Iragarkia
55. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 21a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
10/2019 EBAZPENA, urtarrilaren 24koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiarena, eskola absentismoari eta eskola uzte goiztiarrari aurre egiteko eta ikasle guztien eskola arrakasta sustatzeko baliabideak eta neurriak berrantolatzea eta zabaltzea onartzen duena, Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza irakasten duten ikastetxe publikoek emandako hezkuntzaren aurrerapenerako eta laguntzarako orientazio eta errefortzu Programaren esparruan.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 2. artikuluak, hezkuntzaren helburuei buruzkoak, arautzen du, besteak beste, ikasleek beren ikaskuntza propioa erregulatzeko duten gaitasuna garatu behar dela, beren gaitasunetan eta ezagutzan konfiantza izateko, eta orobat, sormena, ekimen pertsonala eta espiritu ekintzailea garatzeko. Horregatik, hezkuntza plangintza zuzenaren helburu handietako bat da ikasleek hezkuntza sisteman irautea, beren erabateko garapena lor dezaten.
Ikasle guztiek hezkuntza arrakasta lortzeko aukera berdinak izan ditzaten, hezkuntza sistema osoaren gainean egin behar da lan, eta kendu egin behar dira hezkuntza etapen kalitatea jaisten eta ekitatea kaltetzen duten oztopoak. Hezkuntza prozesuaren zenbait elementu ere kendu behar dira, hasierako desberdintasunak areagotzen baitituzte, hezkuntzarekiko lotura haustea bultzatzen baitute eta, azken finean, eskolan porrot egiteko eta hura uzteko arriskuak handitzen baitituzte, batez ere gizarte talde kalteberenen artean. Berebiziko garrantzia du jarduketa horiei ikastetxeen autonomiatik heltzeak.
Jarraibide hauen garapena eratorri da pasa den azaroaren 29ko Hezkuntzaren Sektoreko Konferentzian hartutako akordiotik, haren xedea baitzen eskola uzte goiztiarra murrizteko helburua duten hezkuntza politikak sustatzea, era horretan hurbilago izan ditzagun Europa 2020 Estrategian ezarritako tasak.
Programa honen ardatz nagusia da eskola porrota prebenitzea eta eskola uzte goiztiarra murriztea, eta, horretarako, neurri sail bat sustatzen da. Neurri horien bidez ikastetxeen autonomia aitortzen da, eta hezkuntza administrazioak hezkuntza praktikak bideratzeko duen betebeharra ere bai, ikasle guztiei kalitatezko hezkuntza bermatzea helburu.
Antolamendu, Orientazio eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuaren zuzendariak jarraibide hauek onartzearen aldeko txostena eman du, haien helburua izanik absentismoari eta eskola uzte goiztiarrari aurre egiteko eta ikasle guztien eskola arrakasta sustatzeko baliabideak eta neurriak berrantolatzea eta zabaltzea, hezkuntzaren aurrerapenerako eta laguntzarako orientazio eta errefortzu Programaren esparruan.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Hezkuntzaren aurrerapenerako eta laguntzarako orientazio eta errefortzu Programaren esparruan, absentismoari eta eskola uzte goiztiarrari aurre egiteko eta ikasle guztien eskola arrakasta sustatzeko baliabideen eta neurrien berrantolaketa eta zabalpena arautuko dituzten jarraibideak onartzea, ebazpen honen eranskinean adierazten den moduan eta 2019ko urtarrilaren 1etik 2020ko abuztuaren 31ra bitarterako.
2. Ebazpen honen eta bere eranskinaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
3. Ebazpen hau eta bere eranskina Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuari, Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren, Berdintasunaren eta Bizikidetzaren Zerbitzuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Unibertsitateen Zerbitzuari, Hezkuntzako Teknologien eta Informazio Sistemen Zerbitzuari, Giza Baliabideen Zerbitzuari, Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuari, Lanbide Heziketaren Zerbitzuari, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegoari eta Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiari igortzea, behar diren ondorenak izan ditzaten.
4. Ebazpen honek eta bere eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko dute indarra.
Iruñean, 2019ko urtarrilaren 21ean.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.
