55. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

11E/2019 FORU AGINDUA, otsailaren 19koa, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntzen deialdi bat, Nafarroako toki entitateentzat, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak eta “Eginkizunak bateratzeko tokiko itunak” programa garatzearren. DDBN identifikazioa: 440511.

Nafarroan genero berdintasuna lortzea du helburu Nafarroako Berdintasunerako Institutuak, horretarako bide ematen duten baldintzak sustatuz eta genero desberdintasuneko eta bazterkeriako modu guztiak Nafarroan deuseztatzen lagunduz. Horretarako, irailaren 30eko 240/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsita dituen estatutuen arabera, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako politikak koordinatzeko eta kudeatzeko eskumena dagokio Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, eta bere helburuetako bat da Nafarroako Administrazio Publikoei laguntza ematea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde lan egiteko.

Tokiko esparrua da herritarrengandik eta sare ekonomiko eta sozialetik hurbilen dagoena, eta, hortaz, esparru egokienetako bat da emakumeen eta gizonen aukera berdintasuna integratzeko. Horregatik, inportantea da Nafarroako toki entitateek emakumeen eta gizonen aukera berdintasunarekin duten konpromisoa bultzatzea, eta tokiko garapena lehentasunezkotzat jotzea hura lortzeko. Lehentasun horren barnean honako hau biltzen da: udalek, garrantzia duten gizarte eragileekin adosturik, erantzunkidetasunaren aldeko neurriak garatzeko konpromisoa sustatu eta laguntzea.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bidez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa lortzeko lehentasuntzat jotzen du genero berdintasunerako politikak sustatzea tokiko esparruan, toki entitateekin batera lan egituratu, sistematiko eta koordinatua eginez, lurralde bakoitzean sortzen diren beharrei eta berezitasunei erantzuna emateko.

Toki entitateetako errealitate desberdinen premia eta berezitasun horiei erantzuteko, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak dirulaguntzen deialdi hau planteatzen du gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak gauzatzen dituzten toki entitateentzat. Foru agindu honetan lau laguntza modalitate desberdin aurreikusten dira, eta beharkizun eta diru kopuru desberdinak ezartzen dira, alde batetik, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzen duten proiektuak egiteko berdintasuneko agentea duten toki entitateentzat, eta bestetik, figura profesional hori gabe, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak garatzen dituzten toki entitateentzat. Deialdi honen xede da, orobat, toki entitateetan Eginkizunak bateratzeko tokiko itunak izeneko programa garatzea.

Institutua udalen berdintasun arloak planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidearen eredua bultzatzen ari da esku-hartzea errazagoa, sistematikoa eta koherentea izan dadin. Eredu horretan, esku hartzeko esparru bat ezartzen da toki entitateen arteko lankidetza eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekiko koordinazioa ahalbidetzeko. Ibilbide horrek inbertsio arlo hauek ezartzen ditu: Toki gobernamendua eta genero-zeharkakotasuna; Emakumeen aurkako indarkeria; Zaintza, erantzunkidetasuna eta eginkizunak bateratzea; eta Emakumeen ahalduntzea, parte-hartze soziopolitikoa eta balioen aldaketa.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz.

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntzen deialdi bat onestea, Nafarroako toki entitateentzat, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak eta “Eginkizunak bateratzeko tokiko itunak” programa garatzearren.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, foru agindu honen eranskinean jaso direnak.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B40001-B4100-4609-232200: (E) Toki entitateentzako transferentziak, berdintasun-politikak sustatzeko

2019

385.000

Salbuespen gisa, deialdi honetarako zenbatekoa handitzen ahalko da, guztira 100.000 euro izan arte, kontuan hartuta zenbat eskaera aurkezten diren; horretarako, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak foru agindu bat emanen du, beste deialdi bat egin gabe, betiere Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluan ezarritakoa betez.

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-baseari jakinaraztea.

5. Foru agindu honen eta bere oinarrien aurka, zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2019ko otsailaren 19an.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko araubide bat ezartzea, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak gauzatzeko.

Deialdi honen xedea da, orobat, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko araubide bat ezartzea, Nafarroako toki entitateak eginkizunak bateratzeko tokiko itunen programan sartzeko eta/edo “Eginkizunak bateratzeko tokiko itunak” izeneko programako proiektuak garatzeko.

2. oinarria. Entitate onuradunak eta dirulaguntzaren modalitateak.

2.1. Deialdira aurkezten ahalko dira Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen arabera izaera hori aitortua duten Nafarroako toki entitateak, baldin oinarri hauetan ezarritako beharkizunak betetzen badituzte.

2.2. Dirulaguntza modalitate hauek daude:

a) 1. modalitatea: berdintasuneko agentea kontratatuta edo plantillan izanik ere, kontratazio hori dela-eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntzarik jasotzen ez duten Nafarroako toki entitateek garatzen dituzten proiektuak.

b) 2. modalitatea: berdintasuneko agentea kontratatuta edo plantillan izanik, kontratazio hori dela-eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntza jasotzen duten Nafarroako toki entitateek garatzen dituzten proiektuak.

c) 3. modalitatea: berdintasuneko agenterik kontratatuta edo plantillan ez duten Nafarroako toki entitateek garatzen dituzten proiektuak.

d) 4. modalitatea: gaur egun, eginkizunak bateratzeko tokiko itun bat sinatua duten Nafarroako toki entitateek gauzatzen dituzten proiektuak, edo, horrelako itunik ez badute, eginkizunak bateratzeko tokiko ituna 2019ko urriaren 31 baino lehen abian jartzeko konpromisoa hartzen duten toki entitateenak.

3. oinarria. Betebeharrak.

3.1. Nafarroako toki entitateek betebehar hauek bete beharko dituzte eskaera aurkezteko unean, eta haiek betetzen jarraitu beharko dute jarduera diruz laguntzen den epe osoan eta hura justifikatu arte, salbu 3.1 oinarriko b.2 jasotakoaren kasuan:

a) 1. eta 2. modalitateak:

1. B mailako berdintasuneko agente bat kontratatua edo plantillan izatea, lanaldi osorako.

Toki entitateak zerbitzua lanaldi partzialean egiten duten pertsonak kontratatuak dituenean, proiektuek ez dute dirulaguntzarik jasoko, non ez den agente nagusia lanaldiaren murrizketa eskatzen duena; izan ere, horrelakoetan, zilegi izanen da bi lagunen artean betetzea lanaldi osoa.

