55. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

19/2019 FORU AGINDUA, martxoaren 4koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, 2019ko martxoaren 8rako deitutako greba orokorra dela eta gutxieneko zerbitzuak eta horietarako behar diren langileak zehazten dituena departamentu horren eskumenen esparruan.

ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS eta CNT sindikatuek greba orokorrerako deia egin diete Nafarroako Foru Komunitatean dauden enpresa eta erakundeetako langile eta enplegatu publiko guztiei, 2019ko martxoaren 8ko 00:00etatik 24:00ak arteko lanuzteak egin ditzaten.

Confederación Sindical de Comisiones Obreras eta Confederación Sindical de la Unión General de Trabajadores sindikatuek greba orokorrerako deia egin diete Estatu Espainoleko eremu geografiko eta juridikoan dauden enpresa eta erakundeetako langile eta enplegatu publiko guztiei (bulego eta lantoki guztietako funtzionarioak nahiz langileak eta kontratudunak izan), 2019ko martxoaren 8ari begira, eta honako lanuzte hauek proposatu: goizeko txandako lanaldi zatitu eta jarraituetarako, 12:00etatik 14:00etara; goizeko txandako lanaldi jarraituetarako, 13:00etik 15:00etara; eta gaueko txandako lanaldi jarraituetarako, 2019ko martxoaren 8ko lehen bi orduetan edo azken bietan.

Hezkuntza funtsezko zerbitzu publikoa denez, beharrezkoa da neurriak hartzea, herritarrei konpondu ezinezko kalteak saiheste aldera. Kontuan hartu behar da, halaber, langile eta enplegatu publiko guztiek eskubide konstituzionala dutela iragarritako lanuztean parte hartzeko edo parte ez hartzeko. Funts publikoak jasotzen dituzten lantoki eta bulegoen funtzionamendua bermatuz babestu behar da eskubide hori.

Ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen oinarrizko zerbitzuen funtzionamendua bermatzeko behar diren neurriak hartzen dira, lanuzteetarako deiak direla eta. Foru dekretu horrek, egoera honetan aplikatzekoa denak, lehen xedapen gehigarrian adierazten duenez, ahalmena ematen die Nafarroako Gobernuko kontseilariei funtsezko prestazio publikoetarako gutxieneko zerbitzuak ezar ditzaten, baita horiei arreta emateko behar diren langileak ere, betiere grebarako deia egin duten sindikatuei entzun ondoren.

Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko organo eskudunek (enplegatu publikoei dagokienez) eta Hezkuntza Departamentukoek (funts publikoak jasotzen dituzten ikastetxe pribatu itundu edo diruz lagunduetako langileei dagokienez) greba batzordean dagozkien jarduketak eginik, beharrezkoa da gutxieneko zerbitzuei arreta emateko behar diren langileak ezartzea.

Aurrekoaz gainera, kasu honetan badaude gutxieneko zerbitzuak ezartzeko beste berezitasun hauek: Espainiako Konstituzioaren 27. artikuluak, 1. eta 5. apartatuetan, gizabanako guztien hezkuntza eskubidea aitortzen du, eta botere publikoek eskubide hori bermatu behar dutela ezartzen du; halaber, 4. apartatuan oinarrizko hezkuntza nahitaezkoa dela adierazten du.

Horrez gain, kontuan hartuta ikasleek unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetara joateko eskubidea –eta, batzuetan, betebeharra ere bai– dutela, Hezkuntza Departamentuak behar bezalako arreta bermatu behar die martxoaren 8an haien ikastetxeetara doazen ikasleei (gehienbat, adingabeak dira). Era berean, greban parte hartzen ez dutenek lan egiteko eskubidea dutenez, zuzendaritza lanak bermatu behar dira, grebarik egiten ez dutenek beren lanaldia egin dezaten.

Halaber, nahitaezkoa da departamentuaren egoitzan erregistroen funtzionamendua bermatzea gutxieneko langileekin, herritarrek idazkiak eta dokumentuak aurkezteko duten eskubidea babestearren, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta, zehazki, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9. artikuluak adierazitakoari jarraikiz.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. 2019ko martxoaren 8rako deitutako greba orokorrari dagokionez, departamentu honen gutxieneko zerbitzuak honako hauek izanen dira arestian aipatutako ordu tarteetan:

a) Unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan:

–Ikastetxeko zuzendaria.

–Ikasketaburua.

–Irakasle bat Haur eta Lehen Hezkuntzako hiru unitate edo zatiki bakoitzeko.

–Irakasle bat Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lau unitate edo zatiki bakoitzeko.

–Zaintzaile bat duten ikastetxeetan, horrek gutxieneko zerbitzuak egin beharko ditu, eta, zaintzaile gehiago egonez gero, zaintzaileen plantillako %50ek egin beharko dituzte horiek.

–Hezkuntza Bereziko ikastetxeetan, garbiketa zerbitzua ematen dela bermatu beharko da.

Ikastetxeetako zuzendaritzak zehaztuko du zer irakaslek garatu beharko dituzten gutxieneko zerbitzu horiek eta, hala bada, zer zaintzaile arituko diren.

b) 1.–Eskola-garraioa: Nafarroako Gobernuko Garraio Zerbitzuak foru agindu bat onetsiko du, eskola-garraioaren zerbitzu guztiei eusten dieten gutxieneko zerbitzuak ezartzen dituena.

2.–Eskola-jantokiak: eskola-garraio osoa bermatzen denez, beharrezkoa da garraiatutako ikasleei jantokiaren zerbitzua bermatzea eskualdeko ikastetxeetan. Hori dela eta, bi alderdi hauek hartu behar dira kontuan:

2.1. Elikadura zerbitzua: gutxieneko zerbitzu gisa ezartzen da elikadura zerbitzua eskualdeko eskola-jantokietan, bai garraiatutako ikasleentzat bai zaintzaileentzat. Zerbitzu horrek ez ditu barnean hartuko dieta bereziak. Horregatik, dieta horiek izanda martxoaren 8an jantokian bazkaldu behar duten ikasleen gurasoek haien dietaren araberako menua eraman beharko dute etxetik ikastetxera, baita guraso horiek sinatutako baimen bat ere, zeinaren bidez adierazten baita janari hori janen dutela, jantokian ematen denaren ordez.

2.2. Zaintzaileak: jantokia duten eskualdeko ikastetxeetan, jantoki-zaintzaile batzuek egon beharko dute, ikastetxeak hurrengo ratioen arabera hautatuko dituenak:

–Haur Hezkuntzako ikasleentzat eta Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailetako ikasleentzat: zaintzaile bat 30 ikasleko.

–Gainerako ikasleentzat: zaintzaile bat 50 ikasleko.

c) Departamentuaren bulegoetan, Montserrat Merino Gutiérrez andrea izendatzen da Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko arduradun, Hezkuntza Departamentuan (San Domingo kalea, z.g., Iruña).

2. Aipatutako langileen lanuzteek eta lan-gorabeherek xedapen hau errespetatzen ez badute, legez kontrakotzat joko dira, eta kasuan kasuko legeriaren arabera zigortuko dira.

3. Agintzea foru agindu hau jakinaraz dakiela ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, CNT Confederación Sindical de Comisiones Obreras eta Confederación sindical de la Unión General de Trabajadores sindikatuei; unibertsitateaz kanpoko ikastetxeei; Montserrat Merino Gutiérrez andreari; Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari; eta Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari eta Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko martxoaren 4an.–Hezkuntzako kontseilaria, María Roncesvalles Solana Arana.

Iragarkiaren kodea: F1903023