54. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

36E/2019 EBAZPENA, otsailaren 4koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez Ingurumen ukipenetarako baimena ematen baita telefonia mugikorreko oinarrizko estazio bat jartzeko Otanarten (Erratzu), Baztango udal-mugartean. Sustatzailea Telxius Torres España SLU da.

2018ko irailaren 5ean, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean dago sartua (komunikazio instalazioak). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduketa honetan datza: telefonia mugikorreko oinarrizko estazio bat jartzea eta, ondoren, egungo dorrea kentzea, 15 x 15 m-ko oinarria duena. Estazioan 3,00 x 3,00 x 2,30 m-ko zimendatzea eginen da, dorrearen ainguralekuak bertan jartzeko. M5 motako sareta dorre bat jarriko da, 30,00 m-ko altuerakoa, azpian hiru plataformarekin: bat 9 m-ra, bestea 18 m-ra eta bestea 27 m-ra. Horrez gain, eskailera bat egonen da, erorikoen aurkako sistema batekin. Hirugarren plataforman 80 mm-ko diametroko eta 3 m-ko altuerako 6 hodi jarriko dira, dorrearen egiturara ainguratutako euskarri bifidoekin.

Panel erako 6 antenak eta 2 parabolak lekualdatuko dira lehen zegoen dorretik dorre berrira; hala, ez da beharrezkoa izanen pantailatzeak egitea 3 sektoreetako bakar batean ere, ezta lekualdatu nahi diren irrati loturetan ere. Euskarriak dorre berrira igaro ondoren, egungoa desmuntatu eginen da, egoera txarrean baitago. Estazioak baditu hornidura elektrikoa eta bere lur konexiorako sarea. Ekipoak lehendik dagoen eraikinean instalatuko dira, eta sarbidea barrutira sartzeko bide asfaltatutik izanen da.

Aurkeztutako memorian zehazten den moduan, honelako instalazioak publikoak dira, bat etorriz uztailaren 1eko 1486/1994 Errege Dekretuak onartutako telefonia mugikor automatikoaren telekomunikazio zerbitzuaren alderdi teknikoak eta prestazioa arautzen dituen erregelamenduaren 2. artikuluarekin. Horren arabera: “...telefonia mugikor automatikoaren zerbitzua balio erantsiko telekomunikazio zerbitzua da, publikoa eta estatuaren titulartasunekoa”.

Proiektuaren Ingurumen Ukipenen Azterketak, proiektuko ekintzek inguruneko zenbait faktoreren gainean izaten ahal duten ingurumen eragina aztertu ondoren, ezartzen du bateragarria dela proiektatutako telefonia estazioaren eraikuntza eta funtzionamendua, eragin positiboak egonen direla azpimarratuz. Horrez gain, azterketak nagusiki exekuzio fasean egin beharreko zenbait prebentzio eta zuzenketa neurri ezartzen ditu, eta funtzionamendu faserako ingurumena zaintzeko plan bat.

Espedientean jasota dago Baztan Balleko Udalaren hirigintzarekiko bateragarritasunaren txosten-espedientea, 2018ko abuztuaren 31koa, zeinaren arabera aurreikusitako jarduketak bateragarriak baitira indarreko Udal Hirigintza Araudiarekin.

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak txostena egin du, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onetsi duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat. Txostena proiektuaren aldekoa da, determinazio batzuekin.

Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak 2019ko urtarrilaren 18an eginiko txostenaren arabera, lurzati mugakidean “Gereztegi 2” aztarnategia dago katalogatuta Nafarroako Inbentario Arkeologikoan, UTM koordenatu hauetan: X: 626888,32 Y: 4785788,16. Alabaina, proiektuaren ukipen eremutik 150 m baino gehiagora dago.

Proiektua Natura 2000 Sareko ES0000122 “Aritzakun Urritzate Gorramendi” Kontserbazio Bereziko Eremuan dago. Hala izendatuta dago ekainaren 11ko 47/2014 Foru Dekretuaren bidez (Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen duena “Aritzakun-Urritzate-Gorramendi” izeneko Batasunaren Garrantzizko Lekua, eta haren kudeaketa plana eta B 122 “Aritzakun-Gorramendi” HBBrena onesten duena). Dekretu horrek KBZa kudeatzeko elementu gako gisa aipatzen ditu, besteak beste, sastrakadiak, larre azidoak eta ugatza.