Betiere, lanaldia osoa dela ulertuko da, eta ez da nahitaezkoa izanen bi lagunek betetzea, baldin lanaldia zortziren bat, seiren bat edo laurden bat murrizten bada, apirilaren 4ko 27/2011 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera (haren bidez arautu zen Nafarroako Administrazio Publikoetako langile funtzionarioen lanaldiaren murrizketa) edo horri dagokionez aplikatzekoa den beste edozein arauditan xedatutakoaren arabera.

Orobat, toki entitateek akordioak egiten ahalko dituzte beste toki entitate batzuekin lanaldi osoko berdintasuneko agentea izateari buruzko betebeharra betetzearren. Kasu horretan, diruz laguntzeko proiektu bakar bat beharko dute aurkeztu, eta bi entitateen artean garatu.

2. 2019rako partida edo aurrekontu esleipena edukitzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko ekintza eta proiektuak finantzatzeko.

3. Aukera berdintasunerako plan bat edo gizon eta emakumeen arteko berdintasunerako plan estrategikoa edo lanerako urteko plana izatea, udalen berdintasun arloetako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidearen araberakoa.

4. Entitate eskatzailearen organo eskudunaren baimena, berdintasuneko agenteak parte har dezan Nafarroako Berdintasunerako Institutuak genero berdintasunaren arloan 2019. urtean antolatzen duen etengabeko prestakuntzaren programan, horrelakorik antolatzen bada.

b) 3. modalitatea:

1. 2019rako partida edo aurrekontu esleipena edukitzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko ekintza eta proiektuetara bideratua.

2. Eskaera egiten den unean, ez izatea B mailako berdintasuneko agenterik kontratatua edo plantillan.

c) 4. modalitatea:

Eginkizunak bateratzeko tokiko itun bat sinatua izatea, edo bestela, konpromisoa hartzea toki entitate horretan 2019ko urriaren 31 baino lehen abian jarriko dela eginkizunak bateratzeko tokiko itun bat.

4 oinarria. Exekuzio epea eta proiektu diruz lagungarriak.

4.1. Dirulaguntzen xede diren proiektuak 2018ko azaroaren 1etik 2019ko urriaren 31 bitartean gauzatu beharko dira.

4.2. Toki entitateek proiektu bakarra aurkezten ahalko dute 1., 2. eta 3. modalitateetarako, eta, horrez gainera, denek beste proiektu bat aurkezten ahalko dute 4. modalitaterako, betiere eginkizunak bateratzeko tokiko itun bat baldin badute edo konpromisoa hartzen badute 2019ko urriaren 31 baino lehen abian jarriko dutela eginkizunak bateratzeko tokiko itun bat beren toki entitatean, deusetan galarazi gabe 5.5 oinarrian xedatutakoa.

4.3. Deialdian adierazitako modalitate bakoitzean, proiektu hauek jaso dezakete dirulaguntza:

1. eta 2. modalitateak: emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzen duten proiektuak, berdintasuneko agentea duten toki entitateetan.

Proiektuak deialdi honen xedearen arabera (1. oinarrian adierazia) diseinatuta aurkeztuko dira, bai eta “Udalen berdintasun arloetako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidean” adierazitako esku-hartze arlo hauen arabera ere:

a) Toki gobernamendua eta zeharkakotasuna.

b) Emakumeen kontrako indarkeria.

c) Zaintza, erantzunkidetasuna eta eginkizunak bateratzea.

d) Emakumeen ahalduntzea, parte-hartze soziopolitikoa eta balioen aldaketa.

Dirulaguntzaren xede izanen dira honelako ekintzak dituzten proiektuak:

–Baldintzak sortzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa eta generoaren ikuspegia Administrazioan eta haren politika publikoetan zeharka integratzeko.

–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko prestakuntza (jardunaldiak, mintegiak, hitzaldiak, eta abar).

–Sentsibilizazioa (kanpainak, generoaren ikuspegia lantzen duten materialak prestatu eta zabaltzea).

–Emakumeen ahalduntzea eta parte-hartzea sustatzeko jarduerak.

–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean aurrera egiteko azterlanak, ikerketak, plangintzak eta ebaluazioak.

3. modalitatea: Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzen duten proiektuak, berdintasuneko agenterik ez duten toki entitateek aurkeztuak, arlo hauen gaineko ekintzak garatzen dituztenak:

a) Emakumeen ahalduntzea, parte-hartze soziopolitikoa eta balioen aldaketa.

b) Zaintza, erantzunkidetasuna eta eginkizunak bateratzea.

c) Emakumeen kontrako indarkeria.

Arlo horietako ekintzak helburu hauek lortzera bideratuko dira:

–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean prestakuntza ematea gauzatzen diren ekintzen eremuan (jardunaldiak, mintegiak, hitzaldiak, etab.).

–Sentsibilizazioa (kanpainak, generoaren ikuspegia lantzen duten materialak prestatu eta zabaltzea).

–Toki entitatean emakumeek eta gizonek berdintasunean jardun dezaten lehentasunak ezartzeko asmoz egindako ikerlanak eta diagnostikoak.

4. modalitatea: toki entitate bat eginkizunak bateratzeko tokiko itunen programan sartzea sustatzen duten proiektuak, eta/edo eginkizunak bateratzeko tokiko itunen programaren barrenean udalerrian gauzatzen diren proiektuak, “Zaintza, erantzunkidetasuna eta eginkizunak bateratzea” arloarekin zerikusia dutenak.

Proiektuen helburua izanen da eginkizunak bateratzeko tokiko itunak indartzea, edo, horrelakorik ez badago, eginkizunak bateratzeko tokiko itun bat hastea 2019ko urriaren 31 baino lehen, honako esteka honetan zehazten den metodologiari jarraikiz: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Igualdad+de+genero/Politicas+de+igualdad/Entidades/Pactoslocales.htm.

