapen eta ikerketa jarduketak planifikatzeko. Planak zehazten ditu zenbat eta nolakoak izanen diren kontrol jarduketak, indarraldiko ekitaldietan ezarritako helburuak lortzea ahalbidetuko dutenak.
Bigarrena.
Zerga Kontrolerako Udal Planak, funtsean, bi helburu nagusi izan behar ditu. Batetik, zerga justizia bermatzea Konstituzioak agintzen duen bezala, 31.1 artikuluak hauxe baitio hitzez hitz: “Guztiek gastu publikoei aurre egiten lagunduko dute, bakoitzak bere ekonomia-ahalbidearen arabera; horretarako, zerga-sistema zuzena ezarriko da, berdintasun- eta progresibitate-printzipioetan oinarriturik; sistema hori ez da inoiz konfiskagarri izanen”. Eta bestetik, Konstituzioaren 142. artikuluan azaltzen den helburua, toki entitateen nahikotasun ekonomikoaren printzipioan oinarritua: “Kasuan kasuko erakundeei legearen arabera dagozkien eginkizunak betetzeko, toki ogasunek behar besteko baliabideak izanen dituzte; eta horien hornidura nagusiak izanen dira udal zergak, eta Estatuko eta autonomia erkidegoetako diru-sarreretan parte hartzea.” Hortaz, modu koordinatuan planifikatu behar da zerga betebeharrak kontrolatzeko eta balioak egiaztatzeko eginkizunak betetzen dituzten udal organoen jarduna, eta Ikuskapenaren ahaleginak bideratu behar dira zerga-iruzurrak atzeman eta eraginkortasunez erregularizatzera.
Hirugarrena.
Udal zerga guztietan iruzurrak atzematea izanen da Planaren helburua, baina arreta bereziz zainduko dira Ekonomia-jardueren gaineko zerga, Hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zerga, Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga eta Jabari publikoaren erabilera pribatiboaren tasa. Nolanahi ere, kontua ez da hemen zehatz-mehatz azaltzea zerga kontrolerako planaren indarraldian egin beharreko jarduketak. Aitzitik, zerga kontrolerako plan horretan, aurreikusten diren jarduketa ildo nagusiak dira aipagai, baita udal zergak kudeatu eta ikuskatzeko ekintza nagusiak zein arlotan finkatuko diren ere, deusetan ukatu gabe ekonomia-jardueren gaineko zergaren arloan Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak eskuordetzen ahal dituen eskumenak. Araudi aplikagarriak, udalerriaren errealitate fiskalak eta udalerriak erabilgarri dituen baliabideek zehaztuko dute jarduera horiek zein diren.
Kudeaketa eta ikuskapen prozeduraren bitartez, hitz batean, zergapekoek Tokiko Ogasun Publikoarekiko betebeharrak ongi betetzen dituzten aztertu eta ikertuko da.
Jarduketen norainokoa partziala edo orokorra izaten ahalko da. Jarduketa orokorrak eginen dira zergapekoaren zerga egoera bere osotasunean egiaztatzeko, Toki Ogasunaren edozein baliabideri dagokionez; eta jarduketa partzialak, berriz, zerga bakar bat edo zergetako batzuk aztertzeko.
Kudeaketa arloan, zerga kudeaketaren arloan honelako lanak eginen dira: egiaztapen eta ikerketa arlokoak; egiaztapen mugatuko prozedurak; edo balioak kontraesanezko peritu-tasazio prozesuen bidez egiaztatzeko prozedurak, hori egitea bidezko bada.
Zergak kudeatu eta ikuskatzeko udal zerbitzuek, beren jarduketetan, egiaztatuko dute zehatzak eta egiazkoak diren adierazitako egitateak eta inguruabarrak zergapekoen tributu bakoitzerako eskatzen diren aitorpenetan nahiz jakinarazpenetan. Halaber, ikertuko dute ba ote den egitatezko elementuren bat edota zerga arloan garrantzitsua izan daitekeen beste aurrekariren bat, administrazioak osoki edo hein batean ezagutzen ez duena. Azkenik, aztertuko dute zergapekoek egindako zerga likidazioko eragiketak zehatzak ote diren eta, era berean, ezarriko dute haien zerga egoeran bidezko iruditzen zaion erregularizazioa.
