54. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

84E/2019 EBAZPENA, urtarrilaren 31koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Arakilgo Udalak sustatutako Arakilgo Hirigintzako Udal Planari buruzko ingurumen adierazpen estrategikoa egiten duena.

Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6. artikuluan (Ingurumen ebaluazio estrategikoaren aplikazio eremua) ezarritakoaren arabera, planek ingurumen ebaluazio estrategikoa eta ingurumen adierazpen estrategikoa behar dituzte, plana onetsi baino lehen edo horrekin batera.

Arakil Ibarreko Udal Plan Orokorraren ingurumen izapidetzearekin hasteko, Lurraldea Okupatzeko Estrategia eta Ereduaren (LOEE) txostena aurkeztu zuen Ingurumen Kalitateko Zerbitzuak 2018ko maiatzaren 20an. Horretan, hirigintza plana eta hari dagokion ingurumen ondorioen azterketa (ingurumen azterketa estrategikoa) egitean kontuan hartu beharreko ingurumen alderdiak zehazten dira.

Arakilgo Hirigintzako Udal Plana 2017ko urriaren 30ean hasiera batez onetsi ondoren, jendaurreko epea hasi zen 2018ko 30. Nafarroako Aldizkari Ofizialean iragarki bat argitaratuta, otsailaren 12an.

2017ko urriaren 31n sartu zen Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan Arakilgo Hirigintzako Udal Planaren dokumentazio osoa, hasiera batez onetsia.

Plan horrek indarreko arau subsidiarioak ordezkatzen ditu, 1994an onetsiak, eta indarra duen planeamendua eguneratu eta egokitu eginen da, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera.

Analisia, diagnostikoa eta proposamenak Arakil Ibarreko udal-mugarte osoari buruzkoak dira, zeinak 52,36 km²-ko azalera baitu. Arakil Ibarraren okupazio eredua hauek osatzen dute: 12 landagune (Aizkorbe, Egiarreta, Ekai, Errotz, Etxarren, Etxeberri, Hiriberri, Ihabar, Izurdiaga, Satrustegi, Urritzola, Zuhatzu), Mendinueta, Ihabar-Hiriberri artean dagoen jarduera ekonomikoko eremu bat eta Etxarren-Ekai-Urritzola zonaldean jartzea aurreikusten den aukera eremu bat. I. eranskinean jasota dago Planeko proposamenen deskribapena.

Bizitegi erako hirigintza proposamenaren xedea da landaguneak finkatzea, hiri bilbea hobetzeko eta osatzeko aukera emanen duten hazkuntzak zehaztuz. Hiri errealitateak hierarkizatzen ditu nolabait, hauek bereiziz: Irurtzungo eragin esparruak ukitutako guneak (Etxarren eta Izurdiaga), neurri ertaineko guneak (Ihabar eta Hiriberri) eta ageriko landa izaera duten guneak (Urritzola, Etxeberri edo Aizkorbe). Plana idazteko lehen etapetan atzera bota zen Mendinuetaren garapenaren eta hazkuntzaren alternatiba; horrenbestez, neurri positiboa da ingurumenari dagokionez, eta bat dator Planaren foru eta udal mailako helburuekin.

Udalerriko lurralde baldintzatzaile nagusietako batzuk dira Arakil eta Larraun ibaien inguruko uholdeen ondoriozko arriskuak, Hiriberri-Arakil, Izurdiaga eta Errotz herriak ukitzen dituztenak. Planean arrisku handien kontrako prebentzio gisa eginiko proposamenen artean, nabarmentzekoa da Hiriberri-Arakilgo 160. lurzatiko eta Errozko 6. poligonoko 340A lurzatiko hiri lurzorua baztertzea; horiek lurzoru urbanizaezin izatera igaroko dira. Alabaina, ez da hori egin Errozko UE-1 eta UE-2 exekuzio unitateekin; izan ere, NA 7010 errepidearen ekialdean eta lehentasunezko fluxu zonaldetik kanpo daudenez, arrisku handiko lurzoruen gainean planteatu dira. Hori horrela, arrisku naturalei buruzko 2. LAParen 4. eranskineko irizpideak aplikatuz, jarduketa hauek ezin dira baimendu. Izurdiagako futbol zelaiaren kasuan, zeina Arakilgo ezkerraldean kokatua baitago eta arrisku altua baitu, erabilera bateragarria da, baldin eta egungo egoeran mantentze bada.

