55. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

178/2019 EBAZPENA, martxoaren 4koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, 2019ko martxoaren 8rako deitutako greba dela-eta erakunde autonomo honen gutxieneko zerbitzu funtsezkoen funtzionamendua bermatu eta haiek atenditzeko zein eta zenbat langile behar diren zehazten duena.

ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS eta CNT sindikatuek greba orokorrerako deia egin dute, 2019ko martxoaren 8ko 0:00etatik 24:00ak bitartekoa. Lan egiteko hainbat txanda dituzten enpresei dagokienez, grebaren hasiera lehenbiziko txandan izanen da, nahiz eta martxoaren 8a baino lehen hasi lanean, eta azken txanda bukatzen denean bukatuko da greba, nahiz eta lanaldia martxoaren 8ko 24:00ak baino geroago bukatu.

Bestalde, CCOO sindikatuak greba bat deitu du, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren, haren erakunde autonomoen, fundazioen eta partzuergoen eremuan aurtengo martxoaren 8ko lanaldi osoa hartuko duena.

Halaber, UGT sindikatuak greba orokorrerako deia egin du, lanaldi osoan –eta, gutxienez, martxoaren 8ko txanda bakoitzeko bi orduz– garatzen ahalko dena: goizeko txandako lanaldi zatitu eta jarraituetarako, 12:00etatik 14:00etara, gutxienez; arratsaldeko txandarako: 14:00etatik 16:00etara; lanaldi jarraituetarako, 13:00etik 15:00etara; eta gaueko txandako lanaldi jarraituetarako, 2019ko martxoaren 8ko lehen bi orduetan edo azken bietan.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan onartzen den greba egiteko eskubidearekin batera, herritarren ezinbesteko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeak jarri behar dira, aipatutako eskubidearen erabilera inola ere galarazi gabe, halaxe ulertu baitute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak bai konstituzionalak ere.

Grebarako deialdia dela-eta, Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetan ematen diren zerbitzuak ezin dira erabat gelditu, botere publikoek bermatu beharreko funtsezko zerbitzuak baitira, eta, beraz, beharrezkoa da horiek betetzea. Izan ere, Espainiako Konstituzioaren 43. artikuluan aipatzen den osasuna babesteko eskubidearen barrenean sartzen dira, pertsonen funtsezko eskubideak direlako, hau da, herritarren bizitzeko eta integritate fisikorako eskubideak.

Gobernuko agintaritzarenak dira funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren erabakitzeko eskumena eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzeko eskumena, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko 13/1982 Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuak, egoera honetan aplikatzekoa denak, lehen xedapen gehigarrian adierazten duenez, ahalmena ematen die Nafarroako Gobernuko kontseilariei eta erakunde autonomoetako organo eskudunei funtsezko prestazio publikoetarako gutxieneko zerbitzuak ezar ditzaten, baita horiei arreta emateko behar diren langileak ere, betiere grebarako deia egin duten sindikatuei entzun ondoren.

Azaldutakoaren ondorioz, ebazpen honek hauxe du xedea: 2019ko martxoaren 8rako deitutako greba dela eta, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen gutxieneko zerbitzu funtsezkoak arautzea. Horiek ezartzeko, aintzat hartzen da, funtsean, zerbitzu horiek ezinbestekoak direla herritarrentzako behar bezalako arretari eusteko. Horregatik guztiagatik, zerbitzu horiek funtsezkotzat hartzen dira eta, hortaz, beharrezkoa da deitutako grebak dirauen bitartean zerbitzu horiek betetzea.

Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko organo eskudunek greba batzordean dagozkien jarduketak eginik, beharrezkoa da gutxieneko zerbitzuei arreta emateko behar diren langileak ezartzea.

Irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuek ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2019ko martxoaren 8rako deitutako greba egitea, 00:00etatik 24:00ak arteko ordu tartean. Grebaren hasiera lehenbiziko txandan izanen da, nahiz eta martxoaren 8a baino lehen hasi lanean, eta azken txanda bukatzen denean bukatuko da greba, nahiz eta lanaldia martxoaren 8ko 24:00ak baino geroago bukatu, eta ondoren aipatzen diren gutxieneko zerbitzu funtsezkoak betez eginen da:

I.–Ospitaleak.

Oro har, lan araubidea jaiegunetarako ezarritakoa izanen da.

Gainera, zentroen jarduera garatzeko ezinbestekoak diren zerbitzuetan jendeari arreta ematen zaiola bermatuko da, honelaxe:

A) Ospitalizazioa: gaitasun logistikoaren %100 bermatuko da.

B) Araututako jarduera duten zerbitzuetako arreta bermatuko da:

–Hemodialisia.

–Eguneko Ospitalean tratamendu onkologikoak.