I. ERANSKINA
Hezkuntzaren aurrerapenerako eta laguntzarako orientazio eta errefortzu Programaren esparruan, eskola absentismoari eta eskola uzte goiztiarrari aurre egiteko eta ikasle guztien arrakasta sustatzeko baliabideen eta neurrien berrantolaketa eta zabalpena arautuko dituzten jarraibideak
Eskola porrota prebenitzea eta sistema uzte goiztiarra murriztea da programaren ardatz nagusietako bat, eta ardatz hori betetzeko, laguntzak ematen ditu ingurune sozioekonomiko kalteberetan dauden ikastetxeei, hezkuntza komunitatea inplikatzen du eta irakasleen prestakuntza indartzen du, beren lanbidean sortzen zaizkien behar anitzei erantzun hezigarria eman diezaieten.
Programa hau 2019ko urtarrilaren 1etik 2020ko abuztuaren 31ra bitartean betetzekoa da. Programaren hartzaileak Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako ikasleak, Bigarren Hezkuntzako ikasleak eta irakasleak dira.
Hauek izanen dira proiektuen koordinatzaile nagusiaren eta proiektuaren kudeatzailearen eginkizunak:
Hauek izanen dira berrikuntza proiektuen koordinatzaile nagusiaren eginkizunak:
1. Proiektuen diseinuan, formulazioan eta exekuzioan parte hartzea.
2. Komunitatearen onespena eta gauzatzeko bultzada sustatzea.
3. Programan zuzen edo zeharka parte hartzen dutenen arteko komunikazioa eta lotura erraztea (irakasleak, sustatzaileak, gizarte zerbitzuak, familiak, ikasleak...).
4. Ikaslearen prestakuntza eta ibilbide akademikoa hobetzeko estrategia pedagogikoen exekuzioa sustatzea eta koordinatzea, ikaslek eskolan jarrai dezaten.
5. Eskolarekiko atxikipena finkatzea eta ikasleen garapen integrala errazten dituzten estrategiak sustatzea hezitzaileekin.
6. Programa eta proiektuen administrazioa, optimizazioa eta jarraipena egiteko aukera emanen duten erregistroak eta kontrolak eramateko tresnak diseinatzea.
7. Bere kargu diren langileak koordinatzea eta haiei laguntza ematea beren eginkizunetan, etengabeko arreta eskainiz, ahalik eta hobekien ari daitezen.
8. Proiektuen garapena ebaluatzea, proposatutako helburuen irismena egiaztatzeko eta lortutako emaitzak zabal daitezen sustatzeko.
9. Ebaluazioen emaitzei jarraipena ematea, hobetzeko aukerak hautemateko.
10. Programaren bitartez identifikatutako aukerei arreta emateko estrategiak inplementatzea eta elkar trukeko eta prestakuntzarako jarduerak sustatzea.
Eginkizun hauek izanen ditu berrikuntza proiektuen kudeatzaileak:
1. Proiektuaren zuzendaritza eta jarraipena: ekintzen zehaztapena eta planifikazioa eta mugarrien jarraipena. Eraldaketak egitea.
2. Kontsultei erantzutea: Europako arauen gainekoak, gastuak justifikatzeko moduaren gainekoak...
3. Jarraipenaren eta ekonomia-finantzarioaren inguruko txostenak egitea.
4. Kudeaketako, ordainketako eta kontroleko agintariekiko harremanak: kontsultei nahiz informazio edo dokumentazio errekerimenduei erantzutea...
5. Ereduen erredakzioa eta dokumentazio administratiboaren egiaztapena: konpromiso gutunak, lankidetza-akordioak...
6. Bilerak: deialdiak egitea, aktak jasotzea, elkarrizketak egitea...
7. Informazioa eta dokumentazioa bilatzea eta aztertzea.
8. Txostenak idaztea.
EGIN BEHARREKO EKINTZAK
1. Prestakuntza jarduerak.
Xede horiek guztiak lortzeko erabat funtsezkoa da irakasleen prestakuntza indartzea eta haien lanbiderako baliabide pertsonalak eta instituzionalak ematea, beren ekarpena egin dezaten curriculuma artikulatzeko, konpetentzia pedagogikoak eta didaktikoak lantzeko eta ikastetxeetan lankidetzan aritzeko kultura sustatzeko.
