55. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

71/2019 FORU AGINDUA, otsailaren 20koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, Nafarroako gizarte zerbitzuen arloko Ikuskapen Plana onesten duena 2019. urterako.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen xede nagusia da populazioaren gizarte ongizatea lortzea Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, gizarte zerbitzuez baliatzeko eskubide unibertsala bermatuz. Era berean, foru lege horren xedea gizarte zerbitzuen sistema bat itxuratzea da, halako moduan non bermatuko baita zerbitzuak pertsonen autonomia, duintasuna eta bizi kalitatea ziurtatuko dituzten baldintza onenetan ematen direla.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen aplikazio eremua 3. eta 4. artikuluetan zehaztuta dago. Izan ere, artikulu horietan ezartzen da zer den gizarte zerbitzuen sistema eta zein diren gizarte zerbitzu horien hartzaileak. Bestalde, 6., 7. eta 8. artikuluetan, gizarte zerbitzu horien hartzaileen eskubide eta betebeharrak ezartzen dira.

Esparru juridiko horretan, 69. artikuluak dioenez, Nafarroako Foru Komunitatean gizarte zerbitzuen sistemakoak diren gizarte zerbitzuak eman ahal izateko, beharrezkoa izanen da, zerbitzuok 75. artikuluan aurreikusitako erregistroan inskribaturik egoteaz gain, 70. artikuluan aurreikusitako administrazio baimenak lortzea eta haiei eustea. Baimen horien xedea da baldintza jakin batzuk eta kalitatearen gutxieneko estandarrak beteko direla bermatzea.

Azkenik, aipatu foru legearen 83. artikuluak ezartzen duenez, foru lege horren aplikazio esparruan dauden entitate publiko eta pribatuek egindako jarduketa guztiak egonen dira gizarte zerbitzuen eskumena duen departamentuaren ikuskapenaren eta kontrolaren mende.

Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuak Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiari esleitzen dio Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legean xedatutakoa betetzen den jakiteko kontrola eta ikuskapena egiteko ardura, hau da, ea gizarte zerbitzuen sistemako zerbitzuek eta zerbitzu horien hartzaileek betetzen ote duten lege horretan xedatutakoa. Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuak ikuskapen planak prestatuko ditu gizarte zerbitzuen sistemako zerbitzuetarako, eta ikuskapen lana kontrolatu eta koordinatuko du. Azkenik, Ikuskapen Atalak gizarte gaien, familiaren eta adingabeen babesaren esparruan foru dekretu horretan aurreikusitako eskudantziak izanen ditu, bereziki, honako hauek:

a) Gizarte zerbitzuen sistemako zerbitzuek eta horien hartzaileek Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legean eta aplikatzekoak diren bestelako arauetan xedatutakoa betetzen ote duten kontrolatu eta ikuskatzea, departamentuko gainerako unitate organikoekin elkarlanean.

b) Gizarte zerbitzuen sistemako zerbitzuen baimen administratiboak kudeatu eta tramitatzea.

c) Departamentuarekin sinatutako itunak teknikoki betetzen ote diren kontrolatu eta ikuskatzea, eta horien emaitza horren ardura duen kudeaketa organoari jakinaraztea.

Beraz, hortik ondorioztatzen da gizarte zerbitzuak ikuskatzeko eskumena, aurrean esandako guztiaren arabera, ez dela bakarrik hartu behar zentroek eta zerbitzuek baliabideen eta eginkizunen arloan indarreko araudia nola betetzen duten eta zerbitzu-emaileek sinatutako itunak zenbateraino betetzen diren kontrolatzeko eskumen gisa, zeren gizarte zerbitzuen hartzaileen eskubideak zaindu eta errespetatzen ote diren ere kontrolatu behar baita. Gainera, pertsonek beren beharretarako laguntza egokia, hots, laguntza osoa, espezializatua eta pertsonalizatua jaso dezaten ere zaindu behar du.

Eta premisa horiek izanen dira Ikuskapen Plan honen jarduketa lerro nagusien oinarriak.

2019. urterako Ikuskapen Planak baditu aurreko planarekiko desberdintasun batzuk.

