54. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2019ko martxoaren 13an hartua, zeinaren bidez jendaurrean jartzeko eta ukitutako udalei entzunaldia emateko tramiteak egiten baitira, aldi berean, “Plan eoliko estrategikoa” izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala aldatzeko espedientearen dokumentazio berriari dagokionez. Aldaketa Eólica Navarra SLUk sustatu zuen, Ablitas II parke eolikoan haize-sorgailuak birkokatzeari eta sarbideen trazadura eta linea elektrikoak aldatzeari eta Cabanillas II parke eolikoaren sarbideari buruz.

I.–AURREKARIAK

Nafarroako Gobernuak 2018ko urtarrilaren 24an hartutako Erabakiaren bidez, “Plan eoliko estrategikoa” izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala onetsi zen. Eólica Navarra SLUk sustatu zuen (2018ko otsailaren 16ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).

Onetsitako UPS horren helburua da 3 parke eoliko ezartzea (Cabanillas II, Cascante eta Ablitas II izenekoak) Cabanillasko, Ablitasko eta Cascanteko udal-mugarteetan, bai eta haiei lotutako instalazioak ere.

Gero, Nafarroako Gobernuak 2018ko urriaren 3an hartutako Erabakiaren bidez, tramitatzen hasi zen, Eólica Navarra SLUk sustaturik, “Plan eoliko estrategikoa” izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala aldatzeko espedientea, Ablitas II parke eolikoan haize-sorgailuak birkokatzeari eta sarbideen trazadura eta linea elektrikoak aldatzeari buruz eta Cabanillas II parke eolikoaren sarbideari buruz (2018ko 204. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 22koa).

II.–DOKUMENTAZIO BERRIA

2018ko azaroaren 22an eta 2019ko otsailaren 22an, sustatzaileak proposamen berria aurkeztu du Cabanillas II parke eolikoaren ebakuazio lineari trazadura aldatzeko, parke horren sarbidea aldatzeko eta Ablitas II parke eolikoaren 10 zenbakiko haize-sorgailua birkokatzeko.

II.1.–Cabanillas II parke eolikoaren ebakuazio linearen trazadura berria.

Cabanillas II parke eolikoan ebakuazio linearen trazadura aldatu nahi da, Tuterako Udalaren eskaera bati erantzunez, Tuterako Hiri Antolamendurako Plan Orokorreko 9. unitate integratuko 1. sektoreko Gardachales alderdian ez eragiteko. Lineak trazadura berria izanen luke: zati bat lurpean, bide publikoetatik, A-68 autobiarekin gurutzatu arte; eta beste zati bat airean, paraleloan, N-134 errepidearen zortasun-eremutik, Ebro ibaiaren inguruetara arte.

Orobat, 20 metro zabaleko ukipen-zerrenda bat eskatzen da, proposatutako trazadura osoan.

Hasieran planteatzen zen ebakuazio linearen trazadura osoa lurpekoa zen, Tarazonicaren Bide Berdearen eta, azken zatian, bide publikoen azpitik. Orain planteatzen den trazaduraren erditsua, berriz, airekoa da, eta trazadura, guztira, bihurgunetsuagoa eta luzeagoa (aurrekoa baino %20 luzeagoa). Horrez gain, Fontellas herrian izanen lukeen eragina askoz handiagoa da, jendaurrean jarritako trazadurarekin alderatuta, hasierako horretan Tuteran eta Fontellasen ikuspenezko ukipenik ez baitzegoen.

II.2.–Cabanillas II parke eolikoaren sarbide berria.

Nafarroako Gobernuak 2018ko urriaren 3an hartutako Erabakiaren bidez, tramitatzen hasi zen UPSa aldatzeko espedientea, Cabanillas II parke eolikorako proposatutako sarbideari dagokionez. Erabaki horri jarraikiz, sustatzaileak justifikatu behar zuen proposatutako trazadura bat zetorrela Cabanillasko Orzagal industrialdearen hirigintza-antolamenduarekin, edo, bestela, bestelako planteamendua egin sarbiderako.

Aurrekoa kontuan harturik, sustatzaileak trazadura berria aurkeztu du sarbiderako: aipatu industrialdeko bideetatik, gero bideetarako eta industrialdea handitzeko erreserbatutako lurzati batetik, eta azkenean industrialdearen ondoko bide publiko batetik.

II.3.–Ablitas II parke eolikoaren 10 zenbakiko haize-sorgailuaren birkokapena.

