55. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

40/2019 FORU AGINDUA, martxoaren 1ekoa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, 2019ko martxoaren 8rako deitutako greba orokorra dela eta, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan ezartzen diren gutxieneko zerbitzuak betetzeko behar diren langileak zehazten dituena.

ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, CGT, CNT, CCOO eta UGT sindikatuek greba orokorrerako deia egin dute, 2019ko martxoaren 8rakoa.

Gobernuko agintaritzarenak dira funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren erabakitzeko eskumena eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzeko eskumena, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko 13/1982 Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuak, egoera honetan aplikatzekoa denak, lehen xedapen gehigarrian adierazten duenez, ahalmena ematen die Nafarroako Gobernuko kontseilariei eta erakunde autonomoetako organo eskudunei funtsezko prestazio publikoetarako gutxieneko zerbitzuak ezar ditzaten, baita horiei arreta emateko behar diren langileak ere, betiere grebarako deia egin duten sindikatuei entzun ondoren.

Azaldutakoaren ondorioz, foru agindu honek hauxe du xedea: martxoaren 8rako deitutako greba dela eta, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren gutxieneko zerbitzu funtsezkoak arautzea. Horiek ezartzeko, aintzat hartzen da, funtsean, zerbitzu horiek ezinbestekoak direla behar bezalako arretari eusteko.

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren ustez, beharrezkoa da Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuaren mendeko barrutietan gutxieneko zerbitzuak izatea.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 2019ko martxoaren 8rako deitutako greba orokorra dela eta, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, honako gutxieneko zerbitzu hauek errespetatuz egiten ahalko da greba:

  • Basozain bat barruti eta txanda bakoitzeko.

2. Aurreko artikuluan aipatutako funtsezko zerbitzuak Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuak gutxieneko zerbitzuetarako izendatzen dituen langileek bete behar dituzte. Legez kanpokotzat hartuko da funtsezko zerbitzuak ez betetzea edo aldatzea, eta arau-hausleak horren erantzule izanen dira.

3. Aurreko artikuluetan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen legeriak egoera horretan diren langileentzat aitortzen dituen eskubideei.

4. Foru agindu hau igortzea greba batzordeari; Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuari; Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Langileria Bulegoari eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren Lan Harremanen Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

6. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dela haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzenduta, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2019ko martxoaren 1ean.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Isabel Elizalde Arretxea.

Iragarkiaren kodea: F1903024