Hori helburu, honako arlo hauen gaineko proiektuak aurkezten ahalko dira:

A) IN-Pactos programaren barreneko jardunbide berritzaileak garatzea, hots:

a) Zaintzaileen ahotsa. Zainketan ageri ez diren kostuak.

b) Kontatzen ez dena ez da existitzen. Zainketak zenbakitan ematea, agerian jartzeko.

c) Zaintzen duten toki entitateak. Zainketaren etika, udalaren antolaketa politikoaren parte.

d) Zainketen balioa jostetan ikasten da.

Jardunbide horien deskripzioa eta edukia hurrengo estekan zehazten da:

https://pactoslocalesweb.wordpress.com/proyecto-in-pactos-innovar-desde-la-etica-del-cuidado-a-traves-de-la-experiencia-de-los-pactos-locales-por-la-conciliacion/

B) IN-Pactos programaren jardunbide berritzaileei loturarik izan gabe, zaintzaren, erantzunkidetasun eta eginkizunak bateratzea arloarekin lotutako ekintzak ezartzen dituzten proiektuak. Atal honen barrenean, honako hauek sar daitezke: prestakuntza ekintzak, azterlanak eta diagnostikoak egitea, sentsibilizazio jarduerak, kanpainak, tailerrak, etab.

4.4. Gastu diruz lagungarriak.

4.4.1. Modalitate guztietan, dirulaguntzak honako gastu kontzeptu hauek finantzatzeko izanen dira bakar-bakarrik (gainera, gastuak dirulaguntzaren xedeko jarduerara bideratu beharko dira zalantzarik gabe, 2018ko azaroaren 1etik 2019ko urriaren 31ra arte egin beharko dira eta zenbatekoak merkatuko balioaren araberakoak izan beharko dira):

a) Laguntza teknikoa. Atal honetan dirulaguntza jasotzeko baldintza izanen da kontratatzen diren pertsona fisiko edo juridikoek genero berdintasunaren arloan gutxienez 120 orduko prestakuntza izatea, organismo publikoek edo unibertsitate publiko zein pribatuek emana.

Pertsona edo entitate kontratatuaren erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da generoaren arloko prestakuntza.

Toki entitate onuradunak azpikontratatzen ahalko du diruz laguntzen den jarduera osoa.

4. modalitatean, toki entitateak aholkularitza teknikoa kontratatzen ahalko du itun berri bat abian jartzeko edo daukaten ituna indartzeko.

b) Hizlariek sortutako ordainsariak, bai eta hitzaldien ondoriozko joan-etorrietako eta ostatuko dietak ere.

c) Diruz laguntzen diren jardueren publizitate gastuak eta materialak argitaratzekoak.

d) Lokalen alokairuen eta ekipamenduen gastuak, edo jarduera garatzeko beharrezko material suntsikorrarenak.

e) Diruz lagundutako jarduerak egiten diren bitartean beren kabuz balia ezin daitezkeen pertsonei arreta ematearen ondoriozko gastuak (haurtzaindegia, ludoteka, adinekoak zaintzea, etab.).

f) Gastu finantzarioak eta aholkularitza juridiko edo finantzarioaren gastuak, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta hura ongi prestatu edo egiteko ezinbestekoak badira.

4.4.2. Proiektuarekin lotutako zeharkako gastuak:

Ematen den dirulaguntzaren %20 arte egozten ahalko zaie zeharkako gastuei, baldin eta zerikusia badute kudeaketa administratiboarekin edo hornidurekin (hala nola, ura, argia eta telefonoa), zentzuzko neurri batean, betiere behar bezala justifikatuta badaude eta jarduera benetan gauzatzen den epean egin badira.

4.5. Dirulaguntzarik izanen ez duten proiektuak.

Proiektu hauek deialdi honen esparrutik kanpo geldituko dira:

a) Toki entitatearen zerbitzuak sortu edo finantzatzeko asmoa duten proiektuak, konparazio batera, ludotekak, jubilotekak, atsedenguneak edo pertsonentzako zerbitzuak. Hortaz, beren buruaz ezin baliatu diren pertsonei arreta emateko bakarrik diren proiektuak bazter utziko dira, 4.4.1.e) atalean xedatutakoa salbu.

b) Diseinuan, abian jartzean eta ebaluazioan genero ikuspegia txertatzen ez duten proiektuak.

c) Nafarroako Gobernuko beste departamentuetako berariazko deialdien xede izan daitezkeen proiektuak eta jarduerak.

d) Nafarroako edo Estatuko beste deialdi edo programa batzuetan eginkizunak bateratzeko agertzen diren azpiegiturak, baliabideak edo laguntzak sortu edo mantentzea.

e) Aisiako edo jostetako jarduerak bakarrik jasotzen dituzten proiektuak, helburuen artean generoaren ikuspegia aurreikusten ez badute.

f) Ikasleekin hezkuntza ziklo guztietan egindako jarduerak ez dira diruz lagunduko, 0-3 tartea barne, edozein dela ere bere titulartasuna, baldin eta jarduera horiek ikasgelan egiten badira edo eskola-orduetan, bat etorriz Hezkidetza Planarekin, zeina Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentua ari baita gauzatzen.

g) Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren beraren programa eta jarduerak eta, oro har, zuzenean haren eskumeneko edo beste departamentu, erakunde edo entitate publiko zein pribatu batzuen eskumeneko jotzen diren jarduketak.

4.6. Diruz lagungarriak ez diren gastuak.

Gastu kontzeptu hauek deialditik kanpo geldituko dira:

a) Toki entitateek kontratatutako langileen nominak, salbu eta proiektua gauzatzen den bitartean beren buruaz ezin baliatu diren pertsonei arreta emateko une jakin batean kontratatzen direnena, 4.4.1. ataleko e) letran ezarritakoarekin bat.