PAGNAk (Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak) eta zerbitzu-emaileek sinatutako araudi erregulatzaileak eta itunak betetzen ote diren kontrolatzeko ikuskapen lana egiten jarraituko da, egiaztatzeko entitate horiek Nafarroako Gobernuak finantzaturik ematen dituzten zerbitzuak administrazio kontratugileak ezarritako baldintzei jarraikiz eta hark eskatutako kalitatearekin egiten direla.

Esparru horretan, ikuskapen arruntak eginen dira eguneko arretako zenbait zerbitzutan eta hainbat egoitzatan: zaharrei edo adingabeei arreta ematekoak, mendekotasunaren arlokoak, eritasun mentala edo desgaitasuna dutenentzakoak eta gizarte bazterketaren arlokoak. Bereziki azpimarratuko da zerbitzu horiek kudeatzen dituzten erakundeek erabiltzaileen eskubideak errespetatzea, batez ere honako hauei dagokienez: erabiltzaileek arreta integratua, espezifikoa eta beren beharretara egokitua jasotzea, eta zerbitzuaren baldintza guztien berri izatea, zerbitzuan sartzeko kontratua sinatzearekin batera. Zehazki, Ikuskapen Atalak 2018ko Ikuskapen Plana gauzatzeari buruz egindako eskaeren eta/edo ohartarazpenen betearazpena berrikusiko da, bai eta zerbitzu horiek izandako salaketak aztertzean egindako eskaeren eta/edo ohartarazpenena ere. Orobat, egiaztatuko da atxikipenei, aplikatzekoak diren beste araudiei eta itunen gaineko beste alderdi batzuei buruzko indarreko araudia zenbateraino betetzen den, konparazio batera, Banakako Arreta Planak, protokoloak eta erregistroak.

Halaber, ikuskatutako zerbitzuetako langileen antolamendua eta banaketa egiaztatuko da, horiek eguneko nahiz arratseko tarteetan proportzionalak eta egokiak direla zaintzeko, hala erabiltzaileei zerbitzua modu egokian eman ahal izan diezaieten.

Berritasun bat izanen da. Izan ere, lehenagotik zerbitzuetako langileen ratioen azterketa egiten bazen ere, 2019an, zentroetako edo zerbitzuetako okupazio errealaren kontrola eginen da, baita erabiltzaile guztien mendekotasun mailaren balioespena ere, eta hala egiaztatu ahal izanen da ea zerbitzua baimenduta dagoen eskaintzen dituen prestazioak emateko eta erabiltzaileek beren egoera eta beharretara egokitutako arreta jasotzen duten.

Laguntzak kontrolatzeko lerroari dagokionez, errenta bermatuen ikuskapenak mantentzen dira, bai eta, jadanik ebatzita egonda ere, baldintzak betetzeari buruz zalantza edo zantzuren bat egoteagatik bereziki Diru-sarreren Bermearen eta Prestazio Ekonomikoen Atalak bidalitako espedienteen gaineko ikuskapenak ere. Kontrol hori egiteko, Foruzaingoaren laguntza eskatu ahal izanen da, aurretik ezarritako prozeduraren arabera.

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako gizarte zerbitzuen arloko Ikuskapen Plana onestea, 2019. urterako. Foru agindu honen eranskinean jaso da.

2. Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren zuzendari nagusiari baimena ematea behar diren neurriak har ditzan Ikuskapen Plan horretan ezarritako programak gauzatzeko eta bertan ezarritako helburuak betetzeko.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko otsailaren 20an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.

ERANSKINA

Nafarroako Gizarte Zerbitzuen Ikuskapen Plana 2019. urterako

Lehena.–Organo arduraduna.

Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiko Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuko Ikuskapen Atala da Plana betearazteko ardura duen administrazio organoa, abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuak Eskubide Sozialetako Departamentuarentzat onetsitako egitura organikoaren arabera. Plana indarra duen arau esparruari jarraituz garatuko da.

Bigarrena.–Helburuak.

1. Gizarte zerbitzuen hartzaileek beren beharretarako laguntza egokia eta kalitatekoa jaso dezaten arduratzea, araudi indardunarekin bat etorriz.