Aurreikusitako neurrietan badira hiru ekintza mota:
a. Sentsibilizazio jardunaldiak.
b. Absentismoa eta eskola uzte goiztiarra prebenitzeko jardunbide onen trukerako saioak.
c. Irakasle taldeak prestatzea ikastetxean.
2. Absentismoa prebenitzeko eta eskola porrotaren aurka lan egiteko berrikuntza proiektuetarako deialdiak egitea haur eta lehen hezkuntzako zentro publikoetan eta derrigorrezko bigarren hezkuntzako zentroetan.
Hezkuntza jarduketa batzuk oso lagungarriak dira eskolako arrakastarako, desberdintasunak gainditzeko eta kohesio soziala bultzatzeko. Ez da erraza estrategia eta jardunbide horiek ikastetxeetara eramatea, eta ez da prozesu berehalakoa ere. Ikastetxe bakoitzak bere prozesua egin behar du, bere testuinguruaren eta berezitasunen azterketatik abiatuta, absentismoari eta eskola uzte goiztiarrari aurre egiteko neurriak jasoko dituen plana osatzeko.
2.1. Deialdiaren xedea.
Hobekuntzarako proiektu bat egin eta beteko da eguneratze eta berrikuntza programa osatzeko, eta hura ikastetxe bakoitzaren eta Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren arteko lankidetza kontratu batean jasoko da. Kontratu horretan, ikastetxeak bere gain hartuko du absentismoa prebenitzeko eta ikaslea hezkuntzan txertatzeko neurriak ezartzeko konpromisoa, ikasle guztien heziketaren emaitzak hobetze aldera. Hezkuntza Departamentuak bere gain hartzen du ikastetxearen osoko aldaketa prozesu horretan laguntzeko konpromisoa, eta aholkularitza, prestakuntza eta, aldi berean, proiektua aurrera eramateko behar diren baliabideak emanen ditu.
2.2. Hartzaileak.
Deialdi honen hartzaileak Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publikoak dira, eta lehentasuna izanen dute inguru sozioekonomiko kalteberetako ikastetxeek. Proiektuaren jarduketak Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetara eta DBHko ikasleengana bideratuko dira lehentasunez.
2.3. Ikastetxeetako talde eragileen eginkizunak.
Hauek izanen dira talde eragileen eginkizunak:
–Ikastetxeko irakasleak sentsibilizatzea absentismoaren eta eskola porrotaren larritasunaren inguruan.
–Prestakuntza prozesuak aurrera eramatea eta dinamizatzea maila guztietan eta klaustro osoan.
–Ikastetxean absentismoaren eta porrotaren prebentzioa hobetzeko gogoeta egin eta erabakiak hartzeko prozesuak sustatzea.
–Hobetzeko proposamenen inplementazioaren jarraipena egitea.
–Prozesuaren faseak eta azken emaitza ebaluatzea.
–Prozesuaren faseak eta azken emaitza ebaluatzea.
3. Ikastetxeen arteko eguneratze eta trukatze sareak.
3.1. Sareen eraketa.
Programan parte hartzen duten ikastetxeek prestakuntza sareak eratzen ahalko dituzte, eta horietan elkartuko dira absentismoaren eta porrotaren prebentziorako berrikuntza proiektuetan eskarmentua duten ikastetxeak eta aldaketaren eta hobekuntzaren bide horretan abiatu berri diren ikastetxeak.
Sareek aholkulari bat izanen dute, prestakuntza prozesuak gidatzeko. Aldian behin, sareek topaketak egiten ahal dituzte, esperientziak eta prestakuntza elkarrekin partekatzeko.
Sareko lanetik abiatuta, neurriak eta proposamenak ikasgeletan inplementatzeko zereginak antolatuko dira, eta ikastetxeko ordezkariak koordinatuko ditu.
Ikastetxeak sareetan sartuko dira horretarako zabalduko diren deialdien bidez.
3.2. Ikastetxeen sareetako aholkulariaren eginkizunak.
Eginkizun hauek izanen dituzte prestakuntza sareen aholkulariek:
–Bere ardurapeko sareen prestakuntza ibilbidea diseinatzea.