Bereziki, ez da inoiz diruz lagunduko berdintasuneko agentearen kontratazioa.

b) Toki entitatearen beraren zerbitzuen funtzionamenduak sortzen dituen gastuak.

5. oinarria. Guztirako zenbatekoak eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

5.1. Hona hemen modalitate bakoitzerako aurreikusita dauden guztirako zenbatekoak:

a) 1. modalitatea: 210.000 euro.

b) 2. modalitatea: 54.000 euro

c) 3. modalitatea: 91.000 euro.

d) 4. modalitatea: 30.000 euro.

Modalitate bakoitzerako gaitutako aurrekontuko diru-izendapena agortu arte emanen dira dirulaguntzak.

Aurrekontuko partida agortzen bada dirulaguntzaren xede izateko gutxieneko puntuaziora iristen diren eskaera guztiei erantzun gabe, hainbanatu eginen da modalitate bakoitzerako zenbateko orokorra.

Modalitateetako batean deialdia hutsik geratzen bada edo aurreikusitako aurrekontua agortzen ez bada, aurrekontu nahikoa ez duten programen aurrekontua handitzeko erabiltzen ahalko da gerakina, modalitate bakoitzean aurreikusitako zenbatekoaren proportzioan.

5.2. Proiektu bakoitzeko, honako dirulaguntza hauek emanen dira, gehienez, zein den ere aurkezten den proiektuaren guztirako kostua:

a) Gehienez ere 15.000 euro, berdintasuneko agentea izanik, hura kontratatzeko Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren laguntzarik jasotzen ez duten toki entitateen eskaerentzat. (1. modalitatea).

b) Gehienez ere 6.000 euro, berdintasuneko agentea izanik, hura kontratatzeko Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren laguntza jasotzen duten toki entitateen eskaerentzat. (2. modalitatea).

c) Gehienez ere 3.000 euro, berdintasuneko agenterik ez duten toki entitateen eskaerentzat (3. modalitatea).

d) Gehienez ere 3.000 euro, eginkizunak bateratzeko tokiko ituna duten edo 2019ko urriaren 31 baino lehen horrelako itun bat abian jartzeko konpromisoa hartzen duten entitateen eskaerentzat (4. modalitatea).

5.3. 8. oinarrian zehaztutako irizpideei jarraikiz emanen da dirulaguntza hau, portzentaje hauek aplikatuta:

5.3.1. 1., 2. eta 4. modalitateen kasuan, 8. oinarriko balorazio irizpideen arabera 60 puntutik gora lortzen duten proiektuei hau emanen zaie:

a) Aurkeztutako eta onartutako aurrekontua modalitate horietan ematen den gehieneko kopurua adinakoa edo txikiagoa denean, aurkeztutako eta onartutako kopuruaren %100 jasoko dute.

b) Aurkeztutako eta onartutako aurrekontua modalitate horietan ematen den gehieneko kopurua baina handiagoa denean, modalitate bakoitzean ematen den kopuruaren %100 jasoko dute.

5.3.2. 3. modalitatean, 8. oinarriko balorazioan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan, eta puntuazio hori irizpide harturik, portzentaje hauek aplikatuko dira:

–91-100 puntu lortzen dituzten proiektuetarako onartutako gastuaren zenbatekoaren %100.

–81-90 puntu lortzen dituzten proiektuetarako onartutako gastuaren zenbatekoaren %90.

–71-80 puntu lortzen dituzten proiektuetarako onartutako gastuaren zenbatekoaren %80.

–61-70 puntu lortzen dituzten proiektuetarako onartutako gastuaren zenbatekoaren %70.

–40-60 puntu lortzen dituzten proiektuetarako onartutako gastuaren zenbatekoaren %60.

Edonola ere, 5.2 oinarrian ezarritako gehieneko mugak errespetatu egingo dira.

5.4. Berdintasuneko agente baten kontratazioa hitzartzen duten toki entitateen kasuan, 2019. urtean Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntzarik jasotzen ez badute kontratazio horretarako, elkarrekin aurkezten duten proiektuak 1. modalitatearen araberako dirulaguntza izanen du, eta zilegi izanen da hitzarmena sinatu duten entitateetan gauzatuko diren ekintza ezberdinak jasotzea proiektuan.

5.5. Berdintasuneko agente baten kontratazioa hitzartu duten toki entitateen kasuan, 2019. urtean, hitzarmen horretako entitateetako batek egindako kontratazioak baizik ez badu jasotzen Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntza, bi proiektuk izaten ahalko dute dirulaguntza; proiektu horiek 1. modalitatean eta 2. modalitatean aurkeztu beharko dira, eta bakoitzean lagunduko den gehieneko zenbatekoa hauxe izanen da: modalitate bakoitzerako ezarritako gehieneko zenbatekoaren %50.

6. oinarria. Dokumentazioa.

6.1. Dirulaguntza eskatzen duten toki entitateek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Eskaera. Eskaera-ereduan aurkeztuko da nahitaez, proiektua deskribatuta eta aurrekontua proiektuaren deskripzioaren arabera zehaztuta, garatu gogo diren jarduera guztiak xehakatuta daudela; proiektuaren aurrekontu orokorrik ez da onartuko.

Eskaera-eredua Nafarroako Gobernuaren interneteko atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan eskuratzen ahalko da (hemendik aurrera, laguntzen fitxa), baita beste helbide honetan ere: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Igualdad+de+genero/Politicas+de+igualdad/.