2. Indarra duen legediak gizarte zerbitzuen hartzaileei onartzen dizkien eskubideak, batez ere egoitzetako erabiltzaileen eskubide berariazkoak, errespetatzen diren begiratzea.

3. Zentroei eta zerbitzuei aholku ematea indarreko legedia betetzearen gainean eta erabiltzaileei kalitateko arreta emateko zenbait alderdiren gainean, zehazki, arlo horretaz Eskubide Sozialetako Departamentuan prestatzen diren agiriei buruzkoak eta bete behar dituzten betebehar material eta funtzionalei buruzkoak.

Hirugarrena.–Prozedura.

Eskubide Sozialetako Departamentuak, 2019. urtean, plan honetan jaso diren ikuskapen lanak eginen ditu, eta aurkezten diren salaketa, kexa eta erreklamazioei erantzuteko behar direnak ere bai, baita Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legean aurreikusitako baimenei erantzuteko behar direnak ere.

Jarduketa bereziak ere egiten ahalko ditu, Eskubide Sozialetako kontseilariaren edo zuzendaritza nagusien aginduz, goiko agindu baten ondorioz, beste organo batzuek eskaera arrazoitua eginda eta baita Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuaren ekimenez ere.

Laugarrena.–Aplikatzekoa den araudia.

Ikuskapen lanetan gizarte zerbitzuen arloko arau guztiak izanen dira aplikatzekoak. Lan horretan, batez ere, honako arau hauei begiratuko zaie:

1) 15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.

2) Maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretua, aurreko foru legearen xedapen indargabetzaile bakarrean xedatutakoarekin bat etorriz.

3) 15/2005 Foru Legea, abenduaren 5ekoa, Haurrentzako eta nerabeentzako sustapenari, laguntzari eta babesari buruzkoa.

4) Ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretua, gizarte zerbitzu orokorren zorroa onesten duena.

5) Irailaren 28ko Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko egoitzetako gizarte zerbitzuen esparruan lotura fisiko eta farmakologikoen erabilera arautzen duena eta hori garatzeko araudia.

6) Ikuskatu beharreko laguntzen arau berariazkoak, eta itun bakoitzeko kontratu-arauak, bidezkoa bada.

7) Maiatzaren 16ko 48/2011 Foru Dekretua, Nafarroako Gizarte Zerbitzuetako Ikuskatzaileen Araubidea ezartzen duena.

Bosgarrena.–Jarduketa lerro nagusiak.

Jarduteko ildo nagusiek helburu hauek lortzea izanen dute xede:

I.–Bermatzea gizarte zerbitzuak jasotzen dituzten pertsonen eskubideak errespetatzen direla, bereziki egoitza-izaera duten gizarte zerbitzuen jasotzaileenak eta batez ere honako hauei dagokienez: arreta integratua, espezifikoa eta beren beharretara egokitua jasotzea, eta erabiltzaileek zerbitzuaren baldintza guztien berri izatea, zerbitzuan sartzeko kontratua sinatzearekin batera. Zehazki, Ikuskapen Atalak 2018ko Ikuskapen Plana gauzatzeari buruz egindako eskaeren eta/edo ohartarazpenen betearazpena berrikusiko da, bai eta zerbitzu horiek izandako salaketak aztertzean egindako eskaeren eta/edo ohartarazpenena ere. Orobat, egiaztatuko da atxikipenei, aplikatzekoak diren beste araudiei eta itunen gaineko beste alderdi batzuei buruzko indarreko araudia zenbateraino betetzen den, konparazio batera, Banakako Arreta Planak, protokoloak eta erregistroak. Zehazki, nahitaezkoa izanen da dokumentu horiek egotea eta hor bilduta dauden gertaerak ikusi dituzten langileek sinatuta egotea.

Halaber, zerbitzuetako egiazko okupazioa eta horien erabiltzaile guztien mendekotasun balioespena aztertuko dira, hala egiaztatu ahal izateko ea zerbitzua baimenduta dagoen eskaintzen dituen prestazioak emateko eta erabiltzaileek beren egoera eta beharretara egokitutako arreta jasotzen duten.