Ablitas II parke eolikoaren 10 zenbakiko haize-sorgailua birkokatu nahi da, Aireportu eta Aireko Nabigazioaren Segurtasuneko Zuzendaritzak (Aire Segurtasuneko Estatuko Agentzia) egindako jakinarazpenari erantzunez (P18-0067 espedientea); jakinarazpen horren arabera, Aireko Armadaren Estatu Nagusiak egindako kontrako txostena oinarri hartuta, parke eolikoaren instalazioak ez luke baimena jasoko.

Horregatik, proposatzen da aipatu haize-sorgailua mugatzea, 618521 4644630 UTM koordenatuetatik 619938 4646473 UTM koordenatuetara; hau da, 9. poligonoko 841. lurzatitik 10. poligonoko 1049. lurzatira.

III.–KONTUAN HARTU BEHARREKOAK

III.1.–Cabanillas II parke eolikoaren ebakuazio linearen trazadura berria.

2018ko azaroaren 23an, Nafarroako Gobernuak 2018ko urriaren 3an hartutako Erabakiaren bidez irekitako informazio publikoaren tramitean, Tuterako Udalak alegazio idazkia aurkeztu zuen. Idazki horretan, eskatzen da 1. alternatibaren trazadura aukeratzea, UPSeko alternatiben azterlanean agertzen direnen artean, kontuan harturik trazadura, kanalizatuta badago ere, hiritik urrun kokatu behar dela, hiriari zerbitzurik ematen ez diolako, eta hor geratzen ez delako; horregatik, haien ustez, ez da zentzuzkoa hiria zeharkatzea, interferentziak sor baitaitezke epe labur, ertain eta luzean.

2018ko azaroaren 30ean, Tuterako Hiri Antolamendurako Plan Orokorreko 9. unitate integratuko 1. sektoreko 1. exekuzio unitateko (Gardachales) konpentsazio batzordeko buruak alegazio idazkia aurkeztu zuen. Idazki horretan, eskatzen da linea, lurpekoa bada ere, sektorearen eremutik ez pasatzea, lurzoru urbanizagarrietan eta urbanizazioan eraginik ez izateko.

2018ko abenduaren 21ean, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak txostena egin zuen, linearen trazadura berrirako eskaera eta aipatu alegazio idazkiak kontuan harturik. Txosten horretan, Cabanillas II parke eolikoaren energia ateratzeko goi-tentsioko linearako planteatutako trazadura berria ez da onargarritzat jotzen, lurraldean ukipen gehiago baititu udalez gaindiko ikuspegitik.

Hori ondorioztatzeko, ondoko argudioak erabiltzen dira:

–Ez da justifikatutzat jotzen dagoeneko aztertu den trazadura aldatzea, are gutxiago ukipen gehiago ekartzen baditu lurraldean eta ingurumenean.

–Aireko lineek inpaktuak sortzen dituzte paisaian, eta lurralde garapena gehiago baldintzatzen dute, lurpeko lineekin alderatuta. Kasu honetan, trazaduraren azken proposamenak hirigintza-garapena baldintza dezake linea eta A-68 gurutzatzen diren puntuaren inguruetan, baita Tuterako ekialdeko saihesbidean egin litekeen bikoizketa ere.

–Alegatutako tarteak Fontellas herrian izanen lukeen eragina askoz handiagoa da, jendaurrean jarritako trazadurarekin alderatuta, azken honetan Tuteran eta Fontellasen ikuspenezko ukipenik ez baitago.

–Oso eztabaidagarria da proposatutako trazadurak eragina izatea Tutera hiriaren garapenean, bide berde baten azpitik dagoelako, hau da, lurralde eskalako bide batetik, aurreikuspenen arabera trazadura aldatuko ez duen bide batetik. Halaber, sustatzaileak lurzoru urbanizagarriko sektorearen (9. unitate integratuko 1. sektoreko Gardachales alderdiaren) mugako tarterako proposatzen dituen bi alternatibak ez dira pasatzen bide berde horretatik: behin-behinekoa (urbanizazioa eta sektorearen zerbitzu-bidea egin arte), eraikinak dituen bi lurzatiren mugatik, eraikin horietan eraginik ez sortzeko; eta behin betikoa, espazio libre publikoaren (bide publikoen) azpitik.

–Linea bat lurperatzea bateragarria da urbanizazio proiektu baten azpiegitura eta urbanizazioarekin, betiere araudi sektorial aplikagarria betetzen bada.

–Alegatzen diren gaiak ekonomikoak dira gehienbat; izan ere, ez da desiragarria lineak urbanizazioa baldintzatzea edo gainkostua ekartzea Tuterako Hiri Antolamendurako Plan Orokorreko 9. unitate integratuko 1. sektoreko 1. exekuzio unitatean (Gardachales). Horri dagokionez, sektore horren plan partziala 2008an onetsi zen, eta bere urbanizazio proiektua 2013an; hala ere, urbanizazio obrak ez dira hasi, eta obren hasiera zalantzazkoa da. Sektore hori urbanizatu arte, ezin da halako ekimen bat geldiarazi, eskualde-interesekoa baita eta bateragarria antolaketa horrekin.