Elkartuta aurkezten diren toki entitateen kasuan, zein entitate aukeratzen den elkartutakoen ordezkari izateko, haren ordezkariak sinatu beharko du eskabidea. Hitzarmeneko entitate bakoitzak zer konpromiso hartu dituen bere gain adierazi beharko da eskaeran.

b) Toki entitateko idazkaritzaren ziurtagiria, 3. oinarriko baldintza guztiak betetzen dituela ziurtatzen duena

c) 1. eta 2. modalitateetarako, kontratazioa bi toki entitateren edo gehiagoren akordio baten bidez egiten bada, 2019rako hartutako akordioaren kopia.

d) 4. modalitaterako, entitateak itunik sinatu ez badu eta konpromisoa hartzen badu 2019ko urriaren 31 baino lehen itun bat abian jartzeko, toki entitateko alkateak sinatutako konpromisoa, ezarri den ereduaren araberakoa.

e) Toki entitatearen eta berdintasuneko agentearen arteko kontratuaren kopia, 2019rako indarraldia izan behar duena, hala badagokio.

f) Berdintasuneko agentea kontratatua baldin badu, entitate eskatzailearen organo eskudunaren baimena, berdintasuneko agente gisa kontratatzen den pertsonak parte har dezan Nafarroako Berdintasunerako Institutuak generoaren eta berdintasunaren arloetan 2019. urtean antolatzen duen etengabeko prestakuntzaren programan, horrelakorik antolatzen bada.

6.2. Betebehar horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar dituztenean edo datuak administrazio horren esku daudenean, ez da eskatuko dokumentazio hori aurkezteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikuluan xedatu bezala. Azken kasu horretan, agiria zein espedientetan jasotzen den zehaztu beharko da, eta hala egin dadila eskatzen ahalko da. Orobat, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan xedatutakoa hartuko da kontuan.

6.3. Aurkeztutako dokumentazioa osatugabea bada, toki entitateari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzala; halaber, ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera ezetsi eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Proiektua deskribatzeko eta haren aurrekontua zehazteko dokumentazioa ezin da zuzendu. Edonola ere, NABIk azalpenak eskatzen ahal ditu, aurkeztutako proiektua aldatzeko aukerarik gabe. Erantzuteko epea gehienez bost egun baliodunekoa izanen da.

7. oinarria. Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

Aurkeztu beharreko dirulaguntzen eskaera eta dokumentazio atxikia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztuko dira. Bestela, telematikoki ere aurkerzten ahalko dira, Nafarroako Gobernuaren Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagoen dagokion fitxaren bidez (aurrerantzean, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Eskaera hilabeteko epean aurkeztuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Dokumentazioa eskaneaturik aurkeztuko da, dokumentu bereizitan, nork bere izena behar bezala dakarrela.

Gaitutako helbide elektroniko bat (GHE) adieraziko da eskabideetan, eta horixe izanen da Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren eta toki entitate eskatzaileen arteko jakinarazpen eta komunikazio bide nagusia.

Eskatzaileak Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikorako prozeduretan harpidetuta egon beharko du. Hauxe da GHE (gaitutako helbide elektronikoa) eta jakinarazpen elektronikorako harpidetza lortzeko helbidea: http://notificaciones.060.es. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.

Eskaera aurrez aurre aurkezten bada, pertsona interesdunari eskatuko zaio zuzentzeko, baliabide elektronikoen bidez aurkeztuz. Ondorio horietarako, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna zuzenketaren eguna dela.

8. oinarria. Balorazioa eta dirulaguntza emateko prozedura.

8.1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Sustapenaren eta Kudeaketaren Zuzendariordetzari dagokio dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

8.2. Eskaerak baloratzeko, instrukzio organoak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko teknikarien edo bereziki kualifikatutako teknikarien laguntza izan dezake, eta egokiak iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake, ebazpen proposamenaren oinarri izanen den informazioa zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.

8.3. II. eranskinean aipatutako irizpideen arabera baloratuko dira eskaerak.

8.4. Proiektuari buruzko irizpideetan, guztira 60 puntu (1., 2., eta 4. modalitateak) eta 40 puntu (3. modalitatea) lortzen ez duten proiektuek ez dute dirulaguntzarik izanen.

8.5. Sustapenaren eta Kudeaketaren Zuzendariordetzak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio ebazpen proposamena. Proposamenari txosten bat gehituko zaio; bertan, entitate onuradunek dirulaguntzak jasotzeko betebehar guztiak betetzen dituztela adieraziko da, eta proiektuen balorazioa jasoko da.

9. oinarria. Ebazpena.

9.1. Dirulaguntzei buruzko ebazpena Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta 3 hilabeteko epean, gehienez ere. Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratzearen bidez, dirulaguntza honen fitxan. Hiru hilabeteko epe hori bukatuta, ebazpen espresik eman eta jakinarazi gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, behar den errekurtsoa aurkeztu ahal izateko.

9.2. Dirulaguntzak emateari buruzko ebazpenean entitate eskatzaileen zerrenda eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko dira, eta, kasua bada, zein eskaerari uko egin zaien.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak http://www.navarra.es/home_es/Temas/Igualdad+de+genero/Politicas+de+igualdad/ web-orriaren bidez jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritako baldintzetan. Orobat, legez ezarritako informazioaren berri emanen dio Dirulaguntzen Datu Base Nazionalari, publizitaterako edo/eta informaziorako.

9.3. Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, onuradunek gardentasunaren adierazpena aurkeztu beharko dute, behar bezala beteta, ekainaren 21eko Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarriarekin eta irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz (dekretu horrek arautzen ditu Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak), baita Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean xedatutakoarekin bat etorriz ere. Onuradunak gardentasunaren betebeharra bete behar ez badu, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita.

10. oinarria. Proiektuak gauzatzean gertatzen diren gorabeherak.

10.1. Proiektuak deialdian ezarritako epeetan gauzatu beharko dira, eta eskaeran eta dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako moduan. Hala ere, proiektuan aurreikusitako exekuzioa aldatzen duten inguruabarrak gertatzen direnean, aldaketa hauek egiten ahalko dira:

a) Proiektua bitartean egin beharreko jardueren aldaketak.

b) Proiektuan egin beharreko ekintzen arteko berrantolaketa ekonomikoa.

10.2. Proiektuan egin beharreko ekintzak aldatzeko, aldez aurretik baimena eskatu behar zaio organo kudeatzaileari. Interesdunak proiektuan ez dagoen beste jarduera bat, dirulaguntzaren helburua kontuan hartuta egokitzat jotzen dena, egitea proposatzen ahalko dio Nafarroako Berdintasunerako Institutuari.