II.–Zentroen eta zerbitzuen gainbegiratzea eta kontrola. Bereziki aztertuko dira langileen antolamendu eta banaketa, eta haien funtzioak, horiek eguneko nahiz arratseko tarteetan proportzionalak eta egokiak direla zaintzeko, hala erabiltzaileei zerbitzua modu egokian eman ahal izan diezaieten. Atal horren azterketa egokia egiteko, ikuskatzaileek fitxaketak, lan kontratuak eta txandakako txantiloiak eskatzen ahalko dituzte. Halaber, banakako elkarrizketak egin ahal izanen zaizkie langileei, beren ordezkariei edo beharrezkotzat jotzen diren beste pertsona edo erakundeei. Orobat, behaketa zuzenaren bidezko egiaztapen jarduerak egin ahal izanen dituzte egindako bisitetan.

III.–Errenta Bermatuaren onuraduna izateko baldintzak betetzeari buruzko ikuskapenaren oinarrizko lerroa, jadanik emandako espedienteen gainean egina, baldintzak ez betetzeari buruz zantzuren bat egoteagatik. Bereziki, Diru-sarreren Bermearen eta Prestazio Ekonomikoen Atalak bidalitakoak.

Seigarrena.–Metodologia.

Ikuskapena, legez onartutako eskumenak erabiliz, oinarrizko jarraibide hauei loturik eginen da:

1. Ikuskatzaileak zentroetako eta zerbitzuetako instalazio eta lokal guztietan sartzen ahalko dira. Orobat, ikuskapenaren xedea betetzeko eta ikuskatzeko ahalmenak behar bezala erabiltzeko beharrezkoak eta/edo jakingarriak diren agiri, datu eta argibide guztiak eman behar zaizkie.

Bisitaren unean zerbitzuaren arduraduna ez badago, bere eginkizunak zerbitzuko beste langile baten esku utzi beharko ditu aurrez, eta hark izanen du ikuskatzaileei laguntzearen eta eskabideei erantzutearen ardura, eta pertsona horrek sarbidea izanen du eskatzen zaizkion agiri, datu edo informazio guztietara.

Ildo horretan, zentro edo zerbitzu bakoitzak bere arduradunen zerrenda prestatu beharko du, gutxienez hiru lagunekin, zuzendaria ez badago ikuskatzaileei harrera egiteko, baita erabiltzaileei eta senitartekoei arreta emateko ere.

Ordezkapen zerrenda hori zentroko iragarki-oholean argitaratu beharko da eta arduradun ordezkarien izen-abizenek eta lanpostuek agertu beharko dute han, baita ordezkapen ordenak ere.

Ikuskatze langileei instalazioetara sartzen uzten ez bazaie edo eskatutako dokumentuak ematen ez bazaizkie, izan ordezkoa ez izendatzeagatik izan hark ez dakielako non dauden datuak edo ezin dituelako eskuratu, ulertzen ahal da ikuskapen lanari egiten zaion eragozpena dela, eta hori arau-hauste larri gisa dago tipifikaturik Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 86. artikuluaren n) letraren arabera.

2. Bisita arruntak eta salaketa baten ondoriozkoak ez dira aldez aurretik iragarriko. Ikuskatzaile egiaztatuen identifikazioarekin hasiko dira, eta ikuskatzaileek zehaztuko dute zein den bisitaren zergatia.

Ikuskaritzaileak, egokitzat jotzen dutenean, gela edo aretoetara joaten ahalko dira ikuskapenaren helburu diren gertakariak egiaztatzeko, beharrezkotzat jotzen badute, eta ez dute itxaron beharko Zerbitzuko arduraduna agertu eta berarekin batera joan arte.

3. Ikuskapen bisitak, haien arrazoia edozein izanik ere, lanegunetan nahiz jaiegunetan egiten ahalko dira, egunez edo gauez.

4. Ikuskatzaileek, beren lanean, datu pertsonalen babesari buruzko arau aplikagarriak bete beharko dituzte.

5. Departamentuko organo eta erakundeak behartuta daude ikuskatzaileei ahalik arinen eta eraginkortasunez laguntzeko, hala eskatzen zaien guztietan.