–Nabarmentzekoa da ezen, espedientearen ebazpenean, autonomia erkidegoko Administrazioak lehenik udalez gaindiko interesari edo interes orokorrari erantzun behar diola, interes partikularraren edo tokiko interesaren aurretik. Adierazi behar da udalez gaindiko ikuspegitik egin dela lurraldearen eta ukipenen azterketa, kontuan hartu gabe udalerrien mugak, ezta horietako bakoitzerako izanen dituen ondorio ekonomikoak ere.

2019ko urtarrilaren 24an, Tuterako Udaleko alkatearen idazki bat aurkeztu zen. Idazki horretan, desadostasuna adierazten da aipatu txostenarekin, eta, horren oinarri, udal horretako Lurraldearen Antolamenduaren Alorreko Zuzendaritzaren txostena eta Nekazaritza, Abeltzaintza, Mendiak, Ingurumena eta Agenda 21eko teknikariarena erantsi ziren, honako kontsiderazio hauekin:

–Río de las Peñas ibaiko ukipena ez da aipatzen. Ez da behar bezala baloratu ibaiarekin (lurpean) egiten den gurutzatzea, bere funtzionamendua desoreka baitezake.

–Trazadura laburrena aukeratzen bada, parke eolikoa ebakuazio puntuarekin lotzen duen lerro zuzena aukeratu beharko litzateke.

–Ikuspenezko ukimena kontuan hartu da Fontellasen, baina ez Tuteran, hor lineak badaude ere. Ez da zentzugabea lineen inpaktuak gainerako herriekin konpartitzea, bakarrik Tuterak jasan beharrean; hain zuzen ere, herri horiek jasotzen dituzte onurak.

–Tuterako ekialdeko saihesbidearen bikoizketan sor litekeen eraginari dagokionez, bikoizketa ez dago aurreikusita epe labur eta ertainean.

–Sustatzaileak proposatu du trazadura. Ohartarazi behar da, halaber, tramitatzen ari den trazaduraren ordez hiritik kanpo proposatzen zen trazadura onartzen zuela Lurraldearen Antolamenduko Departamentuak, aitortu baitzuen trazadura eremu urbanizagarrien ondotik pasatzea ez zutela kontuan hartu, ez sustatzaileak, eguneratu gabeko katastroko datuak erabili baitzituen (Gardachales alderdiko lurzoruak landa-lurzoru gisa aurkeztuz), ez eta departamentuak ere, trazaduraren ebaluazioan ez baitzuen aintzakotzat hartu lurzoru horien egoera objektiboa (lurzoru urbanizagarri birzatituak).

–Goi-tentsioko linea oraindik ez da egin, eta horregatik ez da zentzuzkoa bizitegi-eremuen mugako lurzoruetatik pasatzea, ukipen eta, agian, aztoramendu soziala sortuko baitirateke beharrik gabe.

–Udalak ere uste du etorkizunean, oro har, eskatuko dela goi-tentsioko lineak lurperatzea, bereziki hiritarrentzako zerbitzu publikoa ematen ez dutenak eta bakarrik enpresa pribatuen interesekoak direnak (zilegiak, baina herritarrentzat kalte txikiagoak ekarri behar dituztenak).

Aurrekoa kontuan harturik, Tuterako Udalak eskatzen du Cabanillas II linea urruntzea hiriguneko lurzoruetatik.

Tuterako Udalaren kontsiderazioak baloratu gabe, kontuan harturik proposatutako aldaketa funtsezko aldaketatzat har daitekeela, beharrezkoa da espedientea berriz jartzea jendaurrean eta berriz ematea entzunaldia ukitutako udalei, ingurumen eta lurralde ondorioetarako. Horri dagokionez, bidezkoa da aipatzea lehen aurkeztutako alegazioak eta tramite berri honetan aurkezten direnak UPSarekin batera ebatziko direla.

Bestalde, 20 metro zabaleko ukipen-zerrenda bat trazadura osoan ezartzeari dagokionez, eskaeraren arrazoia baldin bada linea zerrenda horren barruan gauzatzea UPSean aldaketak tramitatu gabe, espedientea osatu beharko da, zerrenda hori UPSaren eremuko zati gisa sartuz ondorio guztietarako (grafismoan eta araudian).