–Eguneko Ospitalean tratamendu hematologikoak.

–Minaren Unitatean tratamendu jarraitua duten eriendako arreta.

–Erradioterapiako tratamenduak, simulaziokoak eta plangintzakoak.

–Errehabilitazioa. Ospitalean dauden erientzako arreta bermatuko da, baita lehentasunezko gaixoentzakoa ere.

–Osasun Mentalaren sareko eguneko ospitaleak.

C) Ebakuntza kirurgiko larri guztiak bermatuko dira, horietan normalean erabiltzen diren baliabideekin, eta, horiez gainera, larrialdietako, Zainketa Intentsiboetako Unitatearen, Konorteratzeko eta Zainketa Berezien Unitatearen, Zainketa Koronarioen Unitatearen, Kritikoen Unitatearen, Erditzeen Arloaren eta parekagarriak diren beste unitate batzuen jarduera guztia ere bermatuko da.

D) 20. asteko ekografia eta amniozentesia egiten direla bermatuko da.

E) Arlo hauetan, lehentasunezko arreta, ingresatutako eriendako arreta eta arreta arrunt guztiak bermatuko dira, halakorik bada, gaitasun logistikoaren %60ra bitarte jarriz:

–Ebakuntza kirurgikoak.

–Zerbitzu Zentralak.

–Kontsultak.

–SUOAZak (Sexu- eta Ugalketa-osasunaren Arretarako Zentroak).

F) Ospitaleko farmazia zerbitzuak: ospitalean dauden eta tratamendu onkologikoak eta arautuak dituzten eriendako arreta bermatuko da.

G) Nafarroako Odol eta Ehun Bankua: hemoderibatuen erauzketak bermatuko dira, Nafarroako Foru Komunitateko ospitaleak hornitzeko, gaitasun logistikoaren %60ra bitarte jarriz.

II.–Oinarrizko Osasun Laguntza.

Oinarrizko Osasun Laguntzaren esparruan, hauxe izanen da lanaren araubidea:

Oinarrizko Osasun Laguntzako taldeetan:

a) Ohiko lanaldian.

Oro har, osasun eskualde oinarrizko bakoitzean, eta funtzionamendu ordutegi osorako, lan txanda bakoitzean (goizekoa eta arratsaldekoa), familia mediku bat, pediatra bat, OLT/EUD bat, Harrera arloko profesional bat izendatuko dira 5 lanpostu baino gutxiago direnean edo 5eko zatiki bakoitzeko.

Etengabeko arreta emateko toki bat baino gehiago duten oinarrizko eskualdeetan, etengabeko arretarako zenbat toki edo talde dauden, horrenbeste familia mediku eta OLT/EUD, gutxienez ere.

b) Etengabeko arretarako ordutegian.

Osasun eskualde oinarrizko bakoitzean, lan araubidea oro har ezarritako zerbitzuen %100ekoa izanen da.

Ospitalez kanpoko Larrialdietako Zerbitzuetan eta Larrialdietako Zerbitzu Arruntetan:

Oro har, ezarritako zerbitzuen %100ekoa izanen da lan araubidea.

“San Francisco Javier” zentroko laguntza medikoa:

Mediku bat.

Aho-hortzetako osasuna:

Odontologo bat laguntza orokorrerako, HGHZPko odontologo bat, erizaintzako 2 laguntzaile, administrazioaren arloko profesional bat.

III.–Osasuneko Informazio Sistemen Zerbitzua (zerbitzu zentralak).

1. Sistema informatikoetako teknikari bat txanda bakoitzeko, osasun zentroetako gorabeherei aurre egiteko.

2. Gutxieneko zerbitzuetako langileek bete beharko dituzte aurreko artikuluan aipatutako funtsezko zerbitzuak, zentroetako kudeatzailetzek horretarako izendaturik. Legez kanpokotzat hartuko da funtsezko zerbitzuak ez betetzea edo aldatzea, eta arau-hausleak horren erantzule izanen dira.

3. Aurreko artikuluetan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen legeriak egoera horretan diren langileentzat aitortzen dituen eskubideei.

4. Ebazpen hau greba batzordeari jakinaraztea.

5. Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta honakooi igortzea, bere ondorioak izan ditzan: Profesionalen Zuzendaritzari, Langileriaren eta Lan Harremanen Zuzendariordetzari, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren barrenean langileriaren arloko eskumenak esleiturik dituzten zuzendaritza eta zerbitzuei, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Lan Harremanen Atalari eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57.2.c) artikuluarekin bat eta Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko kontseilariaren apirilaren 19ko 82/2016 Foru Aginduaren bidez egindako eskuordetza erabiliz.

Iruñean, 2019ko martxoaren 4an.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Óscar Moracho del Río.

Iragarkiaren kodea: F1903135