6. Plana bete aurretik, oinarrizko lerro bakoitzeko ikuskapen protokoloak onetsiko dira.

Zazpigarrena.–Gizarte politikaren arloko ikuskapenaren oinarrizko jarduketa lerroak 2019. urtean.

I.–Egoitzetako gizarte zerbitzuen hartzaileen eskubideen errespetua bermatzeko oinarrizko jarduketa lerroa. Zehazki, erabiltzaileen beharren araberako arreta egokia den behatuko da. Orobat, Ikuskapen Atalak 2018ko Ikuskapen Plana gauzatzeari buruz egindako eskaeren eta/edo ohartarazpenen betearazpena berrikusiko da, bai eta zerbitzu horiek izandako salaketak aztertzean egindakoena ere. Orobat, atxikipenei, aplikatzekoak diren araudiei eta itunen gaineko beste alderdi batzuei buruzko indarreko araudia zenbateraino betetzen den egiaztatuko da, konparazio batera Banakako Arreta Planak, protokoloak eta erregistroak. Banakako Arreta Planek erabiltzailearen balorazio integrala izanen dute, eta hartan agertuko dira erabiltzailearen gaitasunak eta beraren lehentasunak.

Halaber, agiri bat Banakako Arreta Plantzat hartzeko, helburu orokorrak eta zehatzak markatu beharko ditu arloka, baita horiek lortzeko neurriak edo programak ere. Agiri horretan, erabiltzailearen mendekotasuna eta arreta zuzenari lotutako alderdiak bildu beharko dira, hala nola oheratzeko, jaikitzeko, garbitzeko, mugiarazteko eta jateko ordutegiak, eta horien justifikazio teknikoa, ohikotzat jotzen direnetatik desberdinak badira; modu orokorrean ezin izanen dira antolamendu-neurri hutsak hartu erabiltzaileen eta senitartekoen beharrak eta nahiak aintzat hartu gabe.

Banakako Arreta Plana dokumentu diziplinartekoa eta integrala izanen da, eta aldian behin berrikusi beharko da, gutxienez ere urtean behin eta erabiltzailearen egoeran aldaketa garrantzitsuak gertatzen diren aldiro. Orobat, agiri horren berri emanen zaio erabiltzaileari eta/edo familiari, eta harekin adostu beharko da (ahal den neurrian).

Helburua.–Ikuskapen lanaren bidez egiaztatuko da gizarte zerbitzuen hartzaileen eskubideak errespetatzen diren, hau da, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 6. eta 8. artikuluetan arautzen direnak, abenduaren 14ko 39/2006 Legearen ildoari jarraituz (Autonomia Pertsonalaren Sustapenari eta Mendekotasuna duten Pertsonentzako Laguntzari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legea).

Ikuskapen Plan honen indarraldian, bereziki, egiaztatuko da ea egoitzetako zerbitzuen erabiltzaileen eskubideak errespetatzen diren, honako hauei dagokienez: adinekoentzako arreta, desgaitasunak dituzten pertsonak, eritasun mentalak, adingabekoentzako arreta eta gizarte bazterketa.

Eskubideak errespetatzen diren jakiteko, zerbitzu horiei egiten zaizkien bisitetan, bisitaren arrazoia edozein dela ere, erabiltzaileen eskubide hauek aztertuko dira nagusiki:

1. Zentroko langileengandik eta erabiltzaileengandik tratu duina jasotzeko eskubidea, arreta jarriz, bereziki, narriadura kognitiboa edo dementzia dutenen tolerantzian eta ulermenean.

Era berean, erreferentziazko langileek duten garrantzia azpimarratuko da, baita erabiltzaileen zainketa pertsonalei ematen zaien arreta egokia izatea ere, haien inguruabarren eta egoeraren arabera.

2. Beren eskubideei buruzko informazioa eta beren egoeraren balorazioa jasotzea, eta eraginen dien edozein esku-hartzeren aurretik informazioa jasotzea, berariazko baimena eman ahal izateko. Ildo horretan, bereziki, kontrolatuko da ea erabiltzaileek eta/edo haien senitartekoek ezagutzen dituzten eta jaso dituzten zerbitzuaren barne araubidearen erregelamendua eta zerbitzuarekin sinatu duten kontratuaren zehaztapenak zerbitzua ematen hasi baino lehen, eta bi agiri horiek errespetatzen dituztela erabiltzaileen autonomiarako eskubidea eta askatasuna.

