54. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

12E/2019 FORU AGINDUA, urtarrilaren 16koa, Osasuneko kontseilariak emana, baimena ematen duena Osasun Zuzendaritza Nagusiak Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari kudeaketa-esleipen bat egiteko, hain zuzen ere, Tokiko Agenda 21eko proiektuak gauzatzeko toki entitateentzat dauden diru-laguntzen deialdia egin eta haiek eman eta ordain ditzan.

Tokiko Agenda 21 da udalerri baten edo udalerri batasun baten plangintza estrategikoaren prozesu bat, haren garapena bideratu nahi duena jasangarritasun ekonomikora, sozialera eta ingurumenekora, helburuak udal agintarien eta herritarren arteko akordioaren bitartez zehaztuta.

2002an, Nafarroako Toki Entitateen Jasangarritasunerako Sarea eratu zen (NELS sarea) irailaren 19ko 1422/2002 Foru Aginduaren bidez, barnean hartuz ordura arte Foru Komunitateko Tokiko Agenda 21 programan parte hartzen zuten 24 entitate eta mankomunitateak.

Irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren bidez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onetsi zen. Egitura organiko hori partez aldatu zuen urriaren 31ko 89/2018 Foru Dekretuak ezartzen du Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Atala Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren mende dagoela. Atal horren eskumenen artean dago Tokiko Agenda 21eko Tokiko Ekintza Planak garatzeko laguntza ematea.

Beste alde batetik, Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 132/2015 Foru Dekretuaren 8.v) artikuluak Osasuneko zuzendari nagusiari eskumena esleitzen dio prestakuntzaren eta ikerketaren arloko eta, oro har, osasunarekin lotutako gaien arloko laguntzak, hitzarmenak eta dirulaguntzak deitzeko, emateko eta kudeatzeko.

2019ko ekitaldirako Nafarroako aurrekontu orokorretan, honako gastu-partida hauek daude:

Osasun Departamentua:

–520001-51200-4609-313905, “Dirulaguntzak zahartze aktiboaren estrategiarako (AGENDA 21)”, 90.000 euroko kreditua duena.

–520001-51200-7609-313900, “Udal entitateentzako dirulaguntzak zahartze aktiboaren estrategiaren ekipamendurako (AGENDA 21)”, 200.000 euroko kreditua duena.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentua:

–740007 74700 4609 456202, “Toki Entitateentzako dirulaguntzak Nels sareko ingurumen proiektuetarako”, 50.000 euroko kreditua duena.

–740007 74700 7609 456200, “Toki Entitateentzako dirulaguntzak Nels sareko ingurumen proiektuetarako”, 110.000 euroko kreditua duena.

Kontuan harturik Tokiko Agenda 21ari loturiko partida horiek daudela bai Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, bai Osasun Departamentuan, eraginkortasuna helburu, bidezkoa da organo bakar bat arduratzea dirulaguntzen deialdia egiteaz, emateaz eta ordaintzeaz. Horretarako, beharrezkoa da Osasun Zuzendaritza Nagusiaren eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren arteko lankidetza finkatzea kudeaketa-esleipenaren teknikaren bidez.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 39.1 artikuluak ezartzen duenez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organoek ahalmena dute beste organo batzuei emateko beren eskumeneko lan materialak, teknikoak edo zerbitzuak egiteko ardura, dela eraginkorragoak izateko, dela lan horietarako baliabide tekniko egokiak ez dituztelako, betiere agindu horretan xedatutakoari jarraituz. Aipatutako 39. artikuluko 3. apartatuan ezartzen da ezen kudeaketa lan bat departamentu berekoa ez den administrazio organo bati esleitzeko edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste departamentu baten menpeko erakunde publiko bati esleitzeko, kasuan kasuko kontseilarien baimena beharko dela.

Bestetik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legearen 39.5 artikuluan ezarrita dago, kudeaketa-esleipena egitean, haren araubide juridikoa adieraziko dela eta zehazki aipatuko direla xedeko jarduerak, iraupena, agindutako kudeaketaren izaera eta hedadura eta, azkenik, kudeaketa bere gain hartzen duen entitatearen edo organoaren eginbeharrak eta, kasua bada, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioarenak.

Horiek horrela, kudeaketa-esleipen honen xedea da Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko organo eskudunen esku uztea honako lan hauek egiteko behar diren jarduketa administratibo guztiak: batetik, Tokiko Agenda 21eko proiektuetan, zahartze aktiboaren estrategia garatzeko toki entitateentzat dauden dirulaguntzak deitu, eman eta ordaintzea; eta bestetik, Tokiko Agenda 21ean zahartze aktiboaren estrategiaren ekipamendurako, udal entitateentzat dauden dirulaguntzak deitu, eman eta ordaintzea.

Esleipena urtebeterako izanen da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera.

Hori horrela, Osasun Zuzendaritza Nagusiak proposatuta, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 39.3 artikuluak eman dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Baimena ematea Osasun Zuzendaritza Nagusiak Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari kudeaketa-esleipen bat egiteko, hain zuzen ere, bere gain har dezan 2019. urtean Tokiko Agenda 21eko proiektuak gauzatzeko toki entitateentzat dauden dirulaguntzak deitu, eman eta ordaintzeko lanen kudeaketa.

2. Kudeaketa-esleipena urtebeterako izanen da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera.

3. Esleipen honen xedeko prozeduren ondoriozko gastuak aurrekontuko partida hauen kargura finantzatuko dira: 520001-51200-4609-313905, “Dirulaguntzak zahartze aktiboaren estrategiarako (Agenda 21)”, 90.000 euroko kreditua duena, eta 520001-51200-7609-313900, “Udal entitateentzako dirulaguntzak zahartze aktiboaren estrategiaren ekipamendurako (Agenda 21)”, 200.000 euroko kreditua duena, biak ala biak Osasun Departamentukoak.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu hau igortzea Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta Osasun Departamentuko kontu-hartzailetza delegatuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko urtarrilaren 16an.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.

Iragarkiaren kodea: F1901275