–Gainerako sareetako aholkulariekin koordinatzea ildo komuna eramateko.
–Sarerako eta ikastetxeetarako prestakuntza baliabideak sortzea eta egituratzea.
–Bilera bakoitzerako helburuak eta proposamenak proposatzea.
–Bultzatzailea den ikastetxe bakoitzean sortzen diren zalantza eta beharrei erantzuteko prest egotea.
3.3. Ikastetxeetako koordinatzaileen eginkizunak.
Hauek izanen dira ikastetxeetako koordinatzaileen eginkizunak:
–Ikastetxeetan inplementatu beharreko ekintzak diseinatzen diren sareko bileretan parte-hartzea.
–Ikastetxeko auto-ebaluaketa prozesua kudeatzea.
–Ikastetxean prestakuntza prozesua osatzen eta hobekuntza proposamenak inplementatzen dituzten batzordeak dinamizatzea, bereziki Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetan eta DBHko 1. eta 2. mailan.
–Ikastetxe horren sare bereko beste ikastetxeetako klaustroen prestakuntzan laguntzea.
–Prozesuaren faseak eta azken emaitzak ebaluatzea.
4. Absentismoan eroritako ikasleei eta eskola porrotaren edota eskola nuzte goiztiarraren arriskuan dauden ikasleei laguntzea.
Eskola absentismo handia duten ikasleei eta eskolan errendimendu eskasa izan eta eskola uzte goiztiarraren arriskua duten ikasleei banakako arreta emateko jarduketa batzuk egitea planteatzen da. Lehen Hezkuntzako eta DBHko ikasleak izanen dira jarduketa horien hartzaile.
Jarduketa horien helburua esku-hartze neurriak ezartzea da, eskola porrotaren eta eskola uzte goiztiarraren arrisku faktoreetan eragiteko.
Helburuak:
1. Absentismoaren, eskola porrotaren eta eskola uzte goiztiarraren faktoreak identifikatzea, aztertzea eta garaiz esku-hartzea.
2. Hezkuntza sistema goiz uzteko arriskuan dauden ikasleekin jardun dezaketen profesionalak sentsibilizatzea eta haiei prestakuntza ematea.
3. Ikasleek hezkuntza sisteman jarraituko dutela eta eskola arrakasta izanen dutela bermatzeko baldintzak sortzea, batez ere ikasle kalteberen kasuan.
Programa espezifiko hauek garatzen dituzte jarduketak:
4.1. Eskola porrotaren edota absentismoaren arriskua duten ikasleen heziketan laguntzeko programa.
4.1.1. Programaren xedea.
Heziketarako Laguntza Programa berariazko baliabide bat da, eta bere xedea da ikasleek, era berezian ikasle kalteberek, hezkuntza sisteman aurrera egiten dutela eta arrakasta lortzen dutela bermatzeko baldintzak sustatzea.
Programak profesional batzuk jartzen ditu ikastetxe jakin batzuen eskura, programaren xedeak bete ditzaten. Haien esku-hartzearen xedea izanen da hezkuntza inklusiboa laguntzea, bertako irakasleekin lankidetzan, baldintza soziokultural desegokietan diren ikasleen ikaskuntza- eta txertatze-zailtasunei aurre egiteko.
Laguntza horren barnean sartuko da harrera eta komunikazio hizkuntza irakastea hizkuntza hori ezagutzen ez duten atzerriko ikasleei, eta arlo instrumentaletan curriculum atzerapen nabarmena duten ikasleei arreta ematea.
4.1.2. Berariazko helburuak.
a) Eskolak, familiak eta esparru sozial eta komunitarioak (oinarrizko gizarte zerbitzuek, adingabekoen babes baliabideek, osasun arlokoek, gizarte erakundeek, etab.) eskola uzteko edo porrota izateko arriskuan dauden ikasleen tratamendurako eta berreskurapenerako egiten duten lana koordinatzea.
b) Hezkuntza sisteman bazterketa arriskuan diren ikasleen harrera eta integrazio prozesuetan ari diren tutore-irakasleekin lankidetzan aritzea.
c) Irakasleei laguntzea, ikasle guztiek etapa, ziklo eta mailari dagozkien eskola curriculumeko oinarrizko gaitasunak lortzeko aukera dutela bermatzeko.