3. Banakako arreta jasotzeko eskubidea, erabiltzaileen berariazko beharren araberakoa, baita haien mendekotasun mailaren araberakoa ere. Zehazki, ikuskatuko da ea zerbitzuek Banakako Arreta Planik ote duten erabiltzaile bakoitzarentzat, eta ea profesional eskudunek aldian-aldian aztertu duten. Halaber, kontrolatuko da ea arreta pertsonala, soziala, sanitarioa, farmazeutikoa, hezkuntzakoa eta kulturala eraginkorra, egokia eta bana-banakoa den, haren borondatea eta lehentasunak errespetatuz. Orobat, egiaztatuko da zentroek bete dituztela atal horietan 2018. urtean jaso dituzten eskaerak eta/edo ohartarazpenak.

4. Intimitaterako eta pribatutasunerako eskubidea. Nabarmenduko da ea zerbitzuak ba ote dituen bisitak ahalik eta intimitate handienarekin jasotzeko egokiak diren instalazio eta eremuak, eta ea pribatutasuna errespetatzen den erabiltzaileak kanpoko edonorekin izaten duen komunikazioan, dela posta arruntez dela telefonoz edo dela beste edozein baliabidez.

5. Kexen eta iradokizunen sistema erabiltzeko eskubidea. Atal honetan, zerbitzuek esparru horretan erabiltzen dituzten protokoloak aztertuko dira, baita zerbitzuak emandako eta eskatzaileak jasotako erantzunik baden eta horretarako zer epe behar izan den ere.

6. Zentroetan parte hartzeko eskubidea, Partaidetza Kontseiluen bitartez, horien eraketa eta urteko bilkura araudi aplikagarriak ezartzen baditu.

7. Baimen informaturik gabe edo sendagileek agindu eta gainbegiratu ezean, inolako immobilizazio edo murrizketa fisikorik edo tratamendu farmakologikorik ez jasateko eskubidea, salbu eta erabiltzailearen nahiz hirugarrenen segurtasun fisikorako berehalako arriskua badago, Nafarroako Foru Komunitateko egoitzetako gizarte zerbitzuen esparruko lotura fisikoen eta farmakologikoen erabilera arautzen duen irailaren 28ko 221/2011 Foru Dekretuari eta apirilaren 2ko 186/2014 Foru Aginduaren bidez onetsitako erabilera protokoloari jarraikiz. Zehazki, loturen batzorderik baden eta nola funtzionatzen duen egiaztatuko da, eta loturen ordez izaten ahal diren aukeren proposamenak eta ezarpena eta ebaluazioa aztertuko dira. Egiaztatuko da ea bete diren Ikuskapen Atalak arlo horretan, 2018. urtean, zentroei bidalitako ohartarazpenak, 2018ko Ikuskapen Plana gauzatzearen ondorioz edo gai horren gaineko salaketa ebatzien ondorioz.

Zerbitzuen hartzaileen eskubideak errespetatzen diren jakiteko, ikuskapen bisita arruntetan, bide hauetako edozein erabili ahal izanen da:

–Zentroko erabiltzaileek eta/edo horien senideek eta adiskideek ikuskatzaileei ematen dieten informazioaren bidez.

–Ikuskapen lanean nabarmentzen diren gorabeheren bidez.

–Zentroko langileek, langile ohiek eta arduradunek ematen duten informazioaren bidez.

Eskubideak egiaztatzeko bidea zuzeneko behaketa denean, ikuskatzaile guztientzat aldez aurretik finkatutako irizpide homogeneoak hartuko dira kontuan. Irizpide horiek Ikuskapen Protokoloetan finkatuko dira.