Informazioa lortzeko jarduketak eginen dira, pertsona edo erakunde baten esku dauden datu edo aurrekariak ezagutzeko, baldin eta informazio hori zerga arloan garrantzitsua bada beste pertsona edo erakunde batzuei dagokienez, baina Zerga Administrazioari aitorpen bidez jakinarazi beharrekoa ez bada.
Administrazioko beste organo batzuen eskumenak deusetan ukatu gabe, argibide eta aholkuak emanen dira, hala eskatuz gero, ekonomia eta finantza gaiez, gai juridikoez edo gai teknikoez.
Aplikatu beharreko legeria
Udaleko zergak kudeatu eta ikuskatzeko zerbitzuei dagokie subjektu pasiboen eta gainerako zergapekoen zerga egoera aztertzeko eginkizuna, Udalarekiko zerga betebeharrak eta eginbeharrak zehazki betetzen dituzten jakiteko eta, hala balegokio, beharrezko erregularizazioa egiteko.
Udaleko Zerga Ikuskapenak egin beharreko jardueren norainokoa eta edukia honako legeetan daude zehaztuta: Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorra eta ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Foru Komunitateko Zerga Ikuskapenaren Erregelamendua.
Organo eskudunak onetsitako zerga kontroleko planetara egokituko dira Udaleko zergak kudeatzeko eta ikuskatzeko eginkizunak.
Zerga kontrolerako plan bakoitzean zehaztu behar dira zein irizpide hartu behar diren kontuan subjektu pasiboak hautatzeko eta bertan sartzeko.
Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen dira Zerga kontrolerako planaren gaineko irizpide orokorrak, gisa horretara betetzen baita Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 137. artikuluan ezarritako betebeharra, eta Nafarroako Foru Komunitateko Zerga Ikuskapenari buruzko Erregelamendua onesten duen ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren 10.4 artikuluan ezarritakoa.
Zerga ikuskapenerako planaren funtsa eta indarraldia
Espainiako Konstituzioak, 31. artikuluan, inplizituki babesten du Zerga kontrolerako plana beharrezkoa dela Konstituzioaren beraren agindua gauzatu ahal izateko: “Guztiek gastu publikoei aurre egiten lagunduko dute, bakoitzak bere ekonomia-ahalbidearen arabera”.
Zerga arloko ez-betetzeak kontrolatu eta iruzurrari kontra egitea, horra hor tributuen udal administrazioaren oinarrizko jarduketa lerroetako bat, ezarri dioten eginkizuna betetzeko, alegia, zerga-sistema eraginkortasunez aplikatzeko bere eskumeneko lurraldean.
Funtsezko xedea da egiaztapen eta ikerketa jarduera sustatu eta areagotzea, tributua orokortze aldera eta, horrenbestez, zergen kudeaketa eraginkorrago bihurtzea. Horrela, herritarrek zerga kontuetan beren arteko justizia eta berdintasuna bermatuak izanen dituzte, eta likidatu eta biltzen diren eskubideak ahal den neurrian gehituko dira.
Plana indarrean egonen da 2019tik 2021era bitarte, biak barne.
Isilpekotasuna: kudeaketa eta ikuskapen jarduketak garatu behar dituzten planak isilpekoak dira, eta ez dira aditzera emanen.
Zerga kontrolerako plana baimen orokor bat da, zergapekoen gaineko egiaztapen eta ikerketa jarduketei edota informazioa lortzekoei ekin ahal izateko epe jakin batean. Zergapekoak aukeratzeko erabiliko diren irizpideak biltzen ditu, sektorearen eta lurraldearen araberakoak, kuantitatiboak nahiz konparatiboak, baita horien iraupena ere.
Jarduketak baimentzeari nahiz antolatzeari begira, zerga kontrolerako planetan ahalik eta hobekien kudeatzen dira zerga ikuskapenak dituen material eta giza baliabide mugatuak, zergen karga behar bezala banatuko dela bermatzeko. Baliabide mugatu horiekin egiten diren jarduketak ere mugatuak izanen dira ezinbestez. Hori dela eta, ikuskatuko diren zerga-egitateak hautatu beharra dago. Ikuskapenerako planak, beraz, lana arrazionalizatzen du, ahaleginak ekonomiaren sektore edo eremu jakinetara bideratuz.
Ikertu beharreko zergadunak hautatu ondoren, ikuskatzaileek edo kudeatzaileek, zerga kudeaketa eta ikuskapeneko gainerako langileek bezalaxe, beren eginbeharra bete beharko dute, eta epe jakin batean espedienteak instruitzeko lan-kargak finkatuko dira. Lana ezin da orduka edo emaitzen arabera neurtu, baina espedienteetan jasota gelditzen da.