d) Ohiko testuinguruetan lagungarriak izanen diren proposamen metodologiko irekiak eta malguak egitea, ikasle guztiek parte hartzeko aukera izan dezaten.
e) Absentismoaren, eskola porrotaren eta eskola uzte goiztiarraren faktoreak identifikatzea, aztertzea eta horietan garaiz esku hartzea.
f) Irakasleekin lankidetzan aritzea hezkuntza sistemara bertako hizkuntza ezagutu gabe sartzen diren ikasleei komunikazio hizkuntza irakasteko lanean.
g) Ohiko irakaskuntzarako errefortzua eta orientazioa, eskolaz kanpoko jardueren bidez; esaterako, ikasketa bideratua, arlo instrumentalen errefortzua eta gurasoen eskolak.
h) Kulturarteko gaitasunak eta balioak sustatzea hezkuntza komunitatean, gizarte pluralean aniztasuna elkarren aberasgarri dela erakusteko.
4.1.3. Programaren garapena.
Hezkuntza Departamentuak erabakitako Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan ezarriko da programa. Heziketa laguntzaren beharrizan espezifikoak dituzten ikasleen kopurua kontuan hartuta aukeratuko dira ikastetxe horiek, bai ikasleak hezkuntza sistemara berandu sartu direlako, bai bestelako baldintza pertsonalak nahiz eskola historiak dituztelako.
Programan parte hartzeko lehentasuna izanen dute Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako eta DBHko 1. eta 2. mailako ikas-taldeek, bertako ikasleek harrera eta komunikazio hizkuntza oso eskas ezagutzen dutenean edota curriculum atzerapen handia erakusten dutenean.
4.1.4. Ikaskuntzan laguntzeko programako irakasleen eginkizunak.
Irakasle horiek laguntza emanen dute irakasle-tutoreekin lankidetzan, eta eginkizun hauek izanen dituzte:
–Ikaslea eskolako nahiz kanpoko giroan txertatzeko lan egitea. Horretarako, beste hainbat erakunderekin ariko da lankidetzan (Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak, gizarte erakundeak eta beste), horiek ikasleen eta beren familien parte hartzea gizartean sustatzeko lanean ari direnean.
–Irakasle tutoreekin koordinatzea heziketa jarduera planifikatzeko eta ebaluatzeko, erreferentzia hartuta ikasgelaren programa, bereziki arlo instrumentaletakoak diren edukien kasuan.
–Harrera eta komunikazio hizkuntza ezagutzen ez duten atzerriko ikasleei hizkuntza irakastea, ikuspegi komunikatibo eta kurrikular batetik.
–Ikasgelan gauzatzen den ikas-prozesuan parte hartzeko aukera ikasle guztiei zabaltzen dieten estrategia metodologiko inklusiboak sustatzea eta aurrera eramatea.
–Ikaskuntzan laguntzeko eta hezkuntza errefortzu programak garatzea eta koordinatzea arratsaldeko ordutegian, helburuak izanik ikasleen jarraikortasuna, haien errendimendua hobetzea eta hezkuntza sisteman arrakasta lortzen laguntzea.
–Eskola absentismo egoeran dauden ikasleek eta haien familiek hezkuntzan duten parte-hartzea hobetzea, erabat txerta daitezen.
4.2. Hezkuntza errefortzurako programa arratsaldeko ordutegian.
Programa honen bidez hainbat jarduketa eskaintzen dira, desberdintasunak konpentsatzeko, ekitatea laguntzeko eta absentismoa, porrota eta eskola uzte goiztiarra murrizteko.
Programaren helburu dira ikasleen jarraikortasuna lortzea, haien errendimendua hobetzea eta hezkuntza sisteman arrakasta izan dezaten laguntzea. Behar denean, eta atzerriko ikasleak hizkuntza ez badaki, komunikazio hizkuntza ikasteko prozesua indartzeko jarduketak egin daitezke.