II.–Zentroak eta zerbitzuak ikuskatzeko eta kontrolatzeko oinarrizko jarduketa lerroa, langileen antolamendua eta banaketa, eta haien funtzioak kontrolatuz bereziki, horiek eguneko nahiz arratseko tarteetan proportzionalak eta egokiak direla zaintzeko, hala erabiltzaileei zerbitzua modu egokian eman ahal izan diezaieten beren beharren eta egoeraren arabera.

II.1 programa.–Lanean ari diren zentro eta zerbitzu guztiak legeztatzea.

Helburua.–Behar diren baimenak izan gabe lanean ari diren zentro eta zerbitzu guztien egoera administratiboa erregularizatzea.

II.2 programa.–Baimen berriak ematea eta Gizarte Zerbitzuen eta Baimen Berariazkoen Erregistroan inskripzio berriak egitea.

Helburua.–Behar diren ikuskapen lanak egitea baimenak emateko prozeduretan (funtzionamendu baimenak, titulartasuna aldatzekoak, instalazioetako aldaketa garrantzitsuak, eginkizunak eta helburuak aldatzekoak, behin-behineko baimenak salbuespen kasuetarako, eta jarduera uztekoak), baita Gizarte Zerbitzuen eta gai honetako Baimen Berariazkoen Erregistroan egin, kendu edo aldatzen diren inskripzioak egitea ere.

II.3 programa.–Zentroek eta zerbitzuek baliabideei eta eginkizunei buruzko baldintzak nola betetzen dituzten uneoro kontrolatzea.

Helburuak:

Urtean behin bisita bat egitea honako arlo hauetako egoitzetara eta eguneko zentroetara: adineko pertsonentzako arreta, mendekotasuna, desgaitasunak, eritasun mentalak, gizarte bazterketa eta adingabeen arreta. Egiaztatuko da ea honako alderdi hauek legearen arabera betetzen dituzten:

a) Aplikagarria den araudia betetzea: funtzionamendua, segurtasuna, administratiboak, erabiltzaileen eskubideak, loturak.

b) Giza baliabideak eta langileriaren antolaketa. Langileen antolamendua eta banaketa, eta haien funtzioak kontrolatuko dira bereziki, horiek eguneko nahiz arratseko tarteetan proportzionalak eta egokiak direla zaintzeko, hala erabiltzaileei zerbitzua modu egokian eman ahal izan diezaieten beren beharren eta egoeraren arabera. Horregatik, okupazio erreala aztertuko da, baita erabiltzaile guztien mendekotasun mailaren balioespena ere, eta hala egiaztatu ahal izanen da ea zerbitzua baimenduta dagoen eskaintzen dituen prestazioak emateko eta erabiltzaileek beren egoera eta beharretara egokitutako arreta jasotzen duten. Atal horren azterketa egokia egiteko, ikuskatzaileek fitxaketak, lan kontratuak eta txandakako txantiloiak eskatzen ahalko dituzte. Halaber, banakako elkarrizketak egin ahal izanen zaizkie langileei, beren ordezkariei edo beharrezkotzat jotzen diren beste pertsona edo erakundeei. Orobat, behaketa zuzenaren bidezko egiaztapen jarduerak egin ahal izanen dituzte egindako bisitetan.

Egiaztatuko da ea bete diren Ikuskapen Atalak arlo horretan 2018. urtean, zentroei bidalitako eskaerak edo ohartarazpenak, 2018ko Ikuskapen Plana gauzatzearen ondorioz edo gai horren gaineko salaketa ebatzien ondorioz.

III.–Ikuskatzeko oinarrizko lerroa, errenta bermatuaren onuraduna izateko baldintzak betetzearen kontrolari buruz, arreta berezia emanez bizikidetzari, bizilekuari eta diru-sarrerak jasotzeari.

Onartutako espedienteak berrikusiko dira bereziki, baldin eta Diru-sarreren Bermearen eta Prestazio Ekonomikoen Atalak aditzera ematen badu badirela zantzuak edo zalantzak pentsarazten dutenak aipatutako baldintzak betetzen ez direla.

Hori gauzatzeko, Foruzaingoaren laguntza eskatu ahal izanen da, aurretik Foruzaingoarekin prestatutako eta adostutako prozedurari jarraikiz.

Iragarkiaren kodea: F1902851