54. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

29/2019 FORU AGINDUA, otsailaren 21ekoa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, baimena ematen duena Osasun Zuzendaritza Nagusiak kudeaketa-esleipen bat egin diezaion Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari, hain zuzen ere, toki entitateentzako dirulaguntzak deitu eta emateko, Tokiko Agenda 21eko proiektuak gauzatu ditzaten 2019an.

2019ko ekitaldirako Nafarroako gastuen aurrekontuan, honako partida hauek daude:

Osasun Departamentua:

–520001-51200-4609-313905, “Dirulaguntzak zahartze aktiboaren estrategiarako (Agenda 21)”, 90.000 euroko kreditua duena.

–520001-51200-7609-313900, “Udal entitateentzako dirulaguntzak zahartze aktiboaren estrategiaren ekipamendurako (Agenda 21)”, 200.000 euroko kreditua duena.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentua:

–740007 74700 4609 456202, “Toki Entitateentzako dirulaguntza, Agenda 21eko ekintza planetarako: Nels sarea (ingurumena eta osasuna)”, 50.000 euroko kreditua duena.

–740007 74700 7609 456200 “Toki Entitateentzako dirulaguntza, Agenda 21eko ekintza planetarako: Nels sarea (ingurumena eta osasuna)”, 110.000 euroko kreditua duena.

2002an, Nafarroako Toki Entitateen Jasangarritasunerako Sarea eratu zen (NELS sarea) irailaren 19ko 1422/2002 Foru Aginduaren bidez, barnean hartuz ordura arte Foru Komunitateko Tokiko Agenda 21 programan parte hartzen zuten 24 entitate eta mankomunitateak.

Tokiko Agenda 21 da udalerri baten edo udalerri batasun baten plangintza estrategikoaren prozesu bat, haren garapena bideratu nahi duena jasangarritasun ekonomikora, sozialera eta ingurumenekora, helburuak udal agintarien eta herritarren arteko akordioaren bitartez zehaztuta.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak aipatzen du zein den Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Atalaren eskumen eremua. Atal hori dago Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren mende, eta bere eskumenen artean dago laguntza ematea Tokiko Agenda 21eko Tokiko Ekintza Planak garatzeko.

Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 132/2015 Foru Dekretuaren 8.v) artikuluak Osasuneko zuzendari nagusiari eskumena esleitzen dio prestakuntzaren eta ikerketaren arloko eta, oro har, osasunarekin lotutako gaien arloko laguntzak, hitzarmenak eta dirulaguntzak deitzeko, emateko eta kudeatzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 39.1 artikuluak ezartzen duenez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organoek ahalmena dute beste organo batzuei emateko beren eskumeneko lan materialak, teknikoak edo zerbitzuak egiteko ardura, dela eraginkorragoak izateko, dela lan horietarako baliabide tekniko egokiak ez dituztelako, hurrengo apartatuetan xedatutakoari jarraituz. Aipatutako 39. artikuluko 3. apartatuan ezartzen da ezen kudeaketa lan bat departamentu berekoa ez den administrazio organo bati esleitzeko edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste departamentu baten menpeko erakunde publiko bati esleitzeko, kasuan kasuko kontseilarien baimena beharko dela.

Bai Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan bai Osasun Departamentuan zenbait partida dagoenez Tokiko Agenda 21erako, bidezkoa da, efikaziari begira, organo bakarra izatea deialdiaz eta laguntzak emateaz arduratzen dena. Horrenbestez, beharrezkoa da tresnak ezartzea Osasun Departamentuaren eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren arteko elkarlana izan dadin, kudeaketa-esleipenaren teknika erabiliz horretarako.

Baimendutako kudeaketa-esleipenaren xedea izanen da Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko organo eskudunen esku uztea behar diren jarduketa guztiak egiteko ardura, toki entitateentzako dirulaguntzak deitu eta eman ditzaten, toki entitateek Tokiko Agenda 21eko proiektuetan zahartze aktiboko estrategiak garatzeko.

Esleipena urtebeterako izanen da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera.

Hori horrela, Osasun Zuzendaritza Nagusiak proposatuta, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 39.3. artikuluak eman dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Baimena ematea Osasun Zuzendaritza Nagusiak Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari kudeaketa-esleipen bat egiteko, hain zuzen ere, toki entitateentzako dirulaguntzen deialdia eta emakidaren kudeaketa, Tokiko Agenda 21eko proiektuak gauza ditzaten 2019an.

2. Esleipena urtebeterako izanen da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera.

3. Esleipen honen xedeko prozeduren ondoriozko gastuak aurrekontuko partida hauen kargura finantzatuko dira: 520001-51200-4609-313905, “Dirulaguntzak zahartze aktiboaren estrategiarako (Agenda 21)”, 90.000 euroko kreditua duena, eta 520001-51200-7609-313900, “Udal entitateentzako dirulaguntzak zahartze aktiboaren estrategiaren ekipamendurako (Agenda 21)”, 200.000 euroko kreditua duena, biak ala biak Osasun Departamentukoak.

4. Foru agindu hau igortzea Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta Osasun Departamentuko kontu-hartzailetza delegatuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2019ko otsailaren 21ean.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Isabel Elizalde Arretxea.

Iragarkiaren kodea: F1902699