Proposatzen diren aldaketak behar bezala arrazoituko dira eta jarduketa berria hasi baino lehen aurkeztuko dira. Balorazioa egiteko, oinarriotan ezarritako irizpideei jarraituko zaie, eta epe eta baldintza beretan justifikatu beharko dira.

Proposatzen den jarduera berriak baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Ordezten duen jardueraren maila tekniko berbera izatea.

b) Oinarrietan ezarritako baldintza eta forma berak betez aurkeztea.

Instrukzio organoak baloratuko du salbuespenekoak ote diren aldaketak eta horietarako ematen diren arrazoiak, haiek onartu edo ukatzeko.

Balorazioa eginda, aipatutako aldaketa berariaz baimendu edo ukatuko du Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak, eta, behar izatera, egokiak diren doikuntza ekonomikoak eginen dira.

10.3. Proiektuan onartutako jardueretako bat egin gabe utzi behar denean, ez da aldaketarako aldez aurreko baimena eskatu beharko. Hala ere, jarduera horretarako aurreikusitako zenbatekoa ezin zaio gainerako jardueren aurrekontuari erantsi. Ez da baimenik eskatu beharko, ezta ere, aldaketak jarduketetan egiten diren doiketa txikiak direnean, proiektuaren funtsari eragiten ez diotenak, eta aldez aurretik kalkulatu den aurrekontuaren desbiderapenik ez dakartenean. Edonola ere, onuradunak justifikazioan era egokian adierazi behar ditu egin diren aldaketak.

11. oinarria. Dirulaguntzen ordainketa eta justifikazioa.

11.1. Dirulaguntzaren ordainketa:

Dirulaguntza ordainduko da behin dirulaguntzaren xede den proiektua bukatu eta frogagiriak aurkeztu ondoren.

11.2. Dirulaguntzaren justifikazioa:

Entitate onuradunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte 2019ko urriaren 31n, beranduenez:

–Memoria, berariaz prestatutako ereduaren araberakoa (“Memoriaren eredua”). Eredua Interneten bidez eskuratzen ahal da, laguntzen fitxan eta web-orri honetan:

http://www.navarra.es/home_es/Temas/Igualdad+de+genero/Politicas+de+igualdad

Memoriarekin batera, egindako ekintzen egiaztagiriak aurkeztuko dira, bai eta haiek gauzatu edo zabaltzearen ondoriozko produktuak ere.

–Diruz laguntzen den proiektuaren guztirako gastuaren justifikazioa, toki entitateko Idazkaritzak emandako ziurtagiria aurkeztuta; bertan, diruz laguntzen diren jarduketak eta haien kostua aitortuko dira, eta haiek garatzean izan diren gastuak zehaztuko dira. Deialdi honen ondorioetarako, ziurtagiri horrek ordainketaren egiaztapenerako balioa izanen du.

Oro har, egindako gastutzat hartuko dira justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindutakoak, salbu eta tributuak, bestelako tributu betebehar batzuk edo Gizarte Segurantzari egin beharreko beste ordainketa batzuk, haiek likidatzeko epea irekita ez egoteagatik ordaindu ezin izan direnak.

Ziurtagiriarekin batera, honako agiri hauek aurkeztuko dira: kalkulu-orri gisa prestatutako zerrenda bat eta behar bezala luzatutako fakturen kopia, nominak, tributuak eta antzeko balioa duten gainerako agiriak, merkataritza bidean eta bide juridikoan balioa dutenak edo administrazioaren aurrean antzeko eraginkortasuna dutenak.

–Aholkularitza, laguntza edo bestelako zerbitzuak ematen dituzten enpresen zerbitzuengatik diruz laguntzen ahal den gastua 12.000 eurotik gorakoa bada, toki entitateak frogatu beharko du enpresa hautatu dela efizientziaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoarekin bat.

–Dokumentu bidezko froga bat, erakusteko bete dela Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz lagundutako proiektuan daukaten parte-hartzearen berri emateko betebeharra, egiten den publizitatean eta zabalkundean eta diruz lagundutako proiektuari buruzko dokumentazio guztian Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta honako testu hau txertatuz: “Nafarroako Berdintasunerako Institutuak lagunduta / Subvenciona Instituto Navarro para la Igualdad”.

Logotipoa erabiltzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren web-orrian kontsulta daitezke: https://www.navarra.es/home_es/Gobierno+de+Navarra/Simbolo+oficial edo haren Argitalpen Zerbitzuaren bidez.

Salbuespenez, zenbait jarduketaren ondorioz egiten diren objektuetan, beren izaera dela-eta, zaila denean logoa eta aipatu testua jartzea, ez da nahitaezkoa izanen. Hala ere, jarduketei buruzko agiri, publizitate eta zabaltzeko medio guztietan, eta objektu guztietan ezarri beharko dira: liburuxkak, kartelak, posta elektronikoak, banatzen diren prestakuntza-materialetan eta abar. Halaber, logoa eta aipatu testua beti jarriko dira telematikoki zabaltzeko medioetan, web-orrietan eta jartzeko aukera ematen duten medio guztietan.

–Idazkaritzaren ziurtagiria, dirulaguntzaren xederako hartutako bestelako diru-sarrera, laguntza, baliabide eta dirulaguntzak aipatzen dituena, edo horrelakorik ez duela jaso adierazten duena.

–Laguntza teknikoa kontratatu bada, kontratatutako laguntza-enpresek generoan prestakuntza dutela frogatzen duen ziurtagiria, 4.4.1. puntuaren a atalean ezartzen denaren arabera.

11.3. Instrukzio organoaren iritziz, gastuen justifikazioa nahikoa ez bada haiek frogatzeko, errekerimendua eginen dio toki entitateari, beharrezko frogagiriak aurkez ditzan hamar egun naturaleko epean. Toki entitateak eskabidean adierazten duen gaitutako helbide elektronikora (GHE) eginen da errekerimendu hori.

11.4. Diruz lagundutako proiektuaren behin betiko guztirako kostua dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostua baino txikiagoa bada (10. klausulan xedatutako kasuetan izan ezik) edo gastua eta ordainketa frogatzeko agirien bidez justifikatzen den zenbatekoa emandako laguntza baino txikiagoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa gutxituko da, betiere erabat gauzatzetik hurbil samar ibili bada eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera duela frogatzen bada, eta proiektuaren balorazio berari eutsiko zaio.