Instalazio berriak lehendik aldatutako belardi batek okupatutako barruti hesitu baten barruan egin nahi dira. Ingurunean aurkitzen ahal den Batasunaren intereseko lehentasunezko habitata 6230* zenbakikoa da: “Nardus espezie askoz osatutako formazio belartsuak, zonalde menditsuetako substratu silizeoen gainean” (larre azidofilo kantauriarrak), eta ziperazeen presentziagatik putzuz betetzen diren belardi hezeak ere ikusten ahal dira, non flora interesgarria aurkitzen ahal baita.

Aurkeztutako proiektua garrantzi txikikotzat jotzen da; eragin positiboa izaten ahal du, lehendik zeuden instalazio handiagoak ordezkatuko direlako, eta ingurumen ondorio txikiak, lehendik instalazioekin okupatutako espazioak ukitzen dituelako.

Ez da bertze ukipen esanguratsurik ikusten Natura 2000 naturgune babestuen sarearentzako, fauna eta florarentzako babes eta interes eremuentzako, abelbideentzako eta intereseko bertze bide batzuentzako, ondare historikoarentzako eta Donejakue bidearentzako.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak proiektuaren aldeko txostena egin du, baldin eta betetzen badira prebentzio eta zuzenketa neurriak eta ingurumena zaintzeko plana, zeinak jaso baitira proiektuaren ingurumen ukipenen azterlanean eta ebazpen honen ebazpen zatiko baldintzetan.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz, honako hau

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea telefonia mugikorreko oinarrizko estazio bat jartzeko Otanarten (Erratzu), Baztango udal-mugartean. Sustatzailea Telxius Torres España SLU da.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Hesitutako barrutitik, sarbidetik eta horren ertzetatik kanpo ibilgailuak ibiltzea eta makinak edukitzea saihestu beharko da, putzuz betetzen diren eremuak, hondar arkeologikoak dituztenak edo inguruneko larreak-sastrakadiak ez ukitzeko. Material, ekipo eta makina guztiak hesitutako barrutiaren barnean pilatuko dira.

–Sustatzaileak proposatutako Ingurumen Jarraipenerako Planak arreta berezia jarriko du harrapari harkaiztarrek egiten ahal dituzten talkak detektatzeko, eta halakorik gertatuz gero, horren berri eman beharko zaio berehala Basozaintzari.

–Hondeatze lanetatik sobran gelditzen diren lurrak eta gainerako eraikitze eta eraiste hondakinak hondakinen kudeatzaile baimendu batek kudeatu beharko ditu.

–Obrak irauten duen bitartean aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, ondare historiko eta arkeologikoaren arloan eskumena duen departamentuari horren berri emanen zaio, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 63. artikuluari jarraikiz.

–Baldin inguruabarren bat dela-eta (obra hasiera, landaredia naturala ukitzea, elementu bereziak aurkitu direla, eta abar) abisua eman behar bazaio Basozaintzari, Bidasoa Leitza 1. barrutiko Basozaintzari emanen zaio (telefonoa: 948 45 00 96; ogfobida1@navarra.es).

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 112.2 artikuluaren arabera, instalazioaren edo azpiegituraren elementuek 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko bazterretik neurtuta.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.

–Egin nahi diren lanek ukitzen ahal dituzten edo lanen trabagarri izaten ahal diren azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoengandik.

–Baztango Udalaren herri-lurretako lurzatien ukipenari dagokionez, Herri-lurren Atalak 2018ko urriaren 8an eginiko txostenean adierazten du ez dagoela Baztango Batzar Nagusiak herri-lurretako lurzati horren erabilera lagatzeko eginiko desafektazio espedienterik; horrenbestez, antena aldatzeko baimena eman aurretik, enpresa eskatzaileak dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko du lurzati hori bere herri-lur erabileratik desafektatzeko eta, ondoren, horren erabilera lagatzeko, antena instalatze aldera. Dokumentazio hori eduki ezean, enpresa titularrak dagozkion izapideak egin beharko ditu toki erakundearekin, lurzoru hori desafektatzeko eta ondoren lurzati horren erabilera lagatzeko, gaur egungo egoera erregularizatzeko.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen. Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, Udalak sustatzaileari eskatuko dio ezen aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, lurzorua lehengoratzeko bost urteko epean gehienez.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 2.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek izanen ditu, orobat, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak (lurzoru urbanizaezinean jarduerak gauzatzeko baimena eskuratzeko prozedurari dagokionez); aipatutako arau horrek onetsi zuen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio Publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Baztan Balleko Udalari, Basozaintzari (1. barrutia, Bidasoa-Leitza) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko otsailaren 4an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1901736