4.2.1. Programaren xedea.
Eremu sozialean eta hezkuntzaren eremuan desabantailan dauden ikasleek eskolan dituzten aukerak hobetzea da programaren helburu nagusia. Helburu hori betetzeko, laguntza antolatua ematen du eskolaz kanpoko ordutegian, eta alderdi emozionala lantzea giltzarri baldin bada ikasketaren oinarria finkatzeko, gabezia sozialak eta hezkuntzakoak konpentsatzen ditu. Pilatutako eskola atzerapenengatik eta eskolako nahiz gizarteko integrazio eskasagatik ikasleari ikasteko sortzen zaizkion trabak gainditzea da azken helburua, baldin eta ikasle horrek absentismoa eta eskola uzte goiztiarraren arriskua agertzen baldin baditu.
4.2.2. Ikasle onuradunak.
Oro har, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako eta DBHko 1. eta 2. mailetako ikasleei lagunduko die programak, eta orientazio taldeek ikastetxeetako irakasle taldeekin lankidetzan aukeratuko dituzte ikasle hartzaileak, familien konpromisoarekin eta profil honen arabera:
–Inguru sozioekonomiko kalteberetako ikasleak, desegituratutako familietakoak, ezaugarri pertsonal jakinekoak, ikasteko zailtasunak eta atzerapenak dituztenak, eskolan izaera gatazkatsua dutenak, etab.
–Eskolara maiz huts egiten duten ikasleak, atzeratzen direnak, jokabide disruptiboak dituztenak, errendimendu baxukoak, konpetentziak eskuratu ez dituztenak.
–Komunikazio hizkuntza batere ez edo gutxi ezagutzen duten ikasleak.
–Beren lan ordutegiengatik ikasketetan edo etxeko lanetan laguntzerik ez duten gurasoen seme-alabak diren ikasleak.
–Inguru familiarrean ikasteko baldintza egokirik ez duten ikasleak.
–Irakurtzeko eta idazteko gaitasunak eskas garatu dituzten ikasleak.
4.2.3. Programaren garapena.
Programa garatuko duten ikastetxeek ikasle talde bat edo gehiago antolatuko dituzte, arratsaldeko ordutegian (astean 4 ordu) ikastetxera joateko, eta ordu horietan curriculum edukien errefortzu saioak eginen dituzte eta ikas-estrategiak eta heziketa helburuak betetzen laguntzeko trebetasun pertsonalak eta sozialak landuko dituzte, ikastetxean erabakiko den ordutegi antolamenduarekin.
Ikasleak gehienez 8 pertsonako taldeetan antolatuko dira.
Ikastetxeek jarduera horiek egiteko prestatzen dituzten guneek (liburutegiek, ikasgelek, gimnastika gelek, patioek, hurbileko irteerek eta antzekoek) egokiak izan behar dute gizarte edo/eta hezkuntza eremuetako hutsuneak konpentsatzeko lan dinamika irekiak eta malguak eskaintzeko, elementu emozionala giltzarri denean ikasketaren oinarria finkatzeko.
Familiek konpromisoa hartuko dute seme-alabak erregulartasunez joan daitezen ikastetxera, eta beraiek ere ikastetxeko bileretara eta elkarrizketetara joatekoa.
Ikasturtean zehar programan sartzeko edo ateratzeko aukera izanen dute ikasleek. Programaren ezarpenerako planifikazioa antolatuko du Hezkuntza Departamentuak.
4.2.4. Arratsaldeko errefortzu programako irakasleen eginkizunak.
Programa aurrera eramanen duten irakasleek gida eta orientazio lanak eginen dituzte, material egokiak eskainiko dituzte horren premia denean, zalantzak argituko dituzte, denbora antolatzeko eta lanak planifikatzeko eta prestatzeko jokabideak, balioak eta ohiturak hartzen lagunduko dute, eta konstantziaren, kontzentrazioaren eta arduraren ohiturak hartzen lagunduko dute.
–Laguntza hezitzaileko arreta banakatua emateko programak diseinatzea eta praktikan jartzea. Programa horien berariazko xedea izanen da absentismoaren edo eskola uztearen arriskua edo/eta ikasteko zailtasunak eta gizarte edo hezkuntza eremuetako laguntza behar duten Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako eta DBHko 1. eta 2. mailetako ikasleek eskola arrakasta lortzea.