12. oinarria. Bateragarritasuna.

Dirulaguntza hau bateragarria da Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren xede eta helburu bererako beste deialdi batzuekin.

Gainera, deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzen entitate onuradunek bestelako edozein administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribaturen laguntzak eta dirulaguntzak jasotzen ahalko dituzte helburu eta xede bererako, baldin eta haien guztien batura ez bada dirulaguntzen deialdi honetan aurkeztutako proiektuaren kostuaren %100 baino handiagoa.

13. oinarria. Entitate onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten toki entitateek, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain, oinarri hauetan ezarritakoak ere bete beharko dituzte, eta, bereziki, honako hauek:

a) Diruz lagundutako proiektua gauzatzea eta deialdiaren helburua betetzea.

b) Dirulaguntzaren xedeko proiektuari buruz izan daitekeen edozein aldaketaren berri ematea Nafarroako Berdintasunerako Institutuari, bai eta baimena idatziz eskatzea ere diruz laguntzen den proiektuaren kudeaketan eta garapenean aldaketak egiteko, izan ere, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailearen berariazko onespena beharko dute proiektuan aldaketak egiteko.

c) Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emandako dirulaguntzen gainean egiten dituen egiaztapen eta kontrol tekniko eta ekonomikorako lanak onartzea.

d) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskatu edo lortzen diren bestelako laguntzak, dirulaguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak. Jakin bezain laster eman beharko da horren berri, eta, betiere, dirulaguntza ematearen gainean ebatzi baino lehen. Dena dela, dirulaguntza ematearen gainean ebatzi ondoren jakinez gero, justifikazioaren unean eman beharko da haren berri, jasotako funtsa zertan aplikatu den adierazita.

e) Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak behar bezala erabiltzen direla bermatzeko asmoz, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak edukitzea, entitate onuradunari aplikatu behar zaion araudian agindutako moduan.

f) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak eta haien ordainketarenak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

g) Nafarroako Gobernuaren parte-hartzea jasotzea dirulaguntza ematen denetik aurrera idatziz edo ahoz egiten den edozein informazio, komunikazio, publizitate edo zabalkundetan, bai eta berdintasuneko agentearen lanaren esparruan prestatzen den dokumentazio guztian ere, honako testu hau idatziz: “Nafarroako Berdintasunerako Institutuak lagunduta / Subvenciona Instituto Navarro para la Igualdad”.

h) Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean xedatutakoa betetzea.

14. oinarria. Dirulaguntzak itzultzea.

14.1. Entitate onuradunak deialdi honen oinarrietan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu, dirulaguntza galduko du eta jasotako dirua itzuli beharko du, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutze-interesak ere, halakorik bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen erantzukizunak. Diruaren itzulpena eskatzeko prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6 artikuluan xedaturikoari jarraituz arautuko da, eta irekitzen denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

14.2. Aurrekoa gorabehera, 1. eta 2. modalitateetan, bidezkoa izanen da eskubidea kentzea eta jasotako diru guztia itzularaztea baldin eta toki entitateak, bere erabakiz eta bidezko arrazoirik gabe, berdintasuneko agentearen kontratazioa bukatu eta ez bada beste berdintasuneko agente bat kontratatzen hilabeteko epean.

Ildo horretan, entitate onuradunek dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzetan gertatzen diren aldaketa guztien berri eman beharko diote Nafarroako Berdintasunerako Institutuari.

15. oinarria. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

16. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdiaren eta oinarri arautzaileen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

17. oinarria. Arau osagarriak.

Oinarriotan ezarri gabeko orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoa den gainerako araudian xedatutakoak aginduko du.

II. ERANSKINA

Balorazio irizpideak

1. eta 2. modalitateak: eskaerak baloratzeko irizpideak.

BALORAZIOA: 100 PUNTU

A) Proiektuaren kalitate teknikoa

55

1. Koherentzia: helburuak, ekintzak, denbora, baliabideak, aurrekontua

45

Proiektuaren helburu orokorra zehazten du/ Berariazko helburuak zehazten ditu

10

Ekintzak deskribatzen ditu berariazko helburuei lotuta / Ekintzak deskribatzen ditu xedeko biztanleriari lotuta

15

Proiektuaren garapen kronologikoa

6

Ekintzak gauzatzeko dauden giza baliabideak eta baliabide teknikoak

6

Aurrekontua egokia da proiektuarentzat

8

2. Proiektuaren segimendua eta ebaluazioa

5

Prozesuko adierazleak

2

Emaitzaren adierazleak

2

Eraginaren adierazleak

1

3. Ebaluaziorako baliabideak

5

Jardueren balorazio kualitatiboa egiteko fitxak, proiektuen ebaluazio eta segimendurako tresna eta guzti

2

Jardueren balorazio kuantitatiboa egiteko fitxak, proiektuen ebaluazio eta segimendurako tresna eta guzti

3

B) Proiektua nola egokitzen den toki entitatearen edo haren eskumeneko lurraldearen berariazko premietara eta errealitatera

15

1. Lurraldeak edo toki entitateak genero berdintasunari dagokionez dituen errealitatea eta beharrak deskribatzen ditu

5

2. Lurraldeak edo toki entitateak proiektuari dagokionez duen errealitatea deskribatzen du

5

3. Proiektua lurraldearen edo toki entitatearen diagnostikoarekin lotzen du (PLI / PLxC / Lan programa)

5

C) Programaturiko jarduerak zabaldu eta jakinarazteko ekintzak

10

Herritarrak // Elkarteak eta beste talde batzuk // Toki entitatetik haratago [jende mota asko]

5

Web-orrietan, sare sozialetan, toki buletinetan, prentsan argitaratzea [hedabide askotan]

5

D) Proiektuan beste toki entitate batzuek parte hartzea, lurraldeko beste elkarte edo erakunde batzuek eta/edo toki entitateko beste arlo batzuek

10

Emakumeen elkarteak

4

Tokiko kolektiboak

2

Toki entitatearen eskumeneko beste arlo batzuk

4

E) Proiektuak jardunbide egokia duela aitortzea: aurkeztutako proiektu edo zerbitzuak dakarren berrikuntza aplikagarri den udalerrian edo lurraldean; proiektu edo zerbitzuak udalerrian edo lurraldean duen eragina; proiektua edo zerbitzua beste udalerri edo lurralde batzuetara eramateko aukera

10

1. Toki entitateari edo lurraldeari dakarkion berrikuntza

5

2. Toki entitatean edo lurraldean duen eragina

3

3. Beste toki entitate edo lurralde batzuetara eramateko aukera

2

3. modalitatea: eskaerak baloratzeko irizpideak.