Ibai ibilguen, bigarren mailako ibilguen eta/edo hirugarren mailako ibilguen inguruan proposatutako gainerako bizitegiei dagokienez, arriskuen prebentzioa antolamendutik bertatik lantzen da, berdegune libreak jarriz, Ihabarren (UE5) eta Zuhatzun (UE1) egin den moduan. Antolamendu irizpide hori aplikatu beharko litzateke, halaber, Ardantzeta errekaren inguruan (Hiriberri-Arakil). Edonola ere, zortasun eremua bermatu behar da, baita espazio ireki gisa zainduko dela ere.

Batzuetan, Egiarretako aurreikuspenak gainjarri egiten dira Aralar Kontserbazio Bereziko Eremuarekin (10. poligonoko 287. eta 37. lurzatiak). Hori azalera txiki batean gertatzen dela kontuan hartuta, proposamenak ez du ukipenik eragiten KBEko balio ekologiko eta elementu gakoetan.

Ingurumen ondorioen azterketan udalerriaren soinu eta argi zonifikazioa daude sartuta. Azken horri dagokionez, hauek bereizten ditu: “E1 zonaldea” Urbasa-Andia eta Aralar mendilerroetan, “E2 zonaldea” mendi hegaletan eta bide sarearen inguruan, eta “E3 zonaldea” biziguneetan.

Landa lurzorua antolatzeko, babestu eta gorde beharreko lurzoru gisa sailkatu da udal-mugarte osoa, ingurune natural eta fisikoaren azterlan eta diagnostikoan oinarrituta. Lurzoru urbanizaezinaren sailkapenerako eta antolamendurako proposamen hau bateragarria da gaur egungo balioekin, eta haien babesa bermatzen da. Dena den, uholdeak jasaten ahal dituzten zonaldeen esparrua eguneratu behar da, “Arakil ibaiaren uholde arriskuaren ebaluazio azterketa, kudeaketa eta antolamendu hidraulikoa (2012ko ekaina)” txostenetik abiatuta. Bestetik, Biaizpeko eta Txurregi eta Gazteluko paisaia berezien mugaketa ere eguneratu eginen da, ingurumen ondorioen azterketan zehaztutakoari jarraikiz.

Dokumentazio osoa azterturik, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak jakinarazi du ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura burutu zela, eta aldeko txostena eman dio Arakilgo Hirigintzako Udal Planari, zenbait baldintza jarrita.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Arakilgo Udalak sustatutako Arakil Ibarreko Hirigintzako Udal Planari buruzko ingurumen adierazpen estrategikoa egitea.

2. Ingurumen adierazpen estrategiko hau egitea, baldin eta determinazio hauek betetzen badira:

–Arrisku naturalei buruzko 2. LAParen 4. eranskineko irizpideak aplikatzea Errozko UE-1 eta UE-2 exekuzio unitateetan; izan ere, uholde arrisku handiko zonaldeetan daudenez, ezin dira baimendu.

–Uholdeak jasaten ahal dituzten zonaldeei dagozkien arriskuen prebentzio eremuak eguneratzea.

–Biaizpeko eta Txurregi eta Gazteluko paisaia berezien mugaketan, ingurumen ondorioen azterketan jasotako esparrua sartzea.

–Ardantzeta errekaren inguruan (Hirriberri-Arakil), arriskuak prebenitzeko neurriek gutxienez zortasun eremua eta ibilguaren eta bertako landareen zaintza bermatzea.

