54. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

107/2019 EBAZPENA, otsailaren 6koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Lanbide Gaitasunak Egiaztatzeko eta Iturrondo Zentroaren Ataleko buruaren esku uzten duena profesionaltasun ziurtagiri bateko lantokietako prestakuntza praktikoaren modulua egiteko hitzarmenak izenpetzeko eskumena.

Profesionaltasun ziurtagiriak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren 5.bis artikuluko 2. apartatuari jarraikiz, lantokietako prestakuntza praktikoaren modulua egiteko, prestakuntza zentroek eta lantokiek hitzarmenak edo akordioak sinatuko dituzte, ezertan galarazi gabe enpresetan lan-kontraturik gabe egiten diren praktika profesionaletarako ezarritako araubideari lotu beharra.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 108.2. artikuluak ezartzen du erakunde publikoetako lehendakariek edo zuzendari kudeatzaileek horien ordezkaritza gorena izanen dutela. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren 12.a) artikuluan antzeko aurreikuspena dago.

Foru lege beraren 36.1 artikuluak ezartzen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organoen berezko eskumenak maila bereko edo baxuagoko beste organo bati eman dakizkiokeela eskuordetzan, hierarkian haren menpe ez badaude ere, kontrakoa ezartzen ez bada.

Artikulu horren 4. atalak aurreikusten duenez, eskumenak eskuordetu eta errebokatzea noiznahi egin daiteke. Agindu horiek eskuordetza egiten duen organoak onetsiko ditu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko dira. 6. atalak dio eskuordetze baten bidez ematen diren administrazio egintza eta ebazpenetan egoera hori azaldu beharko dela berariaz eta, ondorio guztietarako, organo eskuordetzaileak emanak bailiran hartuko direla.

Azaldutakoari jarraituz, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren 12. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 36. artikuluarekin bat,

EBATZI DUT:

1. Lanbide Gaitasunak Egiaztatzeko eta Iturrondo Zentroaren Ataleko buruaren esku uztea profesionaltasun ziurtagiri bateko lantokietako prestakuntza praktikoaren modulua egiteko hitzarmenak izenpetzeko eskumena.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpena igortzea Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuko zuzendariari eta Laguntza eta Kudeaketa Administratiboaren Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko otsailaren 6an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández Mendaza.

Iragarkiaren kodea: F1901802