Plan hau egitean alderdi hauek landu behar izan dira:
–Ausazko alderdia:
Iruzurra eragotziko da, baldin eta egiaztapenetako batzuk itxuraz nabarmenak ez diren zergadunei egiten bazaizkie.
–Barne alderdi diskriminatzailea:
Zergadunen aitorpenek, datuak erkatzean, iruzurra egin dela susmatzeko moduko aldeak agertzen dituztenean.
–Sektorekako adierazle ekonomikoen alderdia:
Azterketa sektorialetan oinarrituta, sektore bakoitzeko ohiko ratioak ezartzen dira, eta desbideratzeak zerga iruzurraren seinale izan litezke.
–Zerbait oker dagoela erakusten duten datuak direneko alderdia:
Kasu honetan, gauza jakina da jardueran ari direla, baina ez hargatik zerga aitorpenik aurkezten.
Zerga kontrolerako plana betetzeko behar diren baliabideak
–Baliabide materialak:
Behar den laguntza teknikoa emanen dute udal alor hauek: Hirigintza, eta Ogasuna eta Ondarea.
Funtzionarioei zerga kudeaketako datu-baseak erabiltzen utziko zaie, behar-beharrezkoa baitute zergapekoen egoera aitortua ezagutzea, bai ikuskapena hasi aurretik zergapekoa tributuen aldetik nolako egoeran dagoen jakiteko, bai zergapekoaren tributu-egoera erregularizatzeko orduan, bidezkoa balitz. Izan ere, ikuskatzaileen erregularizazio-proposamenetan kontuan hartu beharko da zergapekoak zer aitortu duen.
Funtzionarioen eskura jarriko dira katastroko informazioa, jarduera kaltegarrien espedienteak, jarduerak irekitzeko eta obrak egiteko lizentzien espedienteak eta, halaber, jarduerei buruzko askotariko datuak, besteak beste, zenbait lehiaketatan aurkeztu izanaren ingurukoak.
Halaber, eskuragai jarriko dira, besteak beste, obra handiak eta txikiak egiteko lizentzien espedienteak, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga, eta ondasun higiezinen gaineko zergarako izena ematen dutenen kontrola; horrelako informazioak funtsezkoak dira ekonomia-jardueren gaineko zerga ordaindu behar duten zenbait jarduera kontrolatzeko, batez ere higiezinen eraikuntza eta sustapena, sektore horiek garrantzi ekonomiko handia baitute Udalaren diru-kutxetarako.
Baliabide guztiak emanen zaizkie udalerrian barrena mugitzeko. Halaber, beren xedeak betetzeko behar dituzten bitarteko guztiak izanen dituzte.
Alkate udalburuak txartela edo lanerako beste identifikazio-agiriren bat emanen die ikuskatzaileei.
–Giza baliabideak:
Administrazioko funtzionarioek eta gainerako langileek eginen dituzte kudeaketa eta ikuskapen jarduketak. Funtzionario eta langile horiek zerga kudeaketa eta ikuskapenaren arloko eginkizunak dituzten organoetako lanpostuetan ariko dira. Era berean, funtzionario ez diren langileei ematen ahalko zaie prestakizunak egiteko eta zerga arloan garrantzia duten egitate edo inguruabarrak egiaztatu edo frogatzeko jarduketen ardura, administrazioaren zerbitzuan ari badira.
–Ikuskapena:
Ezarri da Ikuskapeneko buruaren kargua beteko duela Miranda Argako Udaleko alkate Jesús Luis Andión Ripak, edo legez ordezkatzen duenak; Ikuskatzaile aktuarioarena, berriz, Miranda Argako Udaleko kontu-hartzaile Sheila Arigita Bermejok, edo legez ordezkatzen duenak.
Udal langileen lankidetza eta laguntza jasotzen ahal da ikuskapen lanetan aritzeko.
Kudeaketa arloan, egiaztapen eta ikerketa egintzetarako arduraduna Sheila Arigita Bermejo ikuskatzaile aktuarioa izanen da.
Alkateak edo hura ordezkatzen duenak errekurtsoen ebazpenen gaineko eskumenak izanen ditu.
Zerga kontrolerako plan hau ongi betearazteko, ezinbestekoa da Udaleko departamentuen arteko lankidetza. Berariaz aipatu behar dira Zerga Kudeaketaren Arloa eta Hirigintza Arloa.