–Hirigintzako Plana garatzea ingurumen ondorioen azterketan jasota dauden ingurumena babesteko irizpideei jarraituta eta bertan ezarritako neurri zuzentzaile guztiak aplikatuta.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Arakil Ibarreko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko urtarrilaren 31n.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

I. ERANSKINA

Hirigintzako Udal Planaren eta ingurumen ondorioen azterketaren laburpena

Analisiak, diagnostikoak eta proposamenak Arakil Ibarreko udal-mugarte osoari buruzkoak dira. Udal-mugarteak 52,36 km²-ko azalera du eta Sakanako korridorean dago kokatuta. Udalerria ekialde-mendebalde norabidea duen ibar lineal bat da. Hegoaldean Satrustegi mendilerroa osatzen duten mendiak eta Gaztelu eta Bizkai tontorrak ditu; iparraldean Aralar mendilerroko mendi adarrak, Madalenaitzetik Larrazpira arte; mendebaldean Aranatzeko lurrak; eta ekialdean Ergako Trinitatea. Arakil ibaiak luzetara zeharkatzen du ibarra, eta hegoaldera egiten du bere ibaiadar nagusiarekin bat egin ondoren (Larraun ibaia).

Lurraldearen egitura zehazten dute, batetik, ibarra ixten duten malda handiko hegalek, zeinak ingurumen eta paisaia balio handikoak baitira; eta, bestetik, ibarrak berak, non biziguneak eta komunikazio azpiegitura nagusiak kokatuta dauden.

Arakil Ibarreko lurraldearen okupazio eredua hauek osatzen dute: 12 landagune (Aizkorbe, Egiarreta, Ekai, Errotz, Etxarren, Etxeberri, Hiriberri, Ihabar, Izurdiaga, Satrustegi, Urritzola, Zuhatzu), Mendinueta, Ihabar eta Hiriberri artean dagoen jarduera ekonomikoko eremu bat eta Etxarren-Ekai-Urritzola zonaldean jartzea aurreikusten den lurzoru erreserba bat, bertan aukera eremu bat kokatzeko.

Udal Plan Orokorrak 1994tik indarrean dauden arau subsidiariok ordezkatzen ditu. Plan Orokorrak uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren helburuak betetzen ditu: hiri bilbea mantentzen eta hobetzen dela eta kultur ondarea babesten dela ziurtatzea; bizitegitarako, jarduera ekonomikorako eta hirugarren sektorerako lurzoruaren beharrak bideratzea; eta sistema orokorrak aurreikustea.

Bizitegi erako hirigintza proposamenaren xedea da gune desberdinak finkatzea, hiri bilbea hobetzeko eta osatzeko aukera emanen duten hazkuntzak zehaztuz. Baloratutako alternatiben artean, Murgindueta dagoen lekuan herri berri bat sortzeko aukera aztertu zen, baina azkenean atzera bota da, udalerria desegituratu eginen litzatekeelako. Hiri errealitate desberdinak daudela ikusita, nolabaiteko hierarkizazioa ezarri da:

–Irurtzungo eragin esparruak ukitutako guneak: Etxarren eta Izurdiaga; horietan guneak gehiago handitzea proposatzen da, garapen handiagoak barne har ditzaten.

–Neurri ertaineko guneak, hala nola Ihabar eta Hiriberri, hazkuntza ertainekin, biak ala biak sakanako igarobide nagusiaren gainean kokatuak. Bi kasuetan ahalegina eginen da lehendik dagoen hiri egiturarekiko elkarreragin egoki bati eusteko eta tipologia eta bolumetria tradizionalak mantentzeko, garapen berriek ez dezaten herrien egungo irudia hautsi.

–Ageriko landa izaera duten gune txikiagoak: Urritzola, Etxeberri edo Aizkorbe. Horien hazkuntzak puntualak izanen dira, neurri txikoak eta finkatutako landagunearen inguruan kokatuak.