–Ikasgelako integrazioa, lankidetza eta denbora antolatzea eta aisialdi hezigarria lortzeko oinarrizko konpetentziak eta trebetasun sozialak landuko dituzten jarduera irekiak, jostagarriak eta motibagarriak aurrera eramateko programak garatzea. Esaterako, naturara irteerak antolatzea, lankidetza jolasak, ikastetxeen arteko topaketak, liburutegi publikoa edo museoak bisitatzea, lehiaketetan eta antzerki proiektuetan parte hartzea...
–Hezkuntza komunitateen parte-hartzea zabaltzeko ekimenak sustatzea.
–Hezkuntza komunitatearen boluntarioen parte-hartzearekin antolatutako talde elkarreragileak.
–Solasaldi mistoak irakasle eta gurasoekin.
4.3. Pertsona sustatzailea edo bitartekari soziokulturalaren deialdia.
Faktore sozialek, ekonomikoek, kulturalek, geografikoek, etnikoek eta bestelako faktoreek eragindako desberdintasunak izaten dira absentismoaren, eskola porrotaren eta eskola uzte goiztiarraren atzean; gainera, faktoreak okertzen dituzte egoera horiek.
Egoera horiek prebenitzeko jarduketak sustatze aldera, kolektibo kalteberengan eragin berezia dutenez, zenbait ikastetxetan eskola sustatzailearen edo bitartekari soziokulturalaren figura sortzea planteatzen da. Haren eginkizuna litzateke ikasleak eta beren familiak gizartean eta hezkuntzan txertatzen lagunduko duten esku-hartze integralak koordinatzea, ikasketan laguntzeko eta hezkuntza errefortzurako programak antolatuz arratsaldeko ordutegian eta familien, ikastetxearen eta integrazioa bilatzen dituzten gainerako erakundeen arteko harreman iraunkorra eta arina erraztuz.
Deialdi honen helburua da erreferentziazko figura bat ezartzea, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetan eta DBHko 1. eta 2. mailetan arratsaldeko laguntza-proiektua kudeatu eta dinamizatuko duena, eta ikastetxeek gizartean eta hezkuntzan txertatzeko egiten dituzten jardueretan esku hartuko duena, familiekiko eta inguruko erakundeekiko lotura eginez (Oinarrizko Gizarte Zerbitzuekiko, osasun zerbitzuekiko edo gizarte erakundeekiko lotura, besteak beste).
4.3.1. Deialdiaren xedea.
Eskolako sustatzaileak edo bitartekari soziokulturalak kontratatzea da deialdiaren xedea, susta dezaten ikasleak eta beren familiak gizartean eta hezkuntzan txertatzea, honako hauen bidez:
1. Gatazka pertsonalak eta arrisku sozialak dituzten ikasleak identifikatzea eta ikasle horiei laguntzeko neurriak diseinatu eta gauzatzea (Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako eta DBHko 1. eta 2. mailetako ikasleak izanen dira, bereziki).
2. Ikasketan laguntzeko programak eta hezkuntza-errefortzurako programak aurrera eramatea arratsaldeko ordutegian. Horien xede izanen da ikasleek ikasten jarraitzea, haien errendimendua handitzea eta hezkuntza sisteman arrakasta izaten laguntzea.
3. Gizartean eta hezkuntzan txertatzen aritzen diren eskualdeko kolektibo eta erakundeekiko sare-lana errazteko mekanismoak garatzea.
4. Eskola absentismoko egoeran dauden ikasleek eta haien familiek hezkuntzan duten parte-hartzea hobetzea, haien txertatze osoa lortzeko.
5. Ikasleen artean bizikidetza giro egokia bultzatzea, eta berariaz sustatzea interakzio sozialeko jarrera positiboak kultura ezberdinetako taldeen eta gutxiengoen artean.
6. Proiektua diseinatzeko, garatzeko eta ebaluatzeko prestakuntza ematea irakasleei eta hezkuntza komunitateari, eta eragile horiek lan horietan inplikatzea.