–Prestakuntza:
Erakunde publiko edo pribatuek antolatzen dituzten zerga arloko ikastaro eta mintegietara joateko baimena eta erraztasunak emanen dira.
Helburu orokorrak
1. Egiaztatu eta ikertzeko jarduketa orokorrak. Talde honetan programa multzo hauek sartzen dira:
A. Orokorrak. Gaikakoak, sektorekakoak edo ikuskapen bulegoek proposaturikoak izan daitezke, jarduketaren eremu geografikoak dituen berezitasun ekonomikoen arabera.
B. Zergapekoen gaineko jarduketa programa, udal tributu jakin baten arloan.
2. Bestelako egiaztapen jarduketak. Talde honetan jarduketa partzialak eta laburtuak sartu dira, Kudeaketa Alorrean hasitako espedienteetan abiaburua dutenak, funtsean.
3. Jarduketa osagarriak. Argibide eta aholkuak emateko jarduketak.
Zerga Ikuskapeneko 2019tik 2021era bitarteko ekitaldietako Plan Orokorrerako sektore edo jarduera berariazkoak
–Jarduera motetan oinarritutako estrategia:
Zergak kudeatzeko eta ikuskatzeko jarduera kasu bakoitzean hautatutako sektoreetara egokituko da, deusetan ukatu gabe aktuarioen ekimena, eraginkortasun eta egokitasun irizpideei jarraituz.
–Sektore edo jarduerak:
- Salmenta eta/edo alokairurako eraikuntzak, instalazioak edo obrak sustatu dituzten enpresak.
- Merkataritzako jarduerak, 100 metro karratutik gorako lokaletan.
- Fabrikazio jarduerak.
- Merkataritza mistoko jarduerak, edo saltoki handietan integratutako jarduerak.
- Energia elektrikoa ekoitzi, garraiatu eta banatzeko jarduerak.
- Energia eta gasa merkaturatzeko jarduerak.
- Ondasun higiezinen alokairuan aritzen diren enpresak.
- Goitik beheiti eraikitzen, eraikinak konpontzen eta zaharberritzen edo igeltserotzan eta oro har eraikuntzako lan txikietan aritzen diren enpresak.
- Finantza erakundeak eta aseguru entitateak, udalerrian jendearentzako irekiak dauden bulegoak badituzte.
Higiezinen sektorean azken urteotan izan den jarduera dela-eta, beharrezkoa da jarduera horri buruzko zerga kontrola egitea, ekonomia-jardueren gaineko zergaren esparruan.
Gainera, jarduera horrek, aipatu zergarako, kuota bat du finkoa eta beste kuota bat aldakorra, metro eraikien araberakoa. Zati aldakor horretan egiten dira iruzurrik handienak. Izan ere, subjektu pasiboak aitortu behar du aldatu ote diren aitzin-aitzineko urtean besterendu diren metro karratu eraikiak edo eraikitzekoak, urbanizatuak edo urbanizatzekoak. Horretarako, aitorpena aurkeztu behar dio zerga administrazio eskudunari, urte natural bakoitzeko lehen hilabetean. Zergapekoak ez baditu besterendutako metroen aitorpen horiek aurkezten, Udalak ez du eskuratuko bere diru-sarreren zati handi bat.
Halaber, gaur egungo eraikuntza-tipologia baten ondorioz (familia bakarreko etxebizitza), horrelako eraikuntzen salmentan aritzen diren erakunde sustatzaile batzuek ez dute aitortzen lurretan higiezinak sustatzeko jarduera; alegia, metro eraikiak bai, baina ez dituzte aitortzen etxebizitza horiei lotutako lurzatietako metro karratu eraiki gabeak.
Egiaztapenak egiteko, funtsean, hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zergarako aurkeztutako aitorpenak, notarioen eta Jabetza Erregistroaren jakinarazpenak, obra proiektuak eta higiezinak lehen aldiz okupatzeko lizentziak erabiliko dira. Horrez gain, sustatzaileei errekerimenduak eginen zaizkie. Egiten ari diren obretan ikustaldiak eginen dira, eta jarraipena eginen da, eman diren hirigintzako lizentzietatik abiatuta; berehala egiaztatuko da lizentziaren titularrak izena eman duela higiezinen eraikuntzaren eta sustapenaren epigrafeetan.