Industria lurzoruari dagokionez, arau subsidiarioetan ezarritakoari jarraikiz, Hiriberri eta Ihabar arteko poligonoa zabaltzeko aukera planteatu zen, bi herriak elkartuz. Alabaina, azpiegituretako batzuk garestiak ziren eta autobiatik konektatzeko elementu berriak behar ziren; hortaz, zailtasun handiak zeuden planteamendu hori gauzatzeko. Ez dago benetako eskaririk eta Irurtzunen poligono berri bat egitea aurreikusten da (Inasaren instalazio zaharretan); horrek beste egoera bat planteatu du, eta azkenik honela ebatzi da: Hiriberri-Ihabarren indarrean dagoen industria eremua finkatuz, 2. LAPean jasotako Ekai-Etxarren aukera eremua erreserbatuz (esparru hori garatzeko Urdalurrerako uren konexioa gauzatu beharko litzateke) eta Irurtzungo poligonoa Arakilen errematatuz.

Lurzoru urbanizaezinari dagokionez, eta kontuan hartuta uztailaren 26ko 1/2017 LFDan ezarritako azpikategoriak eta 2. LAPeko irizpideak, balio hauek identifikatu dira udalerrian:

–Ingurumen intereseko eremu gisa Aralar eta Urbasa-Andia mendilerroetako Kontserbazio Bereziko Eremuak nabarmentzen dira; horiek barne hartzen dituzte, lurralde konektagarritasuneko (LT) babes bereziko eremuekin batera, Arakilgo korridorearen gailur lerroa eta bertako mendi hegaleko pagadi eta hariztiak. Hemen sartzen dira pagadi, harizti eta garrigei dagozkien formazio guztiak. Ibai sistemaren multzoa (Arakil-Larraun) udalerriko korridore ekologiko nagusien osagarri da. Arakilek bi paisaia berezitan parte hartzen du: Biaizpe, Larraun ibaiko haitzartean, eta Txurregi eta Gaztelu. Horrez gain, Aralar eta Urbasa-Andiako azaleratze harritsuak ere aipatu behar dira, paisaia natural gisa.

–Balio kulturalen artean daude Itsasperriko kultura intereseko ondasuna, Aixita eta Murubiko aztarnategi arkeologikoak, Plazaolako bide berdea eta, udal mailan, bide tradizionalak.

–Ibar hondoko belardi eta laborantzetan, xedea da ustiapen naturaleko lurzoru gisa zaintzea, eremuaren ekoizpen ahalmenari eutsiz eta bertako funtsezko elementuak kontserbatuz (esaterako, heskai naturalak eta lurzatiketak).

Arriskuen prebentzioaren ardatz nagusia da uholdeak jasaten ahal dituzten zonaldeak bereiztea eta arriskuaren arabera eremutan banatzea, eta suteengatiko arriskuak prebenitzeko neurriak ezartzen ditu, hiri-baso interfazean ezartzen diren jarduera baimengarriei aplikatzen ahal zaizkienak.

Ingurumen ondorioen azterketa:

Ingurumen ondorioen azterketak Hirigintzako Planak beste plan batzuekin dituen interakzioak aztertzen ditu; adibidez, 2. LAParekin eta Nafarroako uraren kontserbaziorako eta erabilera iraunkorrerako estrategiarekin.

Udalerriaren ingurumen azterketak eta diagnostikoak ingurune naturalari buruzko hainbat datu barne hartzen ditu: klima, geologia, geomorfologia, hidrologia, landaredia, fauna, babestutako naturguneak, lurralde konektagarritasuna, paisaia eta kultura ondarea. Gainazaleko uren kutsadura foku nagusia mindekin eginiko ureztaketa dela adierazten du, eta sektoreko legeriak ezartzen dituen distantziak edo maldak betetzeagatik bere aplikazio eremutik kanpo geratuko liratekeen esparruak aztertzen ditu.

Diagnostiko horretatik abiatuta, Hirigintzako Planeko proposamenek izaten ahal dituzten ingurumen eraginak identifikatzen, deskribatzen eta karakterizatzen ditu, eta ondorioztatzen du gehienak bateragarriak izaten ahal direla. Horrez gain, 6. kapituluan zenbait neurri zuzentzaile orokor ezartzen ditu, baita obretan zehar hartu beharreko prebentzio neurriak eta aplikatu beharreko jardunbide egokiak ere.

Iragarkiaren kodea: F1901464