4.3.2. Proiektuaren ezaugarriak.
Honako alderdi hauek landu behar dituzte zonaldeko ikastetxe batek edo batzuek egindako programek eta proiektuek, ikasleek eta beren familiek ikastetxe horietan inklusio soziala eta hezkuntza inklusioa lor dezaten laguntzeko:
a) Eskolan, familian eta esparru sozial eta komunitarioan egiten den lana koordinatzea.
b) Hezkuntza komunitateak, erakundeek, gizarte zerbitzuek, elkarteek eta beste batzuek neurrien garapenean eta baliabide egokien erabileran inplikatzea, gatazka edo arrisku soziala duten ikasleen tratamendu eta suspertze lanari dagokionez.
c) Bazterketa arriskuan diren ikasleak hartzea, eta hezkuntza sisteman integratzea.
d) Ohiko irakaskuntzarako errefortzua eta orientazioa, eskolaz kanpoko jardueren bidez, esaterako ikasketa bideratua, arlo instrumentalen errefortzua, gurasoen eskolak, etab.
e) Ikastetxearen elkarlana beste erakunde, entitate eta elkarte batzuekin, ikasleak gizarteratzeko eta horien hezkuntza indartzeko programak garatzeko.
4.3.3. Ebaluaziorako adierazleak.
1.–Egikaritzaren adierazleak
–Parte hartu duten ikasleen kopurua eta haiekin egindako jarduketak.
–Arreta jaso duten familien kopurua, eta egin diren jarduketak.
2.–Berehalako emaitzen adierazleak:
–Gatazka pertsonalak eta arrisku soziala dituzten ikasleen identifikazioa, eta kasu horietan laguntza emateko neurrien diseinua eta inplementazioa.
–Jarduketen eragina eskola absentismoaren kasuak eta egoerak murrizteko.
–Aurrerapena hezkuntza normalizazioan, ikasketa arrakastaren tasak igotzeko.
–Irakasleak prestatzeko eta hezkuntza komunitatea sentsibilizatzeko berariazko jarduerak egitea.
–Ikastetxeekin zer koordinazio bide ezarri diren, eskolara huts egiten duten ikasleek eta beren familiek hezkuntzan duten parte-hartzea nabarmenki hobetzeko eta haien txertatze erabatekoa lortzeko.
–Ikasleak eta beren familiak gizartean eta hezkuntzan txertatzen aritzen diren zonaldeko kolektibo eta erakundeekiko sare-lana errazteko garatu diren mekanismoak.
–Irakasleak prestatzeko eta hezkuntza komunitatea sentsibilizatzeko berariazko jarduerak egitea.
4.3.4. Sustatzaile edo bitartekari soziokulturala izanen den pertsonaren eginkizunak:
Programa aurrera eramanen duten irakasleek gida eta orientazio lanak eginen dituzte, material egokiak eskainiko dituzte horren premia denean, zalantzak argituko dituzte, denbora antolatzeko eta lanak planifikatzeko eta prestatzeko jokabideak, balioak eta ohiturak hartzen lagunduko dute, eta konstantziaren, kontzentrazioaren eta arduraren ohiturak hartzen lagunduko dute.
–Laguntza hezitzaileko arreta banakatua emateko programak diseinatzea eta praktikan jartzea. Programa horien berariazko xedea izanen da absentismoaren edo eskola uztearen arriskua edo/eta ikasteko zailtasunak eta gizarte edo hezkuntza eremuetako laguntza behar duten Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako eta DBHko 1. eta 2. mailetako ikasleek eskola arrakasta lortzea.
–Ikasgelako integrazioa, lankidetza eta denbora antolatzea eta aisialdi hezigarria lortzeko oinarrizko konpetentziak eta trebetasun sozialak landuko dituzten jarduera irekiak, jostagarriak eta motibagarriak aurrera eramateko programak garatzea. Esaterako, naturara irteerak antolatzea, lankidetza jolasak, ikastetxeen arteko topaketak, liburutegi publikoa edo museoak bisitatzea, lehiaketetan eta antzerki proiektuetan parte hartzea...
–Hezkuntza komunitateen parte-hartzea zabaltzeko ekimenak sustatzea:
- Hezkuntza komunitatearen boluntarioen parte-hartzearekin antolatutako talde elkarreragileak.
- Solasaldi mistoak irakasle eta gurasoekin.
Iragarkiaren kodea: F1901192
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