Ezinbestekoa izanen da Udaleko organo eskudunaren agindupean ari diren hirigintzako ikuskapen zerbitzuekin koordinatzea, eta, beharrezkoa izan ezkero, Udaleko gainerako langileen edo polizi-indar eskudunaren laguntza jasotzea.
Ikuskatu beharreko sektoreetako bat izanen da 100 metro karratutik gorako lokaletan egiten den merkataritza jarduera, lokal horietan handizkako merkataritza jarduerak kokatu ohi direlako. Jarduera horiek kuota handiagoa dute ekonomia-jardueren gaineko zergan, eta egiaztatu egin beharko da behar bezala aitortzen dutela beren lokalaren azalera.
Fabrikazio jardueren artean, kilowatt kopuruaren araberako zerga kuota duten jarduerak jarriko dira jomugan, eta bereziki hamar kilowattetik gorakoak, jarduera horien iruzurrak bi esparrutan antzematen baitira. Alde batetik, ekonomia-jardueren gaineko zergaren esparruan egiten dira iruzurrak, kuota handieneko elementuetako bat aitortu gabe utziz eta, bestetik, establezimenduak irekitzeko lizentziaren tasaren esparruan; izan ere, jarduerak hasiera batean lizentzia jasotzeko baldintzak betetzen baditu ere, jarduerarako makinerian aldaketak egiten direnean, enpresen bilakabidean ohikoa denez, ez zaio Udalari aitortzen potentzia instalatua handitu dela eta enpresak jarduera irekitzeko lizentzia zabalagoa behar duela.
Fabrikazio jarduera horien benetako egoera jakiteko, proiektu tekniko ikus-onetsi eta egiaztatuak erabiliko dira, Industriako espedienteetan egoten direnak, irekitzeko lizentzia eskaeren ondorioz.
Ekonomia-jardueren gaineko zerga kontrolatzea garrantzitsua da. Izan ere, zerga horretan edozein erregulazio egiten denean, unean uneko diru-sarrerak ez ezik, etorkizuneko ekitaldi ekonomikoetarako diru-sarrera arruntak ere handitzen dira. Horiek horrela, hautatutako sektoreak gorabehera eta aktuarioen ekimena deusetan ukatu gabe, zergapekoen gaineko egiaztapena egin behar da udalerri osoan.
–Lurraldean oinarritutako estrategia:
Udalerriko kale, sektore edo esparru hauetan egiaztatuko da jarduerak irekitzeko lizentziaren tasa:
- Industria sektoreak.
- Sektore sakabanatuetan kokatutako jarduerak.
Bistan da estrategia horren arrazoia: eremu horietan daude kokatuta udalerriko industria- eta merkataritza-jarduera gehienak.
Irekitzeko lizentziarik edo jarduera-lizentziarik ez duten jarduerak atzeman beharra dago, industria eta merkataritza establezimenduek segurtasun, osasun eta osasungarritasun baldintzak eta eskatzen diren beste baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatzeko eta haien zerga egoera erregularizatzeko edo, hala behar denean, departamentu eskudunak jarduera itxiarazteko.
–Zerga-oinarrian oinarritutako estrategia:
Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga eta hirigintzako lizentziaren tasa egiaztatuko zaizkie tributu horien zerga-egitateak egiten dituzten zergapekoei, baldin eta egintza horiek obra handitzat kalifikaturik badaude hirigintza-lizentzien eta jardueretarako lizentzien tramitazioari buruz indarra duen ordenantzan edo haren ordezkoan.
Zerga Ikuskapenak dituen langileria eta baliabide urriak ahalik eta hobekien kudeatu nahi dira, emaitza egokiak bermatzeko. Baliabide mugatu horiekin egiten diren jarduketak ere mugatuak izanen dira ezinbestez. Inguruabar horiek behartzen dute ikuskatuko diren zerga-egitateak aukeratzera. Lana arrazionalizatu nahi da, ahalegina ekonomiaren sektore edo eremu jakinetara bideratuz, hain zuzen ere, hirigintza gehien garatzen den udalerriko eremuetara. Halaber, Zerga Ikuskapenaren ahaleginen xede izanen dira arau-hausteak, zeintzuk eta maiztasunarengatik edo muntarengatik zenbateko jakin bat gainditzen dutenak; honela, eraginkortasun eta ekonomia irizpideen arabera jardungo da.
Iragarkiaren kodea: L1902252
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