Azkenik, gogorarazten da ezen, espedientearen ebazpenean, autonomia erkidegoko Administrazioak lehenik udalez gaindiko interesari edo interes orokorrari erantzun behar diola, interes partikularraren edo tokiko interesaren aurretik. Udalez gaindiko ikuspegitik egin da lurraldearen eta lurraldeko ukipen guztien azterketa, kontuan hartu gabe instalazioen titulartasuna edo udalerrien mugak, ezta horietako bakoitzerako izanen dituen ondorio ekonomikoak ere.

III.2.–Cabanillas II parke eolikoaren sarbide berria.

Cabanillasko poligonorako onetsi den antolaketa ikusita, ondoriozta daiteke ezen, handitzekotan, iparraldetik handituko litzatekeela; hain zuzen ere, Cabanillas parke eolikoaren sarbidea hor kokatzea planteatzen da orain. Bideetarako eta industrialdea handitzeko erreserbatutako lurzatia gurutzatzea HM-IE bidearen luzapen gisa planteatzen da, eta bateragarritzat jotzen da poligonoan egin litezkeen hedapenekin lotzearekin. Aitzitik, poligonoaren ondoko bide publikotik pasatzen den trazadurak, bide berak bezala, baldintza ditzake poligonoan egin litezkeen hedapenak. Hala ere, etorkizunean egin litezkeen hedapenetarako antolaketak ezarriko du bideen azpiegitura, poligonoko barneko mugikortasuna eta parke eolikoaren sarbidea zehaztuko dituena.

III.3.–Ablitas II parke eolikoaren 10 zenbakiko haize-sorgailuaren birkokapena.

Ablitasen indarrean dagoen hirigintzako udal planeamenduari jarraikiz, 10 zenbakiko haize-sorgailurako aukeratu den kokaleku berria lurzoru urbanizaezina da, natura aldetik ustiatzeko balioa duena, nekazaritza eta abeltzaintzarako balio ertainekoa, ureztaketako eta topografiako datuen arabera; kategoria hori egokia da, Haize-parkeen ezarpena arautzen duen otsailaren 26ko 125/1996 Foru Dekretuari jarraikiz.

Hala ere, haize-sorgailuaren sarbideari dagokionez, lurraldean ukipenak murrizteko, sustatzaileak justifikatu behar du aldaketa, edo, bestela, baloratzea sarbidea kokaleku berriaren ondoko bide publikotik egitea.

IV.–TXOSTEN SEKTORIALAK

Aldaketaren hasierako dokumentazioari dagokionez, sustatzaileak Ingurune Naturalaren Zerbitzuak egindako aldeko txostena aurkeztu zuen, eta Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Azpiegitura Energetikoen Atalari eta Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari eskatu zitzaien txostena.

Aurkeztutako dokumentazio berria kontuan hartuta, beste txosten bat eskatu zaie aipatu unitateei.

Horrenbestez, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren 2018ko martxoaren 8ko txostenarekin bat, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Hogeita hamar egunez jendaurrean jartzeko eta ukitutako udalei entzunaldia emateko tramiteak egitea, aldi berean, “Plan eoliko estrategikoa” izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala aldatzeko espedientearen dokumentazio berriari dagokionez, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legean ezarritako ondorioetarako. Aldaketa Eólica Navarra SLUk sustatu zuen, Ablitas II parke eolikoan haize-sorgailuak birkokatzeari eta sarbideen trazadura eta linea elektrikoak aldatzeari eta Cabanillas II parke eolikoaren sarbideari buruz.

Horretarako, espedientea web-orri honetan ikusten ahalko da: http://www.ExposicionpublicaOT.navarra.es eta, halaber, interesdunen eskura egonen da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren bulegoetan (Gonzalez Tablas kalea, 9; 31005 Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

2. Orobat, espedientea jendaurrean jartzea, epe berean, ingurumen eraginaren ebaluazioaren ondorioetarako, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

3. Espedienteari buruzko ebazpena eman aurretik, sustatzaileek erabaki honetan eta espedienteari buruzko txosten sektorialetan jasotako alderdiak berrikusi beharko dituzte, eta, hala behar izanez gero, espedientean sartu.

4. Nolanahi ere, obrak egitean ukituta gelditzen ahal diren beste azpiegitura eta zortasun batzuei dagokienez, edo exekuzio hori baldintzatzen ahal dutenei dagokienez, sustatzaileak behar diren baimen guztiak lortuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren erakundeetatik.

5. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, eta igortzea Ingurune Naturalaren Zerbitzuari, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Azpiegitura Energetikoen Atalari, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, eta Aireportu eta Aireko Nabigazioaren Segurtasuneko Zuzendaritzari (Aire Segurtasuneko Estatuko Agentzia), Cabanillasko, Ablitasko, Fontellasko eta Tuterako udalei eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko martxoaren 13an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1903752