BALORAZIOA: 100 PUNTU

Toki entitateek berdintasunarekin duten konpromisoa (30 puntu)

30

Berdintasun plana / Lan plana

15

Eginkizunak bateratzeko tokiko ituna

10

Berdintasunerako Kontseilua edo Batzordea

5

Proiektuari lotutako irizpideak (70 puntu)

70

A) Proiektuaren kalitate teknikoa (35 puntu)

35

1. Koherentzia: helburuak, ekintzak, denbora, baliabideak, aurrekontua

30

Proiektuaren helburu orokorra zehazten du/ Berariazko helburuak zehazten ditu

7

Ekintzak deskribatzen ditu / Ekintzak deskribatzen ditu berariazko helburuei lotuta / Ekintzak deskribatzen ditu xedeko biztanleriari lotuta

8

Proiektuaren garapen kronologikoa

5

Ekintzak gauzatzeko dauden giza baliabideak eta baliabide teknikoak

5

Aurrekontua egokia da proiektuarentzat

5

2. Proiektuak toki entitatearen beste programa eta jarduketa batzuekin duen erlazioa

5

Udalaren beste arlo batekiko sinergiak sortzen ditu

1

Sinergiak sortzen ditu udalaren arlo batekin baino gehiagorekin

1

Emakumeen elkarteekiko sinergiak sortzen ditu

3

B) Proiektua nola egokitzen den toki entitatearen edo haren eskumeneko lurraldearen berariazko premietara eta errealitatera (15 puntu arte)

15

1. Lurraldeak edo toki entitateak genero berdintasunari dagokionez dituen errealitatea eta beharrak deskribatzen ditu

5

2. Lurraldeak edo toki entitateak proiektuari dagokionez duen errealitatea deskribatzen du

5

3. Proiektua lurraldearen edo toki entitatearen diagnostikoarekin lotzen du (PLI / PLxC / Lan programa)

5

C) Programaturiko jarduerak zabaldu eta jakinarazteko ekintzak (10 puntu arte).

10

Herritarrak // Elkarteak eta beste talde batzuk // Toki entitatetik haratago [jende mota asko]

5

Web-orrietan, sare sozialetan, toki buletinetan, prentsan argitaratzea [hedabide askotan]

5

D) Proiektuak toki entitatean edo haren eskumeneko lurraldean duen eragina neurtzen duten adierazleen definizioa (5 puntu)

5

Egin izanaren adierazleak

2

Emaitzaren adierazleak

2

Eraginaren adierazleak

1

E) Proiektuak jardunbide egokia duela aitortzea: (5 puntu)

5

1. Toki entitateari edo lurraldeari dakarkion berrikuntza

2

2. Toki entitatean edo lurraldean duen eragina

2

3. Beste toki entitate edo lurralde batzuetara eramateko aukera

1

4. modalitatea: eskaerak baloratzeko irizpideak.

BALORAZIOA: 100 PUNTU

A) Proiektuaren kalitate teknikoa (55 puntu)

55

1. Koherentzia: helburuak, ekintzak, denbora, baliabideak, aurrekontua

45

Proiektuaren helburu orokorra zehazten du/ Berariazko helburuak zehazten ditu

10

Ekintzak deskribatzen ditu / Ekintzak deskribatzen ditu berariazko helburuei lotuta / Ekintzak deskribatzen ditu xedeko biztanleriari lotuta

15

Proiektuaren garapen kronologikoa

6

Ekintzak gauzatzeko dauden giza baliabideak eta baliabide teknikoak

6

Aurrekontua egokia da proiektuarentzat

8

2. Proiektuaren segimendua, ebaluazioa

5

Prozesuko adierazleak

2

Emaitzaren adierazleak

2

Eraginaren adierazleak

1

3. Ebaluaziorako baliabideak

5

Jardueren balorazio kualitatiboa egiteko fitxak (galde-sortak,...), proiektuen ebaluazio eta segimendurako tresna eta guzti

3

Jardueren balorazio kuantitatiboa egiteko fitxak (galde-sortak,...), proiektuen ebaluazio eta segimendurako tresna eta guzti

2

B) Lurraldeko beste elkarte edo erakunde batzuek eta/edo toki entitatearen beste arlo batzuek parte hartzea proiektuan (20 puntu arte)

20

Emakumeen elkarteak

9

Tokiko kolektiboak

6

Toki entitatearen eskumeneko beste arlo batzuk

5

C) Proiektua nola egokitzen den toki entitatearen edo haren eskumeneko lurraldearen berariazko premietara eta errealitatera. (15 puntu arte)

15

1. Lurraldeak edo toki entitateak berdintasunari dagokionez dituen errealitatea eta beharrak deskribatzen ditu

5

2. Lurraldeak edo toki entitateak proiektuari dagokionez duen errealitatea deskribatzen du

5

3. Proiektua lurraldearen edo toki entitatearen diagnostikoarekin lotzen du (PLI / PLxC / Lan programa)

5

D) Programaturiko jarduerak zabaldu eta jakinarazteko ekintzak

10

Herritarrak // Elkarteak eta beste talde batzuk // Toki entitatetik haratago [jende mota asko]

5

Web-orrietan, sare sozialetan, toki buletinetan, prentsan argitaratzea [hedabide askotan]

5

Iragarkiaren kodea: F1902930